2026-07-02
Blog Page 517

Arabako ESIko Osakidetzako zentroetako garbiketa zerbitzuaren egoera prekarioa salatzen dugu

Zerbitzua, Garbialdi enpresaren eskuetan dago gaur egun. Joan den martxotik bizitzen ari garen pandemia baten erdian, non administrazioek neurri eta murrizketa zorrotzak ezarri dituzten (etxeratze-agindua, edukiera mugatzea, mugimenduak mugatzea, maskara eraman beharra, ostalaritza ixtea…), eta garbitasun- eta higiene-neurriak edozein eremutan -are gehiago anbulatorioetan eta ospitaleetan- areagotzea ezinbestekoak diren honetan, azpikontratatutako garbiketako langileon lan baldintza prekarioen berri eman behar dugu.

Garbiketako langileok garbitzen ez duen desinfektatzaile bakarra daukagu; garbiketa lana eskuetako xaboiarekin egin behar dugu, enpresak ematen duen bakarra baita; komuneko desinkrustatzailea (litro bat) 6 hilean behin banatzen zaigu, zentro batzuetan ezta hori ere; ia 3 urtetan ez dira zoruak leundu; gortinak eta kristalak garbitzeari dagokionez, baldintza-agirian ezarritakoa betetzetik oso urrun daude. Langileen absentziak ez dituzte ordezkatzen, eta, ondorioz, txanda osoak izaten ari dira garbiketa-zerbitzurik gabe. Pandemia iritsi aurretik lan karga handiak zeuden, orain jasanezinak dira.

Deskribatutako egoera Arabako ESIko Zuzendaritzari aspalditik jakinarazi egin zaio, Garbialdiko garbiketako langileek eta Osakidetzako langileek zuzendutako salaketa eta kexa ugarien bidez.

Osakidetzako Arabako ESIko Zuzendaritzak zergatik ez du betearazten Garbialdi enpresarekin duen kontratua, jakin badakienean pairatzen dugun abandonu-egoera arrisku handia suposatzen duela osasun publikoarentzat? Publikoa dena denon artean ordaintzen dugu; beraz, Osakidetzaren betebeharra da kontratuak ezartzen dituen xedapenak betearaztea. Are gehiago bizi dugun salbuespenezko egoera batean. Horregatik, Arabako ESIko zuzendaritzari eskatzen diogu bere erantzukizuna bete dezala eta herritarrei azalpenak eman diezazkiela planteatutako gaiei buruz.

Kotxe karabana egin dugu gaur Bilbon, zerbitzu publiko eta eskubide sozialen alde

Hiri osoa zeharkatu duen protesta egin dugu gaur, zerbitzu publiko eta eskubide sozialen aldeko kotxe-karabana. Auzoetatik bost zutabe atera dira (Alde Zaharra, Zorrotza, Indautxu, Saninazio eta Santutxutik), Gran Vian elkartu direnak Udaletxean amaitzeko.

Ekimen honekin, hezkuntza, zaintza eta osasungintza indartzea eskatu dugu, bizitza erdigunean jartzea helburu. Osasungintzari dagokionez, Etengabeko Arretarako Gunearen (EAG) itxiera salatu dugu, eta baita sektoreko langileak baliabiderik gabe daudela. Hezkuntzan dagoen langile falta ere salatu dugu, eta baita egoitzetako baldintza prekarioak ere. Zaintzari dagokionez, zaintza lanak aitortzea eta zaintza sistema publiko eta unibertsala ere eskatu dugu. Osasungintzan, kalitatezko sistema publikoa, murrizketarik gabe. Eta hezkuntzan, sistema propio eta burujabea.

Euskal presoak etxeratzea eskatu dugu Gasteizen

Mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Andra Mari Zurian, “Euskal presoak etxera” lemapean. Bertan, Igor Chillon LABeko kideak adierazi du Euskal Herritik oso garbi hitz egin dugula presoen gaiari buruz, “mezu garbi bat bidali diegu estatuei, eta eurei dagokie aldarriei bide ematea”.

Presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarri behar dira, gaixo dauden presoak askatu behar dira eta guztiz ankerra den salbuespenezko espetxe politika honekin amaitu behar da, presoak etxeratzeko bidearen barruan.

LAB modu aktiboan mobilizatu da presoen eskubideen alde, eta orain, aktibazio soziala mantendu eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Langileak kalera atera behar gara presoen eskubideen eta hauen euskal herriratzearen alde, espetxe-politika aldatzea helburu.

Horrela, datozen egunotarako presoen eskubideen defentsan antolatuta dauden ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta Sarek urtarrilaren 9rako deitutako mobilizazio egunari babes osoa luzatu nahi diogu.

Lan heriotzen odolustea salatu dugu Arabako Foru Aldundiaren aurrean

Lan heriotzen sarraskiak ez du etenik. Aurten 70 langile hil egin dira, gutxienez, Euskal Herrian; eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian. Azken egunotan beste zenbait lekutan egin bezala Donostian ostiralean egindako elkarretaratzea adibide, Gasteizen mobilizatu gara euskal gehiengo sindikalak deituta, prekarietateak hil egiten duela salatzeko. Hain zuzen ere, Arabako Foru Aldundiaren aurrera eraman dugu lan heriotzen salaketa, eta instituzioei beste alde batera ez begiratzeko exijitu dugu bertan. Gogoan izan ditugu hildako langileak; Amurrioko Saretxoko obretan joan den asteazkenean hildako behargina, tartean.

EAEko gizarte zerbitzuen sektorean greba egingo dugu urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an, zaintza lanen defentsan eta aitortzan

Zaintza lanak aitortu egin behar direla aldarrikatzeko mobilizatu egin gara Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Hain zuzen ere, zerbitzu sozial publiko bat eskatu dugu, kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa, eta hau lortzeko bidean egingo ditugun ekimen eta mobilizazioen berri eman dugu elkarretaratzean. Zentzu honetan, EAEko gizarte zerbitzuen sektorean greba egingo dugu urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an, eta deialdi hauen erregistroa egin ostean gauzatu dugu protesta.

LAB sindikatua aspalditik dago salatzen gizarte-zerbitzuen egoera: sarbide mugatuko sistema bat dela, koordainketa duena, erantzukizun publikokoa, baina nagusiki kudeaketa pribatukoa, non zerbitzuen kalitateari onurak gailentzen zaizkion, langileen baldintza eskasak oinarri. Plantilla nahikorik ez izatea dakar horrek, baita prebentzio-neurri egokirik eta konpentsazio nahikorik ez izatea ere.

Pandemiak bi gai utzi ditu agerian: alde batetik, gizarte-zerbitzuek bizitza mantentzeko duten garrantzia, eta, beraz, langile guztiek egiten duten funtsezko zaintza-funtzioa; bestalde, zainketen funtzioa eta gizarte-zerbitzuen eta zaintza-zerbitzuen sistemaren ahuleziak ez direla aintzat hartzen, gutxi batzuen negozioa baitute oinarri, erabiltzaileen osasunaren eta langileen baldintza txarren kontura.

Administrazioak badaki gizarte-zerbitzuen multzoak, erabiltzaileen bizi-baldintzek eta langileen lan-baldintzek etengabe okerrera egin dutela. Langileen eta erabiltzaileen salaketa etengabea da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udal-erakundeen aldeko apustua irmoa ere kudeaketa pribatuko eta erregulazio egokirik gabeko gizarte-zerbitzuen eredu bat defendatzeko. Eredu horrek ez du zaintzen, alde batera uzten du zaintza.

Pandemiak eta pertsonen osasunean eta bizitzan dituen ondorioek zaintza-eredu berri bat eraikitzeko beharra berresten dute, oinarri eta irizpide bakar gisa zaintzak behar dituzten pertsonak zein zaintza horiek ematen dituzten pertsonak izanik haien funtsezko ardatza, euskal sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta kudeaketa zuzeneko bat sortuz.

Testuinguru horrek inflexio-puntua izan behar du langileek eta erabiltzaileek beste gizarte eta zaintza zerbitzuen eredu bateranzko bidea egiteko. Hori horrela, dei egiten diegu gizarte-zerbitzuetako langile guztiei bi greba eta mobilizazio egun egin ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoan urtarrilaren 26rako eta martxoaren 4rako. Era berean, gizarte-zerbitzuen arloan diharduten gizarte-eragile guztiei mobilizazioetan parte har dezaten gonbitea luzatzen diegu, eta era bateratuan erakundeei honako neurri hauek hartzeko eska ditzaten:

• Gizarte-zerbitzu guztiak publifikatu behar dira, langile guztiak subrogatuz.

• Kalitatezko zerbitzua bermatu behar zaie behar duten pertsona guztiei, gizarte-zerbitzuen sistemarako sarbidea erraztuz eta bultzatuz; erabiltzaileek zerbitzu gisa jasotzeko eskubidea duten prestazio guztiak bermatzea; zerbitzuen intentsitatea eta erabiltzaile bakoitzari arreta emateko denbora nabarmen handitzea; autonomia pertsonala sustatu behar da asistentzialismoaren aurrean, bai eta komunitatearekiko harremanak eta pertsona guztien jendarteratzea ere.

• Erabiltzaileen eta langileen informazioa eta parte-hartzea indartu behar da gizarte-zerbitzuen konfigurazioan, maila guztietan.

• Nabarmen hobetu behar dira langileen lan-baldintzak, eta merezi duen bezala konpentsatu behar da nagusiki feminizatuta dagoen sektore batek betetzen duen funtsezko eginkizuna. Langileen kopurua handitu behar da, aurrez aurre eta kategorien arabera. Langileen osasuna babestu behar da, arriskuak behar bezala ebaluatuz eta horretarako beharrezkoak diren prebentzio-neurriak hartuz.

• Gizarte-zerbitzuen multzoa arautu behar da, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna betez, dagozkion dekretuak eginez eta onartuz, erabiltzaileen eta langileen parte-hartzearekin.

• Behar besteko aurrekontu-hornidura bermatu behar da, gizarte-zerbitzuen eta zaintza-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko; kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa, alegia.

Urtarrilaren 9ko zein egunotako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dugu, euskal presoen eskubideen defentsan

LAB sindikatutik bat egin dugu datozen egunotan presoen eskubideen defentsan antolatuko dituzten mobilizazioekin. Hala, Sarek sustatutako Izan Bidea dinamikaren baitan mobilizatu gara Bilbon, Donostian eta Iruñean, hainbat sindikaturekin batera. Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Bilboko Plaza Eliptikoan egindako elkarretaratzean egon da, eta, bertan jakinarazi bezala, presoen afera konpontzeak lehentasun behar duela izan aldarrikatu du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Euskal Herritik oso garbi hitz egin dugu presoen aferari buruz, mezu garbi bat bidali diegu estatuei, eta eurei dagokie aldarriei bide ematea”. Idazkari nagusiaren esanetan, “presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarri behar dira, gaixo dauden presoak askatu behar dira eta guztiz ankerra den salbuespenezko espetxe politika honekin amaitu behar da. Horretarako, jarraitu beharko dugu eragile desberdinen arteko adostasunak eraikitzen, baina, honekin batera, oso garrantzitsua iruditzen zaigu kalera ateratzea, presio soziala areagotzea. ldo honetan, urtarrilaren 9ko mobilizazioan parte hartzeko dei berezia egiten dugu”.

Garbiñe Aranburu, Bilbon, adierazpenak egiten.

Hain zuzen ere, gero eta zabalduago dago euskal presoen eskubideen aldeko jarrera euskal jendartean. Horrela, salbuespeneko espetxe politika bertan behera utzi behar dela eskatu dugu sindikatu guztiok Izan Bidea dinamikaren barruko mobilizazioan; hala egin genuen ere, Bilbon, abenduaren 11n Etxerat-ek antolatutako agerraldian. Espetxean dauden presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia azpimarratu genituen orduan eta orain. Honen inguruan, aldarrikapenok kalean egotea garrantzitsu ikusten du LABek, presoak etxeratze bidean jartzeko bidearen barruan.

LAB modu aktiboan mobilizatu da presoen eskubideen alde, eta orain, aktibazio soziala mantendu eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Langileak kalera atera behar gara presoen eskubideen eta hauen euskal herriratzearen alde, espetxe-politika aldatzea helburu. Horrela, datozen egunotarako antolatuta dauden ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta Sarek urtarrilaren 9rako deitutako mobilizazio egunari babes osoa luzatu diogu. Era berean, mobilizazio propioak deituko ditugu egunotarako, “Etxean eta bizirik nahi ditugu” lemarekin; Gasteizen, esaterako, abenduaren 22an egingo dugu.

Donostian mobilizatu gara, Jaurlaritzaren aurrean, lan heriotzen sarraskia salatzeko

Administrazioek ez dute lan heriotzen gaia agenda politikoan kokatzen, odoluste honen aurrean beste aldera begiratzen dutelako; egoera honen konplize bilakatu dira. Lan osasunari buruz hitz egiten dute, baina bultzatzen dituzten politikek prekarietatea bultzatzen dute. Pausu bat aurrera emateko ordua da. Arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exigitzen dugu. Horixe aldarrikatzeko eta salatzeko bildu gara Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan, egoera jasangaitza baita: honezkero, gutxienez 70 langile hil egin dira aurten, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.

Lan heriotza guztiek faktore amankomun bat dute oinarri, prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta benetako prebentzio ezaren ondorio zuzena dira.

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasun eta bizitzaren aurretik. Beste alde batetik, Administrazio publikoen jarrera salatu nahi dugu. Dagoeneko eta pasa den urtearekin alderatuta lan istripu hilgarriek %50ean egin dute gora. Aste honetan, esaterako, 4 langilek bizitza galdu dute lanean.

LABen argi dugu, laneko biolentziarekin amaitzeko bizi eta lan duinak behar ditugu. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile-klaseari. 

Hitzarmen duin bat eskatu dugu Arabako ardogintzarako

Arabako ardogintzako sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, hitzarmen duin bat eskatzeko, Arabako Batzar Nagusietan aurreikusitako agerraldiaren harira. Batzar Nagusien aurrean mobilizatu gara, hain zuzen ere.

LAB, UGT, CCOO eta ELA sindikatuon ohar bateratua:

Enegarren aldiz, gizarteari zuzentzen gara berriz ere, Arabako Ardogintza Sektoreko langileei, bai ardogileek, bai administrazioek ere ematen dieten aintzatespen eskasa jakinarazteko

Zergatik esaten dugu hau?

Ardogileen aldetik, badirudi langileak direla sektorearen funtzionamenduko azken lehengaia, baina, hain zuzen ere, lehenengoa eta preziatuena izan beharko lukete. Eta ikusten dugunez, ez da horrela.

Administrazioen aldetik, badirudi ez dutela ondo kontrolatzen ardogileek nora eramaten dituzten edo zertan erabiltzen dituzten diru-laguntzak, kasu askotan dirudunak, langileen nominetan ez baitira nabaritzen.

Arabako Errioxak eta bertako ardoek saltzen eta proiektatzen duten handitasun-irudia ez dator bat sektoreko langileek jasaten duten errealitatearekin.

Ikusten ari gara egunez egun lantokietan ez dela lana gutxitu, baizik eta kasu askotan handitu egin dela, batez ere upelategi handietan, eta langileek presio handiagoa jasanez.

Abenduaren 9an egindako azken negoziazio-mahaian, SEAk honako proposamen hau egin zigun:
– % 4ko igoera 2021. urterako, 2018ko soldata-taulen gainean
– 2018ko soldata-taulen gaineko % 2ko ordainsari ez-kontsolidagarria, 2019ko atzerapenei dagokiena.

– 2018ko soldata-taulen gaineko % 1eko ordainsari ez-kontsolidagarria, 2020ko atzerapenei dagokiena.

Sindikatuek kontraproposamen honekin erantzun genion:
– % 7ko igoera 2021. urterako, 2018ko soldata-taulen gainean, eta uko egitea atzerapen ez-finkagarriei.
Langileen aldetik, gure ustez, sektore honetan hain soldata txikiak ditugunez, oso garrantzitsua da soldata-tauletan igoerak finkatzea.

Horregatik, gaur eta hemen, Arabako Ardogintza Sektorerako Hitzarmen duin bat aldarrikatzen jarraitzen dugu.

HITZARMEN DUIN BATEN ALDE!!!

Patronalak Nafarroako garbiketa hitzarmena blokeatua duela salatu dugu, duela bi urte iraungi zen arren

Garbiketa sektoreko langileek atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Iruñean, Ospitale Gunean, LAB eta ELA sindikatuen deialdiari erantzunez, patronalak hitzarmena blokeaturik duela salatzeko, ez baitie erantzuten sindikatuek behin eta berriz egin dizkioten bilera eskaerei. Egungo egoera da badirela bi urte hitzarmena iraungita dagoela, patronalak alderdi sozialaren proposamenak errefusatuta eta martxotik bertan behera utzitako negoziazioekin.

Pandemiak agerian utzi du Garbiketetako langileek gizartearentzako funtsezkoa den zerbitzua ematen dutela, eta, beraz, ezin dela gehiago atzeratu lan-baldintzak duintzeko hitzarmena izatea. Hori dela eta, atzo Ospitale Gunean kontzentratu ziren hitzarmen sektorial bat eskatzeko. Hitzarmen horretan, KPItik goitiko soldata-igoerak, %100eko baja-osagarria, partzialtasuna amaitzeko neurriak, antzinatasuna hobetzekoak eta urteko lanaldia murrizteko neurriak jasoko lirateke. Neurri horiek guztiek bilatzen dute langile hauek funtsezkoak direla aitortzea eta soldata arrakala bukatzea.

Atzoko elkarretaratzeaz gain, Garbiketetako langileek mobilizatzen segituko dute hitzarmen duina lortu arte. Hurrengo elkarretaratzeak urtarrilean izanen dira, NUPen eta CENen.