2026-01-27
Blog Page 492

Tubos Reunidos-ek aurkeztutako ABEEEa erretiratzea exijitzen dugu

Tubos Reunidosek 8 hilabeterako ABEEE berria aurkeztu du, %66aren eraginarekin. Dokumentazioa aurkeztu ondoren, berau erretiratzea exijitu diogu Tubos Reunidos-eko zuzendaritzari.

LABentzat zentzugabekeria da 8 hilabetetako ABEEEaz hitz egitea, azalpenak jasotzen dituen memorian bertan jasotzen denaren arabera, zuzendaritzak 2020 eta 2021erako bideragarritasun plana aurkeztea aurreikusita duenean 2020a amaitu aurretik. Beste aukera batzuen artean aurreikusten du, berregituraketak eta neurri organizatibo berriei ekitea, eta honetaz gain, 2022 eta 2024 urteetarako plan estrategikoa aurrera eramatea, esaten duten moduan.

Ezin dugu momentu honetan hain eragin handia izango duen eta hain luzea izango den EEE bat aurkeztea, ez dakigunean zein den langileoi aurkeztuko diguten etorkizunerako proiektua.

Tubos Reunidos-eko langileok kokoteraino gaude enpresaren zuzendaritzak ABEEEak malgutasunerako tresna moduan erabiltzea. Kokoteraino gaude enplegu suntsiketaz eta eros-ahalmenaren galeraz, ABEEEak gehiegi baliatzeagatik sortutakoa, eta kokoteraino gaude, baita, 2017tik hona gure lan-baldintzak hobetu eta soldatak hobetzearen inguruan negoziatzeari ematen dioten ezezkoaz.

Langileok egoera hau bizi dugun bitartean, Tubos Reunidos taldeko zuzendaritza-batzordeko kideek, enpresaren egungo kaos organizatiboaren erantzuleek, bikoiztu egin dituzte euren soldatak azken urteotan.

Guzti horrengatik, ABEEE hau bertan behera uztea eta enpresa bizi duen noraezetik ateratzea ahalbidetuko dien bideragarritasun plana exijitzen dugu.

Mankomunitateak eta TCC enpresak arduragabekeriaz jokatu dute Txibiteren Gobernuak emaniko aginduaren aurrean, eta neurriak hartzeko eskatzen dugu

LABek TCCn duen atal sindikalak bere iritzia eman nahi izan du Iruñerriko garraio publiko kolektiboari buruz bat-batean ezarritako neurriei buruz:

“Mankomunitateko buruak esan du billabesen murrizketa berriak bidaiariak utziko dituela geralekuetan, autobus-defizit horrek TCCko gidarien eguneroko lanean zuzeneko ondorioak izango dituela kontuan izan gabe.

Puntako orduetan erabiltzaileak kanpoan geratzeaz aparte, ez da herritarrentzako zerbitzu publiko egokia bermatuko. Horrez gain, gidariek kontrolatu behar dituzte billabesen jende muga, eta langilea arrisku batera eramaten du. Hori dela eta, tentsiodun egoerak ematea, liskarrak ere sortzeak eta ondorioz langile-talde horrekiko erasoak gertatzeak, gehiagotan gertatu den bezala, kezkatzen gaitu.  

Gobernuak edo Mankomunitateak neurriak hartzen dituztenean, kontuan hartu beharko lukete nor eta nola eragiten duten, ondorioz sortuko diren arazoei mahai gainean konponbideak jarriz. Billabesen edukiera %50era murriztea neurri onargarri baina irreala da, egunero lanera edo eskolara joateko garraio publikoa erabiltzen duten pertsona guztiek zerbitzua erabiltzen jarraituko dute.

Egoeraren arduradunek hutsik uzten dituzten zuloaz konstzienteak izateaz eta ezer ez egiteaz nazkatuta gaude. Ez gaude aurpegia emateko prest administrazioa beharrezko bitartekoak jartzeko prest ez dagoen bitartean”.

Gipuzkoako Metalgintzako hitzarmen berria sinatu dugu, langileen borroka eredugarriari esker

Lan erreformaren ondorioz juridikoki baliorik gabe gelditu ondoren, Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmen berria sinatu dugu gaur goizean, ADEGIren egoitzan. 

2011tik, lan erreformaz baliatuta, ADEGIk uko egin dio hitzarmena negoziatzeari eta sarritan LAB bakardadean gelditu da hitzarmena aldarrikatuz. Baina, zer aldatu da orain? Urteetan enpresetan egindako borrokak, lortutako akordioek eta Bizkaiko Metalgintzan langileek egindako borroka eredugarriak ekarri dute hitzarmena. ADEGIk ez zuen Bizkaiko borroka Gipuzkoan errepikatzea nahi, eta bazekien LAB horretarako prestatzen ari zela.

ADEGIk aliatu paregabea izan du bide honetan. Izan ere, era ulertezinean, negoziaketa bilera baten bezperan, ELAk gehiengoaren babesik gabe ontzat eman zuen ADEGIren proposamena. ELAk ADEGIrekin aliantza egitea nahiago izan du, gainerako sindikatuekin eta Gipuzkoako langile guztiekin baino.

Gerora egondako bi hobekuntzaren ondoren, LABeko delegatuek batzarrean hitzarmena sinatzea erabaki zuten. 

Hitzarmenaren edukiekin pozik gaude, bereziki emakumeen eta azpikontratatutako langileen egoera hobetzen delako nabarmen, baina denak batera aritu izan bagina hobetu zitekeela uste dugu. Harro esan dezakegu, hori bai, patronalaren aurrean mobilizatu garen sindikatu bakarra izan dela LAB.

Hemendik aurrerakoei begira, lantokiz lantoki lortu ez ditugun edukiak (lanaldiaren jaitsiera, laneko bajen osagarria, baimenen hobekuntza, soldata igoera handiagoak…) lortzeko konpromisoa hartu dugu. Albiste on hau lantokietan hobetu behar dugu.

Sindikatuak presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara berriro Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan.

Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu dugu.

Sindikatuon oharra, gaurko elkarretaratzearem harira:

Gaur berriro elkartu gara hemen, Bilbo mailako presoen eskubideen aldeko sindikatuen mobilizazioan. 2018ko abenduaren hasi genuen dinamika hau, indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko helburuarekin.

Neurri hauek lehenbailehen martxan jartzea eskatzen dugu: euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea; gaixorik dauden presoak eta adinez nagusienak berehala kaleratzea; gradu aldaketa eta ohiko kartzela legerian aurreikusitako kartzela onurak eskura izatea inolako diskriminaziorik gabe eta salbuespen legeria oro gainditzea.

Aipatu neurriok premiazkoak dira eta ezin da gehiago itxaron. Kartzeletako salbuespen-egoerak, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, bizikidetza demokratikoan aurrera egitea zailtzen du eta sufrimendu gehiago sortzen du.

“Covid-19a hedatzeak lan-karga jasanezina handitzea ekarri du, baina egoitzetako langileen kopurua ez dute handitu”

Elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Lan Ikuskaritza aurrean, “SOS hirugarren adineko egoitzetan” leloarekin, helduen egoitzetan bizi den egoeraz ohartarazteko. Hain zuzen ere, titular publikoak jotzen ditugu egoeraren erantzule. Urte asko daramatzagu aldarrikatzen benetako irtenbidea zerbitzu publiko, doako, unibertsal eta nahikoa eskaintzea dela, hain funtsezkoa den zeregin hori egiten duten egoiliarrak eta langileak zaintzeko, eta mendeko pertsonen bizitzak bihurtu nahi dituzten negoziotik aldentzeko.

2016an, LAB sindikatuak sinadura bilketa bat hasi zuen, gizarte-zerbitzuetako langileen ratioak berritzeko premian arreta jarriz. Gasteizko Legebiltzarrean egon ginen kalitatezko zerbitzua izateko, nahitaez, zerbitzuok ematen dituzten langileen kopurua handitu behar dela defendatzen.

Hala eta guztiz ere, 2019ko uztailean, aurreko dekretua sinatu zeneko 21 urte pasa ondoren, Eusko Jaurlaritzak eskasa zen dekretu berria onartu zuen.

Baina egoera hori are gogorragoa bihurtu da hilabete hauetan, eta egoitzetako langileen osasuna suntsitzen jarraitzen du. Covid-19a hedatzeak lan-karga jasanezina handitzea ekarri du, baina egoitzetako langileen kopurua ez dute handitu.

Pertsonal falta dago eta lanean ari diren langileek baldintza fisiko eta psikologiko jasanezinetan egiten dute lan. Gaur egun egoitzetan, produkzio-kate batean (zaintza-kate batean) bezala lan egiten da. Atsedenik gabe.

Baina, nori egingo lioke mesede egoera honek? Erantzuna mingarria da, eta modu gardenean definitzen du zapaltzen gaituen sistema: kapitalista eta patriarkala.

Kapitalista, nahiz eta unibertsala, doakoa eta publikoa izan beharko lukeen gizarte-zerbitzu bat izan, enpresa pribatuen bidez kudeatzen delako. Eta enpresa horiek, besteon beharretatik sortzen diren onura ekonomikoak bilatzen dituzte.Patriarkala, berez zaintzailetzat hartzen diren milaka langile emakumeren bizitzaz elikatzen delako. Rol horri esker, ez da funtsezkotzat hartzen garatzen duten zeregina, eta eskaintzen zaizkien lan-baldintzak prekarizatu egiten dira.

Bilbobusek epai irmo bat ez betetzea justifikatu du Mugikortasun zinegotzi Alfonso Gilek

Bilbobus kudeatzen duen enpresak ez du betetzen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia bat, errekuperatu ezin den jai-egun batean lan egiterako zenbaketa bikoitza egiteko eskubidea aitortzen diena langileei. Honen harira, agerraldia egin du Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotziak udaletxean. Bitartean, udaletxearen kanpoaldean, LABek elkarretaratzea egin du, “Bilbobusek ez du betetzen, eta Udalak onartu egiten du” lemarekin.

Bilbobusi 2018ko epai irmo bat betetzeko eskatu beharrean (epai horren bidez, Bilbobuseko langileei ordu-kopuru bikoitza aitortzen zaie FNR bat lan egiten duten bakoitzean), justifikatu egiten du ez aplikatzea, enpresak epaia interpretatzeko bi gatazka kolektibo jarri dituela azalduta.

Alfonso Gil gezurretan ari da edo gezurretan ari dira, Preco hori kontrakoa dioen epai berri bat bilatzeko jarria dago, baina gai hau dagoeneko epaitutako auzia da.

Bilbobuseko zerbitzuaren arduradun nagusiak, epai bat betearazi beharrean, epaia ez aplikatzea justifikatzea tamalgarria da.

Enpresa pribatu bat diru publikoarekin geratzea eta kontrataziorik ez egitea ahalbidetzen duen kaltea da.

LABek publikoki salatzen du Bilboko Udalak epaiak ez betetzeko aukera ematen duela, epaiak gehiago edo gutxiago gustatu daitezke, baina betetzeko daude, eta esaldi hori hainbeste defendatzen da epaia ondo iruditzen zaienean, gustatzen ez zaienean ez da ezer gertatzen, ez dute betetzen eta Udalak, gainera, epaia ez betetzea justifikatzen du, justifikaezina baita.

Bada, Bilbobusek, Gil jaunak eta Bilboko Udalak ez dute atsegin langileei arrazoia ematen dien epaia, eta ez dute onartzen, horregatik ez dute betetzen eta ez dute aplikatzen.

Euskal presoak etxean eta bizirik nahi ditugu!

Asier Aginako euskal preso politiko ohiaren heriotza dela eta, LAB sindikatuak bat egiten du bere senideen, gertukoen nahiz berarekin ibilbidea partekatu zuten LABkideen saminarekin.

Gaixotasun larria antzeman eta gutxira kaleratu zuten Asier, gaixo larri orori zor zaion bezala. Halere, Asierren heriotza ez da heriotza natural soila. Jakina da euskal preso politikoek pairatzen dituzten espetxe baldintzek ondorio kaltegarriak dituztela pertsonen osasunean. Oraindik ere indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika ez da pertsonak bergizarteratzeko tresna, baizik eta pertsonak suntsitzekoa. Asierrek hamabost urte eman zituen espetxean, bere herritik ehunka kilometrora, lehen graduan beti.

Horregatik, LAB sindikatuak salbuespenezko neurri oro premiaz bertan behera uztea exijitzen die, berriro ere, Espainiako eta Frantziako Gobernuei. Horixe da Euskal Herriko langile gehien-gehienak ordezkatzen ditugun sindikatuok behin baino gehiagotan egin dugun eskaria. Eta hala izan dadin, mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu.

Epaitegietan salatuko ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetako urriaren 6ko greban ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak

Krisi hau hasi zenetik helduen egoitzetako sektorea izan da ondorio gehien eduki dituenetarikoa. Egoiliarren artean heriotz tasa oso handiak izan dira, egoiliarrak hilabete asko egon dira egoitzatik atera ezinik, beraien senideekin egon ezinik… langileen lan-karga eta erritmoak egunetik egunera handiagoak dira, bete beharreko protokoloak egun batetik bestera aldatzen dira eta hauek ez dira inoiz langileekin adosten.

Guzti honen ondorioak dramatikoak dira. Langileak euren osasuna arriskuan jartzen ari dira eta egoiliarrek ezin dute merezi duten zerbitzua jaso, beraien osasuna ere arriskuan jartzen delarik.

Egoera honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du dagoen lan gatazkari irtenbidea emateko inongo neurririk hartu, eta indarrean dagoen ratioen inguruko katalogoa ez du aldatu. Honek esan nahi du langileek herrialdeko hitzarmenik gabe jarraitzen dutela, eta krisi honek eragindako lan karga eta erritmoei aurre egiteko, Aldundiak ez duela langileen ratiorik aldatu.

Gipuzkoako Foru Aldundia helduen egoitzetako langileekin agiten ari denak ez du izenik. Ezin dugu onartu langileek dena ematen duten bitartean, eta egoera hobetzea suposatuko duen neurriak hartu beharrean (herrialdeko hitzarmena egotea eta ratioak hobetzea) Gipuzkoako Foru Aldundiak zentzu honetan ezer ere ez egitea.

Langileak, duela urteak hasi ziren beraien lan baldintzen alde borrokan. Mobilizazio eta greba egun asko egin behar izan dituzte eta oraingoan ere langileen tresna den greba eskubidea ukatu diete, urriaren 6ko azkeneko greba egunean Eusko Jaurlaritzak onartu dituen gutxieneko zerbitzuetan, ia kategoria guztietan %100eko zerbitzu minimoak zehazten dira. Eskubide Urraketa bortitz honen aurrean eta langileen aldeko defentsan, LAB sindikatuak eskubide urraketa honekin epaitegian salaketa sartzea erabaki du.

Instituzio publikoak errealitatea hobetuko dituzten neurriak ez dituzte hartzen, baina langileek beraien aldarrikapenak egiteko oinarrizkoa den greba eskubidea kentzeko gai dira.

Irmoki salatu nahi dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hartu duten jarrera. Beraien egitekoa, besteak beste, langileak eta egoiliarrak defendatzea da eta oso urrun geratzen ari dira horretatik.

LAB sindikatuak ez ditu langileen kontrako erasoak onartuko, tinko egongo gara gure eskubideak defendatzeko garaian.

Haurreskolak Partzuergoko etorkizuna kolokan jartzen ari da Eusko Jaurlaritza

EAEko Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok agerraldia egin dugu Bilbon, jaiotzatik hezkuntza eskubidea bermatu dadin, haurreskolek doakoak eta hezkuntza sailean integratuak behar dutela egon aldarrikatzeko. Mobilizazioak iragarri ditugu datozen egunetarako.

Hauxe da sindikatuon irakurketa:

Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza sindikala dugun sindikatuok, LAB, STEILAS eta ELAk, ikasturte korapilatsu hau hasi eta ia hilabete bira Partzuergoko gerentziarekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin inolako harremanik izan ez dugunez, eta langileen eta hezkuntza-proiektuaren egoera gogorra aintzat hartuta, mobilizazioei hasiera ematera behartuta aurkitzen gara.

Izan ere, hezkuntza-arloko beste sektore batzuetan (hezkuntza berezian, zerbitzuetako langile eta irakasleen) mahai negoziatzaileak deituak izaten ari diren bitartean, Haurreskolak Partzuergoko  aurrez aurreko negoziazio-mahaia oraindik ez da deitua izan, nahiz eta ikasturte honetan behin baino gehiagotan eskatu izan dugun. 

Era berean, Hezkuntza Sailburu eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria  den Jokin Bildarratzek ez du deitu zuzendaritza batzordeko bilera eta ez du oraindik Haurreskolak Partzuergoko Mahai negoziatzaileetara etorriko den ordezkaria izendatu. Batzorde honen deialdiaren garrantzia azpimarratu behar dugu, batzorde horretan hartu behar baitira Haurreskolak Partzuergoko langileei eta hezkuntza-proiektuaren bilakaerari eragiten dieten erabakiak. Hezkuntza Saileko talde berriak Haurreskolak Partzuergoarekiko duen arduragabekeria erakutsiz.

Bestalde, Zorione Etxezarraga gerente berriak, kargua hartu zuenetik, sindikatuekiko inkomunikazioa eta jarrera autoritarioak gailendu dira orohar. Egoera larriagoa da oraIndik pandemia egoeran gaudenetik, gerentziak gure lan eta lanbide-etorkizunari zuzenean eragiten dioten erabakiak hartzerakoan langileen ordezkariak kontuan hartu ez dituelako. 

Bestalde, haurreskolen egungo egoerari dagokionez, gerenteak hartutako aldebarreko erabakien ondorioz Haurreskolak Partzuergoaren hezkuntza-proiektua arriskuan jartzen ari dela salatu nahi dugu.  Hori dela eta, neurri horiek geldiaraztea izango da gure helburu nagusia.

-Negoziazio kolektiboa ukatu egiten zaigu, dagoen hitzarmen eta araudi guztiak urratuz eta langileen ordezkaritza gutxietsiz.

– Ordezko langileen kontratazio berria geldiarazi egin da; horrela, beste langile batzuen baja medikoak, baimenak edo lizentziak betetzeko, kontratupean dauden hezitzaileak haurreskola batetik bestera eguneroko desplazamenduetara jotzen da, zentroen hezkuntza proiektua, irizpide pedagogikoak eta haurren egokitzapenak hankaz gora jarriz

-Horrez gain, aparteko orduak egitera behartzen dituzte langileak, ordezkoak bidaliko ez dituzten mehatxupean. Gure hitzarmenean aparteko egoeretarako bakarrik aurreikusita badira ere, gaur egun aurreikusi daitezken egoera arruntei aplikatzen zaizkie.

Beharrezkoa den kontratazioa blokeatzeko erabakia hartu du, Haureskolak Partzuergoa  enpresa pribatua balitz bezala. Horrekin, ehunka ordezko lanik gabe utzi ditu, partzuergoak eskaintzen duen hezkuntza-proiekturako urte askotan zutabe garrantzitsua izan direnak, gaur egun erakunde publikoetatik abandonu egoeran daudelarik. 

Beraz, salatu behar dugu hezkuntza eta gizarte zerbitzua eskaintzen duen enpresa publiko bat izanda, Haurreskolak Partzuergoko Gerentea den Zorione Etxezarragak,  pandemia egoerari aurre egiteko kontingentzia planerako gehigarririk izan ez duen aurrekontutik ez pasatzeko erabakia hartu duela eta egoera hau erabiltzen ari dela lanpostuak suntsitzeko eta langileon lan baldintzak okertzeko.

Gauzak horrela, negoziazioa berreskuratzeko, kontratazioa desblokeatzeko eta langileen lan baldintzak hobera egiteko, mobilizazio dinamika hau jarriko dugu abian:

-Datorren asteazkenean, hilak 28, goizeko 11:30etan konzentrazioa Eibarren Haurreskolak Partzuergoak duen egoitzaren atarian.

-Hurrengo astean, era deszentralizatuan EAEko 3 hiriburuetako Hezkuntzako Delegaritzetan. Egunak eta ordutegiak zehazteke daude.

Haurreskolak Partzuergoaren  etorkizuna kolokan jartzen ari da Eusko Jaurlaritza, egoera honi buelta emateko eta jaiotzatik hezkuntza eskubidea bermatu dadin Haurreskolak doakoa eta hezkuntza sailean integratua nahi dugu.