2026-08-05
HomeEkintza SozialaJatorri anitzak langile klase bakarra, eskubide guztiak pertsona guztientzat!

Jatorri anitzak langile klase bakarra, eskubide guztiak pertsona guztientzat!

Gaur, abenduak 18, pertsona migranteen nazioarteko eguna da. Gaur, berriro ere, esku-hartze inperialistaren eraginez haien herrialdea uztera behartuak diren pertsona migranteei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, baita egoerari aurre egiteko izan duten ausardia balioan jarri ere. 

Era berean, pertsonen mugimendu behartu hauen egiturazko arrazoiak salatzea dagokigu: Gerra, pobrezia eta arrazakeria kapitalismo ekozida eta kolonialistaren ondorio dira; bizitza batzuk beste bizitza batzuen gainetik jartzen dituen sistemaren ondorio, eta egoera honekin amaitzeko irtenbide bakarra erroko aldaketa soziala gauzatzea da. 

LABen klase subjektua berrosatzeko ahaleginean jarraitzen dugu. Horregatik, eta bizi dugun aurrekaririk gabeko testuinguru berezi honetan langile sektore desberdinekin harremanak estutu eta elkarrekin hausnartzeko unea dela deritzogu. 

Bide honetan, hurrengo hilabeteotan jatorri anitzetako langileekin eta migrazioaren problematika lantzen duten eragileekin egoteko bilera erronda bati ekingo diogu. Bilera hauetako helburu nagusiak bi dira. Alde batetik, testuinguruaz hausnartuz, sindikatua errealitate honen inguruko ezagutza handituz, aliantzetako bidean sakontzea. Bestetik baita sindikatuak eskuartean dituen hainbat egitasmoen berri ematea. 

Amaitzeko, ezin ditugu aipatu gabe utzi une honetan behar beharrezkoak ditugun lehentasunezko aldarrikapenak. Pertsona guztien erregularizazioa orain gauzatzea exijitzen dugu, baita berriz ere atzerritartasun legea bertan behera uztea eskatu eta politika migratorioetan 180ºko norabide aldaketaren beharra azpimarratu. 

Azkenik, LABek dei egiten du egun honen inguruan deitutako mobilizazioetan parte hartzera:

– Bilbon, abenduaren 18an, 19:00etan Udaletxean.

– Gasteizen, abenduaren 18an, 19:00etan Correos aurrean.

– Iruñean, abenduaren 20an 12:00etan egingo den kalejira, Vergel pasealekutik Sarasateraino.

Jatorri anitzez osatutako langile klase bakarra osatzen dugulako, elkarrekin borrokatu dezagun. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...