2026-06-17
HomeUncategorizedUSOAko enpresa-batzordeak mobilizazioei ekin die berriro hitzarmenaren negoziazioak duen blokeoa salatzeko

USOAko enpresa-batzordeak mobilizazioei ekin die berriro hitzarmenaren negoziazioak duen blokeoa salatzeko

Barakaldoko Udalaren Enplegu Zentro Berezia da USOA eta aniztasun funtzionala duten 300 langile inguru ditu. Enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du bihar Barakaldoko Udalaren aurrean, atzo egin bezala. Hain zuzen ere, salatzen ari da langileen hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dutela Barakaldoko Udalak eta enpresak, ez dutelako inolako proposamenik aurkeztu, langileek 9 hilabete daramatzatenean proposamen baten zain.

Otsailaren 18an proposamen adostu bat aurkeztu zion enpresa-batzordeak USOAren zuzendaritzari. Azaroaren 3an, 9 hilabete geroago, enpresarekin bildu ziren langileak, eta jarrera pasiboa eta akordio batera iristeko borondate falta ikusi zuten. Enpresa, otsailean egindako proposamenari erantzunik eman gabe aurkeztu zen bilerara, eta hitzarmena negoziatzeari uko egingo ziola jakinarazi zien langileei.

Enpresak, argudiatu zuen gerentzia berria ezarri arte ez dutela negoziatuko, nahiz eta gaur egun jarduneko gerente bat egon. Honekin lotuta, aipatzekoa da USOAren azken hiru hitzarmenak gerentziaren sinadurarik gabe aplikatu direla. Enpresa-batzordeak ulertzen du hau, enpresaren borondate falta izkutatzeko aitzikia bat besterik ez dela. Egoera honen aurrean, azaroaren 3ko bileran, LAB eta UGTko ordezkariak mahaitik altxatu eta bileratik atera ziren.

Enpresa-batzordeak salatzen du ezin duela gehiago atzeratu hitzarmenaren prozesua eta ez duela aitzakia gehiago onartuko. Adierazi dute duela urte batzuk langileekin pankarta atzean zeudenek bizkarra ematen dietela orain, boterera iritsi ondoren.

Gainera, jardunean dagoen gerenteari, Barakaldoko PSOE eta EAJri eta enpresa berari exijitzen diote bere erantzukizuna bete eta erantzun bat emateko. Momentuz, langileek asteroko mobilizazioei ekin diete (astearte eta ostegunetan), eta presionatzen jarraituko dute bai kaleetan bai lan-zentruan.

Langileek borrokan jarraituko dute hitzarmen duinaren alde, enpresak negoziatzeko duen gaitasun faltaren aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.