2026-02-04
Blog Page 502

Osakidetzako azpikontratetako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileak ostegunean mobilizatuko dira

LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta, Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileek ere bat egingo dute urriaren 3an Bilbon egingo den manifestazioarekin, osasungintza publikoko langileek asteotan bultzatutako “Honaino heldu gara” dinamika mobilizatzailearen baitan.

Sindikatuon oharra:

OSAKIDETZAKO AZPIKONTRATAK HONAINO HELDU GARA!
Garbiketa, anbulantzia, sukade eta kafetegietako langileak ere,
osasun langileak gara

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Osakidetzaren azpikontratatutako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegi sektoreetako langileen ordezkari gisa, Osakidetzako langileekin batera manifestazio bat deitzea erabaki dugu urriaren 3an.

Denbora daramagu gure osasun-sistemak pairatzen duen erabateko prekarietatearen egiturazko egoera salatzen, bai Osakidetzan, bai azpikontratetan ere. Lan-gainkarga, baliabide-falta, behin-behinekotasuna, kontratazioen partzialtasuna eta segurtasun-neurrien falta gure osasun-sistemaren egiturazko arazo bat da. Gaur egun, birusaren bigarren olatu hasiberri baten aurrean gaude, eta egoera horrek are larriagoa egiten du baliabide faltaren arazoa.

Egoera are larriagoa da zerbitzu jakin batzuk interes pribatuen esku jartzen direnean, hala gertatzen da garbiketa, anbulantzia eta Osakidetzako sukalde eta kafetegien kasuan. Osasun-sistemaren zati bat negozio-objektu bihurtzeak esan nahi du horiek kudeatzen dituzten enpresak kezkatuago egotea euren etekinak optimizatzen enplegu eta zerbitzu segurua bermatzen baino. Osakidetzako langileen esparruan, baliabide falta egitate bat bada, arazoa larriagotu egiten da gure sektoreetan. Pandemiak iraun bitartean, segurtasun-neurrien faltak, langileen, erabiltzaileen eta gure familien osasuna arriskuan jartzea eragin du.

Pandemia honek agerian utzi du pertsonen osasuna ezin dela negozioaren xede izan, ezta interes pribatuen mende egon ere. Halaber, agerian utzi du zeintzuk garen oinarrizko zerbitzuak ematen ditugunak, oso egoera gogorrean lehen lerroan egon garenak. Gure lana funtsezkoa bada, zerbitzu publikoa ematen badugu, gure enpleguek ere hala izan behar dutela aldarrikatzen dugu; horregatik, azpikontratatutako zerbitzuak sistema publikora itzultzea eskatzen dugu, enplegu eta langile guztien lan-baldintzak bermatuko dituen zerbitzuen publifikazioa eskatzen dugu.

Horregatik guztiagatik, Osasun Publikoa, Unibertsala, kalitatezkoa eta modu seguruan zein lan-baldintza duinekin eskainia aldarrikatzeko, Osakidetzako azpikontratatetako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileok elkarretaratzeak burutuko ditugu EAEko hiru lurraldeetan datorren ostegunean, urriaren 1ean, eta urriaren 3ko manifestazioan parte hartu dugula iragarri. Azkenik, herritar guztiei dei egin nahi diegu protestan masiboki parte hartzera.

Urriaren 1eko kontzentrazioak 11: 00etan egingo dira ospitale hauetan:

Bizkaia: Gurutzeta Ospitalea
Gipuzkoa: Donostia Ospitalea
Araba: Txagorritxu Ospitalea

Amiantoak eragindako lan heriotzen aitortza eta enpresen erantzukizuna eskatu ditugu Iruñeko epaitegien aurrean

Arcelor enpresaren Lesakako lantegiko langile zen Teo Vila amiantoak jota hil zen eta, horren harira, gaur epaiketa egitekoa zen, enpresaren ardura zehazteko. Hori dela eta, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean, eta Teo Vilaren heriotza salatzeaz gain, bertan egon ahal izan diren beste kasu batzuk argitzeko prozedurak eta neurriak hartzea exijitu dugu.

Lan heriotzak prekarietatearen ondorio zuzena direla salatu dugu, ostiralean hildako irakaslea gogoan

Irakaskuntzako langile bat hil zen lan-istripuz Oñatin, ostiralean. Honen aurrean, gehiengo sindikalak mobilizazioa egin du Donostian, Hezkuntza sailaren egoitzaren aurrean, lanean izandako istripu hilgarri hau salatzeko. Lan heriotzak gaitzesteko mobilizazioek jarraipena izango dute bihar, Sondikan, ostiralean hildako beste langile baten lan heriotza dela eta; industria arloan, kasu honetan. 

Ez dugu Gestamp taldean lanpostu suntsiketarik onartuko

0

Gaur, irailak 29, Gestamp-eko arduradunek taldeko enpresa bi itxi nahi dituztela jakinarazi digute; Zamudioko Matricerias Deusto eta GTS, hain zuzen. Mehatxu honek 230 langile zuzeni eragingo lieke.

LAB Sindikatuak argi adierazi nahi dugu ez dugula tamainako mehatxurik onartuko. 2018an 258 milioi garbi eta 2019an 212 milioi garbi irabazi dituen enpresa taldeak, instituzioengandik diru laguntza izugarriak jaso dituenak eta Euskal Herrian sortutako aberastasuna munduan zehar lanpostu prekarioak sortzeko erabili duenean, ezin du goizetik gauera horrelako erabakirik hartu.

Instituzioek ere badute erantzukizun bikoitza, batetik Euskal Herrian Politika industrialik ez dugunaren ondorio baita; eta bestetik, ematen diren diru laguntzen jarraipen eta kontrol egokirik ez dutelako egin. Arantxa Tapia eta bere Gabineteak horrelako basakeria onartuko dute? Esan dezatela ozen, zenbat diru publiko eman dioten Gestamp taldeari.

Gestamp taldeari argi eta garbi esan nahi diogu:

1. Ez dugu lanpostu suntsiketarik onartuko. Ez dugu lan baldintzak prekarizatzerik onartuko.

2. Bideragarritasun plana egin dezala; produkzioa mantentzeko, eraberritzeko edota eraldatzeko, beharrezko inbertsioak egin ditzala.

3. LAB negoziatzeko prest gaude, beti bezala, etorkizunaz eta enplegu duinaz; ez mehatxuez, prekarietateaz eta enplegu suntsiketaz.

Talde osoaren eta taldeko langile guztien lanpostu eta lan baldintzak borrokatuko ditugu. 212 milioi garbi irabazi dituen enpresa batek ez du Euskal Langilegoari horrelakorik egiteko eskubiderik. LABek enpleguaren defentsan indarrak batu eta borrokatzeko deia egiten dugu.

COVIDen aztarnari ekipoak indartu behar dira zerrendetan dagoen langileak kontratatuz

0

LABek uste du Osakidetzak hausnarketa serio egin eta neurri zehatzak eraman behar dituela aurrera COVID kasuen detektatu eta jarraipena egiteko gaur egun erabiltzen ari den aztarnarien sarean. Gure ustez, Osakidetza ez da zerbitzu hori modu egoki, eragingarri eta gardenean kudeatzen ari.

Hasteko, zeregin horietan aritzen den langile kopurua daukagu. EAEan lanean ari diren aztarnari taldeak eta bertan aritzen diren langile kopuruak ez dira nahikoak, kontuan hartzen badugu kasuen zenbakiak eta EAEko populazioa. Beraz, LABen ustez talde horiek numerikoki indartu behar dira, Europako beste herrialde batzuetan erabiltzen ari diren ratioak kontuan hartuta.

Bestaldetik, Osakidetzak aztarnari lanak egiteko langileak osasun zentroetatik eta ospitaleetatik atera ditu, baina langile horiek ez dira ordezkatuak izan haien lan- zentroetan; haiek utzitako hutsunea eta lan-karga gainerako kideen artean banatu behar izan dute. Egoera hau onartezina da eta, gaur egun gainezka dauden osasun zentroak eta beste zerbitzu batzuk are egoera txarragoan utzi ditu honek. Horregatik eta gehiago itxaron gabe, Osakidetzari exijitzen diogu aztanari lanetan aritzen diren langile guztiak ordezkatzeko kontratazio berrien bidez.

Osakidetzari egiten diogun beste eskaera bat hau da: aztanari lanak egiteko administrari profileko langileak kontratatuko dira lehentasunez (administrari laguntzaileak, zelariak…) indarrean dauden kontratazio zerrendetatik eta behar duten formakuntza espezifikoa emango die Osakidetzak. Ezin da ulertu pertsonal sanitarioa (batez ere erizainak, baina baita fisioak eta beste kategoria batuk ere) lan administratibo hauetan aritzea, bere zereginak bestelakoak direnean eta hainbeste zita eta kontsulta atzeraturik daudenean. Zentzu honetan, kontratazioak erabateko gardentasunarekin egin beharko dira, beti ere kontuan hartuta hizkuntza eskakizuna derrigorrezko baldintza dela, erabiltzaileekiko komunikazio zuzena mantendu behar delako.

Esan gabe doa langile hauen lan-baldintzak eta eskubide guztiak errespetatu behar direla, hala nola ordutegia, karteldegia, egun libreak…, eta kontratuen egonkortasuna bermatu behar dela.

Rastreo lanei garrantzia aitortzen badiegu, dagokion inbertsio serioa egin behar du Osakidetzak. Giza inbertsioa eta inbertsio materiala. Zerbitzu honi buruzko informazioa helarazi behar digu langileon ordezkarioi eta kontratu eta baldintza duinak bermatu behar ditu Osakidetzak. Ezin dugu onartu ez sindikatu bezala, ezta jendarte bezala ere, “rastreo” lanak inprobisazio, gardentasun eza eta prekarizazio esparrua izatea.

Azerbajanek Artsakh-eko errepublika erasotu izana salatzen dugu

Azkeneko egunetan jakin dugu Azerbaijanek Artsakh-eko errepublika erasotu duela. Eraso hauetan biztanleria zibila erasotu dutela eta Artsakh-eko hiriburua den Stepanakert eta mugako egonlekuak erasotu dituztela ere jakin dugu.

Azkeneko egunetan jakin dugu Azerbaijanek Artsakh-eko errepublika erasotu duela jakin dugu. Eraso hauetan biztanleria zibila erasotu dutela eta Artsakh-eko hiriburua den Stepanakert eta mugako egonlekuak erasotu dituztela ere jakin dugu.

Artsakh-eko errepublika Armenia eta Azerbaijanen artean dagoen herrialde bat da. Sobietar Batasunaren garaian lurraldea Azerbaijanen barruko mugetan zegoen, nahiz eta biztanleria gehiena Armeniar jatorrikoa den. 1988-an Azerbaijanek Turkiaren laguntzarekin gerra hasi zuen 1994ean bukatu zena OSCEren Minskeko Taldearen laguntzarekin buruturiko bake elkarrizketen bitartez. 1991-ean, Sobietar Batasunaren desagerpenaren testuinguruan, Artsakh-en erreferendum bat egin zen, eta gehiengoak Azerbaijanetik ateratzeko hautua egin zuen. Erreferendumak ordea ez zuen nazioarteko errekonozimendurik izan, eta gaur egun oraindik, nazioarteko komunitatearentzat lurralde hau Azerbaijaneko zati bat da, nahiz eta honek lurralde horren kontrolik ez duen.

LAB sindikatuak Azerbaijanen eraso hau gaitzesten du, eta Azerbaijanek eraso militarrak ahalik eta azkarrenen eten ditzala exijitzen du. Aldi berean Turkia gatazka honetan izaten ari den papera eta parte hartzea salatzen dugu, kasu honetan ere kanpo injerentzia nabarmen hau gaitzetsi egiten dugu. Artsakh-eko herritarren gehiengoaren borondate demokratikoa errespetatu egin behar da. LABek gerra gaitzetsi, eta bizikidetzaren, elkarrizketaren aldeko apustua berresten du, elkarrizketa eta borondate demokratikoaren errespetua gatazkak konpontzeko eta erregioan bakea modu iraunkorrean ezartzeko tresna diren neurrian.

Buñuelgo Abilio Portoles nekazaritza enpresan egun bateko grebara deitu dugu gaurko, lan prekaritatearen kontra eta hitzarmena betetzearen alde

0

LAB sindikatuak, Buñuelgo (Nafarroako Erribera) Abilio Portoles e hijos S.L. enpresan ordezkaritza duenak, greba-jardunaldi baterako deia egin du gaurko, enpresak ez baitu akordio adosturik lotu nahi kontratazioen eta lanaldiaren inguruan.

Abilio Portoles e hijos, S.L. barazkiak landu eta biltzen dituen enpresa da, eta 20 langile baino gehiago ditu, horietatik hiru laurdenak jatorri magrebtarra dutenak. Tomatea eta piperra biltzeko kanpainaren erdian, enpresak ez dio deitu nahi izan horietako bati, LAB sindikatuko afiliatuari, nahiz eta aurretik kanpainak egin dituen eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren arabera aldizkako kontratu finkoa egin beharko liokeen. Bien bitartean, enpresak langileak lagatzeko kontratuetara jo du aldi baterako laneko enpresa baten bidez, eta, gainera, langile batzuk aparteko orduak egiten ari dira.

Langileek hitzarmen kolektiboaren beste ez-betetze batzuk eta lan osasunaren arloko hutsuneak ere salatu dituzte. Hori dela eta, enpresako zuzendaritzarekin akordioak lortzeko hainbat ahalegin egin ondoren, eta haren itxikieria ikusita, ekintza sindikalera pasatzea erabaki dute. Hala, gaur 24 orduko lanuztea eta mobilizazio-jardunaldia ari dira egiten, eta, bukatzeko, manifestazioa eginen dute 18:00etan Buñuelgo karriketan barna.

LAB sindikatutik nabarmendu nahi dugu langile horien klase elkartasuna, eta Nafarroako landa eremuan baldintza duinak lortzeko egiten duten borroka. Horregatik, mobilizazioetan laguntzeko eta parte hartzeko deia egiten dugu.

Lan heriotzen arduradunak seinalatu eta ordain dezatela exijitzen dugu

Ostiralean, hilak 25, 34 urteko langilea hil zen Kantabrian, Onton herrian, Derivados del fluor enpresarentzat lanean ari zela. Hildakoa Loiuko Sisteingeko langilea zen eta Derivados del Fluorrek azpikontratatuta zuen.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langileeen famili eta gertukoei.
Azken heriotza honekin, 49 dira gutxienez urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak, eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.

Salatu behar dugu heriotza guztiek faktore amankomun bat dutela oinarrian, prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta benetako prebentzio ezaren ondorio zuzena dira.

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasun eta bizitzaren gainetik.

Aldi berean, administrazio publikoen jarrera salatu nahi dugu, dagoeneko, pasa den urtean baino langile gehiago hil delako lanean. Izan ere, 2019 urtean 46 izan ziren eta aurten, iraila bukatu gabe, 49 dira hildakoak eta bat desagertutakoa. Administrazioek ez dute gaia agenda politikoan kokatzen, sarraski honen aurrean beste alde batera begiratzen dutelako. Egoera honen konplize bilakatu dira. Lan osasunari buruz hitz egiten dute baina bultzatzen dituzten politikek prekarietatea bultzatzen dute. Pausu bat aurrera emateko ordua da, arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exigitzen dugu.

LABen argi dugu, laneko biolentziarekin amaitzeko bizi eta lan duinak behar ditugu. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LABen lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik azken istripua salatzeko dei egiten diogu langile klaseari, gehiengo sindikalak datorren asteazkenean, irailaren 30ean, egingo duen mobilizazioan parte hartzera. 12:00etan izango da, Sondikan, Berreteaga poligonoko sarreran (Txorierri etorbidean).

Quim Torrari eta Kataluniako herriari gure elkartasun osoa adierazten diegu

Berriro ere Espainiako epaitegi batek Kataluniako lehendakaria kargugabetzen du, oraingo honetan pankarta bat jartzeagatik. Kataluniak momentu honetan lehendakari bat erbestean du eta beste bat Espainiako epaitegi batek kargugabetuta. Hortaz gain, gobernuko lehendakariordea zen Oriol Junqueras eta Parlamentuko lehendakaria zen Carmé Forcadell kartzelan daude, besteren artean. Espainiako demokraziaren kalitatearen beste erakusle bat gehiago.

Epaitegi Gorenak gaur eman du jakitera bere epaia. Epai horren arabera, Quim Torra lehendakaria hauteskunde batzordeak kentzeko eskatzen zion preso politikoen aldeko pankarta kendu ez izana desobedientzia delitua da.

Euskal Herritik, LAB sindikatuak Quim Torra lehendakariari eta Kataluniako herriari bere elkartasun osoa adierazten die, eta Espainiako Estatuko epaitegien esku-hartze politiko berri hau salatzen du. Garbi daukagu, soilik Kataluniako herriak jarri eta kentzen dituela lehendakariak, eta ez Espainiako Estatuko epaitegi batek.

Horregatik, kataluniarrentzat suposatzen duen eraso larri honen kontziente izanik, eta Kataluniako eta gainontzeko herrien burujabetza defendatzen dugulako, sententzia hau arbuiatzeko Kataluniako txoko guztietan antolatuko diren mobilizazioei gure babes osoa adierazten diegu. Pankarta bat jartzea adierazpen askatasun ekintza bat izanik, Espainiako Estatua bezalako “demokrazia” batean desobedientzia delitu bilakatzen da. Horregatik, guk ere Kataluniako herriaren aldarrikapenak gure egingo ditugu, askatasunaren alde eta Kataluniako erakunde burujabeen defentsan.