Deustuko Etengabeko Arreta Gunearen gaueko zerbitzuaren itxiera salatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean, 18.000 sinaduren babesarekin
Sindikatuok, Deustuko Etengabeko Arreta Guneko (EAG) langileekin batera, elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Osakidetzak zerbitzuaren gaueko txanda behin betirako itxi duela salatzeko. Hain zuzen ere, zerbitzu publiko hori kentzearen aurka bildutako 18.000 sinadura baino gehiago entregatu ditugu.
LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK eta SME sindikatuok eta Deustuko EAGko langileek hilabeteak daramatzagu salatzen Osakidetza pandemiaz eta horren ondoriozko nahasmenaz baliatu dela, aitzakia gisa, ematen duen osasun-arretaren eskaintza murrizteko. Hain da horrela, ezen, gure aldetik egindako presioa eta guzti, azkenean itxi baitu Deustuko EAGko gaueko zerbitzua, 2021eko otsailaren 1era arte irekita egon dena.
Murrizketa hori aspalditik zegoen jasota Osasun Sailaren ibilbide orrian, baina orain pandemiak ekarri duen ekaitz perfektua aprobetxatuz aplikatu da. Aurrerantzean osasun-zerbitzu publiko hori ez zaie eskainiko herritarrei, oraingo honetan bilbotarrei; erabaki horrek, gainera, ondorio larriak eragingo dizkie bai gaixoei, eta baita osasun-sistema publikoari berari ere. Gogora ekarri behar dugu EAGak arreta-maila bat direla, hain premiatsuak ez diren (premiazkoak bilakatu litezkenak) baina arreta behar duten larrialdiak artatzeko, nahiz eta premia hori ez izan ospitaleko larrialdietan artatzeko bestekoa.
Horrela, neurri horrek ospitaleetako larrialdiak gehiago kargatzea dakar, Basurtuko Ospitalekoak kasu honetan. Zeren ospitaleko larrialdiei ez dagozkien patologiak eta egoerak hara bideratuko baitira, ospitaleetako larrialdi-zerbitzua kolapsatu arte. Izan ere, oso larriak ez diren patologiak EAGn artatu beharko lirateke. Horrek, gainera, ondorio logiko hauek ekarriko ditu:
– Herritar gehiago pilatuko dira ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetako itxaron-geletan.
– Artatuak izateko itxaron-denbora luzatuko da, eta egoera saturatuz joango da.
– COVID-19arekiko esposizioa areagotuko da, osasun-gomendio guztien aurka.
Argi dago maniobra hori Osasun Sailaren eta Osakidetzaren estrategiaren barruan dagoela, EAGek ematen duten zerbitzua murrizteko edo are ezabatzeko. Izan ere, ez da gaueko ordutegian ixten duten lehen EAGa, eta ez da azkena izango, horrelakoak gertatzen uzten badugu.
Zerbitzu publiko horren itxiera saihesteko egindako dinamika guztien artean, urtarrilaren 28an hainbat eragilek, besteak beste, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, Osaldek eta Bilboko Elkartasun Sareak mozio bat aurkeztu zuten Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran. Mozio horretan, Udalbatzari eskatu zioten Osakidetza eta Osasun Saila premiatu zitzan Deustuko EAGren aurrez aurreko larrialdien zerbitzuaren itxieran atzera egitera (00:00-08:00 bitarteko ordutegian). Baina mozio hori ez zen onartu; horren ordez, aurrera atera zen Udal Gobernuaren zuzenketa, EAJk eta PSEk prestatua. Horren bidez, Osakidetzari eskatu zitzaion xehe-xehe azter zezala lehen deskribatutako zerbitzua kentzearen ondoriozko eragina, eta baita zerbitzuaren balizko erabiltzaileei osasun-estaldura mantenduko zitzaielako bermea ere. Bitarteko irtenbidea, inon bada.
Bat egin dugu Zaldibar Argitu plataformak hondamendiaren urtemuga dela-eta deitutako mobilizazioekin
- Ekintza Sindikala
- Ekintza Soziala
- Ekosozialismoa
- Lan istripuak
- Lan Osasuna Idazkaritza
- Prekarietatea Hiltzailea
2020ko otsailaren 6an Zaldibarko Verter Recycling zabortegia hondoratu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu ziren zabor artean. 6 hilabete eta 10 egun desagertua eman ondoren, Alberto Sololuzeren gorpuzkinak aurkitu zituzten. Zorritxarrez, urte bat eta gero, Joaquin Beltranek desagertu jarraitzen du zabortegian.
Hasieratik exijitu dugu langileak aurkitzea, baina afera hau ez da hor amaitzen. Izan ere, erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoak dira, egia ezagutu dadin, justizia egon eta berriro gerta ez dadin bermeak ziurtatzeko.
Hondamendiak erantzule politiko argiak ditu
Zabortegiaren kudeaketa luizia gertatu zen momentuan, baina baita hondamendiaren aurretik zein ondoren salatu ditu LAB sindikatuak. Verter Recycling enpresaren jardueran, kontrol eta isun faltaz gain, amiantoaren arauz kanpoko pilaketak egon dira urteetan zehar, kasuz kasu kontrolatu behar zirenak. Jaurlaritzak eta Ingurumen sailak, orduan ere, ez zuten ezer egin.
Verter Recycling enpresak erantzunkizun zuzena du hildako langileen gainean eta urteetan zehar Zaldibarko zabortegian egon den jarduera klientelar, opako, ez jasangarri eta arriskutsuaren aurrean.
Kasu honetan, erantzukizuna ezin da eremu pribatura mugatu, eremu publikoak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa izan duelako. Arduradun horiek izen abizenak eta ardura politikoak dituzte. Iñigo Urkulluk zuzenduriko Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak ardura politiko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago, kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoren artean dagoen harreman zuzena.
Erantzule nagusien artean, patronala ere badago zalantzarik gabe. Izan ere, indarrean dagoen legeria ez du betetzen. Langileon gaixotasun edota heriotzak merke ateratzen zaizkio eta horrela izaten den bitartean, joera ez da aldatuko. Zabor kudeaketa pribatizatu eta kontrol publikorik ez edukitzeak, egungo zabor eredua negozio bilakatu du eta patronalak horretan ere aurkitu du mozkina langile klasearen zein naturaren bizkar.
Egoera tragiko horren aurrean, patronala ez salatzeak, Administrazio publikoa bera konplize bilakatu du, egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak ez baititu hartzen, langileon bizitza zein osasuna bermatzeko edota zabor eredu iraunkor baterako trantsizioa egiteko.
Lanetik etxera bizirik bueltatzeko eskubidea dugu!
Euskal Herrian, 2020. urtean, gutxienez 75 langilek bizitza galdu dute lanean. Koronabirusaren testuinguruan azeleratu den krisialdi sozioekonomikoak ez du gelditu lanean hildakoen sarraskia. Kontrakoa, 2020an lan istripu hilgarriak %65 areagotu dira 2019 urtearekin alderatuta. Amiantoaren ondorioz, gutxienez, 28 pertsona hil dira. Koronabisurasen ondorioz hildako langileen kopurua, aldiz, ez dugu ezagutzen.
Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, ekonomia eredu zehatz batek ezartzen dizkigun ondorioa baizik. Zaldibarren gertatutakoa zabor bilketa eredu ez jasangarri batez elikatzen den sistema kapitalista ekozidaren erakusgarri garbia da. Horrela, berebiziko garrantzia du gertatutakoaren inguruan erantzunkizunak argitzeak. Era berean, zabor kudeaketari dagokionean administrazioek orain arte garatu duten pribatizazio politika salatu eta ekonomia jarduera estrategikoak publikoak izan behar dira.
Egoera hau jasaezina bihurtu da langile klasearentzat. Langileriak pairatzen duen lan indarkeria arazo sozial larria da, egiturazko arazo larria eta inposatzen dizkiguten politika neoliberalaren ondorio zuzena da. Lan istripuak enplegu eta lan-baldintza txarren ondorio dira, prekarietatearen (azpikontratazioa, behin-behikotasuna… etab.) eta benetako prebentzio eta babes neurri faltaren ondorio.
Politika publikoen lehentasuna, langileon bizitza erdigunean
Gaurkoan, Gasteizko Gobernuari exigitzen diogu langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituen politika publikoak garatzea. Horretarako, egungo politiken norabidea da aldatu beharrekoa. Badaude alternatibak, eredu berriak, aldaketaren aldeko gehiengo herritarra, urgentzia kolektiboa… borondate politikoa da falta dena.
Pasa den urteko urtarrilaren 30ean bizitza, lan eta pentsio duinak aldarrikatuz greba orokorra egin genuen, milaka herritar, herri honetako gehiengo soziala mobilizatuz. Urtebete honetan zehar, osasun krisiarekin, aurretik zetorren krisi estrukturala azeleratu besterik ez da egin, eremu ezberdinetako krisiak bisibilizatuz (zaintza, hezkuntza eredua, lan harremanak, osasungintza…).
2020Ko otsailaren 6ko gertakariak, eredu ekonomiko kapitalista ekozida hau iraunkorra ez dela, heriotza-sufrimendua besterik ez duela ekartzen eta pertsonen bizitzaren aurkakoa dela agerian utzi du. Zaldibarko zaborraren atzean dagoen zabor kudeaketari kiratsa dario. Eremu honetan ere, garaia da eredu berri bateranzko urratsak emateko, trantsizioa egiteko.
Herri ekimenari esker, Zaldibar argitzen ari gara
Langileon eta herritarron erantzuna, txalotzekoa eta eskertzekoa izaten ari da: etengabe mobilizazioak, iniziatiba herritarrak, herri akusazioa aurkeztea, langileak antolatzea, proposamenak mahai gaineratzea… berriro gerta ez dadin, bermeak eta erantzunkizunak eskatuz.
LAB sindikatuan lanean eta borrokan jarraituko dugu langileen segurtasun, osasun eta bizitzen alde, guztiontzat osasuntsua eta bizigarria izango den eredu sozioekonomiko berri baten defentsan. Eta noski, Zaldibarren gertatutakoa argitzeko ere. Zentzu honetan, otsailaren 6ean Zaldibar Argituz plataformak deitu dituen mobilizazioekin bat egin eta langileria bertan parte hartzera gonbidatu nahi dugu.
– Zallan. Plazan. 12:45ean lore-eskaintza eta 13:00etan manifestazioa.
– Etxebarria. 13:00etan Olaia aurrean
– Elgeta. 13:00etan plazan
– Markina-Xemein. 13:00etan
– Zaldibar. 13:15ean Udaletxeko Plazan.
– Eibar. 17:00etan Untzagatik.
– Ermua. 17:30ean Zubiaurretik.
Garbiñe Aranburuk adierazi du mobilizazio orokorragoak beharrezkoak direla enpleguaren arazoari erantzuteko
Aktualitateko gaiak hizpide izan ditu Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, Hamaika Telebistan egindako elkarrizketan. Hain zuzen ere, enpleguaren suntsiketaz, lan osasunaz, sistema publikoa indartzeko beharraz eta aurrekontuetaz aritu da, besteak beste. Gertatzen ari den enplegu galerari buruz, nabarmendu du beharrezkoa dela harresi sindikal eta sozial bat eraikitzea lanpostuen defentsan: “Enpleguaren arazoari, lekuz leku, enpresaz enpresa, erantzuteaz gain, mobilizazio orokorragoak eta zabalagoak beharrezkoak dira”, azaldu du, eta LAB sindikatua bide hori lantzen ari dela azaldu du, eragileekin egingo dugun erronda aipatuta.
Lan heriotzak eguneroko ogia bilakatu dira, eta horren aurrean ere gogoeta egin du Garbiñe Aranburuk: “Heriotzen atzean prekarietatea dago, eta prebentzio neurriak ez betetzea. Lan heriotzak ekidin daitezke, indarkeria patronala da, eta instituzioen aldetik utzikeria dago, ez dutelako urratsik ematen istripu hauek saihesteko. Laneko gaixotasunak ez dituzte erregistratu ere egiten”.
Zaintza sektorean eta Osakidetzan izandako grebak ardatz, zerbitzu publikoak indartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Osasungintza publikoan agerian geratu da zein garrantzitsua den sistema publiko indartsu bat izatea. Osasungintzan murrizketak izan dira azken urteetan; osasun langileak egonkortasunik gabe daude lanean, lan karga handiarekin; babes neurriak borrokatu beharrean izan dira… Europako beste herrialdeekin alderatuz, inbertsio beretsua eskatzen dugu, eta EAErako aurkeztutako aurrekontuetan ez dugu ikusi”.
Zaintza arloko gatazkari buruz, salatu du langile hauei ez zaiela behar eta merezi duten aitortzarik ematen, ez politikoki, ez ekonomikoki, ezta sozialki ere, lan hauek emakumeek betetzen dituztelako. Zaintza negozio izatea onartezina dela kritikatu du: “Zaintzak ezin du pribatizatuta egon, sistema publiko baten bidez bermatu behar da. Egungo egoerak nahiko agerian utzi du gogoeta sakon bat egin behar dela, eztabaida sakon bat ireki behar dela guztion artean, zein nolako zaintza eredua nahi dugun erabakitzeko”.
Enplegu suntsiketak gehiago zigortu ditu gazteak, berriro
Urtearen hasierak osasun-krisiaren larritzearekin eta hirugarren olatuaren eraginarekin bat egin du, eta, ondorioz, murrizketa berriak eta enplegu-suntsiketa handiagoak izan dira.
Enplegu Zerbitzu Publikoen arabera, urtarrilean 2.578 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, gehiengoa emakumeak. Hala ere, datu horiek ez dute zehatz-mehatz islatzen Gabonen ostean gertatutako lan- suntsiketaren tamaina.
Izan ere, Gizarte Segurantzaren hileko balantzearen arabera, 10.925 lanpostu galdu dira hilabete bakarrean. Ondorio hori ateratzen da, behintzat, sisteman afiliatutako pertsonen kopuruaren bilakaeratik.
Bestalde, urtetik urterako datuei erreparatuta, duela urtebete baino 20.934 pertsona gehiago daude langabezian (afiliazio-jaitsieraren antzekoa).
Gainera, enplegua suntsitzeak gehiago zigortzen ditu gazteak; izan ere, kolektibo hori aldi baterako lan-harreman oso prekarioen eraginpean dago bereziki. Zehazki, langabezian dauden gazteen kopuruak %37 egin du gora.
Kutsatzeak behar bezala ez kontrolatzearen ondorioz susperraldia atzeratzen ari da eta krisialditik goiz ateratzeko aukera kolokan jartzen. Gainera, larrialdia luzatu ahala, etsipena, axolagabekeria eta elkartasunik ezean bilaka daiteke.
Joera arriskutsu hori zabaldu eta nagusitzea saihestu nahi badugu, babes sozialeko sistemak indartzea ezinbesteko zaigu langabeziaren eta desberdintasunen igoeraren aurrean. Ez da pobreziaren aurkako borrokan ahaleginak murrizteko unea.
Zutabe soziala indartzea konponbidearen funtsezko eta ezinbesteko zatia da; hala ere, ez da nahikoa izango, gero eta enpresa gehiagok bizi duten finantza-egoeraren pixkanakako narriaduraren aurrean.
Krisiaren luzapenak likidezia arazoak behin betiko kaudimen gabezia bihurtzearekin mehatxatzen du, batez ere krisiak gehien kaltetu dituen eta “finantza muskulu” txikiagoa duten enpresentzat.
Alde horretatik, komeni da gogoraraztea enpleguaren %80 baino gehiago mikroenpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan biltzen dela. Eta badakigu ekoizpen-sarea gero eta gehiago suntsituz gero berehala kaleratze ugari izango direla.
Nafarroako helduen egoitzetarako hitzarmen baten aldeko kanpaina hasi dugu, eta otsailaren 27an mobilizazio bat egingo dugu Iruñean
Orain arte Estatuko hitzarmen batek araututako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena lortu ondoren, LAB sindikatuak helburutzat jarri du adinekoen egoitzen Nafarroako lehen hitzarmena sortzea. Sektore hori erabat feminizaturik dago, eta oso egoera larria du pribatizazioaren, prekarizazioaren eta bitartekoen faltaren ondorioz. Beraz, aipaturiko helburu hori lortzeko, LAB sindikatuekin, egoitzetako erabiltzaileekin eta familiakoekin jarriko da harremanetan, baita Nafarroako Gobernuarekin ere; eta mobilizazio bat eginen du Iruñean otsailaren 27an.
Nahiz eta hitzarmen berriak sortzea ez den batere ohikoa -Nafarroan hiru sortu dira azken hogei urtean-, LABek uste du zahar egoitzetan bizi den egoera larriak eta Esku-hartze Sozialeko hitzarmen sortu berriaren bultzadak beharrezko eta posible egiten dutela erronka honi heltzea.
Nafarroako zahar egoitzetako langile gehienak emakumeak dira eta egoitzen egoera oso larria da pribatizazioaren, prekarizazioaren eta baliabide faltaren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du erakundeek zenbateko utzikeria daukaten zaintzen esparruan; funtsezko esparrua izaki, berrantolatu eta lehentasuna eman behar zaio. Nafarroako gizartearentzat erronka estrategikoa da zaintza-sistema publiko komunitario bat sortzea, esparru sindikalak, mugimendu feministak eta pentsiodunen mugimenduak sarritan eskatu dutena.
Hitzarmenak bi urrats garrantzitsu ekarriko lituzke. Alde batetik, negoziazio-eremu hori Nafarroara ekarriko litzateke, eta, beraz, egoitzetako langileek eta haien ordezkariek lan-baldintzen erregulazioan zuzenean parte hartzeko eskubidea irabaziko lukete. Beste aldetik, sektoreko lan-baldintzak nabarmen hobetuko lirateke, Esku-hartze Sozialean gertatu den bezala. Bi urrats horiek eskutik doazela frogatu da: lan-baldintzen estatalizazioa prekarizatzeko bide bat da, eta, aldiz, negoziazio kolektiboko esparru propio batean aurrera egitea lanbidea duintzeko aukera paregabea da.
Oso adierazgarria da alderatzea, batetik, hirugarren adinekoen egoitzetan estatuko hitzarmenarekin lan egiten duten langileen lan-baldintzak, eta bestetik, desgaitasuna duten pertsonak artatzeko zentroetan Nafarroako hitzarmen berrituarekin lanean ari direnenak. Bi eremu horietan ezaugarri bertsuko lana egiten da, baina aldeak nabarmenak dira: esaterako, 11 urteko antzinatasuna duen adinekoen egoitzetako zaintzaile batek 653,13 € gutxiago kobratuko lituzke eta 32 egun gehiago egingo lituzke desgaitasuna duten pertsonentzako zentro bateko zaintzaile batek baino.
Gure iritziz, hirugarren adinekoen egoitzen hitzarmen probintziala Nafarroako egoitzetan bizi den egoera larriari aurre egiteko beharrezko hiru neurri estrukturaletako bat da. Beste neurri bat litzateke ratioen legea, lan-kargak benetan arinduko dituena eta egoiliarrek jasotzen duten arreta hobetuko duena; eta hirugarren neurria litzateke publikotasun-plan bat, gaur egun Nafarroako Gobernuak zuzenean adinekoentzako 2 egoitza bakarrik kudeatzen baititu: Iruñeko El Vergel eta Lizarrako Santo Domingo; bien bitartean, ordea, plazak kontzertatzen ditu 42 egoitza eta eguneko zentrotan, gehienak kudeaketa pribatukoak.
LABek informazio-kanpaina bat eginen du Nafarroako egoitzetan, eta, horren ostean, mobilizazio bat Iruñean, otsailaren 27an. Era berean, LABeko kideok harremanetan jarriko gara sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiekin, erabiltzaile eta senideekin eta Nafarroako Gobernuarekin, legegintzaldi honetan Nafarroako zahar egoitzen hitzarmena sortzea ahalbidetuko duten akordioak bilatzeko.
LABen iritziz, funtsezko zerbitzu publikoa denez eta zati batean Nafarroako Gobernuak hitzartua denez, Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak zuzenean inplikatu behar dute egoitzen hitzarmena lortzeko; horrela jokatu zuten Esku-hartze Sozialeko hitzarmena sortzeko prozesuan eta desgaitasuna artatzeko zentroen hitzarmena berritzeko prozesuan.
Laudion, Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan egondako lan-istripu larria salatu nahi dugu
- Irakaskuntza
- Lan istripuak
- Lan Osasuna Idazkaritza
- Sukalde eta garbitzaileak
- Uncategorized
- Zerbitzu Publikoak
LAB sindikatuak Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan egondako lan-istripu larria salatu nahi du. Atzo jakin genuen ostiralean langile bati bihotzekoak eman ziola. Larri dagoen langileari elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu. Laudioko ikastetxe publikoan gertatu da. Ez zaigu ahaztu behar, besteak bete, asteburuan beste lan-istripua egon dela Derioko GUFEko egoitza batean, non langilea bihotzekoa jota hil egin den.
LABek aspalditik salatzen ari da kolektibo honen egoera, non langileen %68 behin-behinekoa da (administrazioko kopururik altuena), langileek ez dituzte haien funtzioak zehaztuta, ordezkapenak ez dira betetzen, ratioak kontuan izanda laguntza kontratuak ez dira izendatzen eta covid-19ko errefortzuak ez dira kontratatzen hainbat ikastetxeetan, lan-zama gero eta handiago da,…
Azken urteetan, kolektibo honetan ari diren langileen kasuan hainbat gaixotasun profesional suertatzen ari dira eta baita, lan-istripuak. Lanpostu arriskutsuak direla esan dezakegu.
LABek kolektibo honen lanpostu guztien balorazioa eskatzen du, arriskuak ezagutu eta aztertu daitezen eta langileen osasun zaintza berma dezatela exijitzen du. Negoziazio kolektibo zintzo baten bidez arazoa ondo bideratu daiteke, langile guztientzako irtenbide egokia bilatuz. Kontsolidazio prozesuak behar dira eta egiteko lege propioa behar da, salbuespen egoera bati salbuespeneko neurriekin erantzunez.
Tubacexeko langileen enpleguaren aldeko borroka babestu eta bultzatuko dugu
Tubacexek Laudioko eta Amurrioko lantegietarako ABEEE bat eta EEE berri bat aurkeztu direla formalki jakinarazi ondoren, LABek honako hau adierazi nahi du:
– Lehenik eta behin, Laudioko eta Amurrioko lantegietarako Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurkeztu izanaren iragarpenak, ezustekoa izan ez arren, sumindu egiten gaitu.
-Sistema kapitalistak, erakundeak kapitalarentzat lanean ari direla, Tubacex bezalako enpresei enplegua suntsitzeko aukera ematen die, administrazio-kontseilu baten diru-goseagatik; izan ere, kontseilu horrek orain arte irabazi duten diru bera edo gehiago irabazten jarraitu nahi du langileen kontura. Beraz, argi eta garbi esan behar da inposatu nahi dituzten kaleratzeak eta prekarizazioa ez direla enpresaren biziraupena eta enplegua bermatzeko.
– Azken ABEEE aurkeztuta, Tubacexek lortu nahi izan duen gauza bakarra atzoko eguna antzezteko eta iragarritakoa prestatzeko behar adina denbora irabaztea da. Horretarako, zalantzarik gabe, bere langileen langabezia eta diru publikoa erabili ditu bere estrategia finantzatzeko.
– LABek Tubacexeko langileek enpleguaren defentsan hasiko duten borroka babestu eta bultzatuko du. Era berean, erantzun eta borroka hori eskualdeko sektore guztietatik etor dadin lan egingo dugu, Tubacexeko lanpostuen etorkizuna ez ezik, Aiaraldeko enpleguaren eta ekonomiaren etorkizuna ere jokoan baitago.
PCBko langileen kontra Ertzaintzak egindako kargan jipoitutako langile guztiei gure babes eta elkartasuna erakusten dizkiegu
Gogoratu nahi dugu atzo bizi izan zen egoera ez dela berria. Eraso hauek duela bi astetik ari dira ematen. Egunero, polizia indarren neurriz kanpoko indarkeria ari dira jasaten jangileak. Erabat gaitzesgarri eta tamalgarria iruditzen zaigu PCBren jabe den ITP taldeak, 90 langileren kaleratzearekin, sortu duen gatazkaren aurrean Eusko Jaurlaritzak ematen duen irtebide bakarra.
Industria Sailak, uko egin zion langileen ordezkaritza sindikalarekin batzartzeari urtarrilaren 29rako aurreikusitako bilera baino ordu batzuk lehenago, pikete informatiboen indarkeria argudiatuz. Hala ere, atzo argi ikusi ahal izan genuen goizero PCBko atarian erabiltzen den indarkeria bakarra Ertzaintzarena dela.
LABetik, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu behingoz gatazka honetan parte har dezan, egin dezala PCBko langileen eta euren bidezko aldarrikapenen alde, eta irakur dezala itxiera EEEa modu serioan auzitan jartzen duen laneko agintearen txostena. Arantza Tapiak “lanerako eskubidea ez errespetatzea” leporatzen die PCBko piketeei. Tapia anderea, non dago miseriara kondenatutako 90 familia horien lanerako eskubidea?
Amaitzeko, balioa eman nahi diogu PCBko langileen borroka eta duintasun eredugarriari. Eskrupulorik gabeko multinazional baten aurka borrokan jarraitzen dute, milioitako irabaziak dituena eta diru publikoa jaso izan duena, oraingoa bezalako krisi koiuntural batengatik langileen %20a kaleratu nahi duena.
PCBko langileak ez daude bakarrik borrokan, herria dute euren ondoan.

