2026-02-02
Blog Page 606

Bayer-Monsanto enpresaren sarrera blokeatu dugu, multinazionalen jarduera salatzeko

Kontragailurretik kilometro gutxira, Biarritzetik gertu, LABek, beste eragile batzuekin batera, ekintza egin du Landetako Peyrehorade herriko Bayer-Monsanto enpresan. Bertako sarrera blokeatu dugu, "zuen irabazia gure minbizia" leloarekin. Hain zuzen ere, ekologiaren eta gure osasunaren kontura aberastu nahi dutenen aurrean, bizitza erdigunean jartzeko aldarria egin dugu. Izan ere, estatuek beste alde batera begiratzen dute multinazionalak tartean daudenean, eta Bayer-Monsanto kapitalismoaren ikurren artean dago.



 

 

 

Alternatibak garatzera deitu dugu, elkartasuna, balore demokratikoak eta berdintasuna oinarri

Kontragailurraren hirugarren eta azken jardunaldian, mugimendu sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariok batzar herritarra gauzatu dugu Ficoban, egunotako balantzea egiteko eta larunbata goizeko manifestazioaren amaieran irakurriko dugun manifestua konpartitzeko. Hain zuzen ere, larunbateko protesta 11:00etan abiatuko da Hendaiako portutik, eta Irungo Ficoban bertan amaituko da.

Batzar herritarrean, alternatibak garatzea posible dela nabarmendu du LABeko Ipar Euskal Herriko eta G7 EZ! plataformako bozeramaile Eñaut Aramendik. Emakumeen zapalkuntza, migranteen drama, klima aldaketa… eredua aldatzeko arrazoiak soberan daudela adierazi du, eta alternatibek elkartasuna, balore demokratikoak eta berdintasuna izan behar dutela oinarri berretsi du.

Egunean zehar, solasaldiek eta tailerrek lekua izan dute berriro. Ficoban, besteak beste, burujabetza zergatik eta zertarako galderari erantzun diote EH Bilduko legebiltzarkide Larraitz Ugartek, CUPeko kide David Fernandezek eta EHUko irakasle Ion Azkunek. Laborantza eta migranteen harrera izan dira solasaldietako beste gaietako batzuk.

Kontragailurreko espazioetan aurreko egunetan baino jende gehiago nabaritu da, eta ekintzak eta jarduerak oso harrera ona izan dute.
 

 

 

“Emakumeak XXI. mendeko esklaboak gara”

Kontragailurreko bigarren jardunaldian lehen lerroan egon da LAB, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzartzeekin. Era berean, sindikatuak sustatutako borrokak presente izan dira; hala nola, borroka feminista eta Huerta de Peralta enpresan gauzatutakoa. Lehenengoari buruz LABeko Ekintza Sozialeko kide Maddi Arrietak hitz egin du; bigarrenari buruz, Huerta de Peraltako langile Hossein Yagoubik.

Sektore feminizatuetan prekarietatea nagusi dela salatu du Maddi Arrietak, eta zaintza lanaren aitortza eza berretsi du Ficobako 3. aretoan egindako solasaldian: "Sistemak zaintzaren beharrizan soziala baztertzen du, ardura kolektiboa ukatzen du eta emakumeak ikusezin bilakatzen ditu. Eta hau ez da kasualitatea".

Hizlarien artean, Las Kellys mugimenduko Mercedes Nortem Mohamed-ek hartu du hitza, eta ideia horri jarraipena eman dio: "XXI. mendeko esklaboak gara emakumeak".

Esklabotza, Nafarroako landa eremuan ere
Nekazaritza hizpide izan dute goizean zehar. Hendaiako zineman sektorearen inguruan aritu dira, eta, handik gertu, eskolan, LABek aurten arlo honetan izandako borroka eredugarri baten kontakizuna plazaratu du.

Hain justu, Huerta de Peraltako langileen izenean hitz egin du Hossein Yagoubik, eta azaldu du antolakuntza eta borrokari esker lortu dutela lan baldintza duinak izatea. 12, 13 eta 14 orduko lanaldia zuten lehen, oporrak izateko eskubiderik ez, jai egunetan lan egin behar zuten eta enpresariaren irainak eta mehatxuak pairatu behar zituzten. Migrantez osatutako kolektiboa LABera gerturatu eta sindikatuaren baitan antolatu eta gero, 28 eguneko greba eredugarri bat gauzatu zuten, eta, jazarpen poliziala eta judizialaren gainetik, helburua lortu zuten: euren lana duintzea.
 

 

 

Bizitza erdigunean jarriko duen eredu baten aldarria eraman dugu kontragailurrera

Irun eta Hendaian egiten ari den kontragailurraren sustatzaileen artean dago LAB, G7 EZ! plataformaren baitan. Bada, sindikatuak berak lehen lerrora egin du jauzia topaketen bigarren jardunaldian, eztabaida eta mobilizazioetan eragile aktibo bilakatuta. Hain zuzen ere, kontragailurraren bigarren egunak hainbat interesgune izan ditu, eta horietara eraman ditugu gure aldarriak. Esaterako, eguerdian, Hendaiako McDonald’s-en aurrean mobilizazioa eta ekintza sinbolikoa egin dugu, eta, arratsaldean, "Munduaren bukaera, hilabetearen bukaera, borroka bakarra!" solasaldian hartu dugu parte; bietan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru izan dugu.

Arratsaldeko hitzaldian, Ficobako 1. aretoa beteta zegoela hartu du hitza Garbiñe Aranburuk, Solidaires, Attac eta Greenpeace erakundeetako ordezkariekin batera, besteak beste.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, "lana versus kapitala dikotomia klasikoa zabalduz, bizitza versus kapitalaz aritu behar dugu. Kapitalaren aurkako borrokan, borroka feminista eta ekologiaren aldeko borroka barnebildu eta borrokari dimentsio berria eman behar zaio".

Borroka sozial eta sindikal ugari daude piztuta eta guztien arteko baterajotzeak bultzatu behar ditugu, hots, langile, pentsiodun, emakume, gazte edota etorkinei mobilizazio orokor eta bateratuetan parte hartzeko aukera ireki.

G7aren kontra bakarrik ez, zerbaiten alde ere bagaude, "bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten alde", LABeko idazkari nagusiak nabarmendutakoaren arabera. Hain justu, aurrera begira elkarren arteko aliantzak sustatzen jarraitzeko oinarri sendoak jartzen ari gara egunotan.

Prekarietatearen aurka eta elikadura burujabetzaren alde
Ficobako hitzaldiaren aurretik, bazkaltzeko garaian, Hendaiako McDonald’s aurrean mobilizatu gara, "kapitalismoaren ikur" delako. Bertan, prekarietatearen aurkako eta elikadura burujabetzaren aldeko mezua zabaldu dugu. "Multinazional honek ez du inongo erreparorik planeta ustiatzeko, eta, era berean, ez du inolako erreparorik lan eskubideak oztopatzeko eta suntsitzeko", adierazi du Garbiñe Aranburuk.

Ekintza sinboliko gisa, McDonald’s aurrean bazkaldu dugu, bertako haragi eta produktuekin.

 

 

 

Espazio berriak artikulatu behar ditugula jakinarazi dugu Eskubide Sozialen Kartatik, gehiago izateko erronkarekin

Kontragailurra dela-eta programatutako lehen hiltzaldiak gauzatu dira dagoeneko, oso harrera onarekin. Solasaldien artean, LABeko Exekutiboko kide Edurne Larrañaga aritu da hizlari, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean. Hain zuzen ere, burujabetza eta aldaketa sozialaz aritu dira Ficobako 3. aretoan egindako hitzaldian. Bertan, Kartaren erronka berriak aurreratu ditu sindikatuko kideak: "Eremu eta espazio berriak artikulatu behar ditugu, Euskal Herritik sistema kapitalistari aurre egiteko. Asko gara, baina gehiago izan behar dugu". Hori dela eta, testuinguru politiko eta soziala aldatu dela kontutan hartuta, hauetara egokitzeko, Kartatik topaketak antolatuko ditugu abenduan, ekarpen berriak biltzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartari buruzko hitzaldiaz gain, beste gai batzuk jorratu dira gaurko solasaldietan: emantzipazio bideak eta migrazio politikak, besteak beste.

G7 EZ! plataformako bozeramaile eta LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkari Eñaut Aramendik lehen jardunaldiaren balorazio baikorra egin du: "Oztopoz oztopo ibili gara azken aste hauetan, baina azkenean kontragailurra ireki dugu ofizialki. Momentuz, jendea parte hartzen ari da eztabaida guztietan, eta ikusiko dugu ea egun hauetan alternatibak sortzen ditugun eta ahalik eta jende gehien erakartzen dugun larunbateko manifestaziora eta igandeko desobedientzia zibileko ekintzetara".
 

 

 

“Demokrazia eta justizia sozialaren alde gaude hemen”

G7 EZ! plataformak antolatutako kontragailurra abian da Irun eta Hendaian. Inaugurazio ekitaldia Ficoban izan da, jardueraren espazio nagusian. Bertan, plataformako ordezkariekin batera, borrokan diren zenbait eragilek hartu dute hitza. Hala, jaka horiak, bakearen artisauak, mugimendu feminista, migranteak, gazteak eta pentsiodunak egon dira presente. Behin kontragailurra abiatuta, Herrialdeen Herrixka izeneko azokaren edo programatutako hitzaldi, tailer eta mobilizazioen bitartez, hainbat eta hainbat eragilek euren alternatibak plazaratuko dituzte ostirala bitartean. LAB, kontragailurraren sustatzaile den neurrian, bere espazioa egokitu du Ficoban. Era berean, hitzaldi, eztabaida eta mobilizazioetan hartuko du parte.

Inaugurazio ekitaldian, G7 EZ! plataformako eta LABeko ordezkari Eñaut Aramendik hartu du hitza, besteren artean. "G7ak krisi ekologiko, ekonomiko eta sozialaren ardura du. Aterabidea kalean da, alternatibak sortzera goaz", adierazi du. "Demokrazia eta justizia sozialaren alde gaude hemen, alternatibak eskaini nahi ditugulako, hobeto bizi nahi dugulako", erantsi du.

Plataformako kideek esan dute zaila izan dela kontragailurra antolatzea hainbeste eragile desberdinekin, baina lortu dutela: "Garaipen bat da hau. Hemen gaude gure desberdintasunekin", nabarmendu dute. Aniztasunaren eskutik, eraldaketa sozialaren eta alternatibak eraikitzearen alde gehiengo sozial batek indarrak batu dituela berretsi dute. "Ez dugu inolako jazarpen edo dominazio eredurik onartuko", azpimarratu dute.

 

 

 

Dena prest, Irun eta Hendaian, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasunean oinarritutako mundu baten alde eragiteko


G7ko mandatariak Biarritzera datoz abuztuaren 24, 25 eta 26an, goi gailurra egiteko. Bada, hitzordu horren atarian dator “G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen” plataformak antolatutako kontragailurra, alternatibak gizarteratzeko helburuarekin, hots, beste eredu batzuk babesteko eta beste aterabide batzuk eraikitzeko, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri duen mundu baten alde. Sustatzaileen artean LAB sindikatua dago, hainbat eragilerekin batera. Kontragailurrak jarduera ugari proposatuko ditu abuztuaren 21 eta 23 bitartean. Hain zuzen ere, ia 200 hizlariren presentzia izango da Irungo Ficoban eta Hendaiako zineman egingo diren hitzaldietan, eta 50 tailer inguru egingo dira aldi berean. Larunbatean, berriz, mobilizazio bat izango da Hendaiako portua eta Irungo Ficoba artean, 11:00etatik aurrera. Egitaraua oparoa da oso, eta prestaketa lanetan buru belarri daude egunotan Ficoban, kontragailurraren espazio nagusian.  



 

 

 

Benetako industria plan bat exijitzen dugu Erandioko Cables y Alambres enpresan, inolaz ere kaleratzeak

0

Vicinay Taldearen parte den Cables y Alambres Especiales enpresako zuzendaritzak 43 langileentzako Iraungitze Enplegu Erregulazio Espediente baten negoziazioa jarri zuen abian joan den abuztuaren 1ean. 122 langilek osatzen dute, egun, plantilla. Bada, hiru bileren ostean, enpresak aldebakarrez erabaki du 35 langile kaleratzea.

Iraungitze Enplegu Erregulazio Espediente honen aurrean, Cables y Alambres Especiales enpresako LAB eta ELA sindikatuek erabaki honen aurkako salaketa egin nahi dute arrazoi hauengatik:

1-Enplegu Erregulazio Espediente honekin lanpostuak suntsitu nahi dituzte, eta Enplegu Erregulazio Espediente horretatik kanpo geratzen direnen lan baldintzak murriztu neurri handi batean eta industria proiektua eta etorkizuneko enplegua arriskuan jarri. Oraindik ez dakigu nola nahi duten Cables y Alambres berpiztu, enpresak ez baitu inolako industria planik aurkeztu, adierazpen hutsalak besterik ez baititu egin, bermatuta ez dagoen behin behineko finantzazio bati lotutakoak. 35 langile gutxiagorekin ezinezkoa da ekoizpena bermatu.

2-LAB eta ELA sindikatuok alternatibak eskaini dizkiogu enpresari, 35 langile kaleratzetik oso urrun daudenak; borondatezko eta sustatutako irteerak, taldearen enpresetan birkokatzeak eta aurrejubilazioak. Era berean, gainontzeko langileentzat bermeak eskatzen ditugu enplegu, lan baldintza eta beharrezko inbertsioen gauzatzearekin lotuta. Egingarriak diren proposamenak dira. Irtenbideak horren kaltegarriak ez izateko proposatutako aukerei ezetza eman die enpresak, eta, aldi berean, langileen batzordearen irizpide bateratua hausten saiatu da, Vicinay Taldearentzako berregituraketa erraz eta merkea lortzeko helburuarekin.

3-LAB eta ELA sindikatuok ez dugu berritasunik ikusten enpresak egindako proposamenean. Enplegua eta lan baldintzekiko konpromiso ezak ezkutatzen du sasi industria planaren izaera zalantzagarria. Izan ere, benetako finantzazioa lortu nahi da enpleguaren egungo eta etorkizuneko bolumenaren eta lan baldintzen murrizketarekin. Txeke sozial zuri batek ezin du ordezkatu Cables y Alambres enpresaren aldeko apustua egiteko benetako borondatea.

4-Erandion dago Cables y Alambres enpresa, ibaiaren aurrean. Udalerriak bizitoki gune gisa izendatutako lurretan dago. Hain zuzen ere, etxeak egiteko etorkizuneko birkalifikatze bat dago aukeran lur horietarako.

5-Vicinay taldea 2015. urtean sartu zen Cables y Alambres enpresan, enpresaren aurreko akziodunekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin akordio batera iritsi eta gero. Azken hauek lantegia dagoen lurren jabe zen, SOCADE elkartearen bitartez. Lur hauen erosketa Euskal Finantza Institutuak finantzatuta erdietsi zuen, Vicinay Taldeari kreditu bat eman ostean. Lur horiek behin betiko erosteko erakundeekin lortutako akordio horren baldintza zen Vicinay Taldeak 2020. urtea arte jarduera mantendu behar zuela. Hala ere, joan den abenduan saldu zizkioten lurrak, behin betiko, Vicinay Taldeari, eta honek higiezinen elkarte bat sortu zuen lurrak eskuratzeko, Cables y Alambres enpresak jabetza galduz.

6-Orain, enpresak langileen batzordeari akordio bat exijitzen dio kaleratzeak gauzatzeko, inolako bermerik eskaini gabe eta etorkizunera begira inolako konpromisorik hartu gabe, ardurak hartzeko inolako asmorik duen Vicinay Taldea tartean dela. Gauzak horrela, txeke zuri bat exijitzen du eta proposatzen duen alternatiba bakarra enpresa likidatzea da, Enplegu Erregulazio Espedientearen bidez akordioa lortu ezean. Horrela, edonork kudeatu dezake edozein enpresa. Vicinay Taldearen politika izan da, Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren laguntzarekin, kreditu baten arabera finantzatutako proiektu bat aurrera eramatea berme bakar batekin: lan kostuen murrizketa egitea.

7-LAB eta ELA sindikatuok iritzi dugu Cables y Alambres enpresaren bideragarritasuna ez dela kaleratzeekin bermatzen, bideragarritasun plan baten bitartez baizik, makinen zein instalazioen egoerak segurtasuna eta ekoizpena bermatzen ez duten lantegian beharrezkoak diren inbertsioak jasota.

8-Benetako plan bat exijitzen dugu higiezinen espekulazioaren mamua urruntzeko eta bideragarritasun ekonomikoa eta etorkizuna duen industria proiektu bat sortzeko.

Honentzako, lantegia udalerriko beste kokapen batera lekuz aldatzeko helburuarekin lurren birkalifikazioa eta ondorengo salmenta beharrezkoa bada, alde sozialetik prest gaude birmoldaketa prozesu bati ekiteko, beti ere enpleguarekiko eta lan baldintzekiko errespetagarria izanez gero.

Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzari zein Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diegu dagokien ardura hartu eta borondate eta ekimen politikoa erakuts dezatela, gure herriko industria sarearen aldeko apustu erreal baten alde.

 

 

 

G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurrean, alternatibak beharrezkoak eta posible direla aldarrikatuko dugu Irun eta Hendaian

G7ko agintariak Biarritzera etorriko dira abuztuaren 24, 25 eta 26an, goi gailurra egiteko. Hori dela eta, “G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen” plataformak kontragailurra antolatu du Irun eta Hendaian, abuztuaren 21 eta 23 artean, zenbait mobilizaziorekin batera. Hainbat eragilek osatzen dute aipatutako plataforma, eta LAB sustatzaileen artean dago. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusi ondoko ez ezik, plataformako ordezkari ere bada Igor Arroyo. Hala, Irungo Ficoban abuztuaren 21ean abiatuko den kontragailurraren nondik norakoak azaldu ditu.

“Borroka ideologikoari, eztabaidari eta mobilizazio baketsuari lehentasuna emango diogu, eta antolatutako eremuan hori izango da planteatuko den jarduera”. Hala berretsi du Igor Arroyok Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan, Irun eta Hendaian egingo diren jarduerei buruz aritzerakoan. Hain justu, ekimenez bete-beteta dator G7 EZ! plataformak prestatutako egitaraua.

Igor Arroyoren hitzetan, “alternatiben lurraldea eremu aske bat izango da, non guztiak elkartu ahalko garen eztabaidatzeko, mobilizatzeko, alternatibez hitz egiteko eta premiazkoa den alternatiben inguruan indarrak biltzeko, ikuspegi estrategiko batetik. Guretzat, hemen jokoan dagoena ez da egun batzuetako kontua, gure munduarekin, gure herriarekin, gure etorkizunarekin zer gertatuko den baizik”.

G7 EZ! plataformako ordezkariaren esanetan, “G7ak bi gauza ordezkatzen ditu, batez ere. Lehenik, sostengarria ez den eredu bat ordezkatzen du, etekin enpresarialak lehentasun jartzen duen eredu kapitalista bat. Hau ez da bidezkoa, baina ezta sostengarria ere ikuspegi ekologiko, sozial eta ekonomiko batetik. Beraz, aldaketa soziala, eredu aldaketa bat, beharrezkoa da. Bigarrenik, ikusten ari gara demokratizazioari buruz hitz egiten ari dela mundu mailan, baina errealitatea da etekinak eta aberastasuna pilatzen diren neurri berean pilatzen ari dela boterea; alegia, gero eta jende gutxiago gero eta boteretsuagoa dela, eta G7ak hori ere ordezkatzen du”.

Horren aurrean, demokrazia zentzu sakonenean aldarrikatu behar dela iritzi du: “Herriaren gobernua aldarrikatu behar dugu, herrien gobernua, burujabetza, erabakitzeko eskubidea; gure gorputzen inguruan, gure bizimoldearen inguruan, herri bezala dugun etorkizunaren inguruan. Bi ardatz horien inguruan, alternatibak beharrezkoak eta posible direla aldarrikatzea beharrezkoa da”.