2026-01-30
Blog Page 542

Ambazonia, nazioarteko isiltasuna Afrikaren bihotzean

0

LABetik Ambazonian ematen ari diren giza eskubideen urraketak salatzeko dei bat egiten dugu. Eskubideen urraketa hori salatzeaz gain, Ambazoniako herriak kanpoko inolako esku-sartzerik gabe bere lurraldearen gaineko burujabetza gauzatzeko eta bere etorkizun politikoa bakean eta demokrazian erabaki ahal izateko herritarren gehiengoak egindako eskaerari babesa ematea gure eginbeharra da. Ambazoniako herriaren borondate demokratikoaren errespetuak izan behar du Afrikako herrialdean gatazka politikoa konpontzeko muga bakarra.

Ambazonia, Amba Land bezala ere ezaguna, Kamerungo zati anglofonoak bere lurralde bezala aldarrikatzen dituen herrialde bat da; lurraldea, aurretik, hegoaldeko Kameruna hartzen zuen. Hegoaldeko Kameruna, lehenago, hegoaldeko Kamerungo Nazio Batuen fideikomiso lurraldea zen, Erresuma Batuaren administraziopean (1922-1961), 1961ean Erresuma Batuaren independentziaren alde bozkatu zuena Kamerungo frantses hizkuntzako Errepublikarekin federatuz.

2017an, Kamerungo Hegoaldeko Ambazonia Partzuergoko (SCACUF) Fronte Batuak alde bakarrez deklaratu zuen Ambazoniaren independentzia; Kamerungo gobernuak, berriz, adierazpenak legezko pisurik ez duela esan zuen. Ambazonia Nazio eta Herri Ez Ordezkatuen Erakundean onartua da.

Ambazonia Alemaniar Inperioaren protektoratua izan zen I. Mundu Gerraren amaierara arte, 1919ko Versaillesko Ituna sinatu ondoren Alemaniak bere jabego kolonial guztiak Afrikan galdu zituen eta frantziar eta ingeles inperioek kontinentea berriro banatu zuten. Kasu honetan, Kamerungo kolonia alemaniarra Nazioen Elkartearen abalarekin 1922an. Lurraldea britainiar inperiotik independizatu zen 1961ean, eta erreferendumean Kamerunekin batzea bozkatu zuen – Bi aukera baino ez zituzten, edo Nigeriarekin edo Kamerunekin elkartzea, eta inoiz ez zuen nazio independente berri bat eratzeko aukerarik izan –.

1961 eta 1990 artean, Kamerun Meriodionalaren abandonu eta marjinazio sentimenduak, protesta mugimendu eta dinamika ezberdinei bide eman zien. 1982an anglofonoak Kamerungo Mugimendu Anglofonora batu ziren, 1995ean Hegoaldeko Kamerunaren Mugimendu Nazionala sortu zen, kasua NBEra eraman zuena, anexioaren aurkako alegatu bat aurkeztuz eta 1961eko egoerara itzultzea eskatuz, britainiarrengandik independizatu zenean. 2017ko urriaren 1ean hainbat talde independentista anglofonok independentzia aldarrikatu zuten, munduaren aurrean estatu independente berri baten sorrera aldarrikatuz: Ambazoniako Errepublika Federala.

Kamerungo 22 milioi biztanleen bosten bat anglofonoa da, elite gehienak frankofonoak diren arren. Baztertuta sentitzen dira, enplegu publikoetatik baztertuta eta erakundeen tramiteetan frantsesa hitz egitera behartuta, nahiz eta haien hizkuntza, ingelesa, ofiziala ere izan. Baina Yaoundeko Gobernu zentralak handiena ukatu du: historikoki arazo anglofono baten existentzia ukatu egiten du. Erabat jakobinoa den posizio batetik, uko egin dio sistema federal baterantz eboluzionatzea, Kamerun Meriodionalaren sezesioaren aurrekaritzat hartzen baita.

Ambazoniako ordezkaritza baten bisita
Ambazoniako Gobernu Kontseiluko ordezkariak Garbiñe Aranburu eta Koldo Saenz LABeko idazkari nagusi eta nazioarteko harremanetarako idazkariarekin bildu ziren iaz, hurrenez hurren.

Herrialde afrikarraren ordezkaritzarekin egin ahal izan genuen bisitan eta bileran, Kamerungo Estatuak modu basatian lurraldea erreprimitzen ari zela azaldu ziguten, milaka hildako eta iheslari eta kanporatutakorekin. Etxeak erretzen dizkiete, eta lehen mailako krisi humanitarioa pairatzen dute, milaka pertsona desplazatuta daude gaur egun.

Bisita Ambazoniako ordezkaritzak Euskal Herrian zehar egindako bira baten parte izan zen. Bertan, jasaten duten egoera azaldu zuten eta gatazka nazioartera zabaltzeko eta Ambazonia herrialde independente gisa aitortzeko deia egin zuten.

Sarraski berri bat, zoritxarrez zerrenda luze batean
Duela astebete Ambazonian gertatutako sarraski berri baten albistea iritsi zitzaigun, Ambazoniako ordezkaritzak Euskal Herria bisitatu eta LAB sindikatuarekin bildu zenean irekitako bidearen bitartez. Esan dugun bezala, oso gutxi ezagutzen den herrialdea da, eta pertsonen gehiengo batek nekez koka dezake mapan. Afrikako bisagran dagoen lurralde batez ari gara, kontinentearen mendebaldeko ekuatoreaz. Baina gatazka politikoaren dimentsioak eta etorkizuneko gerra zibil suntsitzaileenetako bat bihurtzeko potentzialak han gertatzen ari denari begirada gelditzera behartzen gaitu.

Kamerungo Errepublikako soldaduek, zehazki AEBk eta Israelek Boko Harami aurre egiteko entrenatutako eliteko kideek, 35 zibil hil zituzten Ngarbuh herrixkan, tartean 14 haur. Milioi erdi desplazatu, 40.000 errefuxiatu Nigerian eta ia 3.000 hildako utzi dituen gatazkaren azken adibidea da. Sarraskiak, su hartutako herrixkak, mundutik isolatutako eta Interneterako konexiorik gabeko herrialde oso bat gatazka politiko mingots baten errealitatea dira, bere sustraiak herentzia kolonialean hondoratzen dituena, pixkanaka gerra ireki baterantz lerratzen dena eta Gineako Golko osoa ezegonkortu dezakeena.

 

 

 

Kapitalismoak gure bizitzak erasotzen dituela salatuko dugu Martxoaren 8an

0


Gure bizitzen erasotzailea, ametsen hiltzailea, energia eta ilusioen lapurra, poztasunen erailea, miseriara eta bizi prekarietatera kondenatzailea, horixe da kapitalismo heteropatriarkala. Gaur, Euskal Herrian, eskuineko gobernuek gure bizitzen inguruan erabakitzen dute eta, egiten dituzten politika neoliberalekin, pertsonen ongizatea ez bilatzeaz gain, gure ondoez eta premiekin egiten dute negozioa. Zaintza honen adibide argia da.  


Gure herri eta hirietako kale eta plazak urtez urte aldarrikapen feministez bete ondoren, azken bi urteetako Martxoaren 8etan, bizitzak erdigunera ekartzeko garrantzia aldarrikatzeko, greba feminista erraldoi eta jendetsuak egin ostean, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabaki dute zaintzekin negozio egiten jarraituko dutela. Euren erantzuna honezkero eman digute: kapitalarekin lerrokatu dira eta garbi utzi digute gure aldarrikapenek bost ardura diela. Euren helburu bakarra: zaintzak pribatizatzea, prekarizatzea eta ikustezin egitea. Eta ondo betetzen ari dira, gainera. Adibideak, egunez egun, begi-bistakoak dauzkagu: egoitzetako langileak, etxeko langileak, garbiketa edo jantokietako langileak… Zaintzak ezin dira negozioa izan!

Berdintasun politikak egiten omen dituzte. Itxurakeria hutsak. Zerbait egiten dutelakoa egin, zertarako eta emaitza mediatikoak lortze hutserako. Berdintasun plan handiak iragartzen dituzte, baina hauek ez dira gerora inon betetzen, ez enpresetan, ez udaletan, ez aldundietan, ez eta gobernuan ere. Hau da, ezta agintzen duten eta ardura zuzena daukaten tokietan ere. Berdintasun politikek hondoa eta behea jo dute. Politika feministak aldarrikatzen ditugu guk. Berdintasuna iruzur bilakatu da!

Soldata arrakalaren kontrako ustezko borroka ez da ezein egoera aldatzen ari, zeren eta, jakina, ezin baititugu gure lagun enpresarioak haserretu, eurak baitira boterean egoten laguntzen gaituztenak, gure poltsikoak betetzen dituztenak langileriaren kontura. Errazagoa da ezertara behartzen ez duten kanpainen atzean gordetzea, errazagoa da emakumeok soldata arrakalaz erruduntzea, ikasketak aukeratzen ez omen dakigulako, eta diskurtso horien atzean ezkutatzea. Zor patriarkala daukate gurekin, emakumeokin!

Gure bizitzen prekarizazioa eguneroko ogia daukagu: pobrezia energetikoa, indarkeria matxista, esplotazio laborala, zerbitzu publikoen pribatizazioa, herritarron osasunari eta langileon bizitzei negozioa gailentzen diete…

Guk, honen aurrean, argi daukagu zer egin: antolakuntza, autodefentsa feminista eta ezberdinen arteko aliantzak. Zerbitzu publikoen eta zaintzen pribatizazioaren aurrean, hauen publifikazioa aldarrikatzen dugu. Ez diegu utziko zaintzekin negozioa egiten jarraitzen, agintari horien lagun enpresario batzuk aberastu daitezen, herri honetako milaka eta milaka emakumeren lanaren eta esplotazioaren kontura, emakume hauek baldintza negargarrietan zaintzera beharturik dauden bitartean.

Feminismoak eusten, aurre egiten eta denon artean eraikitzen irakatsi digu. "Bizitza erdigunean" aldarrikapenak bete testuinguru batera eraman gaitu gu guztiok, pertsonak eta hauen premiak erdigunean jartzera eta merkatua zein ekoizpena bazterretara botatzera ekarri gaitu.

Borroka sindikala inoiz baino garrantzitsuagoa da orain. Eta sindikalismo feminista ezinbestekoa da denon artean egoerari buelta eman diezaiogun. Zaintza lanen berrantolaketa eta banaketa justua. Zaintzen euskal sistema publikoa. Indarkerietatik aske dauden bizitzak: etxeetan, kaleetan, lanean eta ohean. Lanaren banaketa sexuala deuseztatu eta lanak balioetsiak izan daitezela bizitzaren iraunkortasunerako daukaten garrantziaren arabera, kapitalismoarentzat daukaten interesaren arabera egin beharrean. Emakume bakar bat ere ez esplotaturik, pertsona bat bera ere ez egoera irregularrean. Paperak denontzat eta eskubideak guztiontzat. Jardunaldiak, soldatak, lanei eta enpleguei ematen zaien balio sozial eta ekonomikoa… hori gutzia zalantzan jarri eta birpentsatu behar da. Publiko/pribatu, produktibo/erreproduktibo dikotomiekin apurtu egin behar da eta kapital-bizitza kontraesanaren aurrean, beti-beti bizitzaren alde egin.

Borroka feminista lantoki guztien azken txokoraino eramateko konpromisoan berresten gara eta emakume langile guztion batasunaren alde egiten dugu.

Norberak babak eltzetik atera ditzala ahal duen modura eta irten dadila onik ahal baldin badu. Horixe bultzatzen dute. Baina guk ez dugu horrelako politikarik onartuko. Onik irten nahi dugu, bai, baina denok, elkarrekin eta eskutik helduta eta, honetarako, sistema kapitalista heteropatriarkal arrazista eta kolonialista akabatzea baino ez dugu. Elkarrekin, saretuta, aliaturik eta konplize, geldiezinak gara.
 

 

 

Lana eta familia kontziliatzea eskubidea dela aldarrikatu dugu Gurutzetako ospitalean

0

LABek kontzentrazioa egin du Gurutzetako ospitalean, lana eta familia kontziliatzeko eskubidearen defentsan. Mobilizazioan, familia eta lana kontziliatzerako orduan Osakidetzarik aldetik oztopoak izan dituzten zenbait langileren kasuen berri eman dugu.

Gero eta gauza gehiago entzuten ditugu, hala nola osasuna humanizatzeko kontzeptua, familia kontziliatzeko neurri berriak edo emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorra. Osakidetzan hori hori guztiori esparru kontzeptual baten barruan baino ez dago. Kontzeptuzko esparru horretatik kontzeptuak baino ez dira hartzen, publizitate-esloganak sortzeko ideiak, Eusko Jaurlaritzaren jardun ona saltzen duen propaganda.

Errealitatea kontzeptu bat izatetik oso urrun dago, errealitate bat gertatzen dena baino besterik ez da. Osakidetzan osasunaren humanizazioa propagandan dago, laneko arriskuen prebentzioa karpetetan dago eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna ez dakigu non geratzen den.

Hurrengo 2020/02/28 eguneko kontzentrazioarekin Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIan gertatutako bi kontu salatu nahi ditugu. Egun ESI horren arazo bat izan da, baina Osakidetzan egunero ematen den arazo endemikoa da. Osakidetza “bezero” berriak sortzeaz, familia kontziliazioa sustatzeaz baino kezkatuago dago, langileen osasunari kalte egiten baitio saihestu egin ahal diren arrisku psikosozialeko faktoreekin.

Bi kasuek erlazionatuta daude 12 urtetik beherako adingabea zaintzeagatiko lanaldi-murrizketarekin, eskubideen urratzearekin eta urratzeak langileen osasunean eragindako ondorioekin. Ez dugu gehiegi pentsatu egin behar, bi pertsona hauek emakumeak direla jakiteko.

Lehengo kasuari ukatu egin zaio zaintza-egunak erabaki ahal izatea, eta modu onartezinez tratatu dute gertuko nagusiek eta haien gainetik dauden buruzagiek. Familia-kontziliazioa "enpresaren" beharretara egokitzea inposatu nahi izan diote eta errefusatu diote ukazio hori idatziz emateari, araudiak jasotzen duen bezala. EAEko enpresarik handiena den Osakidetza oso feminizatuta dago. Osasungintza enpresa izanez, berak batez ere prebentzioan, enpatian eta asertibitatean oinarrituta babestu beharko luke langileen osasuna. Baina kasu horretan zentzugabekeria etengabearekin topatu gara. Askotan, honelako egoeretan, enpresaren presioen aurrean, langilea izan da amore eman duena.

Bigarren kasuan, ama ospitaleratzeagatik beste langile bati dagokion egunen zati bat ukatu diote, langileak lanaldi murriztua duela justifikazioaz. Kasuistika hori dagoeneko judizializatu da, justiziak arrazoia eman zion beste langile bati, esanez senidea ospitaleratzeagatiko lizentzia hori ezin dela lanaldiaren ehunekoaren mende egon. Hala ere, ESI honetan, ez dute irizpidez aldatzeko asmorik, Osakidetzak lehen aipatutako ebazpen judizialak arrazoitutako instrukzio bat atera arte.

ESI horrek, araudia ez betetzeaz gain, langileak erruduntzat jotzen ditu beren eskubidea baliatzeagatik, eta zerbitzuaren antolamenduaren ardura haien gain botatzen du. Antolakuntza nahiz eta Osakidetzaren ardura izan, bera kudeatzeko ezintasuna erakusten ari da.

LAB sindikatutik salatu nahi dugu bi egoera horiek martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuaren, enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoaren, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen, Osakidetzako Lan Baldintzen Akordioaren eta etika sinpleenaren aurkakoak direla. Argitu nahi dugu, halaber, ESI honetako bitarteko agintari batek langile bati tratu desegokia ematearen arazoa, ez dela soilik nagusi horrekin duen arazo bat; arazo horren erantzukizuna Erizaintzako zuzendariak, pertsonaleko zuzendariak, kudeatzaileak eta Osasuneko sailburuak dute.

 

 

 

Dei egiten diegu hiritarrei larunbatean euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko manifestazioan parte hartzera

Jendarte osoa animatu nahi dugu larunbat honetan, hilak 29, arratsaldeko 17:00etan Golem zinemetatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Nafarroan euskaraz bizitzeko nahia geldiarazi ezin den olatua dela argi utzi behar dugu.

Ezagunak zaizkigu Navarra Suma, hainbat kasutan PSNren laguntzaz, gidatzen ari den saiakera euskarafoboak gure artean izan dituen azken ondorioak.

Mendigorrian, bertako gurasoek eskaera egin arren, Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolan euskarazko lerroa sortzeari jarri dizkion oztopoak, Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza hutsaren hurrenera mugatzeko saiakerak, unibertsitatean euskaraz ikasteko zailtasun kronikoak… hainbat eta hainbat dira egoera hau onartezina dela ondorioztatzera garamatzaten adibideak.
 

 

 

Lan-poltsarako oinarri berriak eskatu dizkiogu Dbusi, egungo baldintza baztertzaileen aurrean

0
Pasa den otsailaren 16an, Dbus enpresak Lan poltsa sortzeko deialdia eta hautaketa prozesua arautzen dituen baldintza orokorrak publikatu zituen. Hauen II Eranskinean, honako baldintzak zehatzten dira besteak beste: Garaiera: Honako tarte hauetatik kanpo dagoen garaierarik ez da onartuko: 155 – 200 cm. Hala ere, kasu bakoitza aztertuko da. Oro har, obesitatea (GMI 30etik gorako GMI edo Gorputz Masa Indizea). Beste parametro batzuekin batera aztertuko da, baloratzeko”. LABen baldintza erabat baztertzaileak direla uste dugu. Jakinaren gainean jarri nahi dugu enpresak jarri dituen baldintza hauek interes ekonomiko hutsean oinarritzen direla.

Sindikatuko kideok urte oso bat daramagu autobusen eserlekuen altuera salatzen. Eserlekuak ez dira nahikoa jaisten ezta nahiko igotzen ere. Garaiera altua edo baxua duten langileek arazoak dituzte modu eroso batean gidatu ahal izateko. Fabrikaziotik datorren arazo bat izaki, enpresa eroslea (Dbus) eta enpresa ekoizleekin bildu gara arazoaren berri eman eta konponbideak jarri ditzaten. Baina arrazoia ematen badigute ere, ez dute ezer egiten. Orain, konponbidea aurkitu dute antza, gidarien altuerak mugatzea. Erabat lotsagarria iruditzen zaigu.

Bestetik, gidariek duten GMIa mugatzen duen neurriarekin ez gaude ados. GMI altua izan dezakeen gidari batek ez du zertan osasun arazo bat izan behar. Ez dugu neurri honen zioa ulertzen.

Azkenik, Dbus enpresak deialdi honetarako kanpaina berezi bat jarri du martxan, sektorean emakumeek duten presentzia handitzeko helburuarekin. Hautaketa prozesuan parte hartzera animatzen ditu. Publizitate kanpaina bat besterik ez da. Ez dute emakumeen presentzia handitzeko inolako neurri efektiborik ezarri. LABetik honakoa eskatu diogu enpresari: lan poltsa honetarako emakumeek gordeta izango dituzten lanpostuak deialdiaren %60a izan behar dute. Hau da, beteko diren plaza guztien %60a emakumeek beteko dituztela. Baina ez hori bakarrik, enpresak, instituzio publikoen laguntzarekin, emakumeak formatzeko plan oso bat jarri behar dute martxan, hauen presentzia bermatuko badugu. Hau egiten ez bada, dena itxurakeria besterik ez dela deritzogu.

Dbus-ek azken deialdi honekin inoiz baino baztertzaileagoa dela erakutsi digu. LAB sindikatutik oinarri berriak atera ditzala eskatzen diogu, aurretik aipartutako baldintzak kenduz eta berdintasuna benetan sustatuko duten neurriak barnebiltzen dituela.
 

 

 

EHUk azpikontratatutako garbitzaileak eta Unibertsitateko aurredoktoreak aliantzak sortu eta Leioako campusean mobilizatu dira

0

"Lan berdina, soldata berdina" lelopean, bi kolektiboek ikusezinak izatea salatu dute, baita EHUko komunitatearen barruan jokatzen duten papera aldarrikatu ere. EHUren inplikazioa exijitu dute euren gatazkak konpon daitezen.

Garbiketako langileek bost urte daramatzate negoziatzen, baina urtarriletik hona enpresek mahaira joateari utzi diote, eta Euskal Administrazio Publikoak beste alde batera begiratzen du.
Martxoaren 2tik aurrera 5 asteko grebari hasiera emango diote LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuok deituta. Eusko Jaurlaritzako garbiketako langileen soldatakiko ekiparazioa eskatzen dute. Soldata bien arteko aldea, gaur egun, %13tik gorakoa da.

Gainera, sektorearen %40k lanaldi partzialak ditu – eta, beraz, soldata partzialak –, eta enpresak ez daude bakanteak kubritzeko sistema berri baten alde, etorkizunean bada ere lanaldiak luzatzea ahalbidetuko lukeena.

Salatu dute, halaber, lan kargak, maiz, bikoiztu egiten dituztela Eusko Jaurlaritzako garbitzaileek ezarrita dituztenak.

Bestalde, doktoratu aurreko ikertzaileek, Euskal Herriko Aurre-Doktoreen asanbladak deituta, atzeratutako soldatak osorik ordaintzea eskatzen dute, 2019ko martxoan Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutu Berria (EPIPF) indarrean sartu zenetik, alegia. Joan den ikasturtetik salatzen dute Errektoretzak uko egiten ziola atzeratutako soldatak ordaintzeari eta Estatutu berria aplikatzeari.

Bi kolektiboek indarrak batzea erabaki dute eta EHUn mobilizazio bateratua aurrera eramatea. Arduradunen aurrean ikusezin sentitzen dira, eta arduragabekeriaz tratatu dituztela salatzen dute, nahiz eta haiek ere Unibertsitateko komunitatearen parte izan. Beste deialdi batzuetan bezala, ikasle eta irakasleen babesa izan dute.

Garbitzaileek, Leioan ez ezik, Gasteizen eta Donostian ere egin dituzte gaur protestak.
 

 

 

Aurrekontuen onarpenaren aurreko azken protesta

0

Hezkuntzako Itunaren sinatzaile garen sindikatuok beste behin ere elkarretaratu egin gara itunak urte honetarako ezarritakoa aurrera eramateko beharrezko diren diru partidak sar ditzaten 2020ko aurrekontuetan. Sindikatuetako ordezkariek, adostutakoa kontuan hartu ezean, mobilizatzen jarraitzeko asmo irmoa agertu dute.

Ostegun honetan, ustez 2020ko Nafarroako aurrekontuen onarpena ekarriko duen osoko bilkura egin dute Nafarroako Parlamentuan. 2018an Departamentuarekin Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Ituna sinatu genuen sindikatuak (LAB, STEILAS, UGT, CCOO, ANPE eta Afapna) Ganberaren aurrean elkarretaratu gara, onartu aurreko azken aldia izan daitekeen honetan, esijitzeko aurrekontuetan sar ditzaten urte honetarako itunak aurreikusten duena burutzeko beharrezko diren partida ekonomikoak.

Sinatutako testuak ezartzen duenez, 2020. urte honetan bi neurri zehatz aplikatu behar dira: batetik, 57 urtekoen ordutegi murrizketa, eta bestetik, ordu gehiago ematea ikastetxeei zuzendaritza lanengatik galtzen diren orduak konpentsatzeko. Biek ala biek izan behar zuten isla aurtengo aurrekontuetan, baina ez dirudi hala izango denik.

Elkarretaratzea Parlamentuaren ateen aurrean egin da, parlamentari guztiei gogorarazteko oraindik orain eskuartean duten aurrekontu proiektuak ez duela 2018an adostutakoa betetzen, eta bide batez, irmotasun osoz adierazteko mobilizatzen jarraitzeko asmo osoa dugula baldin eta gaurko bilkuratik ateratzen diren aurrekontuetan islarik ez badu izaten Nafarroako gehiengo sindikalarekin sinatutako itunak.

 

 

 

Odolusteak ez duela etenik salatu dugu, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu zirenetik hiru aste igaro direnean

Hiru aste daramate Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek desagertuta, eta lan istripuen odolusteak ez du etenik. Zaldibarreko istripua gertatu zenetik, etengabeak izan dira langileek eta herritarrek egindako mobilizazioak. Hala, euskal gehiengo sindikalak deituta, Ermua eta Eibar arteko biribilgunean elkarretaratzea egin dugu, prekarietateak hil egiten duela salatzeko. LABeko Lan Osasuneko arduradun Lurdes Erasok hartu du hitza, eta arduradunak seinalatzeko eta erantzukizunak eskatzeko garaia dela nabarmendu du. Era berean, LAB sindikatuak, ustez, Zaldibarreko zabortegian lanean ari diren langileen aldetik jasotako gutun baten berri eman du. Eskutitz horretan, euren osasuna arriskuan dagoela ohartarazi dute langileek, biziki kezkatuta.

Bi langile desagertuta Zaldibarren, lur azpian, eta 13 langile hilda aurten Hego Euskal Herrian; azkena, herenegun, Murgan. Honela gauzak, egoera jasanezina dela salatu dugu Ermua eta Eibar artean egindako elkarretaratzean.

LAB sindikatuak sinaturik gabeko gutun bat jaso duela jakinarazi dugu mobilizazioan, ustez Zaldibarreko zabortegian lanean ari diren langileen izenean. Gutunak dioenak berretsi egiten du zabortegira egindako bisitan ikusi genuena; prebentzio falta eta arrisku larria langileen osasunerako. Hona hemen gutuna, jaso bezala:


 

 

 

Hiru aste daramate Albertok eta Joaquinek desagertuta, eta lan istripuen odolusteak ez du etenik

Gaur, otsailaren 27an, hiru aste betetzen dira Zaldibarreko Verter Recycling-eko zabortegiko luizia gertatu zenetik. Ordutik, bi langile, Alberto eta Joaquin, desagertuta daude. Hori dela eta, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu gaur, otsailaren 27an, Ermua eta Eibar arteko biribilgunean, arratsaldeko 18:30ean.

Istripua gertatu zenetik, etengabeak izan dira langile eta herritarrek egindako mobilizazioak, bertan gertatutakoa argitzea eta langileak eta osasuna erdigunean jartzeko eskatuz.

Sindikatuon arabera, bi desagertutakoen bilaketa ez da lehentasuna izaten ari Jaurlaritzarentzat eta Zaldibarren lanean ari diren langileen osasuna ere ez dago bermatuta sindikatuok astelehenean bertatik bertara ikusi genuen moduan. Beste behin, ikusi dugu Jaurlaritza eta Urkullu ahaztu egin direla langileez. Hau dela eta, mobilizazioekin jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, “Zaldibar argitu” lemapean egiten ari direnetan parte hartzeko deia eginez.

Lanean hildakoen odolusteak ez duela etenik. Bi hilabete ere ez dira pasatu urtea hasi zenetik eta honezkero 13 dira Hego Euskal Herrian lanean hildako langileak, eta 2 Zaldibarren desagertutakoak. Azken astean, 2 izan dira lanean hildako langileak. Lanetik bizirik eta osasunez bueltatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu eta neurri eraginkorrak eskatzen dizkiegu administrazioei egoera honen aurrean.