2026-02-05
Blog Page 571

Herritarren eta langileen beharrei erantzuten ez dieten aurrekontuak salatu ditugu Bilboko udaletxe atarian

Gaur, azaroak 29, Bilboko Udalaren 2020ko aurrekontua onartu dute. LABen iritziz, aurrekontuak herritarren beharrei erantzungo dieten kalitatezko zerbitzu publikoen garapena lehenetsi beharko luke, denon artean sortutako aberastasunaren banaketa zuzena ziurtatuz. Hau salatzeko, Bilboko Udaleko eta azpikontratetako langileek elkarretaratzea egin dugu udaletxe aurrean, aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu daitezen aldarrikatzeko eta Udalaren kontratazioaren prekarizazioa salatzeko.

Aurten ere, onartutako aurrekontuak ez dira onargarriak.

EZ BAITIE ERANTZUTEN:

-Udaleko langileekin hartutako konpromisoei.
-Osoko Bilkuran onartutako Gizarte Politiken Itunari, ez duelako behar adina diru bideratzen itun hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko.
-Herritarren eta Udaleko langileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planari, ez baitu Plan hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko behar adinako aurrekontu-zuzkidura ematen.
-Gaur egungo Deustuko Parkea ordezkatuko duen suhiltzaileen parke berri bat sortzeko beharrari, parkearen gabeziak betetzeko balioko duena. Parke berri horrek zerbitzuaren kalitatea bermatuko duten lan baldintzak ziurtatu beharko ditu eta, gainera, Zorrotzaurreko hedapenak etorkizunean sortuko dituen beharrak aurreikusi beharko ditu.
-Basurtu eta Miribilla bezalako auzoak sortu eta zabaltzeak ekarritako behar berriei, non ez dagoen kultura-ekipamendu nahikorik. Ezinbestekoa da liburutegien zerbitzuari buruzko hausnarketa egitea, behar diren irizpideak eta inbertsioak zehaztuz, auzoen arteko desberdintasunei aurre egiteko.

Arestian aipatutako guztiaz gain, Udalak bere gain hartu behar du enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna. Gaur egun, kontrata askotan lana prekarizatuta dago, are gehiago sektore feminizatuetan (lanaldi partzialak, behin-behinekotasuna …), kasu batzuetan ez baitira betetzen Langileen Estatutuaren oinarrizko alderdiak, hala nola atsedenerako eskubidea. Udalak zaindu eta espedientea egin behar die lan arloko araudia betetzen ez duten kontratei. Era berean, kontratazioen baldintza-agirietan, bai udalarenetan bai udal enpresarenetan, langileen lan-baldintzak prekarioak izan ez daitezen beharrezkoak diren klausulak sartu behar dira:

-Gutxieneko soldata: 1200 euro
-Probintziako lan hitzarmena betetzea
-Subrogazioa
-Kontratu mugagabeen kopurua saritzea
-Lanaldi osoen kopurua saritzea
-Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak sartzea, soldata arrakala besteak beste

Udal Gobernuak ez du inoiz konpromiso argirik hartu gero eta langile pobre gehiago sortzen ari den enpleguaren prekarizazioaren aurka.

 

 

 

Bilboko Termibusen egin dugu protesta, kalean utzi nahi dituzten langileei babesa erakusteko

0

Bilboko Termibuseko kafetegi eta kioskoko langileek ez dute euren lanpostuen etorkizunari buruzko jakinarazpen formalik jaso. Hala ere, zurrumurruen bidez jakin dute zerbitzua hartu duten enpresek ez dituztela subrogatuko, eta gehienen kasuan, kontratatu ere ez, antzinatasunik gabeko kontratazio merkeagoak egiteko.

Kalean geratuko dira langile hauek, baina inork ez die ezer esan. Aste honetan Termibus berriaren irekiera izan da, eta bertan egon gara lanpostu duinak eta urtetako lanean zehar irabazitako eskubideak defendatzen. hala egin genuen irekiera egunean, eta hala egin dugu gaur ere.
 

 

 

Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu babes sozialeko sistemaren inguruko eztabaida integral bat zabaltzea

LABek kezka handiz ikusten du Elkarrekin Podemosek DSBEaren erreformaren aurrean erakusten ari den jarrera, izan ere, EAJ eta PSEk aurkeztutako lege proposamena atzera botatzeari uko egin dio. LABetik behin baino gehiagotan salatu dugu lege proposamen honek murrizketak besterik ez dituela ekarriko. Pasa den ostiralean Eusko Legebiltzarrean izan genuen agerraldian berriro azpimarratu genuen ideia hori. Beraz, lege proposamen hau bertan behera uztea ezinbestekoa da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen aurrekontu proiektuak bide horretan sakontzen du, hau da, gastu soziala murriztean eta langileen ongizatearen kontrako politikak aplikatzean.

Lege proposamenak ez du kontutan hartzen genero-inpaktua, eta auzi hau oso larria da. Izan ere, emakumeak dira DSBEa kobratzen duten pertsonen gehiengoa. Beraz, murrizketak emakumeek pairatuko dituzte gehienbat.

Berriki EPDS inkestak eta Caritaseko datuek erakusten duten bezala, pobrezia handitu egin da EAEn. Pobrezia arriskuan dauden pertsonak %16,4tik %17,7ra igo dira azken urteetan. Gainera, kontuan izan behar dugu benetako pobrezian dauden pertsonan %30,7ak ez duela DSBEa eskuratzen.

Inoiz baino beharrezkoagoa da, gaur egungo eta etorkizuneko testuingurua kontuan hartuta, EAEko babes sozialeko sistemaren inguruko eztabaida integral bat zabaltzea. Argi dugu, EAJ eta PSEren lege proposamena ez doala horretara, ez edukian eta ez forman ere. Alde batetik, babes sozialean murrizketak ezarri nahi dituztelako, eta, beste alde batetik, eztabaida sozial ibat izan behar dena tramitazio azkar eta antidemokratiko bat bihurtu dutelako.

Lan, pentsio eta bizitza duina ahalbideratuko duen Babes Sozial eta Lan Harremanetarako sistema propio, justu eta kalitatezkoa behar dugu. Guk badugu alternatiba: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren edukiak.

Orain arte bide horretan gauzatu diren urratsak herri mobilizazio eta herritarron dinamikari esker lorturiko garaipenak izan dira. Horregatik, urtarrilaren 30ean, lan, pentsio eta bizi duinaren aldeko Greba Orokorrera deitu dugu.

 

 

 

Osasunbidean euskararako baliabide falta salatu dugu

Osasunbidea ez da beharrezko baliabideak jartzen ari langileek euskaraz prestatzeko egiten duten eskaerari erantzuteko. LABek enplegatuen zein erabiltzaileen eskubideak errespetatzeko eskatuko du.

Nafarroako profesional publikoak jakitun dira prestakuntzak duen garrantziaz, bai errealizazio pertsonal eta profesionalari begira, bai herritarren premietara egokitutako kalitatezko zerbitzua eskaintzeari begira. Osasunbideko langileak ez daude errealitate horretatik kanpo, eta zorionez horietako askok euskaraz trebatzea erabaki dute.

Tamalez, errealitatea bestelakoa da, eta Osasunbideko langile horietako askok aurrez aurre egin dute topo harekin: Nafarroako Ospitalean ikastaroak euskaraz egin ahal izatea eskatu duten pertsonen erdia baino gehiago nahi zuten prestakuntza-jarduera egin ezinik geratu da.

Ospitaleguneak eta Zerbitzu Nagusiek euskarara bideratutako aurrekontu-partida ez da nahikoa, ezta gutxiagorik ere, plantillaren euskarazko prestakuntza-eskaerari erantzuteko.

Horrela jokatuta, oztopo larriak jartzen ari zaizkie bai enplegatu publikoen prestakuntzarako eskubideari, bai herritarrek euskaraz arreta jasotzeko legezko eskubideari.

Gainera, Ospitalegunean oraindik ez da proposatu zirkuitu elebidun benetan dimentsionatuak aplikatzea, euskaldunek behar duten arreta elebiduna eskaintzeko. Eta euskarazko prestakuntzarako baliabide faltatik ondoriozta daitekeenez, tamalez, ez dirudi horiek aplikatzeko inolako asmorik dagoenik.

LABek euskararen defentsa berretsi nahi du, Nafarroako berezko hizkuntza den aldetik, eta langile zein erabiltzaile guztien eskubideak errespetatzeko eskatzen jarraituko du.

 

 

 

EAEko Hezkuntza Departamentuko eta EHUko kontratetako garbitzaileak ikasleen babesarekin mobilizatu dira, hitzarmen duin baten alde

0

Hezkuntza eta UPV/EHU-ko garbitzaileek, ikasleen babesarekin, Leioako Campuserako sarbideak moztu dituzte goizeko lehen orduetan, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO deitutako mobilizazio batean.

Bost urte daramatzate hitzarmena berritu nahian, baina enpresek eta Hezkuntza sailak borondate eskasa erakutsi dute. Datorren astean negoziazio mahaia eta Hezkuntzarekin bilera ospatuko da. Aurrerapenik egon ezean, mobilizazioak areagotuko dituzte.

Hauxe da sindikatuok oharra:

Bost urte! Bost urte betetzera doaz Hezkuntza eta Unibertsitateko azpikontratatutako garbitzaileen lan hitzarmena negoziatzen hasi ginenetik. Erraz esaten da, baina… Bost urte!

Eta zoritxarrez, aurrean daukagun argazkia ez da batere xamurra, negoziazioa oso motel doa. Oso! Mahai gainean dagoena ez da beste munduko aldarrikapena, zerbait zilegi eta erreala baizik: benetako soldata ekiparazioa, oporren bermea, lanaldia handitzeko neurriak…

Enpresek ordea, entzungorrarena egin edo Hezkuntza sailaren gainean uzten dute erantzukizuna. Aldiz, Hezkuntza sailak ez du gurekin biltzeko inolako asmorik erakutsi, hamarnaka eskaera egin izan diogun arren. Eta bitartean noren gain erortzen dira egoera honen ondorioak? Ba bai, langileen gain, garbitzaileen gain.

Hau dela eta, UPV/EHU-ko campus desberdinetan mobilizatu egin gara.

HITZARMEN DUIN BATEN ALDE… GARBIKETA BORROKAN!

 

 

 

Pentsiodunak ere urtarrilaren 30eko Greba Orokorrera begira daude

Heldu eta Pentsiodunen Arloko urteroko batzarra egin dugu Usurbilen. Pentsiodunen mobilizazioak puri-purian dauden honetan, datozen hilabeteetarako erronkak zehaztu ditugu, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra mugarri. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hartu du hitza batzarrean, eta pentsiodunei eskerrak eman dizkie lanerako eta borrokarako erakutsitako grinagatik.

LABek Heldu eta Pentsiodunen Arloko urteroko batzarra egin du Usurbilen, Sutegi aretoan. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunak elkartu dira bertan eta, pentsiodunen mobilizazioak eta sumindura nagusi diren honetan, kurtso berrirako helburu eta erronkak zehaztu ditu sindikatuak, urtarrilaren 30eko Grena Orokorra mugarri. Hala, greba egunean zein grebaren lanketan pentsioen sistema propioaren eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldarrikapenek leku garrantzitsua izango dutela nabarmendu dugu, lan, pentsio eta bizi duinaren defentsan.

Hain zuzen ere, Greba Orokorreko aldarrikapen taulan ugariak dira pentsioen inguruan egindako aldarriak. Ondorengoak, besteak beste:

2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea:

• Erretiroa 65 urterekin.
• Erretiro Aurreratua 61 urterekin, 30 urte kotizatuta izanez gero. Koefiziente murriztaileak arintzea.
• Erretiroa hartu ahal izateko adina jaisteko aukera zabaltzea sektore berrietara, bereziki nekagarriak eta arriskutsuak diren sektoreetara, adibidez, garraio-sektorea.
• Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontutan.
• Pentsioen eros-ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera)
• Pentsioen jasangarritasun-faktorea kentzea.

Beste neurri batzuk pentsioei buruz:

• 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
• Pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea, kotizazio sozialen eta zergen bidez.
• Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea. Lan egindako egun bakoitzeko, kotizatutako egun bat.

Aldarrikapen hauen guztien harira, mosaiko bat osatu dugu Usurbilgo frontoian, Greba Orokorrerako deia zabaltzeko.

 

 

 

“Hitzarmenik gabe, biluzik gaude” salatu dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek, Foru Aldundiaren aurrean

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek ekintza indartsua egin dute Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean, LAB sindikatuak deituta. Hain zuzen ere, gerritik gora biluztu dira Aldundiaren eta patronalen jarrera salatzeko. Hitzarmenik gabe jarraitzen dute langileek, erabat biluzik, babesik gabe, Gipuzkoako helduen egoitzetan kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko aukerarik gabe, euren lan baldintza kaskarren ondorioz.

Gipuzkoako Foru Aldundia bera da gatazka eta babesgabetasun egoeraren arduradun nagusia, zeinak kudeaketa pribatuko eredu baten alde egiten duen, non lan baldintzei, zerbitzuaren kalitateari, edozer diotela ere, jaramonik egiten ez dien.

Era berean, patronalek eta zerbitzuaren ikuspegi merkantilista batez, Aldundiaren bermearekin, nahieran egin eta desegiten dute, eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan baldintzak baino, haien mozkin tasa lehenetsiz.

Beste sindikatuen jarrera ere kritikatu dugu, irtenbidean erraztu beharrean, zailtzen dituztelako.

Hala, hau guztia salatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean egin dugu protesta, azaroaren 28rako deitutako greba egunarekin bat.
 

 

 

Ez dugu Kutxabanken lortutako akordioa babesten

0
2019ko azaroaren 11n, Kutxabankeko LABeko ordezkari batzuk akordio bat lehenetsi zuten entitatearekin. Bada, LAB sindikatuak bere babesa publikoki kendu nahi dio akordio horri.

2019ko azaroaren 11n, Kutxabankeko LABeko ordezkari batzuk akordio bat lehenetsi zuten entitatearekin. Honen aurrean, LAB sindikatuak zera adierazi nahi du:

LAB sindikatuak ez duela bat egiten izenpetutako akordioarekin. Ez dugu inoiz akordio estatalen alde egin. Are gehiago, negoziazio mahaiak Euskal Herriratzeko hamaika borroka piztu ditugu.

Akordio honek Kutxabanken lan egiten duen langile orori aplikatuko litzaioke, hau da, Euskal Herriko eremutik harago ere.

Edukiei dagokionez, ez dugu ukatuko hainbat puntu egokiak izan daitezkeela, baina argi utzi behar dugu sindikatu hau Euskal Herriko negoziazio eremuetara mugatzen dela, eta, ondorioz, bateraezina dela akordio honekin.

Zentzu horretan, LAB sindikatuak bere babesa publikoki kendu nahi dio akordio horri.

 

 

 

Tolosako La Asuncion-eko langileek Arartekora eta Jaurlaritzara jo dute klinikaren egoera kezkagarriaren berri emateko

0

Tolosako La Asuncion Klinikako langileek Eusko Jaurlaritzako Osasun Departamentura eta Arartekora jo dute ospitalaren egoera kezkagarria salatzeko. Hain zuzen ere, idatziak erregistratu dituzte bi erakunde horietan, La asuncionen eskaintzen den arreta eta segurtasuna bermatuta ez daudela ohartarazteko. Langile eta baliabide kopuru ezak zerbitzuaren kalitatea zeharo narrastu duela jakinarazi dute. Momentuz, Manuel Lezertua arartekoak erantzun die, eta "beharrezko jarduerak" abian jarriko dituela aurreratu du.

Hauxe da Arartekoari zuzendutako idatzia, egoeraren berri emateko:

Tolosaldeako E.S.I. osatzen duten herritarrentzako arreta zerbitzu bereziei dagokien kexai buruz Arartekora zuzentzen gara.

Tolosaldeak 65.000 biztanle inguru dituela kontutan hartuta, beste herrialdeek jasotzen duten arreta berbera jasotzeko eskubidea daukagu. Langile izateaz gain, gainera langile asko osasun arreta honen erabiltzaileak gara. Ez ditugu eskubide berdinak ez langile kopuru, ez fakultatibo kopuruan, ez pertsonalaren prestakuntzan ezta ere pazientearen segurtasunari dagokionez ere. Ezta ere erabiltzen dugun materialean, ezta ere euskararen erabileran ere.

Gaur egun, beste ospitaleekin alderatuz (Bidasoa, Zumarraga, eta Mendaro ospitaleak) Asunzion klinikak langile 1/3 bat gutxiago dauka.

Langile kopuruarena ez betetzeaz gain, eskualdeko ospitale kontzertatu bezala, erizainak gutxitzen ari dira, honela pazientearen kalitatezko arreta eta segurtasuna bermatu ezinik geratzen dira.

Berrikuntza lanen ostean egokiak ez diren baldintzetan lan egiten dugu (tinbre desegokiak, pazieenteen intimitatea bermatu gabea ez dagoelako kortinarik…).

Zuzendaritza honi itxura bakarrik axola zaiola dirudi, eta ez osasun arreta egokia, ezta ere segurtasuna, ez langile ezta pazienteentzat ere.

Gaur egun zuzendaritzak aurrera eraman nahi dituen aldaketak pazientearen segurtasun eta osasun kalitateari larriki eragiten die.

Aldaketetako batek kirofanoko zerbitzuari eragin nahi dio: zehazki, erizain pertsonalari lan baldintzetan aldaketa garrantzitsuak inposatu nahi zaizkie:

-Lan jardueraren ordutegi aldaketa, ordu fisikoak gutxituz, zuzendaritzak dioen segurtasun neurriekin bateraezina… Aldiz, lokalizatutako guardia gehiegizkoak inposatu nahi dituzte, jai egun eta gauak kontutan hartu gabe.

-Soldataren jatsiera garrantzitsua, Osakidetzako langileekin oraindik ere gehiago handituz diferentzia.

-Pertsonalaren murriztea kirofanoko bakoitzean, kirofano bakoitzeko erizain bakarra egonik laguntzarik gabe. Neurri hau bateraezina da enpresak aipatzen dituen segurtasun neurriekin.

Aipatu baita ere gaur egun zentruak ez duela inolako segurtasun protokolori,k ez eta eguneratutakorik.

Adibidez, euri garaian, kirofanoko zerbitzuan sortutako ur filtrazioak, zerbitzuaren egoeran larriki eragiten dute.

Euskararen ezagutza izan gabe fakultatibo ugariren etengabeko kontratuak mediku espezializazio guztietan. Tolosaldeko eskualdeko herritar orori arreta egokia ematea ezinezkoa da barne medikuntzako 4 mediku eta neurologo batekin.

Ez dugu ulertzen Tolosaldeako ESIko partaide izanik nola baldintza hauetan lan egiten dugun, estresa eta segurtasun eza sortuaz lanean. Urteak daramatzagu erakunde publikoetan gertakari hauek salatuz Eusko Jaurlaritzan, Tolosako udaletxean, osasun sailean… eta arazoa konpondu beharrean geroz eta baldintza eskasagoan lan egiten dugu.

Aurretik aipatutako guztiaren haritik,  Inviza enpresari onartutako prestazio publikoaren helburuen alde egiteko, bertan azaltzen diren hutsuneak agerian uzteko eta behingoagatik Eusko Jaurlaritzako osasun sailari bere ikuskatze ahalmena martxan jartzeko eskatzen dizugu.