2024-04-20
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaEusko Jaurlaritzak ondorio praktikorik gabe utzi du Hezkuntza Sailaren Garbikuntza Zerbitzuko Greba

Eusko Jaurlaritzak ondorio praktikorik gabe utzi du Hezkuntza Sailaren Garbikuntza Zerbitzuko Greba

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Hezkuntzako Garbikuntza zerbitzuko greban aginduak zituen zerbitzu minimoak indartzea erabaki zuen atzo, eta %100era igo ditu Bizkaian eta Gipuzkoan. Praktikan, Eusko Jaurlaritzaren agindu honek langileak greba egiteko eskubiderik gabe uztea dakar. "Gaur gure lanpostuetara itzuliko gara, zirkunstantzia berri hauek behartuta. Baina indartsu eta borrokalari egiten dugu. Osasun krisi hau amaituko da, baina gure borroka ez. Inoiz baino indartsuago itzuliko gara borrokara, eta ziurtzat eduki, irabaziko dugula", adierazi dugu sindikatuok deitutako agerraldian.

Langile hauen Lan hitzarmena 2014an amaitu zen. Hitzarmena iraungi zenetik bost urte baino gehiago igaro dira, eta negoziazio-bilera amaigabeetan ez da oraindik aurrerapausurik lortu. Hori guztia dela eta, eta langileek pairatzen duten prekarietate larriaren aurrean, martxoaren 2an 5 asteko greba hasi zuten hezkuntzako langile azpikontratatu hauek.

Esan bezala, Atzo Lan Sailak langile horien grebarako oinarrizko eskubidea indargabetzea erabaki zuen, %100eko gutxieneko zerbitzuak aginduz eta, beraz, de facto, greba ondoriorik gabe utziz. Erabaki hori hartzeko, osasun publikoa erabili da irizpide gisa, koronavirus izurritearen aurrean arrisku egoeran gaudela argudiatuz. Eusko Jaurlaritzak langileei etxetik lan egiteko aholkua ematen dien bitartean, guri, grebalarioi, garbitzera joatera behartzen gaituzte.

Borroka jardunaldi hauetan argi geratu da egiten dugun lanaren garrantzia. Garbiketa-zerbitzua funtsezkoa da hezkuntza-komunitatearen barruan. Garbiketako langileek greba egiten dutenean, irakaskuntza-jarduera ezin da normaltasunez egin. Eta gainera, gaur egun jasaten ari garen bezalako krisi egoeren aurrean, bereziki beharrezkoa bihurtzen da.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Hezkuntza Sailen jarrera salatu nahi dugu, hartutako erabakiagatik. Ohituta gaude Lan Sailak sistematikoki urratzen kolektibo feminizatuen greba eskubidea urratzera, eta bereziki, garbiketako langileena, baina kasu honetan egoera askoz larriagoa da; Lan Sailak zuzenean erabaki du oinarrizko eskubide bat ezabatzea.

Eusko Jaurlaritzak benetan uste bazuen zentru hauetan osasun publikoa arriskuan zegoela, zentruak ixteko agindua eman behar luke. Aldiz, erantzukizunaren zama betiko pertsona berberen gainean jartzea erabakitzen du: garbiketako emakumeen gain. Zainketen, osasunaren eta garbiketaren gaineko erantzukizuna ezin dute beti sorbalda berek jasan.Eta are gutxiago segurtasun neurri berezirik aurreikusi ez denean lan hauek egikaritzeko. Guk ere baditugu alabak, ahizpak eta lehengusinak zentru hauetan, eta egoera hau jasan behar dugu.

Garbiketa-lanak historikoki ignoratuak izan dira. Mehatxuak, protestaren kriminalizazioa eta ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak jasan ditugu, eta hala ere gure aldarrikapenak erdigunean jartzea lortu dugu. Ikasle eta irakasleen babesa dugu eta izan dugu, eta hemendik gure esker beroeona adierazi nahi dizuegu denoi.

Haserre eta etsipenez hartzen dugu lanera bueltatzeko agindu hau, baina baita erantzukizunez ere. Baina erantzukizun hori bera eskatzen diegu gatazka honetan inplikatuta dauden gainerako eragileei: enpresa esleipendunei, Hezkuntza Sailari eta UPV/EHUri. Zentzugabekeria horri amaiera emateko eta hezkuntza-komunitatearentzat funtsezkoa dela erakutsi duen kolektibo baten bidezko aldarrikapenei erantzuteko eskatzen dugu. Eusko Jaurlaritzak bazuen aukerarik neurri alternatiboak hartu eta greba eskubidea ez urratzeko: esleipendun enpresei inplikazio handiagoa eskatzea, besteak beste.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.