2026-04-13
Blog Page 488

Elkarretaratzea egin dugu, Tasubinsak kalean utzi duen delegatua berriz har dezaten eskatzeko

Berriz ere elkarretaratzea egin dugu Tasubinsa-ren bulego orokorren parean, enpresak LABeko delegatu bat kalean jarri duela salatzeko eta berriz har dezan eskatzeko. Elkarretaratzea Arazuri-Orkoien industrialdean izan da.

LABek salatu duenez, desgaitasuna duen langile hori, bi urte eta erdi zeramatzana lanean  -azken biak modu aktiboan, langile guztien legezko ordezkari gisa-, kalean utzi dutela, bere kontratua hasieratik mugagabea izan behar zela erreklamatu zuelako.

Era berean, salatu du Tasubinsak -900 langile dituen eta diru-kutxa publikotik milioika euro jasotzen dituen Nafarroako enplegu-zentro bereziak- desgaitasuna duten pertsonen behin-behineko kontratazioa sistematikoki erabiltzen duela, pertsona horiek kontratuz kontratu 3 urtera arte ziurgabetasunean eta etorkizunerako bermerik gabe edukiz.

Haurreskolak Partzuergoan mobilizazio eta greba dinamikekin jarraitzea baino ez zaigu geratzen

Haurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailako arduradunen negoziatzeko borondate eza  dela eta, langileen lan-baldintzak okertu ez ezik, Partzuergoa bera arriskuan jartzen dituzten aldebakarreko erabaki politikoak direla eta, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok greba eta mobilizazioetara deitzeko beste alternatibarik ez dugu. Hala jakinarazi dugu Bilbon egindako agerraldian. 

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok EAEko Hezkuntza sailari Haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu. Izan ere, abenduaren 10 eta 16ko greba eta mobilizazioen ostean, abenduaren 22an deitu zuten bileratik, Haurreskolen etorkizunaren inguruan genituenak baino zalantza eta kezka gehiago eta larriagoekin atera ginen. Esan beharra dago bilera horretara, lehenengo aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko hainbat ordezkari bertaratu zirela.

Azpimarratu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak inposatutako gai ordenarekin burutu zela bilera. Abenduko grebak deitzeko aldarrikatzen genituen aldagaiei puntu bakar bat ere ez zieten eskaini, aldez aurretik espresuki eskatu genien arren.

Haien asmoa kudeaketa langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikustea da, horregatik ez zuten negoziaziotzako inolako dokumentaziorik aurkeztu. Aurreakordio hau orain dela urtebete sinatu bazen ere, oraindik ez dute bete. Gainera, esan zigutenez, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen ostean, soilik Haurreskolak Partzuergoan sinatutako akordioa da indarrean ez dagoena.

Honekin guztiarekin zalantzan jartzen dute Haurreskolak Partzuergoaren 2003ko sorreratik Hezkuntza Sailak, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzorde desberdinek eta alde sozialak egindako lana, baita aurreko gerentearen kudeaketa ere. Horretaz gainera, inongo lotsarik gabe, 2009ko lan-hitzarmena sinatu osteko hitzartu diren akordio guztien zilegitasun juridikoa zalantzan jartzen dute.

Hau guztia gutxi balitz, abenduaren 22ko bileran bertan Haurreskolak Partzuergoaren etorkizunaren gainean egindako adierazpenek izugarri kezkatzen gaituzte. Besteak beste, haurreskola txikien biziraupena zalantzan jarri zuten, Haurreskolak Partzuergoa landa eremuaren garapenerako testuinguruan sortu zenean.

Non geratu da Legebiltzarrak Jaurlaritzari egin zion eskaera Haurreskolak Partzuergoaren hobarien sisteman moldaketa egin zezan, pandemiaren  ondorioz, baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiek ordaindu behar dituzten kuotak bizi duten egoera berriari egokitzeko? Eta erabateko doakotasunerako urratsak?

Sindikatuok argi daukagu Haurreskolak Partzuergoko enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu bat behar dugula. Era berean, Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna Hezkuntza Sailean integratzetik eta doakotasunetik pasatuko da. Badelako garaia Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa (0-3a) aitortzeko.

Beraz, negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu. Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu. 

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok langileei eta jendarteari argi adierazi nahi diegu egoeraren larritasuna eta mobilizazio dinamikarekin jarraitzeko beharra. Ondorioz, aldarrikapen zerrenda honen baitan, Haurreskolak Partzuergoko langileak 2021eko urtarrilaren 25 eta 27an eta otsailaren 22, 23 eta 24an grebara deitzen ditugu, honako eskaera hauen defentsan:

-Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.

-Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.

-Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.

-Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz.

-Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea. 

-Aurrekontua handitzea.

Bukatzeko, Haurreskolak Partzuergoko langileak, familiak, alderdi politikoak eta udalak zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera deitzen ditugu, abenduaren 10 eta 16ko grebetan hainbat herritan egin zuten bezala. 

Glovoko langileen lan-harremana aitortzeak lehen urratsa baino ez du izan behar sektoreko lan-baldintzak hobetzeko

Hasi dira Gizarte Segurantzak Glovoren kontrako epaiketa prestatzeko saioak. Zitatutako guztiei dei egin diete ordezkaria izenda dezaten. Honen harira, LAB langile batzuen izenean pertsonatu da eta langileak babesteko mobilizazioa egin dugu epaitegi aurrean, Bilbon.

Bizkaiko Glovo enpresako langileen epaiketa kolektiboa gero eta gertuago dago. Aste honetan, epaiketa horretan zitatutako langileei deitu zaie beren ordezkaritza izendatzeko. 200 langile baino gehiago daude deituta Lan Ikuskaritzak bultzatutako epaiketa kolektibora, eta, beraz, funtsezko puntu baten aurrean gaude, sektorean lana aitortzeko borrokan. Ildo horretan, sindikatuak iragarri nahi du epaiketara deitutako hainbat langileren defentsa gisa pertsonatuko garela, eta berretsi egiten dugu azken urteotan Glovoko langileekin egin dugun lana. Auzitegi Gorenak eta Estatuko beste toki batzuetako auzitegiek ebatzi duten bezala, lan-harremana aitortzea beste epairik ez dago.

Bizkaiko errealitatetik haratago, Nafarroan ere epaiketa kolektiboa izango da laster. Iruñeko Glovon eratutako sindikatu-atala, halaber, sektoreko langileen autoantolaketan sakontzen ari da. Donostian eta Gasteizen ere gune eta esparru espezifikoak prestatu dira sektoreko langileekin informazioa partekatzeko. Gasteizen, zehazki, hurrengo batzarra urtarrilaren 27an egingo da, arratsaldeko 16:30ean, sindikatuaren egoitzan.

Argi daukagu borroka hasi baino ez dela egin. Laboraltasuna aitortzeak lehen urratsa baino ez du izan behar sektoreko lan-baldintzak hobetzeko. LABek autonomoen kuotak, ordutegiak, soldata eta lan-osasuneko bermeak itzultzea beharrezkotzat jotzen du Euskal Herriaren esparruan antolaketa eta borroka-dinamika iraunkor bat ezartzeko, eskubide horiek lortzeko.

Hala ere, borroka hori ez da soilik epaiketa kolektiboan aipatutako langileena. Uberizazioaren fenomenoak eta, beraz, lan-harreman mota horiek beste plataforma digital batzuetan ugaritzeak zuzenean erasotzen die langile-klasearen eskubide guztiei. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Estatuko Gobernuari eskatzen diegu lan-araubide orokorra aplika diezaietela mota horretako enpresei eta langileei, eta lan-ikuskaritzak eta beste mekanismo batzuk indartu ditzatela horrelako enpresen iruzurra kontrolatzeko.

LABek borrokan jarraituko du, orain arte egin dugun bezala, plataforma digitaletako langile guztien lan-eskubideen alde, bai epaitegietan, bai kalean ere. Enpresetan uberizazioaren eta autonomo faltsuen aurkako borroka egiten jarraituko dugu.

Arabako ardogintza sektoreko hitzarmena sinatzearen aldeko jarrera dugu

Arabako ardogintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bileran, LABek lau puntu aurkeztu ditu, hauek onartuz gero akordioa sinatuko lukeela aipatuz eta patronalak ontzat eman ditu lau puntuok.

Ostegunean, beste bilera bat egingo da aurrekordioa sinatzeko.

Hauek dira onartutako alderdiak:

  • –  1.000 eurotara iristen ez diren kategoriak ekiparatzea.
  • –  2021ean, 2018ko soldata taulekiko %4ko igoera.
  • –  Eta kontsolidagarriak ez diren bi paga, bata hitzarmena argitaratzean ordaintzekoa eta bestea apirilean. Bata,%2koa 2018ko taulekiko eta bestea %1ekoa 2018ko taulekiko.

Mendaroko Egile Mechanics enpresak 12 langile kaleratu ditu

Hegazkigintza sektorearen krisiak Debaldea ere kolpatu du. 2020ko abenduaren amaieran Egile Mechanics enpresak 12 langile kaleratu zituen ABEE aplikatu ostean. Agerian geratu da patronalak ABEEak bezalako neurri koiuntural zein kaleratzeen moduko tresna estrukturalak erabiliko dituela COVID-19ak sortutako egoerari egiteko, sektoreko etorkizuneko lan baldintzak kaskartuz.

Abenduaren 15ean kaleratutako irakurketan salatu genuen bezala, hegazkingintza sektore estrategikotzat aurkeztu dute eta diru publiko asko inbertitu da. Hala ere, sektoreko langileak inolako babesik gabe geratu dira eta enplegua suntsitzen ari da sektorea eraldatuz eta etorkizun batean langile prekarioagoengatik ordezkatuz.

Patronalari eta administrazioari urrats ezberdinak eskatu genizkion: inbertsioa pertsonetan izatea, langileak kaleratzea ekiditen dituzten tresnak erabiltzea, diru publikoa era arduratsu batean banatzea… eta kaleratze hauek gure eskaera indartzeko balio digute, azaldutako kontestuan argi kokatzen direlako.

Langileok krisia ordaintzen ari gara eta LABetik enplegu duina defendatzeko eta langileon aktibazioa pizteko dinamikak martxan jartzen jarraituko dugu. Era berean, kaleratzeak indargabetzen dituzten neurri alternatiboak erabiltzea eskatzen diogu enpresari kaleratuak izan diren langileak berronartuz eta etorkizunean eman daitezkeen kaleratzeak ez ditugula onartuko argi laga nahi dugu.

Pandemiaren aitzakiarekin langileen eskubideak nonahi urratzen ari direla salatu dute Gasteizen

Aernnovako langileen itxialdia amaitu da, eta, horrekin batera, agerraldi bat egin dute Gasteizen. Hain zuzen ere, Aernnovak planteatutako 55 kaleratzeak ez ezik, beste hainbat lekutan ere antzeko neurriak hartzen ari direla salatu dute prentsaurrekoan. Hala, pandemiaren aitzakiarekin kaltetutako hainbat enpresetako langileen babesarekin, kaleetatik mobilizatu dira ondoren.

Aernnovako langileek azaldutakoaren arabera, “gaur ez da ezer amaitzen, gaur ibilibide berri baten pausoa ematen dugu. Guk pairatzen dugun arazoaz gain, beste leku desberdinetan izaten ari diren ezegonkortasunak eta gatazkak entzun ditugu aste honetako itxialdian, eta kasu gehienetan Covid-19an aukitzen dute arrazoi ala aitzakia. Eta honen aurrean ez dator administrazioetako erantzun arduratsua. Estaltzen dira ostrukarena egiten. Beraz, aste honetan jasotako elkartasunez ez gara geldirik eta besoak bilduta geratuko”.

Itxialdiak iraun bitartean, Aernnovako langileek borrokan diren hainbat enpresetako langileen bisita jaso dute, gogoeta trukatzeko, norberak bere problematika azalduz. Alestis, ITP Aero Casting , SDA Factory, Gasteizko Michelin, Mercedes, Laminaciones Arregui… enpresa hauetako langileek bat egin dute Aernnovakoekin, besteak beste.

LAB sindikatuko ordezkariok ere bisita egin genien, enpleguaren defentsan ditugun dinamiken berri emateko eta gure elkartasuna adierazteko.

Harresi sozial bat eraikitzeko deia egin dugu, enplegu suntsiketa eta prekarizazioaren aurrean

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute, enpleguaren defentsan sindikatuak abian jarriko dituen dinamiken berri emateko. Hain zuzen ere, bizi dugun salbuespenezko egoeraren aurrean, langileak antolatu, aliantzak eraiki eta aktibatzea beharrezkoa dela nabarmendu dugu. Horretarako, sindikatuen artean protokolo bat adostea proposatu dugu. “Lantokietan, enpresa batzordeetan, baditugu harremanak sindikatuen artean, baina gogoeta hauek konpartitzeko, harreman horiez gain, beste sindikatuekin bilera erronda konfederal bat egiteko asmoa dugu”, aurreratu du Garbiñe Aranburuk.

Azken urteetan eraiki den lan harreman ereduak sortu du egungo egoera. Enpleguaren arazoa egiturazkoa da eta, hortaz, egiturazko irtenbideak eskatzen ditu; irtenbide politikoak, lan erreformak atzera bota eta lan harremanen eraldaketa sakona, alegia. Zentzu honetan, LABetik Euskal Herrirako Lan Kode proposamen bat lantzen ari gara.

Gaur gaurkoz, berriz, lehentasunak momentuko erantzunean jarri nahi ditugu, eremu pribatuan zein eremu publikoan. Hortaz, mahai gainean jarri ditugun erantzun horien berri eman dute Garbiñe Aranburuk eta Xabier Ugartemendiak, agerraldian.

Eremu pribatuari dagokionez, agerikoa da enplegu asko suntsitu dela, eta, zerbait berreskuratu den arren, oraindik ere milaka lanpostu daudela arriskuan. Hala, kaleratzeak ekidin eta soldata eta lan baldintzak kaskartzeko asmo patronalak geratu behar dira eta enpleguaren arazoari erantzun politiko bat eman behar zaio. “Bizi dugun salpuespenezko egoera larri honi erantzuteko, langileok antolatu, aliantzak eraiki eta aktibatzea beharrezkoa da. Eraso hauen aurrean harresi sozial bat sortzeko gai izan beharko genuke, horixe da gaur hemendik egiten dugun deia”, adierazi du idazkari nagusiak.

Harresi hori sortzeko sindikatuen artean protokolo bat adostea proposatu dugu. Protokoloak hiru plano nagusi izango lituzke: lantokiz lantoki ematen ari diren enpleguaren kontrako erasoak geratzea, bereziki kaltetuak diren sektoreen egoerari erantzutea, eta edozein enplegu galeraren kontrako  mobilizazio sozial zabalak bultzatzea.

Edozein enplegu galeraren kontrako mobilizazio soziala beharrezkoa da. Enplegu suntsiketak edota prekarizazioa langileak kaltetzen ditu lehen pertsonan, baina langile guztion eta jendarte osoaren kontrako erasoak ere bdira. Oraingo enplegua defendatzea eta etorkizuneko enplegua defendatzea da beharrezkoa da, beraz. “Orain borrokan dauden langile horiei babesa eman behar zaie, enpresa zein sektoreetako borroka horiek dimentsio sozial bat izan behar dute. Eremuz eremu egiten diren borroka horiek dinamika herritarrekin lagundu behar dira”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Sektore publikoari dagokionez, instituzioen utzikeriak behin behineko tasa izugarria izatea eragin duela salatu dugu. Milaka eta milaka interino egoera ez egonkorrean lanean daude, hainbat urtez. LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “enplegu publikoa finkatzeko kontsolidazio prozesuak beharrezkoak dira. Lekuan lekuko egoera aztertu eta lekuan lekuko erantzunak eman beharko dira, eta prozesu hauek langile interinoen egoera kontuan izan beharko dute. Interinoen eskubideak errespetatu ditzaten mobilizazioak antolatzeko unea da, eremuz eremu, administrazio publikoetan ez baitago inor soberan”.

Ez dugu Bilboko Portuko zamaketaren aurreakordioa sinatuko, edukirik ez duelako

Bilboko portuko zamaketa-sektoreko greba bertan behera utzi zen lan-ministerioak gatazkan bitartekotza egin ondoren. Bitartekotza horren helburua zen Bilboestiba CPEko langile mugagabeek eta behin-behineko langileek enpleguan egonkortasuna eta bermea izatea.

Madrilen sinatutako aurreakordioaren helburua hitzarmena sinatzea izan beharko litzateke, baina LABek ez ditu oinarri horiek partekatzen; izan ere, ez ditu aintzat hartzen greba eragin zuten eskaerak, eta etorkizun oso iluna marrazten du 12 urte baino gehiago daramatzaten behin-behineko 100 langilerentzat; izan ere, azken horiek Bilboko portuan lan egiteko kontratuak dituzte.

Lan istripuen eta lan gaixotasunen odolusteak ez duela etenik salatu dugu Nafarroako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren aurrean

Urtetik urtera, lan istripu eta gaixotasunen kopuruak, hobera egin beharrean, okerrera egiten du. 2020. urtea ez da salbuespena izan. Hala, lan-istripuak nabarmen ugaritu direla salatu dugu Bilbo eta Iruñeko kaleetan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Jarduera ekonomikoak koronabirusaren testuinguruan izan duen geldialdiak eta horren ondoriozko krisi ekonomikoak ez dute geldiarazi lan istripuen odolustea; izan ere, aurten Hego Euskal Herrian, LAB sindikatuaren datuen arabera, gutxienez 71 pertsona hil dira lan-istripuz, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian. Hau guztia gutxi balitz, ez dugu ezagutzen zenbat langile zendu diren lan gaixotasun batengatik, datu ofizialik ez baitira existitzen, baina, ikerketa guztien arabera, lan istripuz hildakoak baino ehuneko altuagoa da. Amiantoarekin erlazionatuta gutxienez 28 pertsona hil ziren iaz, eta koronabirusaren ondorioz zenbat langile hil diren ere ez dakigu.

Bilbon egindako protesta.

Datuak eskandalagarriak dira, are gehiago jakinda lan istripuak, lan gaixotasunak eta lanari lotutako kalteak ekidin daitezkeela. Gurea bezalako gizarte moderno eta garatu batean, eskura dauden aurrerapen teknologiko guztiekin, datu horiek onartezinak dira.

Egoeraren larritasuna ikusita, EAEko eta Nafarroako gobernuei neurri hauek exijitzen dizkiegu:

– Enpresen gaineko kontrol handiagoa. Lantokietako osasun- eta prebentzio-neurrien jarraipen egokia egiteko, ezinbestekoa da Osalan/ISPLN eta Lan Ikuskaritzako langileak Europako batez bestekoarekin parekatzea. Halaber, Nafarroako Gobernuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren arloko eskumenak berreskuratu behar  ditu.

– Mutuen eta prebentzio-zerbitzuen publifikatzea. Pandemia honetan ez dira eraginkorrak izan osasunaren ikuspegitik.

– Kontrol- eta jarraipen-ekintza gehiago egitea, alturan erortzeko, harrapatzeko edo elementu kantzerigeno eta mutagenoekin lan egiten dituzten enpresetan araudia betetzen dela egiaztatzeko.

– Prebentzio-arloan zehapena jaso duten enpresekin kontratatzeko debekua

– Hego Euskal Herriko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko betebeharra, pandemiak langileen baldintza psikosozialak are gehiago larriagotu dituela kontuan hartuta. Horretarako, bi urteko epean, enpresa guztiek izan beharko dute gutxienez arrisku psikosozialen ebaluazio bat eta gabeziak daudenean neurriak ezarri beharko dituzte. Osalan/ISPLNko teknikariek egin beharko lukete betetze-mailaren jarraipena.