2026-01-30
Blog Page 537

“Premiazkoa da Alberto eta Joaquin aurkitzea; premiazkoa da herritarren osasuna bermatzea”

Euskal gehiengo sindikaletik babesa erakutsi diegu Zaldibar Argitu plataformak martxoaren 12rako deitutako mobilizazio eta lanuzteei. Eguerdian, zabortegiaren inguruko herrietan egindako manifestazioetan izan gara. LABeko Exekutiboko kide Edurne Larrañagaren hitzetan, "ezinbestekoa da krisi hau eragin dutenen erantzukizuna mahai gainean egotea. Honek ezin du dimisiorik gabe amaitiu".

LABeko ordezkaritza bat Eibarren deitutako manifestazioan izan da, idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo eta Exekutiboko kide Edurne Larrañaga eta Endika Perez buru.

Edurne Larrañagaren esanetan, "premiazkoa da Alberto eta Joaquin aurkitzea; premiazkoa da herritarren osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak hartzea; premiazkoa da Zaldibarreko zabortegian lanean ari diren langileen eskubideak bermatzea".

LABeko Exekutiboko kidearen arabera, "eredu sozioekonomikoaren inguruko gogoeta bat zabaldu behar dugu. Zaldibarren gertatu denak bizitza arriskuan jartzen du, eta guk bizitzaren alde, eredu sozioekonomiko berri baten alde, aurrera egin behar dugu”.
 

 

 

Diru publikoz sostengatutako Gizarte Ekimeneko zenbait ikastetxetako EEEk salatzen ditugu

Koronabirusaren krisiaren kudeaketa dela, Eusko Jaurlaritzak izan duen inprobisazioa eta aurreikuspen faltaz gainera; orain, egoera aprobetxatuz, Gizarte Ekimeneko ikastetxe batzuetan egin nahi den diru publikoaren kudeaketa okerra ere salatzen du LABek.

Koronabirusa dela eta, Hezkuntza Sailak aginduta, Gasteizko ikastetxeetan haur eskoletatik hasi eta EHUra arteko eskola-orduak bertan behera geratu dira. Egoera honen aurrean, Gizarte Ekimeneko Ikastetxe batzuetan, ikuspuntu pedagogikoaren aurretik eta ikuspuntu ekonomizista lehenetsiz, Emplegu Erregulazio Espedienteak (EEE) egin nahi dituzte 0-3ko zikloan.

Eskola-orduak bertan behera geratu badira ere, ikastetxeak, ordea, ez dira itxi eta langileak lanera joan behar dira zeregin pedagogikoak egitera: eskolako proiektuak landu, formakuntza-saioak, materialen prestaketa…

Baina ikastetxe batzuetan, 15 eguneko ordu lektiboen etenaldi hau EEEak egiteko aprobetxatu nahi dutela salatu nahi dugu. Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetan 0-3ko zikloa diru publikoarekin sostengatuta dago eta langileek prekarietatea jasan behar izateaz gain (lanaldi partzialak, soldata baxuak eta soldata-arrakala handia), orain enpresek EEEak egin nahi dizkiete langile hauek oraindik eta egoera babesgabe eta larriagoan utziz.

Hori dela eta, LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzari koronabirusaren gaiarekin arduraz jarduteko eta eraginkorrak diren neurriak hartzeko eskatzeaz gainera, langileekiko sentsibilitatez eta erantzunkizunez aritzeko eskatzen dio. Eta erantzunkizun horretatik Hezkuntza Departamentuari Erregulazio Espedienteak ez onartzea exijitzen diogu.

 

 

 

Koronabirusak nabarmendu egiten ditu hirugarren adineko zerbitzu eta zentroetako arreta eta lan-baldintza prekarioak

Koronabirusa kutsatzeko arriskuak agerian uzten du, beste behin ere, kudeaketa pribatuko gizarte-zerbitzuen eredu bat, kontrolik gabea, nahikoa pertsonalik gabea eta laguntza-kalitatean eta langileen eskubideetan bermerik gabea.

Hirugarren adinekoentzako zentro eta zerbitzuetan, hirugarren adinekoen egoitzetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan hartzen ari diren neurrien inguruan, LAB sindikatutik honako hau adierazi nahi dugu:

• Kontuan hartuta adineko pertsonak eta patologia desberdinak dituztenak sektore bereziki kaltebera direla eta, beraz, arrisku-faktore nagusiak biltzen direla, prebentzio- neurriak zorroztu behar dira haien osasuna bermatzeko.

• Hala ere, berriro ere LAB sindikatuak gogorarazi du hirugarren adinekoentzako zerbitzuak (eguneko zentroak, egoitza-zentroak eta etxez etxeko laguntza-zerbitzua) profesionalek ematen dituztela. Zerbitzuaren kalitateak eta, kasu honetan, osasunaren bermeak, profesionalek beren eginkizunak betetzen dituzten baldintzetan oinarritzen da.

• Egoitza-zentroetan ezarritako jarduera-protokoloen ondorioz, nabarmen handitzen ari da jada onartezina den lan-karga profesionalentzat, zentro horietan ez baitago langile nahikorik. Nahikoa langile ez izateak arrisku psikosozial, ergonomiko eta biologiko handien eraginpean etengabe egotea dakar.

• Gogorarazten dugu langileentzako prebentzio-neurriek eraginkorrak izan behar dutela eta ez dietela langileei inolako kosturik ekarri behar, eta ez dutela gure adinekoei ematen zaien asistentzia-kalitate murritza murriztu behar. Horietan emandako denbora lanaldiaren zati bat da, eta, beraz, ez du lan-karga handiagorik ekarri behar.

• Langileentzako prebentzio-neurriak eta lanaren antolaketan egin beharreko aldaketak Segurtasun eta Osasun Batzordeetan negoziatu behar dira, bereziki kalteberak diren pertsonak, haurdunaldiko eta edoskitzaroko egoera kontuan hartuta, eta lantoki bakoitzera egokituak izan behar dira, langileei behar bezalako informazioa eta prestakuntza emanez.
 

 

 

Hitzarmenean akordioa lortu eta gero, Aldi Baterako EEEa aurkeztu du enpresak Voith-Paper-en

0
Voith-ek Aldi Baterako EEE bat mahai gainean jarri du, 76 langileri eragiten diena eta apiriletik abendura arte luzatuko duena eskarien jatsiera bat dela eta.

Voith Paper-eko enpresa-batzordearen oharra:

Aurreko astean Voith Paper SA-ko enpresa-batzordeak greba egunak iragarri zituen martxoak 4, 11, 17, 18, 25 eta 26rako. Aurreko astean greba egun bat egin ondoren enpresak proposamen berri bat jarri zuen mahai gainean.

Enpresa-batzordeak proposamena aztertu ondoren, atzo arratsaldean enpresa bertan batzarra egin zuten. Eta langileek onartu egin zuten proposamena, eta greba eta mobilizazioak bertan behera geratzen dira. Akordioak enpresan dauden soldata desberdinen arteko tartea txikitzen du eta helburu hori neurri batean lortu egin da, oraindik ere egiteko lana badago ere.

Beste alde batetik jakinarazi nahi dugu Voith-ek Aldi Baterako EEE bat mahai gainean jarri duela, 76 langileri eragiten diena eta apiriletik abendura arte luzatuko duena eskarien jatsiera bat dela eta. Kontsulten aldia ostiralean hasiko da eta enpresa- batzordeak Aldi Baterako EEEa bertan behera gelditzea eskatuko du.
 

 

 

Abian da erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa

"Hamaika Gara" egitasmoa aurkeztu du gaur Gure Esku herri ekimenak Donostiako Tabakaleran, hainbat eragileren babesarekin; LAB sindikatuarena, tartean. Hain zuzen ere, erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa du ardatz egitasmoak, "Altxa. Sinatu. Erabaki" leloarekin. Sinadura bilketa abian da dagoeneko hemen.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak ondorio praktikorik gabe utzi du Hezkuntza Sailaren Garbikuntza Zerbitzuko Greba

0

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Hezkuntzako Garbikuntza zerbitzuko greban aginduak zituen zerbitzu minimoak indartzea erabaki zuen atzo, eta %100era igo ditu Bizkaian eta Gipuzkoan. Praktikan, Eusko Jaurlaritzaren agindu honek langileak greba egiteko eskubiderik gabe uztea dakar. "Gaur gure lanpostuetara itzuliko gara, zirkunstantzia berri hauek behartuta. Baina indartsu eta borrokalari egiten dugu. Osasun krisi hau amaituko da, baina gure borroka ez. Inoiz baino indartsuago itzuliko gara borrokara, eta ziurtzat eduki, irabaziko dugula", adierazi dugu sindikatuok deitutako agerraldian.

Langile hauen Lan hitzarmena 2014an amaitu zen. Hitzarmena iraungi zenetik bost urte baino gehiago igaro dira, eta negoziazio-bilera amaigabeetan ez da oraindik aurrerapausurik lortu. Hori guztia dela eta, eta langileek pairatzen duten prekarietate larriaren aurrean, martxoaren 2an 5 asteko greba hasi zuten hezkuntzako langile azpikontratatu hauek.

Esan bezala, Atzo Lan Sailak langile horien grebarako oinarrizko eskubidea indargabetzea erabaki zuen, %100eko gutxieneko zerbitzuak aginduz eta, beraz, de facto, greba ondoriorik gabe utziz. Erabaki hori hartzeko, osasun publikoa erabili da irizpide gisa, koronavirus izurritearen aurrean arrisku egoeran gaudela argudiatuz. Eusko Jaurlaritzak langileei etxetik lan egiteko aholkua ematen dien bitartean, guri, grebalarioi, garbitzera joatera behartzen gaituzte.

Borroka jardunaldi hauetan argi geratu da egiten dugun lanaren garrantzia. Garbiketa-zerbitzua funtsezkoa da hezkuntza-komunitatearen barruan. Garbiketako langileek greba egiten dutenean, irakaskuntza-jarduera ezin da normaltasunez egin. Eta gainera, gaur egun jasaten ari garen bezalako krisi egoeren aurrean, bereziki beharrezkoa bihurtzen da.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Hezkuntza Sailen jarrera salatu nahi dugu, hartutako erabakiagatik. Ohituta gaude Lan Sailak sistematikoki urratzen kolektibo feminizatuen greba eskubidea urratzera, eta bereziki, garbiketako langileena, baina kasu honetan egoera askoz larriagoa da; Lan Sailak zuzenean erabaki du oinarrizko eskubide bat ezabatzea.

Eusko Jaurlaritzak benetan uste bazuen zentru hauetan osasun publikoa arriskuan zegoela, zentruak ixteko agindua eman behar luke. Aldiz, erantzukizunaren zama betiko pertsona berberen gainean jartzea erabakitzen du: garbiketako emakumeen gain. Zainketen, osasunaren eta garbiketaren gaineko erantzukizuna ezin dute beti sorbalda berek jasan.Eta are gutxiago segurtasun neurri berezirik aurreikusi ez denean lan hauek egikaritzeko. Guk ere baditugu alabak, ahizpak eta lehengusinak zentru hauetan, eta egoera hau jasan behar dugu.

Garbiketa-lanak historikoki ignoratuak izan dira. Mehatxuak, protestaren kriminalizazioa eta ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak jasan ditugu, eta hala ere gure aldarrikapenak erdigunean jartzea lortu dugu. Ikasle eta irakasleen babesa dugu eta izan dugu, eta hemendik gure esker beroeona adierazi nahi dizuegu denoi.

Haserre eta etsipenez hartzen dugu lanera bueltatzeko agindu hau, baina baita erantzukizunez ere. Baina erantzukizun hori bera eskatzen diegu gatazka honetan inplikatuta dauden gainerako eragileei: enpresa esleipendunei, Hezkuntza Sailari eta UPV/EHUri. Zentzugabekeria horri amaiera emateko eta hezkuntza-komunitatearentzat funtsezkoa dela erakutsi duen kolektibo baten bidezko aldarrikapenei erantzuteko eskatzen dugu. Eusko Jaurlaritzak bazuen aukerarik neurri alternatiboak hartu eta greba eskubidea ez urratzeko: esleipendun enpresei inplikazio handiagoa eskatzea, besteak beste.
 

 

 

“Salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko”

0

Bizkaiko Metalgintzako borrokan aritutako grebalarien aurkako jazarpenak ez du etenik. Hiru langilek epaitegian deklaratu behar izan dute Bilbon, eta langile hauei babesa emateko elkarretaratzea egin dugu sindikatuok. Lan eskubideak defendatzea delitua ez dela aldarrikatu dugu.

LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuok eta Bizkaiko metaleko grebalari guztiok komunikabideei dei egin diegu epaitegi honen aurrean honako hau salatzeko:

Gaur, epaitegi honetan, greba egitea eta lan eta bizi-baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten hiru langilek deklaratu behar dute. Denok gogoratuko duzuen moduan, Bizkaiko metalean 10 greba egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun guztira 15 langile daude inputatuak eta hainbat isun eta zigor ekonomiko jarri dira, kasu batzuetan Mozal Legea aplikatu delako. Azken grebatik zenbait hilabete pasa diren arren, oraindik ere inputazio gehiago heltzen ari dira.

â—Ź Salatu nahi dugu akusazio horien guztien atzetik ezkutatuta dagoena (kasu batzuetan espetxeratzeko eskaerak barne) grebarako eskubidea kriminalizatzeko nahia dela, lan eta bizi-baldintza duinak babesteko edozein borroka kriminalizatzeko nahia. Kolektibo oso baten, sektore baten, borroka eredugarria gauzatu duten langileen borrokari aipua kendu nahi diote.

Argi eta garbi aditzera eman nahi dugu kriminalizatzeko saiakera hori erabaki politiko baten ondorioa dela. Erabaki hori erakundeen eskutik etorri da, bereziki, Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzatik. Izan ere, gatazkan zehar patronalaren alde jarri da zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten. Ekainaren 21ean Bilbon egin zen manifestazio baten ostean, greba deitu zuten sindikatuek indarkeriaren erabilera neurrigabe hori salatu zuten prentsa-ohar baten bidez. Orduan Eusko Jaurlaritzari eta FVEMri ohartarazi genien poliziaren bidea eta bide judiziala ez zirela erabili behar. Hala ere, gaur, martxoaren 11n, 15 inputatu ditugu eta ezin dugu ziurtatu gehiago egongo ez direnik.

Halaber, ez ditugu ikusi lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan-eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekarietatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, enpresariak ez ditugu ikusi epaiketei aurre egiten, espetxeratzeko eskaerei aurre egiten, oraintxe aipatu duguna bezalako eskubide urraketak gauzatu badituzte ere. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako.

Langileen eskubideak, gure eskubideak defendatzea ez da sekula delitu izango. Hori dela eta, salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko.

 

 

 

Langile migranteen kontrako erasoak salatzen ditugu, Turkia seinalatu eta EBren konplizitatea nabarmenduz

Askotarikoak dira Grezian (Lesbos eta Chios irletako mobilizazioak adibidez) eta Europa guztian (LAB kide den Herrien Auzitegi Iraunkorra kasu) antolatzen ari diren elkartasun eta salaketa ekimenak. Beharrezkoa da Euskal Herritik ere gure elkartasuna adieraztea eta gertatzen ari den egoera salatzea. Horregatik, LAB Sindikatuak martxoaren 14an eta 15an deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egiten du.

Gerra inperialistak eragindako egoera latza luze doa Sirian. 9 urte irauten ari den gerrak milioika pertsona mugiarazi ditu euren bizilekuetatik, oinarrizko giza eskubideak urratuz eta interes ekonomikoak pertsonen gainetik jarriz. Azkenaldian pertsona migrante eta errefuxiatuen kontrako erasoak ugaritu egin dira Turkia eta Greziaren arteko mugan. Atxiloketak, erailketak, bortxaketak eta oro har, giza eskubideen kontrako erasoak konstante bat badira, azkeneko asteetan biderkatu egin dira. Pertsona migratzaileez gain, elkartasuna ere kriminalizatzen ari dira; horren adibide garbia da pasa den asteetan Zaporeak proiektuak jasandako eraso faxista.

Egoera honen aurrean, ezinbestekoa da pertsona migrante eta errefuxiatuek jasaten dituzten erasoekin bukatzea eta egoera errotik eraldatzeko agenda bat martxan jartzea. Horretarako 3 egoera hartu behar dira kontuan:

• Siriak, Kurdistanek eta oro har, ekialde hurbileko herrialdeek pairatzen dituzten gerra inperialistekin bukatzea. Herri horien burujabetza errespetatzea eta kanpo injerentziekin amaitzea baldintzarik gabeko printzipio bat izan behar du.

• Migrazio bideetan ematen diren giza eskubideen urraketekin amaitzea. Emakumeak dira, batez ere, egoera hauek gehien sufritzen dituztenak. Indar polizialek darabilten biolentziaz gain, bereziki salatzekoa da Greziak eta Hungariak asilo eskubidea bertan behera utzi izana azkeneko asteetan. Nazioarteko legediaren kontra doan neurri bat da, muga fisikoen kontrola, militarizazioa eta gotortzea bilatzen duena. Pertsona migranteak Turkiaren eta Europar Batasunaren arteko “presio” elementu soil bat dira momentu honetan, negoziaketa diplomatikoen gatibu.

• Azkenik, langile migrante eta errefuxiatuak gure gizarteetan modu duinean bizitzea helburu duten politika publikoak inplementatzea. Bide horretan, bereziki garrantzitsua da langile migranteek pairatzen dituzten prekarietate, pobrezia eta bazterketa egoerekin bukatzea eta faxismoari eta arrazakeriari aurre egitea.

Askotarikoak dira Grezian (Lesbos eta Chios irletako mobilizazioak adibidez) eta Europa guztian (LAB kide den Herrien Auzitegi Iraunkorra kasu) antolatzen ari diren elkartasun eta salaketa ekimenak. Beharrezkoa da Euskal Herritik ere gure elkartasuna adieraztea eta gertatzen ari den egoera salatzea.

Horregatik guztiagatik, LAB Sindikatuak martxoaren 14an eta 15an deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egiten du:

• Bilbon: martxoak 14an 18retan Moyua Emparantzan.
• Iruñan: martxoan 14an 18retan Autobus geltokian.
• Donostian: martxoak 14an 18retan Boulevarden.
• Gasteizen: martxoak 15ean 13tan Artiumen.

Langileon arteko elkartasun internazionalistaz, gerra inperialistarik ez! Langile migranteen eskubideak errespetatu! Ongi etorri errefuxiatuak!
 

 

 

Lan hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu Iruñean garbiketetako langileentzat

0

LAB eta ELA sindikatuok 100 langiletik gorako elkarretaratzea egin genuen Iruñean, atzo arratsaldean, Lan Epaitegiaren aurrean, Garbiketetako Lan Hitzarmena negoziatzen zen bitartean. Elkarretaratzean lan hitzarmen duin bat aldarrikatu genuen, horretara iristeko oraingo negoziazioen norabidea hautsi eta edukietan jauzi nabarmena eman behar dela azpimarratuz. Hain zuzen ere, azken bost hilabeteetan negoziazio horietan aurrerapausorik egon ez denez, LABek eta ELAk plataforma bateratua eratu dgu, lan zentroetan elkarrekin borrokatzeko. Bide horretan, Garbiketetako langileei dei egiten diegu martxoaren 18an beste elkarretaratze bat egin dezaten, 10:00etan, Ospitalegunean, Vianako Printzea kontsultategiaren parean.