2026-09-12
HomeEkintza SindikalaUrte hasieratik lau langile hil dira basogintzan Euskal Herrian

Urte hasieratik lau langile hil dira basogintzan Euskal Herrian

LAB sindikatutik irmoki salatzen dugu atzo arratsaldean, Karrantzan, baso lanetan ari zen langilearen lan heriotza. FORESTAL JOMACAR SL enpresako langilea zen, eta 45 urte zituen. Dagoeneko basogintza sektorean 4 langile hil dira aurten Euskal Herrian.  Dagoeneko 35 langile dira, gutxienez, aurten lan istripuz Euskal Herrian hildakoak. Laneko azken heriotza honen aurrean, gehiengo sindikalak mobilizazioa egingo du abuztuaren 9an, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean (Gran Via, 25), 12:30etik aurrera.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu hildako langilearen familia, senide eta adiskideei.

Baso lanen sektorean, arriskuak handiak dira; besteak beste, makinaria arriskutsuak erabiltzen dira, kontrako klimatologia, lur malkartsuetan lana… sektore honetan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, langileen osasuna eta bizitzaren gainetik irabazi ekonomikoak nagusitzen direlako, hemen ere.

Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzeko eskatzen dugu; lan baldintzak eta lan erritmoak, barne. Erantzuleak seinalatu behar dira.

Kezkagarria eta asaldagarria gertatzen ari zaigu lan istripuak gero eta gehiago izatea urtez urte. Lan istripuen gorakada prekarizazio politikaren ondorio zuzena da, baita erakundeek lan osasunean egiten ez duten kontrol zehatzarena ere. Lan arriskuen prebentzioan behar diren neurriak hartuz gero, eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan istripuek ez lukete zertan gora egin behar.

Instituzioei eta gobernuei beste aldera begiaratzeari uzteko eta behingoz lan osasun politikak errotik aldatzea exigitzen diegu, sarraski honen aurrean neurriak hartu eta lanean ematen diren istripuak ekiditzeko beharrezko diren politika errealak martxan jar ditzaten. Horretarako, interes ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubideen, segurtasunaren eta osasunaren alde. Klase sindikalismoak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko, dei egiten dugu langile klaseari antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Ildo beretik, eredu justu eta langileen segurtasuna eta osasuna aintzakotzat hartuko duen marko propio baten beharra aldarrikatu nahi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.