2026-04-10
Blog Page 530

Euskara oraindik ere ez da kontutan hartzen Correoseko langileak hautatzeko prozesuetan

Berriro ere salatu behar dugu Correosek ez duela sentsibilitaterik estatuko nazionalitate desberdinetako hizkuntzekiko. Hautapen-prozesuetan, dela behin-behineko langileen kasuan (lan-poltsak), dela posta-zerbitzuan ematen diren langile finkoen kasuan, ez da kontuan hartzen estatuko hizkuntza koofizialen ezagutza, gure kasuan, euskara. LABek behin eta berriz salatu du egoera hori, deialdien oinarriei alegazioak eginez.

Hori berez larria bada, egoera larriagotu egiten da azken prozesuetan ingelesa edo arabiera Ceutan eta Melillan bezalako hizkuntzak puntuatzen ari direnean. Horren ondorioz, egoera horren salaketa areagotu egiten dugu, eta Euskal Herriko eta beste nazionalitate batzuetako hainbat sindikatuekin batera (ELA, esk, CIG, STAS eta InterSindical Canariarekin) salaketa hau partekatzen dugu.

Correoseko presidenteari zuzendutako idatzia:

Suhiltzaileen zuzendaritzarekin egiazko negoziazio baten alde egingo dugu Nafarroan

Suhiltzaileen Zerbitzuan ezarri ditugun presio-neurriak fruituak ematen hasi dira. Hala, Barneko kontseilariak datozen urteetan 120 lanpostu berri ateratzeko konpromisoa hartzea lortu dugu. Ildo horretan, ibilgailu berriak erostea eta langileen kudeaketa hobetzea ere langileen presioari esker lortutako lorpentzat hartu behar dira.

Aurrerapen horiek eta horren ondorioz sortu den egoera berriak presio-neurriak birplanteatzera eraman gaituzte. Izan ere, geu gara suhiltzaileen zerbitzuak behar bezala funtzionatu behar duela eskatzen dugun lehenak. Horregatik, idazki honen bidez, erantzukizunez jokatzeko eta zuzendaritzarekin benetako negoziazioari ekiteko deia egiten dugu, aurrerapen horiek eta behar diren beste neurri batzuk zehazteko, betiere helburua izanik bermatzea zerbitzua ematen dela herritarrek merezi dituzten berme guztiekin.

Ziur gaude langileen ordezkarien eta Barneko Departamentuko arduradunen jarrerak ez daudela hain urruti, negoziatzeko tartea dagoela, eta posible dela bi aldeentzat, baina, batez ere, herritarrentzat onuragarria izanen den akordio batera iristea.

Gasteizko kirol jardueretako langileek planto egitea erabaki dute

0

COVID-19ak gaur egun sortu duen egoera dela eta, Gasteizko Udalak osasunaren aldetik askoz haratago doazen murrizketa batzuk egitea proposatzen ari da. Duela bi aste, hauteskunde kanpainan, Udalarekin bildu ziren eta ikusi zuten proposatutako murrizketek nabarmen gaindituko zutela erakundeak berak aurretik langileoi bermatutakoa. Langileek agerraldia egin dute gaur, greba mugagabe partzialak iragartzeko. Abuztuaren 10etik aurrera izango dira, eta egunean lau orduko lanuzteak egingo dituzte (12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara).

Hauxe da agerraldian irakurri duten adierazpena:

Gure kolektiboak honako arazo hauei egin behar die aurre:

Udako soroslei dagokienez:

ď‚· Udako Kanpainaren hasiera uztailaren 1ean izan zela kontuan hartuta, hilabete eta erdiko enplegua eta soldata galdu ditugu. Horri guztiari gehitu behar diogu ez zaigula eman ERTE batean sartzeko aukerarik, ezta zuzenean Udaletik kobratzeko aukerarik ere, Alarma Estatuaren Errege Dekretuan jasotzen den bezala.

ď‚· Murrizketak egin dira bai langile kopuruaren aldetik eta baita igerilekuak irekitzeko eta ixteko ordutegietan ere. Gainera, instalazio horietako materiala berrikusteko eta desinfektatzeko behar diren tarteak ezabatu dira.

ď‚· Ez dugu higiene eta osasun-neurriak ziurtatzeko protokolo eraginkorrik, erabiltzaileen zein langileen osasuna arriskuan jarriz.

ď‚· Behin-behinekotasuneko eta lan-prekarietateko egoera jasanezina bizi dugu. Kasu batzuetan, ez dira hitzarmenean ezarritako epeak bete eta egoera kaotikoak gertatu dira; esaterako, langile batek 2 orduko aurreabisuarekin bere lanpostura joan beharra.

ď‚· Era berean, langileok ez daukagu norbera babesteko eta gure senideak ez kutsatzeko beharrezkoak diren babesteko ekipamendurik.

Igerileku estalietako sorosleei dagokienez:

ď‚· Materiala berrikusteko, instalazioa behar bezala dagoela egiaztatzeko eta desinfekzio eraginkorra egiteko beharrezkoa eta ezinbestekoa den denbora bertan behear geratzera egin behar diogu aurre.

Begiraleei dagokienez:

ď‚· Aurreko ikasturteko kirol-jardueren programaziorako aurrekontu-partida aurtengoaren berdina dela jakin ondoren, ikusi dugu eskaini beharreko 24.186 plazen ordez 9.500 plaza baino ez zaizkiela eskaini herritarrei; hau da, 14.686 plaza gutxiago. Beste era batean esanda, % 61eko murrizketa.

ď‚· Gure ustez, Gasteizko Udalak modu ikusezin batean asi da ikastaro-kopurua murrizten. Jarduerak hilean behin egitera pasa dira, ordutegi konplexuetan, eta horietako batzuk ezabatu ere egin dira, igerilekuko jarduera batzuk adibidez.

ď‚· Bestalde, ikastaroen kopurua izugarri murriztearen ondorioz, gure lanpostuen zati handi bat suntsitu egiten da, eta geratzen diren gutxi horiek prekarioak dira.

Egoera honen aurrean, planto egin behar dugu. Zugatik plantatzen gara. Zure osasunagatik gelditzen gara, zure segurtasunagatik, zure ongizatearen erantzule garelako. Gure adinekoen segurtasuna bermatzeko. Baina guregatik ere gelditzen gara, gure familiengatik, gure seme-alaben mantenua ziurtatzeko. Borroka honetan parte hartzeko eskatzen diegu herritarrei. Gure ustez, azaldutako murriketek langileei ez ezik, ikastaroen eta kirol-instalazioen erabiltzaile guztiei ere eragiten diete. Herritarrok krisiaren ondorioak pairatzeaz nazkatuta gaude, 2008an gertatu zen bezala. Egoera honetan daude Udalen eta Eusko Jaurlaritzaren azpikontratatutako beste sektore batzuk ere. Horregatik, elkartasuna adierazi nahi diegu langile hauei, zerbitzu publiko duinak, seguruak eta kalitatezkoak aldarrikatzeko borrokan.

Errepide bat moztu dute Iruñean, Agoitzeko Siemens Gamesaren itxieraren aurka

0

Karlos III.a eta Nafarroako Gorteak kaleak elkartzen diren tokian egin dute protesta langileek, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean. Agoitzeko lantegiaren itxierak 239 familia utziko lituzke kalean, errentagarria eta bideragarria izan arren.



Kosteak apaltzea beste helbururik ez duen deslokalizazio bat da, lantegia itxiz eta ekoizpena eskulan merkeagoa duten Portugal eta Tangerreko beste lantegi batzuetara bideratzeko.

LABek tresna guztiak erabiliko ditu bidegabekeria hau gelditzeko, greba, mobilizazioak eta ekimen judizialak. Itzelezko kaltea ekarriko luke Agoitzeko lantegiaren itxierak, ez soilik langileentzat, baita honezkero oso zigortuta dagoen eskualdearentzat.

Bere egunean, enpresaren kontrola galduz Gamesa Siemensi saldu izana txalotu zutenen erantzukizun politikoaren ordua da. Bada, langileak bihar elkartuko dira Nafarroako Gobernuko ordezkariekin; Garapen Ekonomikorako kontseilari Manu Aierdirekin, besteren artean.

Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari jangela eta eskola-garraioko langileen enpleguari eta lan-baldintzei eusteko bermea eskatzen diegu

Hezkuntza Sailek, alde bakarrez, ikasturtearen hasiera planifikatu dute, emandako agindu eta protokoloetan ikastetxe guztientzako jarraibide orokor batzuk ezarriz, eta ez du bildu nahi izan LAB eta ELArekin, edo jantoki eta eskola-garraioko zerbitzuak izango duen egoerari edo eraginari buruz informazioa eman, enpleguari eusteko bermerik edo zerbitzu horiek ematen dituzten langileentzako prebentzio-neurri espezifikorik gabe, eta erabaki eta erantzukizun asko ikastetxeetako zuzendaritzen eskuetan utziz.

LAB eta ELA sindikatuok behin eta berriz eskatu dugu Hezkuntza Sailekin bilera bat egiteko, 2020/2021 ikasturtearen hasieran jantokiko eta eskola-garraioko zerbitzuen funtzionamendua zein izango den jakiteko, erantzuna barik.

Bi sindikatuok komunikabideen edo Sailek emandako agindu edo protokoloen bidez jaso dugun informazioa dugu, jantokia hezkuntza-sistemaren zati oso garrantzitsua dela agertzen bada ere, ez baita kontuan hartu, ezta eskola-garraioko zerbitzua ere, eta ez baitira zehaztu haren funtzionamendua, erabiltzaile-kopurua eta edukiera, prebentzio-neurriak eta elkarrekikotasun-planak.

Sailek irizpide orokor batzuk ezartzen dituzte EAE eta Nafarroako ikastetxe guztietarako, eta erabakiak eta erantzukizunak ikastetxeetako zuzendaritzen esku uzten dituzte, bai zerbitzu horiek eskaintzeko, kentzeko edo aldatzeko, zerbitzu horiek ematen dituzten langileak alde batera utzita, eta ez du bermatzen enpleguari eutsiko zaiola lan egiten duten hiru egoeretako batean ere.

LABek eta ELAk ahalik eta lasterren bilera bat egitea eskatzen diegu Hezkuntza Sailei, zerbitzu horietako langileen egoera eta enpleguari eustea aztertu ahal izateko.

Era berean, bilera egiteko eskaera helaraziko diegu hezkuntzako patronalei (Kristau Eskolak, AICE-IZEA, Ikastolen Elkarteak, ANEG gardentasuna…), bi zerbitzu horiei buruz erabakitzeko duten gaitasunaren aurrean, eta bilera egiteko eskaerak idatziz eta modu ofizialean eskatu eta sartuko ditugu.

LABek eta ELAk ez dugu inolako enplegu-suntsiketarik onartuko. Gaur egungo enpleguari eusteko bermea eta haren lan-baldintzak izango dira gure aldarrikapena. Kontrako edozein erabakik, enpleguari eutsiko zaiola bermatzen ez bada, LAB eta ELA aurrean izango ditu.

Hori esanda, LAB eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu enpleguari eta egungo lan-baldintzei eustea bermatzeko. Ez dugu onartuko inolako murrizketarik edo enplegu-suntsiketarik, eta, hala ez bada, mobilizazioetara deituko ditugu langileak, greba-deialdia barne.

Hezkuntza Sailei eta patronalei gizartearekiko eta sektoreko langileekiko erantzukizuna eskatzen diegu.

Cementos Rezolako ABEEEaren aurka mobilizatzen jarraitzen dugu

Añorgako Cementos Rezolako langileek berriro protesta egin dute gaur enpresaren aurrean, ABEEEaren aplikazioa salatzeko. Enpresa erabat justifikatu gabeko ABEEE bat aplikatzen ari da aldebakartasunez. Lan karga dago guztientzat, eta enpresak azpikontratetako langileengana jo behar du jarduerari dagozkion lanak egin ahal izateko.

Cementos Rezolan, gaur egun, langile gutxi dago lanak behar bezala egin ahal izateko. Beharrezkoa da inbertsioak egitea eta prebentzio eta mantentze lanak behar bezala egitea. Aldiz, inposaketa eta ABEEak soberan daude. Horregatik inpugnatu du LAB sindikatuak ABEEa Auzitegi Nazionalean.

Bitartean, langileok aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen aurka eta langileen eskubideak errespetatzearen alde mobilizatzen jarraituko dugu. Mobilizazio hauek enpresak lan-erregulazioko espedientea behin betiko erretiratu arte iraungo dute. Cementos Rezolan ABEEErik ez!

Propaganda akordioa kritikatu eta enplegu suntsiketa gelditzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko akordio sozialak eskatu ditugu

Ekainean lortutako sasi akordioaren ondoren, CENek, UGTk, CCOOk eta Nafarroako Gobernuak propaganda akordio bat iragarri dute, LABetik Eliteen Elkarrizketa deitzen duguna proiektatu eta sendotu besterik nahi ez duena. Nafarroako enpresaburuek aitortzen dutenez, patronalaren neurriko akordioak lortzeko baino ez du balio.

Akordio horren izaera propagandistikoa oso nabarmena da, titularraz harago osagarri guztiz eskasa ikusten dugu. Horrela, udako hiru hilabeteetara mugatzeak eta 20.000 eurotik beherako soldatetarako hileko 150 euroko gehieneko kopuruak LABen proposamenetik oso urrun uzten du (gutxienez soldataren %80 bermatzea), eta ez ditu ez ebazten ez bermatzen ABEEEen eraginpean dauden 57.292 langileen diru-sarrerak, ezta akordio honen onuradun izango diren pertsonenak ere. Horrela, berriz ere langileok ordaintzen ditugu, diru publikoarekin, esklusiboki, krisi honen ondorioak, enplegurako inolako kontrol eta bermerik gabe.

Gainera, betikoak proiektatzeko akordio sektarioa da. CENek ordezkatzen dituen enpresariak euro bakar bat ere jarri gabe atera dira argazkian. Nafarroako Gobernua enpresarien eta UGT eta CCOO sindikatuen zerbitzura jarri da argazkia eta azalak finantzatzeko. Haiek irabazten dute eta langileok galdu egiten dugu. Betikoa!

Beraz, akordio horren emaitzak, UGT eta CCOO sindikatuek (Nafarroako ordezkaritza sindikalaren erdira iristen ez direla) Elkarrizketa Sozialaren bidez une honetan milaka eta milaka langile nafarrek duten premia eta kezka nagusiari erantzuteko akordioak lortzeko gai ez direla berresten du: beraien enpleguei eusteko konpromisoak, bermeak eta neurri eraginkorrak.

LAB sindikatutik bilera bana egin dugu CEN patronalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, enplegurako akordio integral bat lortzen saiatzeko, gure lan-harremanen prekarietatea desagerrarazteko eta Nafarroako langileen enplegua bermatzeko. Hala ere, enpresariek ez dute akordiorik nahi, enpresentzako laguntzak baino ez dituzte bilatzen, eta Nafarroako Gobernua ez da gai enpleguarekiko erantzukizuna eta konpromisoak bere gain hartzeko eskatzeko.

LABetik galdetzen dugu ea CEN patronalaren modus operandi Siemens Gamesak erabilitakoa izanen den, lehenik laguntzak eta gero kaleratzeak. Jarduteko modu horrek oso helburu argia du: langileak amildegiaren ertzean jartzea eta psikologikoki txikitzea, etsitzeko, borrokarako gaitasuna desaktibatzeko eta murrizketak onartzen amaitzeko.

LABek ez du hori onartuko, eta berriz ere akordio sozialak eskatuko ditu enpleguaren suntsipena gelditzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko.

Ezkerraldea-Enkarterri ESIko lehen mailako arreta berehala indartzea eskatzen dugu

0

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko lehen mailako arreta eta Osakidetzakoa desberdinak eta berdinak dira. Desberdina, bere berezitasunak dituelako, eta berdina, bere arazoak lehen mailako arreta osoan komunak direlako. Hau da, ESI honetan salatzen dugun egoera Osakidetza osoan errepikatzen da.

Uda heldu da, eta lehen mailako arretak lan-gainkarga izan du, ordezkapenik ez dagoelako. Baina aurten, gainera, Osasun Sailak sortutako dokumentu batek, “Lehen arretako asistentzia berreskuratzeko plan operatiboa”, egoera are gehiago baldintzatzen du. Dokumentu horrek hasiera-data du, baina ez digu argitzen zenbat iraungo duen berreskuratze horrek.

Osasun Sailak, dokumentu horrekin, jarduera atzeratuaz hitz egiten du, arreta-jardueraren heren bat berreskuratzeaz, erresoluzio handiko aurrez aurreko kontsultez eta telefono bidezko arretan oinarritutako arreta espezializatuko jardueraz, telefono bidez egingo dela bai lehen hitzorduan, baita hurrengoetan ere.

Lehen mailako arretako langileen pertzepzioa nahiko kritikoa da dokumentu honen aurrean. Lehen mailako arretako medikuek beren lana biderkatuta ikusten dute, eta beraien lanaldia ez da nahikoa. Jarduera berraktibatzeko dokumentuaren arabera, telefono bidezko kontsulta batek 10 minutu irauten du, eta aurrez aurreko kontsulta batek 15 eta 20 minutu artean. Horrek esan nahi du 40 telefono-kontsulta agendan eta 10 aurrez aurre eginda, gutxienez 550 minutu behar dituela, hau da, bederatzi ordu baino gehiago, 7 orduko lanaldi batean. Gainera, informazioa erregistratu behar du eta probak egiteko orduan lehentasunak erabaki behar ditu. Saturazio eta gain-karga egoera hau lehen arretan lan egiten duten gainerako kategorietako langileek ere pairatzen dute, hala nola erizainek, erizain laguntzaileek, zelariek, administratzaile laguntzaileek eta garbitzaileek.

Zenbakiek ez dute ematen, uda beti bezala hasita ordezkapenik gabe eta jarduera atzeratuarekin. Ez dirudi berreskuratzeko plan hori onena denik.

Horretaz gain erresoluzio handiko kontsulta presentzial horiek arreta espezializatuaren gaineko eragina murriztera bideratuta daude. Arreta espezializatuak ere agenda murriztuak ditu aforoak mugatzeko, horrek ere lehen arretari lan zama gehigarri bat eskatzen dio; espezializatuan kontsulta gutxiagotan lan gehiago atera dezaten. Beste behin ere, lehen mailako arretaren lana gainkargatu da, aurretik ere gainkargatuta zegoena.

Egoera horren ondorioz, ohikoa baino askoz ere lan-karga handiagoa du lehen mailako arretak, oporraldiak normalean gainkarga eragiten duen lan zamari gehituta, ordezkapenik ez baitago. Argi dago plana eraginkorra izan dadin Osakidetzak lehen mailako arreta indartu behar duela berehala, ez soilik ESI honetan edo behin-behinean, baizik eta Osakidetza osoan eta ikuspegi estrategikoan. Atzeraezineko eginbeharra da Lehen Arreta eredu berria mahai gainean jartzea, %100ean publikoa, kalitatezkoa, hurbila, eskuragarria eta gaixotasuna artatzeaz gain osasun-heziketa egingo duen lehen arreta eredu berria, alegia.

Covid-19aren krisian zehar Osasunbidean erabaki desegokiak hartu dira

0

Covid-19aren krisiaren ondorioz Osasunbidean hartutako antolaketa-erabakiek arazo ugari sortu dituzte herritarrei arreta emateko orduan, eta zalantza handiak eragin dituzte langileengan; izan ere, covid-19aren estrategiaren aitzakiaz baliatuz, erabaki gehiegi hartzen ari dira langileekin adostu eta ondorioak egiaztatu gabe.


Osasunbideko kudeatzaileek azken hilabeteetan covid-19ak sortutako osasun-krisiari aurre egiteko hartu dituzten erabakiek UPNren gobernuen garaian diseinatutako eredu teorikoak aplikatzen dizkiote oraingo errealitateari. Oso eredu korporatibistak dira, benetako konponbide gutxi eskaintzen dituztenak. Gainera, gure kudeatzaileek esaten dutenari erreparatuz gero, badirudi geratzeko asmoz etorri direla.

Erabaki horiek funtsezko arlo batzuk ukitu dituzte, eta LABek hori salatu nahi du; izan ere, halako aldaketak, gure ustez, langileriarekin negoziatzeko dauden esparruetara eraman beharko lirateke.

– Oinarrizko osasun laguntza: oinarrizko osasun laguntzaren erreforma izaten ari da punturik gatazkatsuenetako bat. Egitura horren bunkerizazioa ondoeza sortzen ari da profesionalen eta herritarren artean. Ezohiko egoera bat aprobetxatu da Marta Veraren garaian diseinatutako eredu bat aplikatzeko, zerbitzu publikoen pribatizazioaren norabidean doana. Onartezina da plantillaren barruan gatazkak sortzea Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak eta Ospitalez Kanpoko Larrialdietako Zuzendaritzak hartzen dituzten erabakiengatik.

Duela aste batzuk azaldu genuen bezala, oinarrizko osasun laguntzak eredu berri bat behar du, birdimentsionatua eta diziplina anitzekoa, herritarren eskaera nagusiei esparru publikotik estaldura emanen diena.

– Lan-osasuna: gaur egun, langileak muga-mugako egoeran daude, izan dituzten lan-osasuneko arazoengatik (kutsatuen kopuru handia) eta gure arduradunek emandako irizpide nahasien ondorioz.

Deskonfinamenduan zehar kutsatzeak ez dira gelditu, eta profesionalen artean ehunetik gora kasu dago. Onartezina da Covid-19a gaixotasun profesionaltzat hartu nahi ez izatea eta, hori gutxi balitz bezala, langileari kutsatze-bektore izatearen errua egozten saiatzea.

Sekulako desinformazio-ekaitza izan dugu, eta, horren ondorioz, egoera ezin bereziagoak sortu dira krisian zehar. Konparazio batera: gaur egun, maskaren erabilera komunitarioa ezarri da, baina aurreko faseetan murriztu egin zen ospitaleratze-solairuetan, kaltegarria zelakoan.

Espero dezagun, kutsatuen tasak berriz ere gora eginez gero, egoera horiek ez errepikatzea. Profesionalen artean gertatu diren kutsatze kasu asko gure arduradunek ezarritako irizpideen etengabeko aldaketaren ondorio izan dira.

– Kontratazio-politikak: Coviden krisiak eraginda, edozein gauza onartzen da. Eta horren ondorioz arazo ugari sortzen ari dira, Profesionalen Zuzendaritzak irizpide argirik ez duelako, kontratazio-protokoloak ez baitira bateratu indarrean dagoen araudiak ezartzen duen bezala.

Kontratazioen kudeaketa hainbat burutzatan eskuordetu izanak gatazka ugari sortu ditu, kontratatzeko eskumena modu arbitrarioan aplikatu baita, irizpide bateratu bati eta indarreko araudiari erantzun gabe.

Antzeko zerbait gertatzen ari da lanaldiko planillekin; izan ere, burutza batzuek uko egiten diote lanaldiaren berri emateari, langile guztiak etengabe prest izateko helburu bakarrarekin.

Gainera, kontuan izan behar dugu Osasunbideko profesionalen lana ez dela aintzat hartu edo konpentsatu, oso kasu puntualetan izan ezik.

Antolaketa faltaren ondorioz, aparteko orduengatik produktibitate asko eta asko ordaintzen ari zaizkio epe laburrean ondorioak izanen dituen lan-erritmo jasanezina daraman plantillari.

– Zuzendaritza krisia: osasun krisi honek utzi digun beste ondorioetako bat kargu-uzteen eta dimisioen ekaitza izan da. Nabarmenena, argi eta garbi, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearena izan da, baina ez dugu ahaztu behar Ospitaleguneko Zainketen zuzendariarena. Azken hori Ospitaleguneko erizaintzako tarteko burutzetan izandako kargu-uzteen eta dimisioen ondoren gertatu da.

LABek bost urte daramatza Nafarroako Ospitaleguneko Zainketen Zuzendaritzak eraman duen kudeaketa-eredua kritikatzen; izan ere, agerian gelditu da egitura atzerakoia eta neurriz gainekoa dela, eta ez duela balio antolaketa-egitura eta plantillaren kudeaketa egokitzeko, parametro parte-hartzaile, demokratiko eta gardenak oinarri harturik.

LAB sindikatutik eskatzen dugu, beraz, covid-19aren krisia aprobetxa dadila osasun publikoaren benetako eraldaketa egiteko, modu horretan herritarrei arreta ezin hobea bermatzeko eta langile guztiei lan-baldintza duin eta seguruak bermatzeko, baldintza egokietan lan egin dezaten.

LAB osasun publikoaren alde.