Lan heriotzen sarraskiak ez du etenik. Aurten 70 langile hil egin dira, gutxienez, Euskal Herrian; eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian. Azken egunotan beste zenbait lekutan egin bezala Donostian ostiralean egindako elkarretaratzea adibide, Gasteizen mobilizatu gara euskal gehiengo sindikalak deituta, prekarietateak hil egiten duela salatzeko. Hain zuzen ere, Arabako Foru Aldundiaren aurrera eraman dugu lan heriotzen salaketa, eta instituzioei beste alde batera ez begiratzeko exijitu dugu bertan. Gogoan izan ditugu hildako langileak; Amurrioko Saretxoko obretan joan den asteazkenean hildako behargina, tartean.
Urtarrilaren 9ko zein egunotako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dugu, euskal presoen eskubideen defentsan
LAB sindikatutik bat egin dugu datozen egunotan presoen eskubideen defentsan antolatuko dituzten mobilizazioekin. Hala, Sarek sustatutako Izan Bidea dinamikaren baitan mobilizatu gara Bilbon, Donostian eta Iruñean, hainbat sindikaturekin batera. Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Bilboko Plaza Eliptikoan egindako elkarretaratzean egon da, eta, bertan jakinarazi bezala, presoen afera konpontzeak lehentasun behar duela izan aldarrikatu du.
Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Euskal Herritik oso garbi hitz egin dugu presoen aferari buruz, mezu garbi bat bidali diegu estatuei, eta eurei dagokie aldarriei bide ematea”. Idazkari nagusiaren esanetan, “presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarri behar dira, gaixo dauden presoak askatu behar dira eta guztiz ankerra den salbuespenezko espetxe politika honekin amaitu behar da. Horretarako, jarraitu beharko dugu eragile desberdinen arteko adostasunak eraikitzen, baina, honekin batera, oso garrantzitsua iruditzen zaigu kalera ateratzea, presio soziala areagotzea. ldo honetan, urtarrilaren 9ko mobilizazioan parte hartzeko dei berezia egiten dugu”.

Hain zuzen ere, gero eta zabalduago dago euskal presoen eskubideen aldeko jarrera euskal jendartean. Horrela, salbuespeneko espetxe politika bertan behera utzi behar dela eskatu dugu sindikatu guztiok Izan Bidea dinamikaren barruko mobilizazioan; hala egin genuen ere, Bilbon, abenduaren 11n Etxerat-ek antolatutako agerraldian. Espetxean dauden presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia azpimarratu genituen orduan eta orain. Honen inguruan, aldarrikapenok kalean egotea garrantzitsu ikusten du LABek, presoak etxeratze bidean jartzeko bidearen barruan.
LAB modu aktiboan mobilizatu da presoen eskubideen alde, eta orain, aktibazio soziala mantendu eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Langileak kalera atera behar gara presoen eskubideen eta hauen euskal herriratzearen alde, espetxe-politika aldatzea helburu. Horrela, datozen egunotarako antolatuta dauden ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta Sarek urtarrilaren 9rako deitutako mobilizazio egunari babes osoa luzatu diogu. Era berean, mobilizazio propioak deituko ditugu egunotarako, “Etxean eta bizirik nahi ditugu” lemarekin; Gasteizen, esaterako, abenduaren 22an egingo dugu.
Hitzarmen duin bat eskatu dugu Arabako ardogintzarako
Arabako ardogintzako sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, hitzarmen duin bat eskatzeko, Arabako Batzar Nagusietan aurreikusitako agerraldiaren harira. Batzar Nagusien aurrean mobilizatu gara, hain zuzen ere.
LAB, UGT, CCOO eta ELA sindikatuon ohar bateratua:
Enegarren aldiz, gizarteari zuzentzen gara berriz ere, Arabako Ardogintza Sektoreko langileei, bai ardogileek, bai administrazioek ere ematen dieten aintzatespen eskasa jakinarazteko
Zergatik esaten dugu hau?
Ardogileen aldetik, badirudi langileak direla sektorearen funtzionamenduko azken lehengaia, baina, hain zuzen ere, lehenengoa eta preziatuena izan beharko lukete. Eta ikusten dugunez, ez da horrela.
Administrazioen aldetik, badirudi ez dutela ondo kontrolatzen ardogileek nora eramaten dituzten edo zertan erabiltzen dituzten diru-laguntzak, kasu askotan dirudunak, langileen nominetan ez baitira nabaritzen.
Arabako Errioxak eta bertako ardoek saltzen eta proiektatzen duten handitasun-irudia ez dator bat sektoreko langileek jasaten duten errealitatearekin.
Ikusten ari gara egunez egun lantokietan ez dela lana gutxitu, baizik eta kasu askotan handitu egin dela, batez ere upelategi handietan, eta langileek presio handiagoa jasanez.
Abenduaren 9an egindako azken negoziazio-mahaian, SEAk honako proposamen hau egin zigun:
– % 4ko igoera 2021. urterako, 2018ko soldata-taulen gainean
– 2018ko soldata-taulen gaineko % 2ko ordainsari ez-kontsolidagarria, 2019ko atzerapenei dagokiena.
– 2018ko soldata-taulen gaineko % 1eko ordainsari ez-kontsolidagarria, 2020ko atzerapenei dagokiena.
Sindikatuek kontraproposamen honekin erantzun genion:
– % 7ko igoera 2021. urterako, 2018ko soldata-taulen gainean, eta uko egitea atzerapen ez-finkagarriei.
Langileen aldetik, gure ustez, sektore honetan hain soldata txikiak ditugunez, oso garrantzitsua da soldata-tauletan igoerak finkatzea.
Horregatik, gaur eta hemen, Arabako Ardogintza Sektorerako Hitzarmen duin bat aldarrikatzen jarraitzen dugu.
HITZARMEN DUIN BATEN ALDE!!!
Patronalak Nafarroako garbiketa hitzarmena blokeatua duela salatu dugu, duela bi urte iraungi zen arren
Garbiketa sektoreko langileek atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Iruñean, Ospitale Gunean, LAB eta ELA sindikatuen deialdiari erantzunez, patronalak hitzarmena blokeaturik duela salatzeko, ez baitie erantzuten sindikatuek behin eta berriz egin dizkioten bilera eskaerei. Egungo egoera da badirela bi urte hitzarmena iraungita dagoela, patronalak alderdi sozialaren proposamenak errefusatuta eta martxotik bertan behera utzitako negoziazioekin.
Pandemiak agerian utzi du Garbiketetako langileek gizartearentzako funtsezkoa den zerbitzua ematen dutela, eta, beraz, ezin dela gehiago atzeratu lan-baldintzak duintzeko hitzarmena izatea. Hori dela eta, atzo Ospitale Gunean kontzentratu ziren hitzarmen sektorial bat eskatzeko. Hitzarmen horretan, KPItik goitiko soldata-igoerak, %100eko baja-osagarria, partzialtasuna amaitzeko neurriak, antzinatasuna hobetzekoak eta urteko lanaldia murrizteko neurriak jasoko lirateke. Neurri horiek guztiek bilatzen dute langile hauek funtsezkoak direla aitortzea eta soldata arrakala bukatzea.
Atzoko elkarretaratzeaz gain, Garbiketetako langileek mobilizatzen segituko dute hitzarmen duina lortu arte. Hurrengo elkarretaratzeak urtarrilean izanen dira, NUPen eta CENen.
Amazon-ek dakarren prekarietatearen aurrean, merkataritza txikia eta langileen eskubideen alde egiten dugu
LAB sindikatuak larunbat honetan Oarso-Bidasoa eskualdeko eragile sozial ezberdinek Amazonen aferarekin antolatu duten ekimenean atxikitzea erabaki du eta, gainontzeko gizarte guztiari ere bertan egon dadin deialdia zabaltzea. Protesta abenduaren 19an izango da, Oiartzungo Lanbarren Poligonoan.
Azken asteetan bolo-bolo ibili da Amazonek San José & Lópezek Oiartzungo Lanbarren industriagunean duen lan zentroa erosi duela. Honek hautsak harrotu ditu, bistan da, eta ez da gutxiagorako. Izan ere, egun gizartean oso zabalduta egonagatik, orain arte online bidezko salmentetan munduko lidergotza duen enpresa ez genuen ate-joka.
On-line bidezko salerosketak biderkatu egin dira azken urteetan, ordea, 2020an jasaten ari garen izurritearen ondorioz askozaz ere gehiago handitu da jarduera telematiko bidez etxetik erosketak egin eta atariraino ekartzea. Zentzu honetan, oso ezaguna da Euskal Herriak azken hamarkadan jasan duen tertziarizazio prozesuan galtzaileak nortzuk diren; tokian tokiko merkatalgune txikiak, herria bizirik mantentzen zituen eragileak eta, dudarik gabe, langileriak; gazte zein heldu.
Amazonek Oiartzunen zabalduko duen operazio logistiko eremuak aipatu berri ditugun gizataldeen hilkutxari azken iltzeak sartuko dizkio, eta ez da gutxiagorako. Ez baita berria, zentro hauen inguruan sortzen diren lan harreman berriak duintasunetik ezer ere ez dutela.
Arestian aipatutako tokian tokiko merkataritza suntsitzearen eraginez, negozio, eta batez ere, lanpostu galera nabarmena handiagotu da. Hori gutxi ez eta gainera, sortzen diren lanpostu berriak askozaz ere kaskarragoak direnez, lanpostu horietan sartzen diren langileen ezaugarriak gizartean dauden prekarizatuenak dira; lan munduan sartzeko zailtasun nabarmena dute gazteak, gizarteko sektore txiroenak; emakumeak, soldata arrakala zein berdintasun ezaren biktimak; eta lan munduan integratzeko zailtasun nabarmena izateaz gain, gizartean ere integratzeko zailtasun nabarmena duten etorkinak, alegia, gizarte-bazterkeriaren biktima diren gizataldeak.

