2026-07-01
Blog Page 510

Zaintza lanen aitortza politiko, ekonomiko eta soziala aldarrikatu dugu Gasteizen, Bilbon eta Donostian

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaintza arloko langileek egindako lehen greba eguna dela-eta, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleak hartu ditugu, “Zaintza lanak aitortu orain!” leloarekin, zerbitzu sozialen sistema eta kudeaketa publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoaren defentsan. Pikete Feminista goizean goiz mobilizatu da, zaintzakoa sektore feminizatu eta, ondorioz, prekarizatua dela salatzeko; ondoren, manifestazio bateratuak egin ditugu sindikatuok hiriburuetan, bakoitzak bere zutabe propioarekin.

Bilboko mobilizazioan izan da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, eta adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean: “Zaintza sistema publiko bat eraikitzeko urratsak eman behar ditugu, eta, horretan, lehenik eta behin, zaintza lanen aitortza politiko, ekonomiko eta soziala egitea beharrezkoa da. Aitortza hori lan baldintzetara eraman behar da; kontratazioak handituz, ratioak murriztuz eta soldatak hobetuz. Bestalde, salatzen dugu zaintza ezin dela negozio iturri izan, zaintza ezin da merkantilizazioaren eta pribatizazioaren menpe egon. Zentzu honetan, behar beharrezkoa da publifikazio plan bat egitea”.

Bilbon, etxeko langileek bat egin dute gure zutabearekin.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “eredu asistentzialaren aldaketa beharrezkoa dela ikusi dugu egungo testuinguruan, eta aldaketa horretarako iruditzen zaigu adostasun soziala, eztabaida soziala, gauzatu behar dela; horretan, langileok eta sindikatuok parte hartu behar dugu, baita erabiltzaileek eta senitartekoek ere”.

Idazkari nagusiaren arabera, “pandemia gogorra izaten ari da langileentzat, baina indarberrituta daude zaintza sistema publikoaren borrokan jarraitzeko. Dena den, jendarte bezala, denok egin behar dugu gogoeta eta ekarpena beste zaintza eredu baten alde urratsak emateko, guztiok gure bizitzaren etaparen batean zainduak izateko behar hori izango dugulako”.

Gasteizko manifestazioa.

Azkenik, Garbiñe Aranburuk Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du: “Aurrekontuetan langileen aldarrikapen bakar bat ere ez da kontutan hartzen. Berriro ere, Jaurlaritzak esaten digu zaintza lanak emakumeek sostengatu behar dituztela eta modu prekarioan izan behar duela”.

Zaintza arloaren funtsezko eginkizuna aldarrikatu du Pikete Feministak, greba eguneko mobilizazio nagusien atarian

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaintza arloko langileek greba eguna dute, urtarrilaren 26aren etorrerarekin. Sektore feminizatu eta, ondorioz, prekarizatua da; eta horixe salatu dugu Pikete Feministaren bitartez, goizean goizetik, Bilboko udaletxearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eta barruan. Hala, eskuorriak banatzen eta informatzen ibili gara. Izan ere, egungo testuinguruak inflexio-puntua izan behar du langileek eta erabiltzaileek beste gizarte eta zaintza zerbitzuen eredu bateranzko bidea egiteko.

Hain zuzen ere, nabarmen hobetu behar dira langileen lan baldintzak zaintza arloan, eta merezi duen bezala konpentsatu behar da nagusiki feminizatuta dagoen sektore honek betetzen duen funtsezko eginkizuna. Hori aldarrikatu dugu goizeko mobilizazio nagusien aurretik.

Urtarrilaren 26ko mobilizazio bateratuak: Gasteiz, Andra Mari Zuriaren plaza (11:30); Bilbo, Plaza Eliptikoa (11:30); Donostia, Bulebarra (11:30). Zutabeak irtengo dira aurretik.

Datorren larunbatean mobilizatzeko deia egin dugu, Arabako enpleguaren defentsan

Azken hilabete hauetan, enpresa eta sektore asko atera gara kalera kaleratzeak, ABEEEak, eskubideen murrizketa, zainketen merkantilizazioa, itxiera behartuak, zerbitzu publikoen murrizketak, kontrataziorik eza eta abar salatzeko.

Kalera atera garenean, ehunka lagunen elkartasuna eta babesa ikusi dugu. Etengabeko borroka horren ondorioz, jakin dugu gaur egungo egoerak, norbanakoaren edo sektore jakin baten arazoa izatetik urrun, lantokiak gainditzen dituela eta herritar guztiei eragiten diela.

Ezin dugu beste alde batera begiratu, inor ez baitago salbu; enplegu duinaren aurkako eraso sistematiko horrek edonori eragin diezaioke.

Ezin dugu esan milaka langileren urteetako ahalegina arriskuan jartzen denik, administrazioak pandemiaren kudeaketan egiten dituen akatsen erantzule egiten dituenik.

Ezin gara geldirik egon, langabeziak eta egungo enplegu prekarioak gazteei, emakumeei, pertsona arrazializatuei eta lan egiteko adinean daudenei eragiten dielako, baina etorkizuneko pentsioei ere eragiten die, eta pentsiodunen kolektiboak aspalditik salatu du hori.

Ezin dugu alde batera utzi gure ekoizpen-sarea desegin eta administrazioetatik diru-laguntzak eta laguntzak jasotzen dituztenek eskubideak deuseztatzen dituzten bitartean. Horregatik, borroka eta aldarrikapena bidea elkarrekin eginez hazten eta indartzen dira.

Eta horixe da, hain zuzen ere, enpresa-batzorde, sektore eta kolektibo horiek proposatzen dutena: edozein arrazoirengatik enplegu duinarekin konprometitutako egoera bizi duten enpresa eta sektore guztien manifestazio bateratua, globala eta plurala. Deialdi hori eragindako enpresa eta sektoreei helaraziko diegu, beren egin eta bertan parte har dezaten. Era berean, deialdi bateratu horretatik, herritarrak mobilizazio horretan parte hartzea nahi dugu, eta erantzun sozial bateratu eta masibo bat bihurtzea.

Araban enplegu duina defendatzea, gizarte-eskubideetan, zaintzan, zerbitzu publikoetan eta abarretan dituen ondorioekin, gizarte osoak inplikatu behar duen eta administrazioek ozen eta argi entzun behar duten aldarrikapena da.

Datorren larunbatean, urtarrilaren 30ean, egingo da “Araba enpleguaren defentsan” manifestazioa, Aernnova, SDA, Laminaciones Arregui eta Alestis-eko enpresa-batzordeek eta Pentsionistak Araba, kirol jardueretako langileak, SOS Ostalaritza eta GPSk deituta. 17:00etan hasiko da Bilbo plazatik.

ELAk, CCOOk eta UGTk berriro soldatak izoztera eraman dituzte Bizkaiko kolektibitateetako eta ostalaritzako langileak

ELAk, CCOOk eta UGT sindikatuek 6 hilabeteko luzapena sinatu dute Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenean, soldata igoerarik eta hobekuntzarik gabe.

Joan den urrian, Bizkaiko Ostalaritzako patronalak Bizkaiko Ostalaritzako hitzarmen berri baterako negoziazio-mahaia irekitzeko eskatu zuen, hitzarmenaren indarraldia abenduaren 31n amaitzen baitzen.

Patronalak ez du inoiz hitzarmen berri bat negoziatzeko asmorik izan, egungo 6 hilabeteko luzapena sinatzea baizik, soldatak izoztuta eta hobekuntzarik gabe, eta horrela izan da ELA, CCOO eta UGTren sinadurari “esker”.

Gainera, patronalak mehatxu gisa erabili zuen EAEko ostalaritzako esparru-akordioa ez berritzea. Akordio hori berez luzatu zen, aldeetako batek ere ez baitzuen salatu.

LAB sindikatuak ez zuen Bizkaiko ostalaritzako aurreko hitzarmena sinatu, eta oraingoan luzapena ere ez. ELAk, CCOOk eta UGTk berriro soldatak izoztera eraman dituzte kolektibitateetako eta, oro har, ostalaritzako langileak, inolako hobekuntzarik gabe; azken finean, prekarietate handiagora.

Negoziazio-mahaian adierazi genuen beharrezkoa dela mahai bat irekitzea EAEn kolektibitateen hitzarmen bat negoziatzeko, baina ELAk eta CCOOk ez zuten ezer aipatu. Ez da ahaztu behar kolektibitateetako sektoreko gehienak emakumeak direla, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituztela, eta sektorearen zati handi bat martxotik egon dela ERTEn, eta gaur egun horietako askok egoera horretan jarraitzen dutela (enpresa-jantokiak, sukalde zentralak, administrazioa, etab.).

Abenduan CCOOk eta UGTk kolektibitateetako hitzarmen estatala sinatu zuten Madrilen, 2020 eta 2021erako soldatak izoztuta. Bizkaian gauza bera egin dute, baina oraingoan ELA sindikatuarekin batera.

Eta amaitzeko, dei egiten diogu euskal gehiengo sindikalari eta, bereziki, kolektibitateetako patronalari, EAE mailako kolektibitateetako hitzarmen baterako mahai baten irekiera negoziatzera eser daitezen.

Haurreskolak Partzuergoko langileen grebak jarraipen handia izan du berriz ere

2020ko abenduan bezala, 2021. urte-hasiera honetan LAB, STEILAS  eta ELA sindikatuok deituriko greba-deialdiarekin bat egin dute Haurreskolak Partzuergoko langileek. EAEko Lan Sailak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoek, eta Haurreskolak Partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi eta %65eko jarraipena izan du gaurko grebak.  Horretaz gainera, asko dira familiek eta hezkuntza-komunitateek helarazi diguten langileekiko  eta haurreskolen proiektuarekiko atxikimendu-erakusketak.

Hurrengo asteazkenean, hilak 27, laugarren greba-eguna egingo dugu, eta mobilizazio batera deitu dugu Lakuako atarian, 11:30ean. Egoera konpondu ezean, prentsa-aurrekoan iragarri genuen bezala, greba eta mobilizazioekin jarraituko dugu otsailaren 22, 23 eta 24an, honako eskaera hauen defentsan:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea. 
  • Aurrekontua handitzea.

Eskertu nahi diegu, oztopo guztien gainetik, mobilizazioetan parte hartu duten edo/eta beren sustengoa adierazi diguten langile, familia eta udalei. Era berean, gogorarazi nahi dugu 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugula eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugula LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok.

Nafarroako Administrazioko aldi baterako langileek lanbide karrera kobratzearen aldeko 7. epaia irabazi dugu

Epai bat gehiago aldi baterako langileek eta langile finkoek lanbide karrera kobratzeko eskubide bera dutela ezartzen duena; gure jarrera eta egindako lana sendotzen dituen beste epai bat. Eta bide horrretan jarraituko dugu azken helburua lortu arte: lanbide karrera egiteko beste eredu bat ezartzea Administrazioko langile guztientzat.

Berriki, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak erizain batek LABen bidez aurkeztutako beste demanda bat onartu du, funtzionarioa ez izan arren lanbide karrera kobratzea eskatzen zuena. Erabakiak, beste behin ere, aldi baterako langileek kontzeptu hori kobratzeko duten eskubidea aitortzen du. Eta dagoeneko zazpigarren aldia da. LABentzat oso berri pozgarria da, eta adorea ematen digu aldi baterako langileek langile finkoen soldata-baldintza berberak izan behar dituztela defendatzen eta mantentzen jarraitzeko.

Oraingoan, erizain baten kasua ebatzi dute (aurreko sei epaietan medikuak ziren), lanean 9 urte daramatzana; denbora horretan, guztira, 206 kontratu kateatu ditu. Profesional horrek 2018an egin zuen erreklamazioa, eta hiru urte geroago lortu du lanbide karrera jasotzeko eskubidea aitortzen dion aldeko epaia. Autoak aitortzen du pertsona horrek lau urte lehenagotik jaso behar dituela ondorio ekonomikoak, lehenengo eskaera aurkeztu zuen egunetik zenbatzen hasita, betiere une hartan kobratzea egokitzen bazitzaion.

Epai hori Europako Justizia Auzitegi Nagusiaren hainbat ebazpenetan oinarritzen da, eta ebazpen horietan ezartzen da kontratatutako langileak ezin direla tratatu funtzionarioak baino okerrago. Aldi baterako langileek pairatzen duten konparaziozko bidegabekeria horren jatorria, ez dugu ahaztu behar, plantillaren behin-behinekotasun handia da. Nafarroako Gobernuak behin-behinekotasun tasa kezkagarriak ditu. Osasunbidearen kasuan, tasa hori % 60ra iritsi da 2019an. LABen argi daukagu zein den konponbidea: kasuan kasuko lanposturako benetan egokiak diren oposizio-deialdi zabalak egitea. Behin-behinekotasunari bukaera ematen bazaio, ez da horrelako konparaziozko bidegabekeria kasu gehiago izango.

LAB-Administrazioan beti mantendu dugu “lan berdina, soldata berdina” irizpidea, eta, beraz, lanbide karrera langile guztiei hedatzearen aldeko borroka hori ez da berria guretzat (Europara jotzen lehenetarikoak izan gara, eta 2018az geroztik hainbat epai irabazi ditugu, besteak beste, aldi baterako langileek gradua kobratu ahal izatea ekarri dutenak).

Hala ere, lanbide karrerari dagokionez, LABek beste urrats bat eman du: gure iritziz, lanbide karrera osasun arloko langileez haratago hedatu beharko litzateke (gaur egun, langile horiei bakarrik aitortzen zaie), baita osasungintza publikoko langile guztiez haratago ere, Nafarroako Gobernuko langile guztiei aplikatzeko. Horregatik, denbora luzea eman ondoren Foru Administrazioaren plantillaren errealitateari aplikatzeko moduko dokumentu bat eztabaidatzen eta lantzen, 2019ko martxoan Lanbide Karrerari buruzko Foru Legearen proposamena aurkeztu genion Parlamentuari.

Gure proposamenak lanbide karreraren beste eredu bat aurreikusten zuen, lanpostu bakoitzerako prestakuntza-ibilbide batean, unitateak hobetzeko planetan eta talde-lanaren sustapenean oinarritua. LABen ustez, ezinbestekoa da egungo sistema birplanteatzea eta aldatzea, bidezkoagoa eta demokratikoagoa izan dadin eta hasieran esleitu zitzaizkion helburuetara itzultzeko; zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetu eta indartuko duen eredua, eta, era berean, langileak zerbitzuen prestazioaren hobekuntzan inplikatzeko balioko duena.

Lanbide karreraren egungo ereduaren goitik beherako aldaketa planteatzen ez den bitartean eta Nafarroako Gobernuko langile guztiei zabaltzen ez zaien bitartean, LABek borrokan jarraituko du aldi baterako langileek lanbide karrerari dagokionez jasaten duten diskriminazioari amaiera emateko.

Argudio asko ditugu “lan bera, soldata bera” eskatzen jarraitzeko, eta idazki honen bidez norabide horretan aurrera egiten jarraitzeko erabateko konpromisoa aditzera eman nahi dugu.

[IRITZIA] “Zerbitzu sozialen sistema eta kudeaketa publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoaren alde!”

LAB sindikatuko Helduak eta Pentsiodunen arloko kide Xabier Isasa Garmendiak, Jose Felix  Aguilera Iturbe-Ormaetxek eta Kolo Uriarte Ballarenak urtarrilaren 26rako EAEko gizarte zerbitzuen sektorean deitutako grebari buruz idatzi dute. “Pandemiak eta pertsonen osasunean eta bizitzan dituen ondorioek zaintza-eredu berri bat eraikitzeko beharra berresten dute”, iritzi dute.

Hauxe da iritzi artikulua: 

Duela 10 urte baino gehiago hasi ginen pentsiodunak antolatzen Gizarte Zerbitzuen eremuan. 2008. urtean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Administrazioak Zerbitzu Sozialen Euskal Legea onartu zen zeinaren helburu nagusia Prestazio eta Zerbitzu Sozialak eskubide gisa bultzatu eta bermatzea zela aitortzen zuen. Lege honen printzipioen artean, ardura publikoa, berdintasuna, hurbiltasuna eta bereziki, jendartearen parte hartze kolektiboa kokatu ziren. Eta aitortuko dugu, gure borrokarentzat helduleku garrantzitsua bilakatu zela·  

2016. urtean gure aldarrikapenei bultzada juridikoa ematen zion zehaztapen berri hauxe etorri zen: “legeak jasotzen dituen eskubideak, subjektiboak eta unibertsalak izango dira”. Horrek esan nahi du, erresidentzietako edo eguneko zentroetan plaza bat lortzea edota etxeko laguntza eskuratzea, herritar guztion eskubide unibertsala dela; ezin dutela aurrekontuen menpe egon. Ordutik aurrera, zerbitzu edo prestazio horiek jasotzeko eskubidea urratuz gero, bide administratiboa edo judiziala exijitu ahalko da, eskubide unibertsala urratzen dela ulertzen delako.

Azken urteetako bilakaera aztertuta, ordea, argi gelditu da Legea ez dela betetzen. Pentsionistok duela hamarkada batetik lanean gabiltza legearen gabeziak edo hutsegiteak identifikatzen, salatzen eta konpontze aldera proposamenak egiten. Adibide batzuk aipatzekotan, esanguratsua da kopagoaren aurkako borroka; Zerbitzu Sozial eta Zaintza Sistema Publiko, unibertsal eta doakoaren aldeko lan dinamikak; zahar egoitzetako erabiltzaile zein euren senideen egoeraren salaketa; 2010etik Diputazioek martxan jarritako Zahar Egoitzen pribatizazio prozesuaren ondorioen arbuiaketa… 

Pribatizazioaren ondorioak larriak dira erabiltzaile eta langileentzat: lehenengoarentzat, zerbitzu kaxkarragoa jasotzen du, gero eta garestiago ordainduz; bigarrengoentzat egoera gero eta prekarioa da (ratio bidegabekoak, soldata eskasak, kudeatzaileen irabaziak onartezinak….). 

Azpimarratu behar da 65 urtetik gorako pertsonen artean, gutxiengo bat dagoela erresidentzietan. Orduan… non daude beste pertsona nagusiak? Etxean, bai, baina osasuntsu edota menpekontasun egoeran dauden kontutan hartu gabe. Norberaren autonomia murriztu duenak beste baten laguntza behar du eta eskubide subjektibo eta unibertsala den hori, nork bermatzen du? Nork betearazi?

2016.urtean sortu zen Babestu, Egoiliarren senitartekoek osatutako elkartea, zahar egoitzetako langileen greba luze eta gogor baten erdian. Bizkaiko Pentsionistak Martxan eta Babestu elkarteak honakoa esan genuen garai hartan: “Egoitzetako langileriaren aldarrikapenak, zalantzarik gabe, babesten ditugu, horien betetzeak, egoiliarren zainketa hobetuko duelako”. 2021.urtean, hitzok berresten ditugu. 

Osasun krisiak lehendik zetorren zaintza krisia azeleratu eta ikusgarriago bilakatu besterik ez du egin, arazoa estrukturala baita: ez dago zaintza sistema unibertsal, publiko eta doakorik; herritarron eskubidea ez dago bermaturik.

Bitartean pandemiaren errealitate gordinaren ondorioz, 2020ren bukaerarako, Hego Euskal Herriko nagusien egoitzetan 1504 hildako izan dira. Epe horretan hil diren guztien %30a.

Oso gogorra egiten zaigu, arazo honi dagokionean, Zerbitzu Sozialen Euskal Legeak defendatzen dituen irizpideak, kea besterik ez direla ikusteak. 

Langileen eta erabiltzaileen salaketa etengabea da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren, Foru-Aldundien eta udal-erakundeen aldeko apustua irmoa ere kudeaketa pribatuko eta erregulazio egokirik gabeko gizarte-zerbitzuen eredu berria defendatzeko. Eredu horrek ez du zaintzen, baztertu egiten du.

Pandemiak eta pertsonen osasunean eta bizitzan dituen ondorioek zaintza-eredu berri bat eraikitzeko beharra berresten dute, oinarri eta irizpide bakar gisa zaintzak behar dituzten pertsonak zein zaintza horiek bermatzen dituzten pertsonak izanik haien funtsezko ardatza, euskal sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta kudeaketa zuzeneko bat sortuz.

Testuinguru horrek inflexio-puntua izan behar du langileek, erabiltzaileek eta herritarrek jendarte eta zaintza-zerbitzuen eredu berria exijitzeko. Horregatik, pentsiodunak urtarrilaren 26ko (eta baita martxoaren 4ko) grebaren testuinguruan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Laneko heriotzen sarraskiak ez du etenik

Urte hasi berri honetan, gutxienez 2 langile hil dira lanean Euskal Herrian eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik. Bada, ostegunean, Ezkion, Basalan Arrospide enpresako 54 urteko langilea larri zauritu zen zuhaitz baten adarra gainera erorita. Ospitalera eraman eta bertan hil zen. Duela 10 urte, Leitzan, enpresa berdinean 28 urteko langile bat zendu zen antzeko egoeran. Gehiengo sindikalak deituta, urtarrilaren 27an, 12:00etan, Ezkioko plazan mobilizatuko gara lan heriotz hau salatzeko.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik, gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko eta gertukoei.
Basogintza sektoreko jarduerak arrisku anitz ditu. Langileek lan desberdin asko egiten dituzte, askotan bakarrik, zenbaitetan lan gogorrak eta neketsuak, orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, makinaria askotarikoa erabiltzen dute eta horrek, sektoreko ezbehar tasa altuari eragiten dio. Gainera, lan arriskuen alorrean prestakuntza gutxi jasotzen dute.

Honek guztiak jasan behar dituzten istripuen tasa altuan du eragina. Istripu larri eta hilgarriak izaten dira. Sektoreko sektoreko langileak arriskupean daude. Beraz, administrazio publikoei eskatzen diegu, berehala, neurriak har ditzatela langileen lan – bizi kalitatea hobetzeko eta baita ere, lan arriskuen alorrean formakuntza plana martxan jarri dezatela.
Laneko biolentzia arazo larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak hil egiten gaitu.

Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu zein pauso emateko prest dagoen egoera eta eredu hau geldiarazteko? Prest al daude agenda politikoan lan istripuen arazo estrukturala kokatzeko?

LAB sindikatuan argi dugu. Bizitza eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Sarraski honekin amaitzeko eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile klaseari eta herritarrei.

Presoen afera konpontzeko bere ekarpena egiteko eskatu diogu Espainiko Gobernuko EAEko ordezkari Denis Itxasori

Bilboko LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, Hiru eta Etxaldek elkarretaratze bat egin dugu Espainiako Gobernu ordezkaritzaren aurrean, Plaza Eliptikoan, presoen eskubideen aldeko Sare-ren Izan Bidea ekimenaren barruan. Bertan, Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari Denis Itxasori eta Espainiako Gobernuko Bizkaiko ordezkariorde Jose Vicente Reyesi helarazitako eskaeraren berri eman dugu. Hain zuzen ere, idatzi bat erregistratu dugu, sindikatuen izenean.

Hauxe da idatziaren edukia:

Hamar sindikatu sinatzaileok, azken bi urteetan preso dauden pertsonak bergizartearatzearen auziari buruzko amankomuneko irakurketa egin dugu.

Lehenago ETAren behin betiko eta erabateko armagabetzeari gure sostengua adierazteko elkartu ginen eta geroztik beste hainbataldiz modu ezberdinetan elkartu gara, gaixorik dauden presoen arazoa eta hurbiltzea zirela eta.

Beraz, ELA, LAB, UGT, STEILAS, ESK, CNT, CGT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuek, azken hilabeteetan urrats txikiak eman direla onartzen badugu ere, euskal gizarteari, bere erakundeei eta eragile politiko eta sozial ezberdinei honakoa adierazteko beharra ikusten jarraitzen dugu:

1. Egungo egoeran, preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzatekela uste dugu.

2. Beraz, arazo honen konponbide orokorra lortzeko asmoz, honako urratsak beharrezkoak lirateke.

a) Gaitz larriak pairatzen dituzten presoen arazoa dela eta, iazko uztailaren 5ean egindako eskaerari berretsi egiten diogu: ”Sindikatuok agintariei estatuan indarrean dagoen legedia eta nazioarteko irizpide zorrotzenak aintzat har ditzaten eskatzen diegu, gaitz larriak edota sendaezinak pairatzen dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko edo espetxetik ateratzeko, duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta”.

b) Espainia eta Frantziako gobernuei preso guztiak Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroako espetxeetara ekar ditzaten exijitzen diegu, espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko.

c) Preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatzen dugu, espetxe legediak zehazten duen moduan.

3. Sindikatu sinatzaileok, dokumentu hau Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzan erregistratuta, berriro diogu beharrezkoa dela, nork bere espaziotik, gai honi buruzko ebazpenak behin betiko aurrera egin dezan laguntzea.