Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok Iruñeko kaleak hartu ditugu, aurrekontu sozialen defentsan eta zerga-erreforma justu eta sakon baten alde. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza amaiera ekitaldian: “Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioa marraztu nahi dugu, eta trantsizio hori borrokatzen ari gara”. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranbururen esanetan, “trantsizio hori egiteko, bide hori egiteko, orain arteko bidean atzera egin behar da, erabakietan deseraikitzeko prozesu bat beharrezkoa da. Orain arteko erabakiekin bukatu behar da, pribatizazio eta merkantilizazio politikei mugak jarriz, zaintzaren arazori irtenbide bat emanez eta pentsio eta lan erreformekin atzera eginez”.
Guggenheim Museoko aretoko laguntzaileak eta arte-lanen zaintzaileekin gertatzen ari dena salatzen dugu
Guggenheim Museoak ESC Servicios Generales enpresa azpikontratatu du aretoko laguntzaile eta arte-lanen zaintzarako zerbitzua emateko. Enpresa hori Prosegur-ena da, eta bere fundazioa museoa beraren patronatuan dago, beste erakunde batzuekin batera, hala nola Eusko Jaularitza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala.
ESC Servicios Generales enpresak xantaia egin nahi die langileei lan-baldintzen funtsezko aldaketa batekin (41. artikulua). Hala, museoan lanean aritzetik (enpresa berak lehenengo klausula gehigarrian sinatutako zentro-itunean bezala), langileak enpresaren intereseko edozein merkataritza-zentrotan egotera pasatzea nahi du enpresak, neurri hori xantaia gisa erabiliz, inolako baldintzarik gabeko ABEEE bat onar dezaten.
LABen ustez, nahiz eta enpresa batzordean ordezkaritzarik ez eduki, afiliazio-kopuru handia daukagu, negoziazioan parte hartu ahal izan beharko genuke xantaia ezin zaigula egin esateko. Prest gaude ondorio guztiekin mobilizatzeko, aldaketa horrek berehalako eraginik izan ez dezan.
Bilera bat eskatu diogu Guggenheim Museoko zuzendaritzari, eta baita erakundeei eta alderdi politikoei ere, enpresak abenduaren 7tik aurrera indarrean egin nahi duen zerbait lehenbailehen konpontzeko. Enpresak ez digu kasurik egiten, ez erantzuten.
Jendarteak muturreko egoerak bizi dituenean, pandemiaren aitzakian orduekin xantaia egin, egutegia nahi bezala aldatzea eta enpresari nahi duen malgutasuna lortzen uztea ez da onargarria.
Lan prekarioa dugu, feminizatua eta aitortzarik gabea, atzetik eta langileen kontra eginez dabilen enpresa honetan. Guk argi daukagu, ez dugu xantai hori onartuko, edo jarduteko modua aldatu egiten dute edo konfrontazioaren bidea besterik ez zaigu geratuko.
Horretarako, premiazko 3 neurri eskatzen ditugu.
– Baldintzen funtsezko aldaketa berehalako eraginik gabe uztea. – Langileei egungo egoera berehala jakinaraztea.
– Xantaiarik gabeko benetako negoziazioa hastea.
Berriz irabazi ditugu hauteskundeak Iruñeko Udalean
Duela lau urte egindako hauteskunde sindikaletan bezala, oraingoan ere LAB izan da Iruñeko Udalaren zenbaketa orokorrean boto gehien lortu dituen sindikatua; izan ere, 10 ordezkari lortu ditu: zazpi, funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen artean, eta hiru, lan-kontratudunen artean. Horrela, bigarren indarrak baino lau ordezkari gehiago izanen ditugu.
Gure eguneroko gainerako alderdietan gertatzen ari den bezala, hauteskunde-prozesu honen garapena COVID-19ak baldintzatu du goitik behera. Hori dela eta, aurreko hauteskundeetan baino boto gutxiago eman dira; baina ezin dugu ahaztu udal langile batzuk konfinatuak daudela, beste batzuk konfinatutako ahaideak zaintzen ari direla (ezinbesteko betebeharragatiko baimena baliatu gabe, gogora dezagun), eta beste batzuk telelanean ari direla. Horregatik, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu LABen boto-papera hautestontzietan sartuz guregan konfiantza izan duten langile guztiei.
Zuei esker, LABek bigarren aldiz jarraian irabazi ditu hiriburuko udaleko hauteskundeak. Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen artean berdindu egin ditu 2016an lortutako emaitzak; guztira, 23 ordezkarietatik 7 lortu ditu. Lan-kontratudun langileei dagokienez, LAB hirugarren postuan geratu da, baina boto gehiago lortu dituzten bi sindikatuen ordezkari kopuru bera lortuta. Egia bada ere lan-kontratudun langileen artean LABek, 2016ko hauteskundeekin alderatuta, ordezkaritza galdu duela, ezin dugu alde batera utzi lau urte hauetan bikoiztu egin dela hauteskundeetan parte hartu duten sindikatuen kopurua (2016an 3 sindikatu izatetik 2020an 6 izatera igaro gara). Horrek azaltzen du, neurri batean, gertatutakoa.
Emaitza horiek bultzada handia ematen diote lau urte hauetan egin dugun lan gogor eta etengabeari; izan ere, Langileen Batzordean proposamen gehien aurkeztu duen ordezkaritza sindikala izan gara. Eta, horrez gain, lortutako emaitzak honako hauen ondorio ere badira: egin ditugun kontsulta eta aholkularitza guztien ondorio, Udaleko langileei dagozkien alderdi partikularrei buruz informatzeko, galdetzeko eta erabakitzeko egin ditugun dozenaka bilera eta batzarren ondorio, eta udal langileen eskubideak defendatzeko eta haien lan baldintzak hobetzeko modu batean edo bestean abian jarri ditugun ekimen guztien ondorio.
Jakin badakigu, halaber, laguntza hori, kasu askotan, babes kritiko bat izan dela; horregatik, aukera bat da gure lana hobetzeko, akatsak zuzentzeko eta sindikatu parte-hartzaileago eta dinamikoago bat izaten saiatzeko. Hori helburu, langile guztiak animatzen ditugu parte hartzera eta ekarpenak egiten jarraitzera, egunetik egunera hobeak izan gaitezen, eta, horrela, ahal izanez gero, udaleko langile guztiei laguntzeko.
Baina emaitza horiek ere erakusten dute langileek badakitela hurrengo urteetan, eta Udalaren jarrera ikusita, gure eskubideak eta sektore publikoa indar biziz defendatzea tokatuko dela: kontratu prekarioenak desagerraztea, soldatetan hobekuntzak sartzea -batez ere, lanpostu feminizatuenetan-, akordio kolektiboak betearaztea, euskararen erabilera normalizatzea… Horiek dira gure helburuak, eta horien alde lan egiten jarraituko dugu.
Pentsio sistema propioaren alde, azaroaren 30ean eta abenduaren 5ean kalera ateratzeko deia egiten dugu
Datozen hilabeteetan pentsioen erreforma berri baten aurrean egongo gara. Berretsi nahi dugu pentsioen erreformak ez duela bermatuko pentsio sistema publikoaren nahikotasuna ezta iraunkortasuna ere.
• Ez dira 2011 eta 2013.urteetako erreformak lehengoratzen. Erreforma hauek jubilazio prestazioak eskuratzeko baldintzak gogortu zituzten, besteak beste, pentsioen kalkulurako kotizazio urteak handituz eta jubilazio adina atzeratuz. Bi erreforma hauek pentsioetan murrizketa sakonak eta estaldura tasa txikitzea ahalbideratzen dute, hau da, jasotako azken soldataren eta jubilazio pentsioaren arteko arrakala gero eta handiagoa izatea.
• Ez da 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko eta ez da neurri bakar bat ere aurreikusten gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakala murriztu edo ezabatzeko.
• Gizarte segurantzaren iraunkortasun finantzieroa ez da bermatuko.
Testuinguru honetan, ezin gara Madrilera begira egon edota estatutik inposatzen zaizkigun neurriak baloratzera mugatu. Pentsio sistema publikoa ziurtatzeko, eredua eraldatu behar da. Horretarako, pentsio sistema propioa eta Euskal Herriarentzat gizarte segurantzarako lege propioa beharrezkoak ditugu.
Pentsio sistema propioa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskuratzeko mobilizazioa ezinbestekoa da LAB sindikatuarentzat. Horregatik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak azaroaren 30ean Nafarroan eta abenduaren 5ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu langileak.
Deslokalizazioari buruzko legea errefusatzen dugu, lege hori onartu duten moduan hasierako proposamenean sakondu beharrean edukiz hustu dutelako
“Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko Foru Legea” onartu zuen atzo eguerdian Nafarroako Parlamentuak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin. Horren harira, LAB sindikatuak gogoratu nahi du aldez aurretik errana zuela halako lege bat ontzat joko zuela baldin eta hasierako helburuetan gehiago sakontzen bazuen, baldin eta edukiz husten ez bazuten. Bada, atzo onartu zuten legeak erakusten du LABek zituen kezkek bazutela oinarririk. Hartara, sindikatuak lege hori errefusatu behar du.
LAB sindikatuak behar-beharrezkotzat jotzen du enpresen deslokalizazioa eragotziko duen lege bat. Nafarroako Gobernua ez da batere eraginkorra ehunka langileren enpleguak defendatzeko diru laguntza publikoetan milioiak jasotzen dituzten multinazionalen aurrean, ondoren, lanpostuak suntsitzeko, lantegia alde bakarretik eta inolako erantzukizunik gabe itxiz. Horrek agerian uzten du multinazionalek gobernuek baino botere handiagoa dutela. Horregatik, nahitaezkoa da lege bat izatea laguntza publikoen onuradun diren enpresak deslokalizatzea saihesteko.
Bide horretan, LABek ontzat jo zuen EH Bilduk eginiko lege proposamena, baina eskatu zuen helburuetan gehiago sakontzeko eta, horregatik, hainbat proposamen egin zizkien alderdi guztiei. EH Bilduk bakarrik jaso zituen LABen proposamenak, eta bertze alderdiek gure ekarpenak jaso ez eta, gainera, edukiz hustu dute hasierako proposamena.
PSNk, Geroa Baik eta Podemosek zergatik ez dute babesten, LABek eskatu bezala, azpikontrataritako langileak kontuan hartzea (batez ere enpresa nagusiaren deslokalizazioaren ondorioz beren enplegua suntsituta ikusten duten emakumeak)? Zergatik ez dute nahi kontrol, jarraipen eta ebaluazio mekanismo zorrotzak ezartzea lege hau benetan eta eraginkortasunez betetzeko? Zergatik uzten dute atea zabalik I+G+b arloko diru-laguntza guztiak (milioi euroak) lege honetatik kanpo uzteko? Horiek dira Nafarroako gizarte osoari zor dizkioten erantzunak.
Herritarrek, eta sindikatu honek, nahi dute diru publikoa jasotzen duen enpresa bat langileen etorkizunarekin konprometitzea eta haien enpleguak bermatzea; eta Gobernuak kontrol neurriak hartzeko eta diru publikoa berreskuratzeko gaitasuna izatea, zikoizkeriaren eta enpresa-boterearen aurrean. Baina atzo onartu zuten legeak ez du halakorik lortuko. Eta, horregatik, LAB sindikatuak mobilizatzen jarraituko du, errealitate hau aldatzeko, enpresen diru-goseari amaiera emateko, enpleguak defendatzeko eta langile guztientzako etorkizun duin bat lortzeko.

