2026-04-05
Blog Page 563

Langileak zoriondu nahi ditugu Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien aurreakordioaren sinaduragatik

0

Bi urtetako borroka eredugarriaren ondoren, Bizkaiko kirol-lokal eta zelaietako langileek aurreakordioaren sinadura lortu dute. Honek, modu funtsezkoan hobetzen ditu sektoreko egoera larrienetako batzuk, azken helburuak ahaztu gabe.

LABek sektoreko langile guztiak zoriondu nahi ditu egin duten lanagatik, honek ekarri duelako horren premia zuen sektore bat esnatzea. Oraingoan ere argi geratu da berriro borrokatzeak merezi duela.

Lorpenen artean, soldata-igoera nabarmendu dezakegu. Hau KPIaren araberakoa izango da 2018 eta 2019rako, eta KPI gehi %0,75ekoa 2020, 2021 eta 2022rako. Lanaldia murriztea ere lortu da, urtean 50 ordutan (1.660 ordutakoa izango da 2022an). Gainera, lortu da 2021ean gutxieneko soldata 1.200 eurotakoa izatea, 16 pagatan.

Era berean, gora egin du jai-egunetako plusak. Horrela, 15 eurotakoa izango da 2020an, 18koa 2021ean eta 20koa 2022an. Gainera, gaukotasuna lehen ordutik aurrera ordainduko da, borondatezkoa izango da Eguberri eta Urte Berri egunetan lan egitea, aintzinakotasuna hobetu da, urtean 12 ordu lortu dira klaseak prestatzeko, eszedentzien aukera 10 urtetatik 12 urtetara pasatuko da, laneko erropan hobekuntzak lortu dira eta garrantzitsuena dena, bakanteak estaltzeko sistema objektiboa.
Edozelan, borroka ez da bukatu, lortzeke geratu direlako kategorien definizioa, ratioak zehaztea, baldintzen pleguak, 35 ordutako lan-astea eta orduen kontsolidazioa.



 

 

 

Santiago ospitalearen ate nagusira eraman dugu irregulartasun ekonomikoen salaketa

0

LABek fiskaltzaren aurrean Gasteizko Santiago ospitalean topatu zituen irregulartasun ekonomikoak salatu zituenetik 3 hilabete pasatu dira eta oraindik, Arabako ESIko zuzendaritzak ez du azalpenik eman bertan gertatutakoaz. Murga kontseilariak berak txosten bat egingo zutela agindu zuen arren, LABek oraindik ez du horren berririk izan. Hala, Araba ESIko zuzendaritzaren jarrera salatzeko eta 200.000 euro horiek non dauden argi dezaten eskatzeko, Santiago ospitaleko ate nagusian kontzentrazioa egin dugu.
 

 

 

Laminaciones Arreguiko langileek mobilizazioa egin dute Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatuz

0

Laminaciones Arreguiko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, enplegua eta etorkizunaren alde. Pasa den otsailaren 6an lanuzteak hasi ondoren, pasa den astean eta honetan ere lanuzteekin jarraitu dute, Zuzendaritzak baztertu egin duelako Batzordearen azken proposamena kaleratzeak ekiditeko. Horregatik, gaur dei egin diote Eusko Jaurlaritzari Arabako lantegietan enplegua eta etorkizuna bermatze aldera.

Enpresaren negoziazioak amaitutzat eman ondoren, langileek lanuzteak eta mobilizazioak abiatu zituzten pasa den otsailaren 6an, enpresak iragarritako 9 langileen iragarpenaren eta Laminaciones Arreguiko Gasteiz eta Urbinako lantokiekiko konpromiso faltaren aurrean. Lanuzteek produkzio langileen %99aren jarraipena izan zuten eta Batzordeak proposamen berria egin zuen kaleratzeak ekiditeko proposamen berri batekin, bertan enpresak nahi zituen ondorio berdinak lortzen zituen proposamen alternatiboak jaso zituzten. Enpresak ez zuen proposamena entzun ere egin nahi izan.

Azken egunotan jarraitu egin dute lanuzteek eta gaur bertan, langileek bi ordutako lanuztea egin dute eta kontzentrazioa egin dute Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Era berean, Enpresa- Batzordeak bilera formala eskatu du Industria Sailarekin. Honi lotuta, dei egin diote Eusko Jaurlaritzari inplika dadin, Laminaciones Arreguin enplegua bermatze aldera eta era berean, konpromisoa har dezan lantegietako jarduera berma dadin.

Honetaz gain, gaur arratsaldean, osteguneroko mobilizazioa berreskuratuko dute langileek, 19:00etan abiatuko dena Bilbao Plazatik, 2012ko gatazkan urteetan zehar errepikatu zutena.

Horregatik, berriro ere dei egiten diogu zuzendaritzari azken 8 urteotan zehar eraman dituen mehatxu eta alde-bakarreko bidea bertan behera uzteko, ez Celsa taldeari ez langileei inolako irabazirik ekarri ez diena. Ordua da Gasteiz eta Urbinako lantegietako jardueraren eta enpleguaren etorkizuna Araban finkatuko duen planaren aldeko apustua egiteko.

Horrela bada, Laminaciones Arreguiko langileek mobilizatzen jarraitzen dute enpleguaren eta benetako industria planaren alde.
 

 

 

Nafarroako Jauregiaren aurrean mobilizatu gara, Hezkuntza Itunaren defentsan

0

Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna sinatu genuen sindikatuok jakinarazi nahi diegu irakasleei, eta oro har gizarteari, Nafarroako Gobernuak ez duela asmorik Itunean jasotako neurriak osoki betetzeko.

Aferaren berri ofiziala izan genuenetik, joan den urtarrilaren 15ean, bilerak izan ditugu Hezkuntzako Kontseilari jaunarekin eta Parlamentuko talde guztiekin, gure kezka azaltzeko.
Hezkuntza Ituna negoziatu genuenean, biziki kostatu zitzaigun zenbait neurriren egutegia adostea, Administrazioak ez baitzuen konpromisorik hartu nahi, finantzatzerik eta epean betetzerik ez bazegoen. Horregatik neurri gutxik dute osorik egikaritzeko epe zehatza.

Sindikatuok deitoratzen dugu Hezkuntza Departamentuak itundutakoa errespetatzeko duen beharra ez betetzea, ez baitute sartu 2020ko aurrekontuetan diru-zuzkidura aski sinatutakoa aurrera eramateko.

Gainera, aurrekontuen proiektuak ez dio Hezkuntzari nahiko baliabide ematen, hezkuntzako inbertsioa %17tik %16ra jaisten baita aurrekontu orokorrean. Bestalde, gogo gutxi erakusten du Gobernu Itunak ezarri duen Barne Produktu Gordinaren %5 Hezkuntzan inbertitzeko helburuari heltzeko.

Hezkuntza Departamentuak Ituna bete eta garatu behar duelakoan gaude, hori baitzen adostu zena, eta hezkuntza arloko konpromisoek ez dituzte jasan behar gobernu aldaketek sortzen dituzten gorabeherak. Bidenabar, Gobernua osatzeko Legealdi Akordian jasoa dago, eta Kontseilari jaunak berak eta Parlamentuko alderdi guztiek adierazi diote ituna betetzeari haien sostengua.

Egoera honen aurrean, zentzuzkoa eta beharrezkoa da neurri hauek diruz hornitzea 2020ko aurrekontuetan (57 urtekoen ordutegi murrizketa eta ordu gehiago ematea ikastetxeei zuzendaritza lanengatik galtzen diren orduak konpentsatzeko). Bide batez, egutegia behar da, garatu gabe dauden Ituneko beste neurri garrantzitsuen ezarpena gauzatzeko.

Hezkuntza Ituna sinatu dugun sindikatuok jo eta ke ibiliko gara lanean sinatutakoa betetzea erdietsi arte. Afera ez bada lehenago konpontzen, hurrengo otsailaren 27an, ostegunean, mobiliziazio bat eginen dugu eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu irakasleei eta jendarte osoari, egun horretan Parlamentuak Nafarroako 2020ko aurrekontuak onetsiko dituelako.

 

 

 

Euskal gehiengo sindikaletik kalera atera gara Zaldibarren gertatutakoa argitzeko eskatuz

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxaldek ekimen bateratua egin dugu, Zaldibarreko Verter Recycling enpresan izandako istriputik bi astera. Sindikatu bakoitzak kontzentrazioak egin ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta eskualde-buruetan; guztira 30 deialditik gora.

Markina Xemein.

Gertatutakoa argitzeko eskatu dugu sindikatuok “ZaldibarArgitu. 2 aste desagertuta. 11+2. Prekarietatea hiltzailea” lemapean egin ditugunn kontzentrazioetan. Mobilizazioek 13 minututako iraupena izan dute, minutu bana otsailaren 6tik hona pasatu den egun bakoitzeko, egun horretatik baitaude desagertuta bi langile, Joaquin eta Alberto.

Iruñea.

Sindikatuok lanetik etxera osasunez eta bizirik bueltatzeko eskubidea aldarrikatu dugu, prekarietateak gaixotu eta hil egiten duela salatu eta urte hasieratik Hego Euskal Herrian hil diren 11 langileak eta desagertuta dauden biak oroituz. Honekin lotuta, desagertutakoen bilaketa lanari lehentasuna ematea exijitu eta euren senideei elkartasuna adierazi diegu.

Gasteiz.

Orain bi aste Zaldibarko zabortegiaren luiziak Joaquín eta Alberto harrapatu zituen. Gehiengo Sindikaleko kideon ustez bi langileen bilaketa lanek lehentasuna izan behar lukete Eusko Jaurlaritzarentzat, baina 14 egun hauetan ez dugu halakorik ikusi.

Bilbo.

Sindikatuon ustez, zaborren kudeaketa ekonomizistak eragin du luizia. Oinarrizko azpiegitura publikoa izan behar lukeen zabortegia diru-irabaziaren logikan kudeatu da eta, horrez gain, administrazio publikoak ez du kontrol publiko eraginkorrik egin. Prekaritatearen eta lan- istripuen atzean logika neoliberal hau errepikatzen da behin eta berriro.

Azpeitia.

Luiziaren ondoren ere autopista irekitzea izan da Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna, zabortegian erreskate lanetan ari ziren langileen osasun eta segurtasunaren gainetik. Ingurumen Sailak herritarrei osasun-gomendioak egin dizkie airearen kalitate eskasaren ondorioz, baina ez da halakorik izan zabortegiaren inguruko herrietan lanean ari diren pertsonentzat; ordu eta erdiz eliteko kirolariek ezin dute lanik egin, baina bi aste hauetan langile arruntek lan fisikoak egin ditzakete Eusko Jaurlaritzaren inongo gomendiorik jaso gabe.

Donostia.

Sindikatuon ustez, krisi honetan langileen osasuna ez da lehentasuna izan, ezta Joaquín eta Albertoren bilaketa ere.
 

 

 

Fekoor-eko langileek lanuzteei ekin diete etorkizun duin baten alde

Gutxitasun fisikoa edoeta organikoa duten bizkaitarrei arreta ematen dieten elkarteak biltzen dituen entitatea da Fekoor. Bertako langileak lanuzteak egiten hasi dira bizi duten egoeraren aurrean eta euren etorkizunaren defentsan, antzeko leku batzutan baino lan-baldintza okerragoak dituztelako. Gaur, manifestazioa egin dute Fekoor-en egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiak Ugaskon duen egoitzaraino, instituzio hau delako Fekoor-ek ematen dituen zerbitzuen titularra.

 

 

 

Langileon eskubideak defendatzea ez dela delitu aldarrikatu dugu Durangon

0

Bizkaiko Metalgintzako borrokan aritu ziren hiru grebalari deklaratzera deitu dituzte Durangoko epaitegira, eta sindikatuok elkarretaratzea egin dugu langile hauei babesa emateko.

 

 

 

EHUren Klaustroaren aurrean mobilizatu dira garbitzaile azpikontratatuak

0

Euskal Herriko Unibertsitateko eta EAEko Hezkuntzako garbitzaile azpikontratatuek mobilizazioa egin dute Bilbon, EHUren Klaustroaren aurrean. Langileen parte hartzea handia izan da, baita ikasleengandik jasotako babesa ere. Garbitzaileek martxoaren 2tik aurrera egingo duten bost asteko grebaren atarian egin dute gaur protesta.

 

 

 

Lan baldintza duinak aldarrikatu ditugu Arabako helduen egoitzetako langileentzat

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Aldundiaren aurrean, hitzarmenaren defentsan.

Pasa den otsailaren 6an urtebete bete zen Arabako Foru Aldundian egin genuen lehen kontzentraziotik. Gure nagusien zaintzan ari garen langileok (sektorearen %95a emakumezkoak gara), egoitza pribatu eta etxebizitza komunitoarioetan ordezkaritza handiena duten 4 sindikatuen eskutik, LAB, ELA, UGT eta CCOOek, kalera ateratzea erabaki genuen jasan behar dugun prekarietate eta babesgabetasun egoera salatzeko.

Sektore feminizatu honetan jasaten dugun errealitatea honakoa da: soldata prekarioak, langile ratio askiezengatiko gehiegizko lankargak, egiten ditugun lan desberdinetarako kualifikazio egokia izan gabe sarritan, batez ere zentro txikietan eta kontziliazioa ezinezko izanda.

Guzti honi estatu mailako hitzarmena ezartzea gehitzen badiogu, zailtasunak areagotu egiten dira. Are gehiago kontutan hartzen badugu Bizkaia eta Gipuzkoan badituztela soldata hobeak, aldi baterako ezintasungatiko hobekuntzak, ordu murrizketak…

Gure helburua, ditugun lan-baldintzak Bizkaia eta Gipuzkoako gure lankideek dituztenekin parekatzea da. Azken finean, hiru herrialdeetan alderdi politiko berdinak daude gobernuan eta zerbitzua ematen duten enpresetako batzuk berdinak dira. Horretarako, eta bide honetan egin beharreko lehen pausu moduan, egun esistitzen ez den mahaia zabaldu beharko litzateke egoitza pribatuen patronala eta alde sozialaren artean, hau da, sindikatuak. Eta horrela hasiera emango litzaioke Arabako egoitza pribatuen I herrialdeko hitzarmenaren negoziazioari ulertuta, sektoreak herrialde honetan duen kasuistika dela eta, beharrezkoak izango direla patronal ezberdinak, errealitateak ere anitzak direlako eskainitako plazei, bitarteko ekonomiko etab.ei dagokienez.

Urtebeteko borroka egin dugu, honako balantzearekin:

-Gaur, otsailaren 19an egin dugun kontzentrazioa hamabosgarrena da gatazka hasi zenetik, egin izan ditugun beste hainbat ekimenekin batera: kotxe-karabanak, pankartak jartzea, sinadura-bilketa (4.000 sinadura baino gehiago Arabako egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuetako erabiltzaileei kalitatezko zerbitzuak eta arreta eskatu eta babesa emanez), talde politiko guztiekin bilerak eta baita Emilio Sola Politika Sozialetako Ahaldunarekin ere (bi aldiz), alderdi politiko guztiek aldetik, EAJrena izan ezik, herrialdeko hitzarmenaren negoziazio bultaztzeko idatzizko konpromisoa lortuz.

-Pentsionisten plataformarekin harremanetan ari gara eta menpekotasunaren inguruan antolatu dituzten ekimen ezberdinetan parte hartu dugu.

Elkartzen gaituen azken helburu bat dugu, nagusientzako arreta duintzea eta ematen den zaintzaren kalitatea ziurtatzea, edozein egoitzetara joanda ere.

Datorren martxoaren 4an prentsaurrekoa eta kontzentrazio bateratua egingo ditugu egoera larri honen aurrean.

Lan-baldintza duinak eskatzen ditugu sektore honetako langileentzat eta zaintza duina gure nagusientzat eta horretako, ezinbestekoa da Arabako egoitzen Herrialdeko Hitzarmena negoziatzea. Ahaztuta gaude, ez dezagun beste alde batera begira, edozein egon gaitezke egoera honetan.

Mobilizatzen jarraituko dugu lortu arte.