2026-09-28
HomeFederazioakZerbitzu Publikoak"Covid-19a hedatzeak lan-karga jasanezina handitzea ekarri du, baina egoitzetako langileen kopurua ez...

“Covid-19a hedatzeak lan-karga jasanezina handitzea ekarri du, baina egoitzetako langileen kopurua ez dute handitu”

Elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Lan Ikuskaritza aurrean, “SOS hirugarren adineko egoitzetan” leloarekin, helduen egoitzetan bizi den egoeraz ohartarazteko. Hain zuzen ere, titular publikoak jotzen ditugu egoeraren erantzule. Urte asko daramatzagu aldarrikatzen benetako irtenbidea zerbitzu publiko, doako, unibertsal eta nahikoa eskaintzea dela, hain funtsezkoa den zeregin hori egiten duten egoiliarrak eta langileak zaintzeko, eta mendeko pertsonen bizitzak bihurtu nahi dituzten negoziotik aldentzeko.

2016an, LAB sindikatuak sinadura bilketa bat hasi zuen, gizarte-zerbitzuetako langileen ratioak berritzeko premian arreta jarriz. Gasteizko Legebiltzarrean egon ginen kalitatezko zerbitzua izateko, nahitaez, zerbitzuok ematen dituzten langileen kopurua handitu behar dela defendatzen.

Hala eta guztiz ere, 2019ko uztailean, aurreko dekretua sinatu zeneko 21 urte pasa ondoren, Eusko Jaurlaritzak eskasa zen dekretu berria onartu zuen.

Baina egoera hori are gogorragoa bihurtu da hilabete hauetan, eta egoitzetako langileen osasuna suntsitzen jarraitzen du. Covid-19a hedatzeak lan-karga jasanezina handitzea ekarri du, baina egoitzetako langileen kopurua ez dute handitu.

Pertsonal falta dago eta lanean ari diren langileek baldintza fisiko eta psikologiko jasanezinetan egiten dute lan. Gaur egun egoitzetan, produkzio-kate batean (zaintza-kate batean) bezala lan egiten da. Atsedenik gabe.

Baina, nori egingo lioke mesede egoera honek? Erantzuna mingarria da, eta modu gardenean definitzen du zapaltzen gaituen sistema: kapitalista eta patriarkala.

Kapitalista, nahiz eta unibertsala, doakoa eta publikoa izan beharko lukeen gizarte-zerbitzu bat izan, enpresa pribatuen bidez kudeatzen delako. Eta enpresa horiek, besteon beharretatik sortzen diren onura ekonomikoak bilatzen dituzte.Patriarkala, berez zaintzailetzat hartzen diren milaka langile emakumeren bizitzaz elikatzen delako. Rol horri esker, ez da funtsezkotzat hartzen garatzen duten zeregina, eta eskaintzen zaizkien lan-baldintzak prekarizatu egiten dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

LAB Sindikatuak ez du Gipuzkoako Enpresa Transitarioen sektoreko hitzarmena sinatu ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez dielako sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.