2026-02-01
Blog Page 563

Bilboko Portuko eta Itsasadarreko Pilotuen Korporazioaren aginduz ontziratzen diren beharginek lehen greba eguna egin dute, soldatak izoztu dizkietela salatzeko

0

Datorren astelehenean, abenduaren 30erako, LABek grebaren bigarren eguna deitu du, eta horrela jarraituko dugu gure hitzarmen kolektiboan hitzartutakoa berrezarri arte.

Bilboko portu eta itsasadarreko pilotuen korporazioaren aginduz ontziratzen diren beharginok batzartu ginen abenduaren 16an, enpresaren lokaletan. Enpresaren zuzendaritzak, bidegabe, soldata izoztu behar dizkigula erabaki ostean, aldez aurretik, hitzarmena 2021eko abenduaren 31 arte indarrean egongo zela sinatu bazen ere, aipatu batzarrak erabaki du ondorengo greba-egunak deituko dituela:

-Hilak 26, eguena, 09:00etan hasita, hilaren 28 arte, larunbata, 09:00ak arte.
-Hilak 30, astelehena, 09:00etan hasita, urtarrilaren bata arte, asteazkena, 10:00ak arte.

Portuko pilotuen zuzendaritzak izan dezakeen ezinegona uler badezakegu ere, Bilboko portuaren agintaritzak, azken 6 urtean, itsas zerbitzu teknikoen tarifak eguneratu ez dituelako, ez dugu inondik inora onartzen portuko agintaritzarekin izan dezaketen norgehiagokaren ondorioak beharginok ordaindu behar izatea.

Gure soldatak bere horretan irauteko agindua bertan behera geratuko ez den bitartean greba deialdiari eutsiko diogu; honen harira, sektoreko enpresak animatzen ditugu, lortzea horrenbeste kostatu zaizkigun eskubideak hortzez eta haginez babestera.

Gaurko grebako lehen egunean, esan dezakegu LABek deitutako grebaren parte hartzearen arrakasta erabatekoa izan dela. Grebarako eskubidea indargabetu eta indarrik gabe utzi nahi duten abusuzko gutxieneko zerbitzuak eskatzea.

Gure eskubideen defentsan atzera pausorik ere ez. Hori dela eta, datorren astelehenean, abenduaren 30erako, LABek grebaren bigarren eguna deitu du, eta horrela jarraituko dugu gure hitzarmen kolektiboan hitzartutakoa berrezarri arte.

 

 

 

Inolako aurrerapausorik ez da eman Haurreskolak Partzuergoko negoziazioan

0

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako langileen greba deialdia egin du LAB sindikatuak, abenduaren 23tik urtarrilaren 24ra. Grebaren lehen egunean, elkarretaratzera deitu dugu Lakuan. Hain zuzen ere, Lakuan bertan egin da Haurreskolak Partzuergoak deitutako Mahai Negoziatzailea, kudeaketako langileen gaia jorratzeko.

Gaur, LAB sindikatuak deitutako Kudeaketako Arloko langileentzat hilabeteko grebaren lehenengo egunean, deituak izan gara Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailera.
LABentzat ezinbestekoa jotzen genuen bere gain hartuko zuen proposamen bat egotea:

-Kudeaketako arloko langileen lan zamak txikitzeko helburuarekin, lanpostuen zerrenda handitzea
-Kudeaketako langile guztion ekiparazioa berehala martxan jartzea.
-Langile hauen ordezkatzeko egoerak, ordezkoen araudia eta barne sustapenak egiteko dokumentuak borobiltzea.
-Egin beharreko OPE deialdi horretarako konpromiso argi bat, zabaltzen ari den kontsolidazio prozesuekin parte hartzeko.

Izan ere, abenduaren 9an burututako mahai negoziatzailean Partzuergoak aurkeztu zigun proposamenean, Kudeaketako Lanpostuen Zerrendari dagokionez, ez zen jasotzen ezta momentu honetan dauden langileen kopurua, eta Hezkuntzako kudeaketako langileekin soldata eta kategorien ekiparazioari dagokionez, ez zuten zehazten inolako prosedurarik. Aitzakia, aurrekontuen legea eta negoziatzen ari diren aurrekontuak.

Gauzak horrela, alde guztien artean urtebeteko lanketaren ostean, aurkeztutakoa iruzurra zela iruditu zitzaigun eta mahai negoziatzailetik altxa ginen. Proposamena afiliatu zein gainontzeko langileekin kontrastatu ostean, greba erregistroa egitea erabaki genuen.

Gaurko Mahaira itxaropentsu etorri bagara ere, egin diguten proposamena bide beretik joan da, hau da:

-Egun dauden kudeaketako langileen kopuru bera eskeintzen digute. Urtarrilean lanpostuaren zerrendan argitaratuko zutela, epeetan inolako zehaztasunik gabe.
-Beste 3 lanpostu berri eskaintzen dituzte irailari begira, inolako bermerik gabe.
-Ekiparazio prozesurako ez dute inolako bermerik ematen. Prozesu hau burutu ahal izateko, lanpostuen Zerrenda berria eta hitzarmenareko kategorien aldaketen argitalpenarekin baldintzatzen dute.

LABek egin zuen Lanpostuen Zerrendaren proposamenean, lanean dauden langileen kopuruaz gain, lanpostu berri batzuk proposatzen zituen, egun langile hauek duten lan zama txikitzeko helburu argiarekin. Partzuergoak eskaintzen dituen 3 lanpostu berri horietaz gain (euskara eta berdintasun teknikaria, arreta goiztiarra eta informatikaria) LABek bat gehiago (Planifikazioko Arduraduna) eskatu du Lanpostuen Balorazio Batzordeak egindako lana haintzat hartuz.

Ekiparazio prozesuari dagokionez, LABek eskatu du beranduenez 2020ko urtarrilaren 1eko atzeraeraginez bermatzea.

Bestalde, 2018ko akordioan jasota dagoen OPE deialdiari begira, momentu honetan Parlamentuan eztabaidagai dagoen kontsolidazioko prosezua egiteko konpromisoa eskatu dugu kudeaketa arloarentzat, eta, era berean, hezitzaileen kolektiboan.
L
ABek egindako proposamena data hauetan kontrastatzeko baldintzarik ez dutela ikusita, urtarrilaren 9rako beste mahai negoziatzaile bat deituko dutela adierazi digute. Berriro ere, agerian utzi dute negoziaziorako gaitasun eza eta Haurreskolak Partzuergoarekiko utzikeria.

Aipatu behar dugu STEILAS eta ELAri luzatutako elkarlanerako eskaintzak ez duela emaitzarik eman eta, trukean, guk deitutako greba desitxuratzeko ahaleginak egiten ari direla. Horrekin lotuta, gaurko mahaira LABek proposamen zehatza eraman badu ere, STEILASek zalantzak adierazi ditu eta ELAk argi esan du ez duela akordiorik sinatuko.

Gauzak horrela, STEILAS eta ELA sindikatuei, orain arte bezala, elkarlanerako deia luzatu diegu, garrantzitsua delako kudeaketa alorreko langileentzat, lan baldintzak hobetuko dituelako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa eraginkorragoa izango delako.

Era berean eskerrik beroenak hezitzaileek adierazi dizkiguten elkartasun mezuengatik. Lanean jarraituko dugu Haurreskolak Partzuergoak ematen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetu dadin eta doakotasuna lortu arte!

 

 

 

Inposatutako guardia sistemaren aurka egingo dute greba Arabako Giroa enpresako langileek

0
Giroa enpresak Araban duen ordezkaritzako enpresa batzordeak, CCOO, LAB, ELA eta UGT sindikatuek osatuta, eta kudeaketa energetikoaren mantenimenduaz arduratzen dena udal eraikinetan, Osakidetzan, Justizia Jauregian, Gasteizko Udalean eta bestelakoetan, jakinarazi nahi du grebara deitu duela, abenduaren 24tik urtarrilaren 12a arte.

Enpresaren zuzendaritzak aldebakarrez ezarri du derrigorrezko guardia sistema bat plantilla ia osoa osatzen duten teknikoentzako, lan baldintzak zeharo aldatuz, 24 ordu lan egitera behartzen duen sistema bat baita, astelehenetik igandera, horrek dakarren guztiarekin.

Komitea beti egon da negoziatzeko prest, beti ere guardiak borondatezkoak izanez gero eta dagokion bezala konpentsatuz gero, edo orain arteko sistemarekin jarraitzeko, guardietarako osatutako lan talde berezitu batekin, 15 urte daramana funtzionatzen.

Negoziaketa luze eta etsigarri baten ostean, enpresak bere jarrera itxia erakutsi du negoziatzeko garaian, eskuduntza, errentabilitatea eta merkatua argudio gisa erabilita, eta tematuta 24 orduko doaneko zerbitzua eskaintzearekin, langileak erabilita. Azkenean, 41. artikulua inposatzen bukatu du, lan baldintzak zeharo aldatuz.

Hau guztia dela eta, abenduaren 26 eta 27an, 11:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, eta, 12:30ean, Desanparatuen plazan.

 

 

 

Inplikatutako alde guztiekin hitz egiteko exijitu diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, autobus zerbitzu publikoan beste istripu bat gertatu baino lehen

0
LABetik Aldundiari eskatu nahi diogu beste istripuren bat gertatu baino lehen eser dadila inplikatutako alde guztiekin hitz egitera, guztion artean benetan segurtasun-neurri bermatzaile batzuk hartzen saiatzeko. Beraz, beste behin ere, Rafaela Romero diputatuari bilera bat eskatzen diogu autobusen ordezkari guztiekin, guztion onerako eta, batez ere, Lurraldebusen funtzionamendu egokia bermatzeko.

Urriaren 29an N-1 errepidean, Andoainen, izandako istripu larriaren ondorioz, Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak agerraldia egin zuen Batzar Nagusietan; 2019ko abenduaren 18an, Elkarrekin Gipuzkoak eskatuta, hiri arteko bidaiarien garraio-zerbitzu publikoan, oro har, eta, zehazki, Tolosa-Donostia linean, segurtasun-gabeziari buruzko azalpenak emateko.

Dirudienez, azken hilabeteetan gertatu diren azken gertakari larriekin alarmak piztu dira Aldundian, zerbitzu publiko bat emateko erabiltzen diren autobusen segurtasunik ezagatik. LAB sindikatutik hori salatzen eta horretaz ohartarazten dihardugu hainbat urtez. Baina istripu larririk gertatu ez den arte inork ez digu kontuan hartu etengabe aldarrikatzen aritu garena: flotaren hondatzea, segurtasun neurri eza eta abar.

Ez zaigu guztiz gaizki iruditzen ordutik aurrera Aldundiak neurri zehatzago batzuk hartzea erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzen saiatzeko. Baina, berandu izateaz gain, uste dugu neurri hauek ez direla nahikoak eta egiten ari diren gauza bakarra Aldundiari erruduntasunaren zati bat kentzea dela, zerbitzu publikoaren arduradun zuzena baita (izan ere, ezin dugu ahaztu lehiaketa publikoen baldintzak ez dituztela enpresa esleipendunek jartzen). Aitzitik, "istripuen" erru guztia enpresari eta langileei egozten die.

Eta ez dugu hau honela gertatzen utziko, Aldundiaren aurrean kontzentratzen jarraituko dugu behar den guztietan, beraien benetako erantzukizunak beren gain hartu arte, besteak beste:

– Aldundiak argitaratzen dituen pleguetan agertzen diren autobus bakoitzaren lineen ordutegien ratioak ezin dira bete, denborak jartzerako orduan ez baitituzte kontuan hartzen herri barruko abiadura-mugak, ez linea bakoitzean igaro behar diren badenak, ezta dauden autobus-geralekuak ere, eta abar.

– Aldundiak baimentzen dituen bidaiari-edukierak gehiegizkoak dira, ez baita bermatzen, kasu gehienetan, bidaiari guztiak eserita joatea, horrek dakarren arriskuarekin. Kontuan izan behar da, gainera, askotan, gehienezko edukiera gainditu ez arren, autobusak beteta joaten direla eta horrek zuzenean eragiten duela autobusen abiaduran ere.

– Gaur egun dauden autobus-geltokiak nahiko leku arriskutsuetan daude erabiltzaileentzat, eta, beraz, Aldundiak Lurraldebuseko autobus-geltokiak berrikusi beharko lituzke, herritarren segurtasuna bermatzeko.

– Ez dago segurtasun-neurririk gaueko ordutegian egiten diren zerbitzuetarako.

 

 

 

Gabonetan… gutxi eta gertu!

Gabonetan gutxi eta gertu kontsumitzeko deia egin du Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformak.

Transnazionalak eta kapitala gure bizitzaren jabe egin dira. Gabonetan agerikoa egiten den bezala, kontsumismo basatiaren bitartez enpresen irabaziak handitu eta

• Langileok prekarietatera kondenatzen gaitu. Ekonomiaren tertziarizazio bortitza eta lan merkatuaren desregulazioa langileon eskubideen kontrako erasoak dira. Gabonetan gainera, aldi baterako kontratuak, merkataritzako sektoreko langileen lan ordutegian ematen diren gehiegikeriak edota taberna eta jatetxeetan ematen diren prekarietate egoerak ohikoak dira gabonetan.

Aurreikuspenen arabera, gabonetan estatuan egingo diren kontratuen %82 aldi baterako kontratuak eta lanaldi partzialekoak izango dira. ETTk (Aldi Baterako Enpresek) adibidez, milioi bat kontratu egingo dituzte.

• Tokiko merkataritzaren eta ekonomiaren zirkuitu hurbilen suntsipena dakar. Transnazionalek gure herri eta auzoetan dituzten eraginak oso larriak dira, izan ere, enpleguak sortzen dituzten enpresa txikiak irensten edo desagerrarazten dituzte. Horrek, enplegua suntsitzeaz gain, auzoetako bizitza komunitarioan ere eragin negatiboa dakar.

2008 eta 2016 artean, 5.000 denda itxi dira EAEn. Komertzianteen esanetan, transnazionalen eraginak, igande eta jai egunetan irekitzeak eta online erosten diren produktuen gorakadak eragin zuzena izan dute.

• Gure datu pertsonalekin negozioa egiten dute. Internet bidezko erosketak egiten ditugunean, gure datu pertsonalen kudeaketa eta salerosketa dira negozioaren zati handienetako bat. Etekin ekonomikoa ateratzeaz gain, enpresa pribatu hauek gure gaineko kontrol soziala dute, horrek gure egunerokotasunean dituen ondorio guztiekin.

Datuetan oinarritutako ekonomiak, hau da, Big Datan oinarritutako ekonomiak, 2020an 739.000 milioi euro mugituko ditu. Honek, Europar Batasunaren BPGaren %4a suposatuko luke. Diru kantitate honen zati handiena, gura datuak kudeatzen dituzten enpresa pribatuen etekinak izango dira.

• Kontsumismoa sustatzen du. Krisi ekologikoan murgilduta gauden honetan, Amazon bezalako enpresek sustatzen duten ereduak gure planeta suntsitzen du. Planeta finituan kontsumo infinituaren logika sustatzeaz gain, kontsumorako produktuen garraioak eta distribuzioak eragiten duen kutsadurak aldaketa klimatikoa azkartzen du.

Frantziar estatuko telebista kate batek egin zuen ikerketa baten arabera, Amazonek 3 milioi produktu berri botatzen ditu urtero zaborretara. Produktu horietako asko errauskailu eta zabortegietan bukatzen dute.

Horregatik, Gabonetan gutxi eta gertu kontsumitu!

 

 

 

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileen greba deialdia egin dugu abenduaren 23tik urtarrilaren 24ra

0

2018Ko irailetik 2019ko azaroa bitartean eman den negoziazioan jaso den iruzurra salatuko dugu grebaren bitartez, baita EAJ eta Elkarrekin Podemosek adostu dituzten aurrekontuetan borrokatu ditugun edukiak aurrera emateko baldintzarik sortu ez dela ohartarazteko ere. LAB sindikatuko ordezkariak azken mahai negoziatzailetik altxa ginen negoziazioan, baldintzak sortu eta aurrez sinatu zen akordioari (2018.03.06) bide emateko.

STEILAS eta ELA sindikatuei elkarlanerako deia luzatu diegu, baina momentuz ez du emaitzarik eman.

Grebara goaz honako eskaerekin:

-Langileen zerrenda handitzea, lan zamak txikitzeko.
-Kudeaketako langileen ordezkoen araudia, barne sustapeneko dokumentua eta ordezkapenen kasuistika dokumentuak sinatzea.
-Delegaritzako langileekin ekiparazioa langile guztientzat.
-Kontsolidazio prozesu baten hasiera.

Berehala eskatzen dugu mahai negoziatzaile baten deialdia gai hauen inguruan, proposamen berri eta duina mahaigaineratzeko.

Bestetik, Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean agerraldia eskatu dugu gatazkaren inguruko azalpenak eman, aurrekontuen legea aldatu eta konpromisoak eskatzeko.

Amaitzeko, hezitzaileen elkartasun mezuak eskertu behar ditugu. Denon artean lortuko dugu. Gora langileon borroka!

 

 

 

Baionako komisaldegi aurrean bildu gara erretreten erreformaren aurkako laugarren greba egunean, gure kide baten atxiloketa salatzeko

Lana, erretreta eta bizitza duinaren alde mobilizatu gara berriro Baionan, Macronen Gobernuak ezarri nahi duen pentsioen erreformaren aurkako laugarren Greba Orokorrarekin bat, aurreko egunetan egin bezala



Goizean goiz, Medef enpresen elkarteko presidente Philippe Neysen enpresa, ETPM, blokeatu dugu; eta, eguerdian, Baionako kaleak hartu ditugu.

Baionako komisaldegiaren aurrean ere bildu gara, LABeko kide den trenbideetako langile baten atxiloketa salatzeko. Errepresioaren aurrean, mobilizazioak indartzea beste biderik ez dugula adierazi du langileak, aske utzi dutenean. Epailearen aurrean igaro beharko da ondorengo egunetan, gaurko greba egunaren hasieran egindako protesta batengatik.

 

 

Euskal presoen alde mobilizatu gara Gasteizen

Andra Mari Zuriaren plazan elkartu gara, Gasteizen, euskal presoak etxeratzeko aldarria kaleratzeko. Konponbide garaia da!

 

 

 

Gizarte Segurantza Glovoko Nafarroako langileen alta tramitatzen ari da, gure ekinbideen ondorioz

0

LAB sindikatuak jakin duenez, iragan astelehenetik, abenduak 16, Glovo enpresak Nafarroan erabiltzen dituen langileak Gizarte Segurantzatik SMS bat jasotzen ari dira. Mezu horretan esaten diete GlovoApp enpresan alta emateko izapideak egin dizkietela eta horrek atzeraeragina duela enpresan lanean hasi zirenetik. Gogoratzekoa da irailean LAB sindikatuak salaketa jarri zuela Lan Ikuskaritzan, Glovo enpresak bere langileei egiten dien kontratazioa aztertzeko eskatuz. Lan Ikuskaritzaren ebazpena ez da oraindik etorri, baina badirudi LABen tesia bermatuko duela.

Jarritako salaketan, LABek zioenez, Glovoko langileen lan-harremana enpresaren mende zegoen erabat; izan ere, enpresak erabat arautzen ditu lan-baldintzak, langileek erabili behar duten aplikazioaren bidez, eta enpresaren esku geratzen dira lan-karga, ordutegiak, lanaldia, soldata eta abar. Beraz, langile horiek ez dute autonomoek jasotzen dutena betetzen, eta nabaria da enpresarekiko besterentasuna.

Beste erkidego batzuetako Lan Ikuskaritzek eta Justizia Auzitegi batzuek dagoeneko ebatzi duten bezala, Glovo enpresak langile horiek besteren kontura kontratatu beharko lituzke, eta horrela izatea espero dugu. Hala ere, Glovo enpresak bere langileei jakinarazi die, Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren zain gauden honetan, egun dagoen lan harremanean egin nahi den edozein aldaketa errekurrituko duela.

Bidezkoa da, pixkanaka-pixkanaka, autonomo faltsu horiek guztiak Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko langile gisa onartzea. Gizarte Segurantzaren erabaki hori urrats bat da kapitalismo digitalaren hedapena saihesteko eraiki behar duguna harresian. Kapitalismo horrek lan-merkatua desarautu nahi du, langile-klasea eskubiderik gabe utziz.

LAB sindikatuaren hurrengo urratsa izango da Glovoko langileekin harremanetan jartzea, hala nahi badute, haien egungo egoerari buruzko informazioa emateko eta hemendik aurrera izango dituzten egoerak azaltzeko. Azkenik, LABek berretsi nahi du enpresen uberizazioaren eta autonomo faltsuen aurkako borroka egiten jarraituko duela.