2026-10-29
HomeEkintza SindikalaSindikatuek Eusko Jaurlaritzaren, EAJren eta PSE-EEren aurrean protesta egingo dute gutxieneko soldataren...

Sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren, EAJren eta PSE-EEren aurrean protesta egingo dute gutxieneko soldataren alde

ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek manifestazioa egingo dute azaroaren 12an, Bilbon, Eusko Jaurlaritzan hasi, PSE-EEren egoitzatik pasa eta EAJren egoitza nagusiraino, gutxieneko soldataren herri ekimen legegilea tramitera onartu eta Legebiltzarrean eztabaidatu dadin eskatzeko 

EAJk eta PSE-EEk gutxieneko soldataren aurkako iritzia publiko egin dute eta sindikatuen iritziz gutxieneko demokratikoa da 138.495 sinadura jaso dituen ekimen herritar bat eztabaidatzeko aukera izan dadila

ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek manifestazioa egingo dute azaroaren 12an, EAJri eta PSE-EEri eskatzeko osoko bilkuran gutxieneko soldataren aldeko herri ekimen legegilea eztabaidara onar dezatela. Manifestazioa Bilbon izango da, eta 11.30ean abiatuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik (Kale Nagusia), PSE-EEko egoitzatik pasako da (Alameda Rekalde) eta Sabin Etxean bukatuko da, ‘EAJ-PSE-Confebask, pobreziaren errudunak; SMI vasco ya!’ lelopean.

Gogoratuko denez, EAJk berariaz gutxieneko soldataren herri ekimen legegilearen aurkako iritzia publiko egin zuen. EAJren iritziz gutxieneko soldataren erabateko eskuduntza aldarrikatu beharko litzateke, estatuaren inongo esku-hartzerik gabe, eta sindikatuen ekimenak ez du anbizio hori betetzen. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak ekimenaren aurkako txostena publiko egin zuen sindikatuek erabateko eskuduntza eskatzen dutelako, Espainiako merkatuaren batasuna urratzeko arriskua dagoelako eta gutxieneko soldataren gaiak patronalarekin adostasuna exijitzen duelako. 

Sakonean, EAJk eta PSE-EEk, pentsiodunekin gertatu bezala, Eusko Legebiltzarrean iruzur demokratikoa gerta daitekeela aurreratzen ari dira. 138.495 langilek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata ezarri ahal izatea eskatu dute eta gutxieneko demokratikoa da herritar horien eskakizuna eztabaidatzea. Herri ekimen legegileak dira herritarrek politika egiteko duten mekanismo demokratikoa; eztabaida ukatzea erabateko iruzurra litzateke eta politikaren ikuspegi elitista eta autoritarioa erakutsiko luke.

EAJ eta PSE-EE garaiz daude herritarren ahotsari bide emateko eta Eusko Legebiltzarreko biharko osoko bilkuran gutxieneko soldataren herri ekimena eztabaidara onartzeko. Ondoren, eztabaidan alderdi bakoitzak bere aldarrikapenak mahaigaineratuko ditu, baina ez da onargarria eztabaida bera ukatzea. Sindikatuak prest daude Eusko Legebiltzarrean alderdien ekarpenak eztabaidatzeko; alderdiek negoziatzeko prestutasun horri bizkarra ematea ulertezina litzateke. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek atea itxi dio plataforma bateratuari, eta eskubide murrizketei eusten die

Patronalak sindikatuek planteatutako hobekuntza guztiak baztertu ditu, eta otsaileko proposamenean jasotako atzerapausoek bere horretan segitzen dute. LABen ustez, plataforma bateratua aurkezteko eskakizuna negoziazioa blokeatzen jarraitzeko aitzakia izan da.

UGTk, CCOOk, eta UGTk Sidenorren egindako akordioa baztertzen dugu

Publiko egindako akordioak ez du KPI ere bermatzen. Dirudienez, bilera batek zenbat eta gehiago iraun, orduan eta hobea da akordioa. Agian, presaka negoziatu beharrean, egungo...

EAJri eskatzen diogu ez dezala berriro ere Madrilen maizterren aurka bozkatu

Alokairu mugagabeen aurka bozkatzea milaka maizterren egonkortasun eta eskubideen aurka lerratzea dela gogorarazi nahi dio LABek EAJri, errentismoaren aldeko politikak egiteari utzi diezaion eskatzearekin batera.