2025-12-21
Blog Page 60

Grebak eta mobilizazioak Arabako egoitzetan herrialdeko hitzarmenaren alde eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa eskatzeko

Arabako Aldundiaren pribatizazio joerek egoera larrian jarri dituzte bai langileen bizi-baldintzak baita zaintza-sistema ere. Horregatik, beste behin ere, adinduen egoitzetako langileak atzo eta gaur grebak egin eta kalera irten gara lan hitzarmen probintziala negoziatzeko eta zaintza publiko eta komunitarioko sistema bat aldarrikatzeko.

Zaintza ezin da esku pribatuetan egon, are gutxiago Aldundiaren babesarekin. Instituzioek, egoitzen kudeaketa zuzena bultzatu behar dute, eta zaintzaren negozioari, pribatizazioari, atea itxi. Pribatizazioak zaintza langileon eta egoiliarren miseria dakar, etekin ekonomikoak zaintza duinaren gainetik jartzen direlako.

Urteko lanaldi handia, LGSa ozta-ozta gainditzen dituzten soldatak, gehiegizko ratioak, lan karga izugarria, egoiliarrei zaintza egoki bat emateko baliabide urriak… jasan ezina da egoera. Zaintza lanek duten garrantzia aldarrikatzeko eta sektoreko langileon borroka babestu eta hauspotzeko, Arabako gizartearen babesa eta elkartasuna eskatzen ditugu LABetik, zaintza sistema publiko komunitarioa lortu arte. Langile publikoak gara.

Gipuzkoako egoitzetako langileek hitzarmen duina exijitu dute

Gipuzkoako egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Donostian, hitzarmen duina eskatzeko.

LABen proposamen eta helburua zaintza lanak publifikatzea da, garbi duelako zaintza lanak ezinbestekoak direla eta zerbitzu publikoa direla. Gainera, argi du lan baldintzak okertzen dituena pribatizazioa dela. Batzuek zaintzarekin negozioa egiten dute eta ez dute eskaintza duinik langileontzat. Horregatik, LABek apostu garbia egin du zaintza lan guztien publifikazioaren alde.

Zentzu horretan, Gipuzkoako egoitzetako langileen izaera publikoa aldarrikatu dute gaur Donostian, eta norabide horretan kokatuko den hitzarmena eskatzeko.

Hitzarmenaren negoziaketa ez da ondo hasi. Patronalaren aldetik ez da proposamenik egon, eta sindikatuon proposamenari ezezko borobila eman dio. Egoera ez da berria egoitzetako langileentzat, baina LAB ez dago prest egungo ratioak, kontratu partzialak eta lan baldintza gogorrak onartzeko. Horregatik, Aldundiari deia luzatzen dio bere ardura har dezan, eta behingoz ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesua bere gain har dezan.

Era berean, LABek salatu nahi du langileen eskubideen alde egindako borrokagatik LABeko bi kide epaituak izango direla, eta urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dietela. Egoitzetako hitzarmenaren negoziazioaren barruan egindako mobilizazio batean parte hartzeagatik izango dira epaituak, hilaren 25ean. Egun horretan Donostiako epaitegian epaiketa hori salatzeko deia egiten du LABek.

Amaitu da SDA Factory-ko langileak kaleratzeko kontsulta aldia

Jarraian irakur dezakezue SDA Factory-ko enpresa-batzordearen oharra.

Gaur, martxoaren 19an, amaitu da SDA Factoryn lan egiten duten pertsona guztien kontratuak amaitzeko kontsulta-aldia. Langileak likidatzeko EEEaren 5 bileretan azken hilabeteetako eta urteetako eztabaidak errepikatu dira, baina orain, mahai gainean itxiera bat zegoela.

Ez SDA Factory-k, ez B & B Trends jabeak ez dute inoiz enpresa aurrera eramateko asmorik izan. Denbora irabazi besterik ez dute nahi izan, konkurtso-prozeduraren bidez beren mozkinak eta dibidenduak galdu ez zitzaten. Orain, diru-kutxak hutsik utzi dutela eta aktiboak saltzen ez diren bitartean, Europan punta-puntakoa izan zen zentro horretan lan egiten duten pertsonak FOGASAra jotzera behartuta daude dagokien gutxieneko kalte-ordaina eta 2024ko abendutik aurrera ordaindu beharreko soldaten zati bat kobratu ahal izateko. Bizitza osoa lantegi honetan lanean horrela amaitzeko. Ez dute amaiera hau merezi. Penagarria da.

Nahi izan duten guztia eta gehiago eraman dute. Milioika eta milioika euro, zalantzazkoa eta ulertezina zen salerosketa-eragiketa batean. Aurreko jabeak, BSH BOSCHek, euro 1ean saldu eta, trukean, 20 milioi eurotik gora eman zizkion B & B TRENDS erosleari. Eta lantegiari 2 urte eta erdiz lana emateko akordioaz gain, denbora horretan B & B TRENDS enpresak 14,5 milioi eurotik gorako dibidenduak eskuratu ditu, eta SDAri, berriz, etorkizuna izateko aukera guztiak kendu dizkiote. Sekulako eskandalua.

Horrela esan zuen SDAko egungo “gerenteak”, zeinak aldi berean B & B TRENDS bezala sinatzen zuenak konkurtsoaren eskaera, martxoaren 11ko bileran: operazioa ondo ateratzen bazen, B & Bk irabazten zuen; gaizki ateratzen bazen, B & Bk irabazten zuen. Eta bai, irabazi egin du. Eskrupuluak, bat ere ez. Kutxan eskua sartu dute, hutsik utzi arte eta likidazioa ez zen beste aukerarik gabe utzi arte. Azken urteetako ABEEE prozesuek denbora irabazteko eta iruzurrezko operazio hau babesteko baino ez dute balio izan.

Orain, gaizki tratatuak izan dira langileak, zeintzuei parasito gisa langabezia-prestazio osoa zurrupatu dieten, kalean geratzen dira. Jabetzak ez du 2024ko apirileko akordioak betetzeko asmorik, kaleratze horiek gertatzen baziren kalte-ordain gehigarriak hitzartzen baitziren.

Eta non egon dira erakundeak? Bizkarrean zapladatxo asko, baina laguntzarik ez. Dirulaguntzak eman dituzte, salerosketa-operazioa ezagutzen dute, badakite aldi baterako lan-erregulazio guztiak iruzurra izan direla. Zerbait egingo dute? Egiten dutena egiten dutela berandu izango da, baina gutxienez ongi etorria.

Jakina, hau ez da hemen amaitzen. Batzordean dauden sindikatuetako zerbitzu juridikoak prozesu horren guztiaren aurka egiteko prestatzen ari dira. Ahal dugun fronte guztietan borrokan jarraituko dugu. Gure borrokak aurrera jarraitzen du.

GORA LANGILEON BORROKA.

ELAk, CCOOek eta UGTk maiatzeko aurreakordioa okertzen duen hitzarmena sinatu dute Bizkaiko ostalaritzan

Gai garrantzitsuak eta sektorearen zati bat kanpoan uzten dituzte.

Estatalizazioaren aurka borrokatzea janari lasterreko kateak hitzarmenean mantenduz negoziazio honen helburuetako bat zen LABentzat, erosteko ahalmena berreskuratzearekin, rider-ak babestearekin, partzialtasunaren aurkako neurriekin eta kolektibitateen hitzarmenaren lehentasunarekin batera. Baina ELAk, CCOOk eta UGTk bertan behera utzi dute hitzarmenean kateak blindatzeko aukera.

2022an, ostalaritzako kate eta marka handien estatuko patronalak CCOO eta UGT sindikatuekin estatuko mailako hitzarmen bat sinatu zuten kateetan aplikatzeko, 140.000 langileren baldintzak okertuz eta ostalaritzako hitzarmenetatik ateraz. Lan bera, baldintza okerragoak.

Maiatzean, Bizkaiko ostalaritzan aurreakordio bat lortu genuen, LABek egindako hurrengo proposamenak jasotzen zituena:

• KPI eguneratzea eta soldata-igoera sinatzen den unetik (2024ko maiatza).

• Gutxieneko lanaldiak kolektibitateetan (10 ordu astean) eta ohiko ostalaritzan (4 ordu egunean).

• Aldizkako langile finkoak kontratatzeko irizpideak ezartzea, eta zehaztea noiz erabil daitezkeen, gutxieneko lanaldia, deitzeko ordena eta modua, etab.

• Etorkizuneko kolektibitateen hitzarmena aplikatzeko lehentasuna EAEko langileentzat.

• Riderrak sartzea eta kate eta marka handiak berreskuratzea hitzarmenean.

• Fitxaketa elektronikoa, iruzurra eta aparteko orduak zailtzeko.

• Urteko lanaldia murriztea (-4h).

CCOOk aurreakordio hori hautsi zuen eta Ostalaritza Elkarteak atzera egin zuen janari lasterreko kateen mehatxuen beldur. Ordutik, LABek hainbat konponbide planteatu ditu aurreakordioa aurrera aterako zela bermatzeko, plantilla horiek hitzarmenaren babespean geratuko zirela bermatuz. Ulertzen ez ditugun arrazoiengatik, ELAk eta UGTk betoa jarri diete proposamen guztiei. Denbora horretan guztian ez dugu maiatzean hitzartutako soldata igoera izan.

ELA sindikatuak, 11 hilabete geroago, negoziazio-mahaian inolako proposamenik gabe ikusle hutsa izan ondoren, maiatzeko aurreakordioaren eduki batzuk bakarrik berreskuratzen dituen aurre-akordio bat sinatzea erabaki du. Ez dituzte aldizkako finko partzialak erregulatzen, jakinda erabiltzen jarraituko dela sektorean errealitate bat delako (kolektibitateak, uda bezalako urteko sasoi batzuetan bakarrik existitzen diren zerbitzuak, etab.), eta horregatik, adostuta zeuden gutxieneko lanaldiak galduko ditugu, bereziki kolektibitateetan. Gainera, beste hobekuntza batzuk baztertu eta kateak hitzarmenetik kanpo utzi ditu. Horrela, sektorearen zati baten eskubideak Espainiako auzitegien esku uzten dituzte: txanpon bat airera, berme baten ordez. Eurek sortutako egoera bat salbatzen ari direla saldu nahi digute; izan ere, maiatzetik konponduta egon zitekeen, eurengatik ez balitz.

Eta CCOO eta UGTren babesarekin sinatzen du: CCOOek, Madrildik jasotako aginduaren ondorioz, hitzarmenik gabe utzi gintuen, eta UGTrekin batera, kate eta marka handien hitzarmena sortu zuen, langile hauentzako prekaritatea ekartzen zuena, bere garaian kolektibitateekin (jangelak) egin zuten bezala.

Laburbilduz:

1. Aurreakordio horren hobekuntza guztiak LABen proposamenak dira, maiatzetik indarrean egon zitezkeenak.

2. ELAk duela 11 hilabete ustez onartezina iruditzen zitzaion aurreakordioa sinatu du, bereak ez diren proposamenen meritua bere gain hartuz. Ez dituzte aldizkako finko partzialak erregulatzen, jakinda erabiltzen jarraituko dela sektorean errealitate bat delako (kolektibitateak, uda bezalako urteko sasoi batzuetan bakarrik existitzen diren zerbitzuak, etab.), eta horregatik, adostuta zeuden gutxieneko lanaldiak galduko ditugu, bereziki kolektibitateetan. CCOOk eta UGTk hitzarmen bat sinatu besterik ez dute egin. Hitzarmen horretan ez dute proposamenik aurkeztu, eta sektoreak estatalizatzen jarraitzen dute. Maiatzeko aurreakordioa apurtzean nahi zutena lortu dute.

3. LAB harro gaude guri esker gehitu diren proposamenekin, sektorearen baldintzak hobetuko dituztelako, baina guretzat proposamena INTEGRALA da, eta, jakina, EZ sektoreko langile prekarizatuenen kontura, eta horregatik, ez dugu babestuko.

Beti langileen alde, estatalizaziorik ez!

LABek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio unibertsitate publikoa indartu dezan, behar den inbertsioa eginez

LABek elkarretaratzea egin du Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, EHUk pairatzen duen azpifinantzaketa salatzeko eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari unibertsitate publikoa indartzeko eskatzeko.

EHUn dauzkagun arazo guztiak oinarri ekonomikoa ez izan arren, konpondu behar diren egoera askok finantzaketarekin lotura handia daukate:

– EHUn arduraldi partzialean aritzen diren irakasleek miseriazko soldatak jasotzen dituzte. Arduraldi osoko irakasle baten gehienezko irakaskuntza-kredituen % 75 ematen duten ordezko irakasleek nekez gainditzen dituzte 800 euroak, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuek ez baitzaizkie ordaintzen. Neurri handi batean Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna da, 41/2008 dekretua aldatzea bere esku baitago.

– EHUko langileok ez dugu berreskuratu duela hamarkada eta erdi galdutako erosahalmena, azken urteetako soldaten igoerak urriak izan baitira.

– Nahikoa ez diren soldatak osatzeko 2006an sortu ziren osagarriak izoztuta mantendu ditu Eusko Jaurlaritzak urte horretatik.

– Irakasle-ikertzaile askok, hurrengo kategorietarako akreditazioa behin lortuta, urte asko itxaron behar dituzte promozionatu ahal izateko. Arrazoi ekonomikoak ere horren atzean daude.

– EHUko plantilla ez da nahikoa jendartearen beharrei behar den moduan erantzuteko. Izan ere, sail eta zerbitzu askotan langileek gehiegizko lan-karga daukate. Zentzu horretan, Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak (TEKAZEL) / Irakasle eta ikertzaileak (IRI) ratioa igotzea beharrezkoa da.

– Eraikin askok konponketak behar dituzte. Itoginak, instalazioen eta altzarien narriadura… gero eta ohikoagoak dira.

– …

Unibertsitate publikoak finantzaketa handiagoa behar du jendartearen beharrei erantzun ahal izateko, etorkizun hurbil eta urruneko profesionalak formatzeko, arlo guztietan garatu beharreko ikerketa egiteko eta gizarte moduan aurrera egiteko ezinbestekoa den pentsamendua eta eztabaida bultzatzeko ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez dio erantzuten behar horri, ez du betetzen bere egitekoa EAEko jendarteari begira. Adibide argia daukagu USLOk unibertsitate publikoen finantzaketari jasotzen duenaren aurrean adierazitako jarrera. USLOk 2030erako markatzen duen BPGren % 1etik oso urrun mantentzen da EHUren finantzaketa, BPGren % 0,4 ozta-ozta gaindituta, eta ez da ezagutzen ezer ehuneko horretara heltzeko USLOk berak ezartzen duen batzordeari buruz, duela urte bat sortuta egon behar zena. Horrez gain, sailburuaren hitzetan hautematen da helburu hori ez betetzeko nahasmen interesatua, finantzaketa- igoera horretan Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizunari pisua kenduz, alde batetik, eta unibertsitate publikora bideratutako finantzaketa Eusko Jaurlaritzak unibertsitate pribatuetara bideratzen duen finantzaketarekin nahastuz; (izan ere, BPGren % 0,6 inguru bideratzen dela esatean, euskal sistema unibertsitarioko unibertsitate guztiak sartzen ditu, baina USLOk espresuki adierazten du BPGren % 1a publikoei bakarrik eragiten diela).

Aldi berean, gero eta diru eta erraztasun gehiago ematen zaie unibertsitate pribatuei (azken adibidea EDA drinks & wines, Gastronomy Open Ecosystem eta Euneiz unibertsitate elitistetan daukagu).

Bada ordua Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa gutxiesten duen norabidea albo batera uzteko, unibertsitate publikoa hobetzeko dauzkan eskumenak erabiltzeko, eta EHUk behar duen finantzaketa publikoa bermatzeko. Horren bidez, guztiontzako lan-baldintza duinak bermatu eta unibertsitateak pairatzen dituen hainbeste arazori konpontzeko bidea eman behar zaio, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea indartzeko bidean.

LAB, ELA eta UGT sindikatuok EAEko kolektibitateetako langileon hitzarmen propio baten alde mobilizatu gara

Pasa den martxoaren 11n, LAB, ELA eta UGTk mobilizazio prozesu bati ekin genion kolektibitateetako enpresei exijitzeko behingoz eser daitezela sektoreko langileentzat EAEn hitzarmen propioa negoziatzera.

Gaur, berriro ere, hiru sindikatuok LHKren aurrean mobilizatu gara Bilbon negoziazio-mahai bat irekitze eskatzeko bertan beste bilera bat egiten zen bitartean. Mahai horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritza-federazioak eta Kolektibitateetako enpresen Federazio estatalak (Food Service España) parte hartu dute, eta berriro ere uko egin diote mahaia irekitzeari. Hala ere, Patronalen eta sindikatu sustatzaileen artean, beste bilera bat adostu dugu maiatzaren 19rako.

LAB sindikatutik argi daukagu mobilizazioekin jarraitu behar dugula kolektibitateetan hitzarmen propioa lortu arte EAEko langileentzat, eta hala jakinaraziko dugu hiru sindikatu sustatzaileok parte hartuko dugun intersindikalean.

Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko lan baldintzak negoziatzeari uko egiten jarraitzen du

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek salatu dute Madrilek soldata eta enplegua negoziatzeko ezarritako mugak aitzakia direla EAEn murrizketak aplikatzeko.

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Lakuaren aurrean, Sektore Publikoaren Mahai Orokorraren bilera hasi aurretik. Mahai hori ez zen joan den azarotik egiten, sindikatuek deialdi berriei buruzko eskaerak egin arren. ELAk eta LABek (Mahaiko kideak dira) Eusko Jaurlaritzari eskatu diote jarrera autoritarioa alda dezala eta langileek greba eta mobilizazioen bidez eginiko eskaerei erantzun diezaiela.

Sektore publikoaren aldarrikapen nagusia da lan baldintzak eta enplegua EAEren esparruan erabaki ahal izatea. ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari exijitu diote gai hauek jorratzeko eta gai ordenean sartzeko: Sektore bakoitzean erosahalmena berreskuratzeko soldata igoerak adostea; behin behineko milaka langile egonkortzea (behin-behinekotasuna % 8tik behera kokatu arte); plantillak gaztetzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea; lan osasuna bultzatzea; euskalduntzeko plan eraginkorrak adostea, bai eta berdintasun politikak ezartzea ere.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, uko egin dio eskaerak aintzat hartzeari, argudiatuz Madrilek ezartzen dituen mugek ez dutela horretarako aukerarik ematen. Sindikatuen arabera, berriro ere agerian geratu da Eusko Jaurlaritza espainiar Estatuak ezartzen dituen politiken menpe dagoela. Hala ere, gogorarazi dute muga horiek ez dutela eragotzi Ertzaintzan soldata igoerak sinatzea. Horrek erakusten du Madrilek ezarritako mugak aitzakia direla EAEn murrizketak aplikatzeko, eta borondate politiko kontua dela Sektore Publikoaren baldintzak hobetzea, salatu dutenez. Jaurlaritzak aurrez gai zerrendan sartutako bi gai jorratu ditu: txanda kontratua eta ordainsari osagarriei buruzko dekretua. Lehenengo puntuari dagokionez, bertan behera uzteko borondatea azaldu dute.

ELAk, LABek, Steilasek eta ESK-k jarrera aldatzeko eta Sektore Publikoaren eskaerei erantzuteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuek salatu dute Administrazio Publikoa dela patronalik autoritarioena. Sektore pribatuak hitzarmen kolektiboak berritu ditu, eta 2013tik izan den tasarik altuenera iritsi da; sektore publikoan, berriz, lan baldintzak berritu gabe daude duela hamarkada bat baino gehiago. Gauzak horrela, kalitatezko zerbitzu publikoak lortzeko, lan baldintzak hobetu behar direla aldarrikatzeko mobilizazioekin jarraituko dute sindikatuek.

LABek Hezkuntza Departamentuari exijitu dio berma ditzala erretiro partzialak eta errelebo kontratuak Nafarroako ikastola eta itunpeko ikastetxeetan

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean Hezkuntza Departamentuari exijitzeko Nafarroa Garaiko ikastoletan eta itunpeko ikastetxeetan errelebo kontratuak eta erretiro partzialak berma ditzan, murrizketarik egin gabe. Baliteke-eta hemendik aurrera Hezkuntza Departamentuak 2024ko irailean sinatutako Itunpeko eta Ikastoletako Irakaskuntzaren Akordioa baliatzea erretiro partzialak eta errelebo kontratuak ez finantzatzeko bidea hartzeko.

Pentsioen inguruko Espainiako dekretu berria indarrean sartzeko 15 egun baino gutxiago falta direnean, Nafarroako ikastoletako eta itunpeko langileek oraindik ez dakite Hezkuntza Departamentuak bermatuko dituen ala ez erretiro partzialerako aukerak eta errelebo kontratuen bidez irakaskuntzan lanpostu berriak sortzeko aukerak. Hezkuntza Departamentuak ez du horren gaineko informaziorik eman nahi. LABek behin eta berriz galdetu eta bilera eskatu arren, oraindik ez du erantzunik jaso.

Apirilaren 1etik aurrera, arau aldaketarekin, langileentzat, oro har, erretiro partziala hartzeko baldintzak hobetzeko aukera izan arren, erretiro partziala, errelebo kontratuaren bitartez, ezartzen diren baldintza berrietan hartzeko aukera ez izateko arriskua dago. Hezkuntza Departamentuak lege aldaketak suposatzen duen kostu osoa bere gain hartzeko asmorik ez du eta sasi-proposamenak bota ditu orain arteko hainbat hobekuntzen murrizketak estaltzeko.

Hain zuzen ere, hiru urte lehenago erretiro partziala finantzatzeko ez dago prest, bi urte lehenago bai, baina orain arte bere gain hartzen zuen soldata osagarria ere ez luke ordainduko. Horretaz gain, adin orduetan ere murrizketak aplikatuko lituzke, hau da, orain arte erretiro partziala hartu aurreko lau urte lehenagoko bi adin orduak murriztuko lituzke.

Egun gauden egoerak LABek irailean akordioa ez onartzeko eta ez sinatzeko izan zuen jarrera berresten du. Orduan LABek ohartarazi zuen akordio horrek ez zuela bermatzen benetan beteko zenik. Eta orain, SEPNA, UGT eta CCOO sindikatuekin sinatu zutena aldatu eta erretiro partzialak eta adin-orduak murrizteko erabili nahi dute. PSOEk berak onartutako dekretu bat, PSNko kide den Carlos Gimeno jauna bere gain ez hartzeko prest egoteak adierazten du nolako jarrera duen.

Irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko eta enplegu sorrera bultzatzeko, Hezkuntza Departamentuaren mehatxu berri honen aurrean, LABek bere desadostasuna eta erretiro partziala, errelebo kontratu eta lanpostu berrien aldeko aldarrian eta murrizketen kontrako borrokan jarraituko duela adierazten du.

Nafarroako Enplegu Planak lan istripuak betikotzea dakar

34 urteko langilea hil da makina batek harrapatuta Buñuelen, Nafarroan. Iaz Nafarroak zifra errekorrak uzi zituen lan istriputan 26 hildakorekin, eta aurten dagoeneko 11 hildako eragin ditu patronalaren inpunitateak.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Bart 23:00tan izan zen harrapaketa hilgarria, araudia betetzen ez zuen makina baten eraginda. Etengabea da hildako langileen zerrenda, behin eta berriz errepikatzen dira enpresen aldetik arau hausteak lan osasunean. 1997tik langile bati eskuragarri ipintzen zaion edozein makinak segurtasun bermeak eskaini behar ditu honelako istripuak saihesteko. Euskal Herriko makinei segurtasunerako azterketa tekniko bat egingo balitzaie, askok ez lukete pasako. Hala ere, gobernuek erabaki dute inongo azterketarik pasa behar ez izatea, enpresen inpunitatea bermatzeko.

Honela Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Enplegu Plan berriak horixe egiten du, ehunka mila euro estatuko sindikatu eta patronalaren artean banatu. Nola ez, planak ez du neurri bakar bat ere aurreikusten enpresei araudia betearazteko. Dena aholkularitza eta kanpaina propagandistikoetara mugatzen da. Salatu behar dugu ekimen horiek patronalaren inpunitatea bermatzen dutela eta istripuak betikotzen dituztela, gaur berriro ere pairatu dugun heriotza bezalakoak ahalbidetuz.

Hori dela eta, intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuok dei egin nahi dugu datorren ostegunean, martxoaren 20an, Tuterako Foruen plazan arratsaldeko 18:00etan egingo dugun mobilizaziora.

Beste garraiolari bat hilik

Laudioko enpresa batetako garraiolaria hilik suertatu zen Madrilen joan zen ostegunean gertatutako istripu batean. 62 urteko M.A.A.C., Barquin y Otxoa enpresaren langilea zen.

LAB sindikatuak bat egiten du enpresa-batzordeak ostiralean, martxoaren 21ean, 13:45etan enpresaren aurrean deitu duen elkarretaratzera.

.