Arabako ardogintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bileran, LABek lau puntu aurkeztu ditu, hauek onartuz gero akordioa sinatuko lukeela aipatuz eta patronalak ontzat eman ditu lau puntuok.
Ostegunean, beste bilera bat egingo da aurrekordioa sinatzeko.
Hauek dira onartutako alderdiak:
– 1.000 eurotara iristen ez diren kategoriak ekiparatzea.
– 2021ean, 2018ko soldata taulekiko %4ko igoera.
– Eta kontsolidagarriak ez diren bi paga, bata hitzarmena argitaratzean ordaintzekoa eta bestea apirilean. Bata,%2koa 2018ko taulekiko eta bestea %1ekoa 2018ko taulekiko.
Hegazkigintza sektorearen krisiak Debaldea ere kolpatu du. 2020ko abenduaren amaieran Egile Mechanics enpresak 12 langile kaleratu zituen ABEE aplikatu ostean. Agerian geratu da patronalak ABEEak bezalako neurri koiuntural zein kaleratzeen moduko tresna estrukturalak erabiliko dituela COVID-19ak sortutako egoerari egiteko, sektoreko etorkizuneko lan baldintzak kaskartuz.
Abenduaren 15ean kaleratutako irakurketan salatu genuen bezala, hegazkingintza sektore estrategikotzat aurkeztu dute eta diru publiko asko inbertitu da. Hala ere, sektoreko langileak inolako babesik gabe geratu dira eta enplegua suntsitzen ari da sektorea eraldatuz eta etorkizun batean langile prekarioagoengatik ordezkatuz.
Patronalari eta administrazioari urrats ezberdinak eskatu genizkion: inbertsioa pertsonetan izatea, langileak kaleratzea ekiditen dituzten tresnak erabiltzea, diru publikoa era arduratsu batean banatzea… eta kaleratze hauek gure eskaera indartzeko balio digute, azaldutako kontestuan argi kokatzen direlako.
Langileok krisia ordaintzen ari gara eta LABetik enplegu duina defendatzeko eta langileon aktibazioa pizteko dinamikak martxan jartzen jarraituko dugu. Era berean, kaleratzeak indargabetzen dituzten neurri alternatiboak erabiltzea eskatzen diogu enpresari kaleratuak izan diren langileak berronartuz eta etorkizunean eman daitezkeen kaleratzeak ez ditugula onartuko argi laga nahi dugu.
Aernnovako langileen itxialdia amaitu da, eta, horrekin batera, agerraldi bat egin dute Gasteizen. Hain zuzen ere, Aernnovak planteatutako 55 kaleratzeak ez ezik, beste hainbat lekutan ere antzeko neurriak hartzen ari direla salatu dute prentsaurrekoan. Hala, pandemiaren aitzakiarekin kaltetutako hainbat enpresetako langileen babesarekin, kaleetatik mobilizatu dira ondoren.
Aernnovako langileek azaldutakoaren arabera, “gaur ez da ezer amaitzen, gaur ibilibide berri baten pausoa ematen dugu. Guk pairatzen dugun arazoaz gain, beste leku desberdinetan izaten ari diren ezegonkortasunak eta gatazkak entzun ditugu aste honetako itxialdian, eta kasu gehienetan Covid-19an aukitzen dute arrazoi ala aitzakia. Eta honen aurrean ez dator administrazioetako erantzun arduratsua. Estaltzen dira ostrukarena egiten. Beraz, aste honetan jasotako elkartasunez ez gara geldirik eta besoak bilduta geratuko”.
Itxialdiak iraun bitartean, Aernnovako langileek borrokan diren hainbat enpresetako langileen bisita jaso dute, gogoeta trukatzeko, norberak bere problematika azalduz. Alestis, ITP Aero Casting , SDA Factory, Gasteizko Michelin, Mercedes, Laminaciones Arregui… enpresa hauetako langileek bat egin dute Aernnovakoekin, besteak beste.
LAB sindikatuko ordezkariok ere bisita egin genien, enpleguaren defentsan ditugun dinamiken berri emateko eta gure elkartasuna adierazteko.
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute, enpleguaren defentsan sindikatuak abian jarriko dituen dinamiken berri emateko. Hain zuzen ere, bizi dugun salbuespenezko egoeraren aurrean, langileak antolatu, aliantzak eraiki eta aktibatzea beharrezkoa dela nabarmendu dugu. Horretarako, sindikatuen artean protokolo bat adostea proposatu dugu. “Lantokietan, enpresa batzordeetan, baditugu harremanak sindikatuen artean, baina gogoeta hauek konpartitzeko, harreman horiez gain, beste sindikatuekin bilera erronda konfederal bat egiteko asmoa dugu”, aurreratu du Garbiñe Aranburuk.
Azken urteetan eraiki den lan harreman ereduak sortu du egungo egoera. Enpleguaren arazoa egiturazkoa da eta, hortaz, egiturazko irtenbideak eskatzen ditu; irtenbide politikoak, lan erreformak atzera bota eta lan harremanen eraldaketa sakona, alegia. Zentzu honetan, LABetik Euskal Herrirako Lan Kode proposamen bat lantzen ari gara.
Gaur gaurkoz, berriz, lehentasunak momentuko erantzunean jarri nahi ditugu, eremu pribatuan zein eremu publikoan. Hortaz, mahai gainean jarri ditugun erantzun horien berri eman dute Garbiñe Aranburuk eta Xabier Ugartemendiak, agerraldian.
Eremu pribatuari dagokionez, agerikoa da enplegu asko suntsitu dela, eta, zerbait berreskuratu den arren, oraindik ere milaka lanpostu daudela arriskuan. Hala, kaleratzeak ekidin eta soldata eta lan baldintzak kaskartzeko asmo patronalak geratu behar dira eta enpleguaren arazoari erantzun politiko bat eman behar zaio. “Bizi dugun salpuespenezko egoera larri honi erantzuteko, langileok antolatu, aliantzak eraiki eta aktibatzea beharrezkoa da. Eraso hauen aurrean harresi sozial bat sortzeko gai izan beharko genuke, horixe da gaur hemendik egiten dugun deia”, adierazi du idazkari nagusiak.
Harresi hori sortzeko sindikatuen artean protokolo bat adostea proposatu dugu. Protokoloak hiru plano nagusi izango lituzke: lantokiz lantoki ematen ari diren enpleguaren kontrako erasoak geratzea, bereziki kaltetuak diren sektoreen egoerari erantzutea, eta edozein enplegu galeraren kontrako mobilizazio sozial zabalak bultzatzea.
Edozein enplegu galeraren kontrako mobilizazio soziala beharrezkoa da. Enplegu suntsiketak edota prekarizazioa langileak kaltetzen ditu lehen pertsonan, bainalangile guztion eta jendarte osoaren kontrako erasoak ere bdira. Oraingo enplegua defendatzea eta etorkizuneko enplegua defendatzea da beharrezkoa da, beraz. “Orain borrokan dauden langile horiei babesa eman behar zaie, enpresa zein sektoreetako borroka horiek dimentsio sozial bat izan behar dute. Eremuz eremu egiten diren borroka horiek dinamika herritarrekin lagundu behar dira”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.
Sektore publikoari dagokionez, instituzioen utzikeriak behin behineko tasa izugarria izatea eragin duela salatu dugu. Milaka eta milaka interino egoera ez egonkorrean lanean daude, hainbat urtez. LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “enplegu publikoa finkatzeko kontsolidazio prozesuak beharrezkoak dira. Lekuan lekuko egoera aztertu eta lekuan lekuko erantzunak eman beharko dira, eta prozesu hauek langile interinoen egoera kontuan izan beharko dute. Interinoen eskubideak errespetatu ditzaten mobilizazioak antolatzeko unea da, eremuz eremu, administrazio publikoetan ez baitago inor soberan”.
Bilboko portuko zamaketa-sektoreko greba bertan behera utzi zen lan-ministerioak gatazkan bitartekotza egin ondoren. Bitartekotza horren helburua zen Bilboestiba CPEko langile mugagabeek eta behin-behineko langileek enpleguan egonkortasuna eta bermea izatea.
Madrilen sinatutako aurreakordioaren helburua hitzarmena sinatzea izan beharko litzateke, baina LABek ez ditu oinarri horiek partekatzen; izan ere, ez ditu aintzat hartzen greba eragin zuten eskaerak, eta etorkizun oso iluna marrazten du 12 urte baino gehiago daramatzaten behin-behineko 100 langilerentzat; izan ere, azken horiek Bilboko portuan lan egiteko kontratuak dituzte.
Urtetik urtera, lan istripu eta gaixotasunen kopuruak, hobera egin beharrean, okerrera egiten du. 2020. urtea ez da salbuespena izan. Hala, lan-istripuak nabarmen ugaritu direla salatu dugu Bilbo eta Iruñeko kaleetan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Jarduera ekonomikoak koronabirusaren testuinguruan izan duen geldialdiak eta horren ondoriozko krisi ekonomikoak ez dute geldiarazi lan istripuen odolustea; izan ere, aurten Hego Euskal Herrian, LAB sindikatuaren datuen arabera, gutxienez 71 pertsona hil dira lan-istripuz, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian. Hau guztia gutxi balitz, ez dugu ezagutzen zenbat langile zendu diren lan gaixotasun batengatik, datu ofizialik ez baitira existitzen, baina, ikerketa guztien arabera, lan istripuz hildakoak baino ehuneko altuagoa da. Amiantoarekin erlazionatuta gutxienez 28 pertsona hil ziren iaz, eta koronabirusaren ondorioz zenbat langile hil diren ere ez dakigu.
Bilbon egindako protesta.
Datuak eskandalagarriak dira, are gehiago jakinda lan istripuak, lan gaixotasunak eta lanari lotutako kalteak ekidin daitezkeela. Gurea bezalako gizarte moderno eta garatu batean, eskura dauden aurrerapen teknologiko guztiekin, datu horiek onartezinak dira.
Egoeraren larritasuna ikusita, EAEko eta Nafarroako gobernuei neurri hauek exijitzen dizkiegu:
– Enpresen gaineko kontrol handiagoa. Lantokietako osasun- eta prebentzio-neurrien jarraipen egokia egiteko, ezinbestekoa da Osalan/ISPLN eta Lan Ikuskaritzako langileak Europako batez bestekoarekin parekatzea. Halaber, Nafarroako Gobernuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren arloko eskumenak berreskuratu behar ditu.
– Mutuen eta prebentzio-zerbitzuen publifikatzea. Pandemia honetan ez dira eraginkorrak izan osasunaren ikuspegitik.
– Kontrol- eta jarraipen-ekintza gehiago egitea, alturan erortzeko, harrapatzeko edo elementu kantzerigeno eta mutagenoekin lan egiten dituzten enpresetan araudia betetzen dela egiaztatzeko.
– Prebentzio-arloan zehapena jaso duten enpresekin kontratatzeko debekua
– Hego Euskal Herriko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko betebeharra, pandemiak langileen baldintza psikosozialak are gehiago larriagotu dituela kontuan hartuta. Horretarako, bi urteko epean, enpresa guztiek izan beharko dute gutxienez arrisku psikosozialen ebaluazio bat eta gabeziak daudenean neurriak ezarri beharko dituzte. Osalan/ISPLNko teknikariek egin beharko lukete betetze-mailaren jarraipena.
Lan Ikuskaritzak ez zigun soilik arrazoia eman Servyrest enpresako langileei ezin zitzaiela aplikatu laguntza-zentroen eta haur-hezkuntzako zentroen estatuko hitzarmena, eta uste genuen Bizkaiko Esku-hartze Sozialerako hitzarmen kolektibo probintziala aplikatu behar zitzaiela, baizik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Servyrest enpresak Bizkaiko esku-hartze sozialeko hitzarmena aplikatu behar diela langileei.
LAB sindikatuak bira oso positiboa eman dio kontratu partzialak eta prekarietatea ezaugarri dituen sektoreari. Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko hitzarmenarekin, langileok gure lan-baldintzak hobetzea lortu dugu:
Egungo hitzarmena (Laguntza-zentroak eta haur-hezkuntza)
Bizkaiko esku-hartze sozialaren hitzarmen kolektiboa
Pandemiaren bigarren olatua deitu duten honetan eta urte hasieran bizi izan dugun hotz bolada betean, sektore energetikoa kontrolatzen duen oligopolioak argindarraren igoera abusibo, neurrigabeko eta ilegala egin du. Energia oinarrizko beharrizana izanik ere, azken hamarkadetako politika neoliberalek eskubideak urratu, ukatu eta mozkinak arteratzeko ondasun bilakatu arazi dute, geroz eta herri sektore gehiago pobretze energetikora eramanez eta kolektibo zaurgarrienak gogorrago kolpatuz.
Pandemiaren bitartean, herritarron lan eta bizi baldintzak nabarmen okertzen ari direnean, Iberdrola eta oligopolioko enpresa elektrikoek energiarako sarbidea garestitzen jarraitu dute, irabazi eskandalagarriak izateraino. Ezin aipatu gabe utzi enpresa hauek direla Europako funtsekin trantsizio energetikoa gidatzeko Urkulluk aukeratutako enpresak, beste behin ere, berdez tindatutako kapitalismo are basatiago bati bide emateko, herritarron behar sozialen kontura sistema indartzen jarraitzeko.
Egoera honetan ezagutu dugu gainera Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren izozketa, Espainiako Gobernuak aberastasuna banatu eta soldata duinak bermatzeko inolako borondaterik ez duela agerian utziz beste behin. Oraindik indarrean dauden lan erreformak bertan behera uzteko keinurik egin gabe, LGS izoztuta eta oinarrizko eskubideak oligopolioen esku. Horixe da Madrileko gobernutik, Gasteiz eta Iruñeakoen konplizitatez euskal langileoi egiten zaigun eskaintza.
Beharrezkoa da ekoizpen eta kontsumo ereduaren eraldaketa sakona egitea, trantsizio ekosozialista abian jartzea, energiaren sektore publikoa indartzea, eta pribatizazio politika eta oligopolioei muga jartzea. Beharrezkoa ere, krisia gehien dutenek ordain dezaten neurriak har daitezela, natur baliabideen esplotazio muturrekoari eta kanpo dependentzia gehiegizkoari burujabetza energetikoa eta iraunkorra sustatuz aurre egitearekin batera energiarako sarbide unibertsala eta justua bermatzeko.
Lan, pentsio eta bizi duina bermatzeko ezinbesteko eraldaketa ekosozialistan, Europako Gutun Sozialak Euskal Herrirako ezartzen duen 1.200 eurotako gutxieneko soldata aldarrikatzen jarraituko dugu, enpleguan eta babes- sozialean eskumen osoak izango dituen esparru baten alde borrokatuz. Izan ere, koiuntura honetan langile eta herritarron mobilizazioa giltzarri izango da aldaketa sozialaren eta burujabetza energetiko, ekonomiko eta politikoaren alde urratsak emateko.
Osakidetzako gehiengo sindikaletik abenduaren 10ean iragarritako mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraitzen dugu. Dinamika horren amaiera urtarrilaren 28rako deitutako greba izango da, Osakidetzako plantilla osoari zuzendutakoa. Dinamika horren barruan, manifestazioak egin ditugu EAEko hiru hiriburuetan. Mobilizazio hauen helburua osasun publikoak bizi duen egoera larria, egiturazko arazoen konponbiderik eza eta Osasun Sailaren negoziatzeko borondaterik eza salatzea izan da, baita benetazko negoziazioa eta berehalako eta benetazko irtenbideak eskatzea ere.
Hain zuzen ere, behin eta berriz salatu izan dugu Mahai Sektorialean ez dela ezer negoziatzen, eta jarrera hori egiaztatu genuen, berriz ere, abenduaren 29an Osasun Sailburuarekin izandako bileran. Azpimarratu nahi dugu, bilera horretan, Sailburuak uko egin ziola txertaketa-prozesuaren antolakuntzari buruzko galderei erantzuteari, baita Osasun Sailaren aurrekontu-proiektuari buruzko zenbait gairi ere. Argi dago gai horiek eragin zuzena daukatela Osakidetzako langileen lan-baldintzetan, baita herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzuan ere.
Bitartean, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordeak txertaketa-erritmoa justifikatu nahi izan du langileen eskubideak aitzakia bezala erabiliz. Salatu nahi dugu Osasun Sailak berak erabaki duela nork, noiz eta nola emango duen txertoa, eta onartezina dela Eusko Jaurlaritzari berari dagokion kudeaketa bat langileen eskubideen atzean kamuflatzen saiatzea; batez ere kontuan hartzen badugu langileen ahalegina eta inplikazioari esker ari dela mantentzen osasun-zerbitzu publikoa, bizitzen ari garen egoera larri honetan.
Honen atzean dagoena da plangintza eskas bat, oraindik airean dagoena, eta plantillaren indartze-falta bat. Gogoratu behar dugu azken hilabeteetan ugaritu egin dela langile horien lana, eta urrutitik datorren gainkarga estrukturala areago egin dela. Argi dago txertaketak abiadura handiagoa izateko giza baliabideak indartu behar direla eta, beraz, inbertsio handiagoa egin behar dela. Baina argi dago Eusko Jaurlaritza ez dagoela oinarrizko zerbitzuetan inbertsioa handitzeko klabean.
Berriro ere, gure aldarrikapenei heltzeko beharra eta premia azpimarratu nahi dugu: osasun publikorako aurrekontu-partida bat, EBko batez bestekoaren parekoa, aurrekontuaren %25a lehen arretara bideratuz; plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan sartuz; behin-behineko langileak sendotzea; murrizketa guztiak lehengoratzea; pribatizatutako zerbitzuak publifikatzea; langileen lan osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak.