2026-01-27
Blog Page 484

“Elkarrekin indartsuagoak gara, elkartuta lor dezakegu”, aldarrikatu dute Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileek

Nafarroako Esku-hatze Sozialeko langileek 24 orduko greba egin dute, baita mobilizazioak gauzatu ere, ANEIS patronalari argi eta garbi esateko hitzarmen duina behar dela sektorean.

Iruñean egindako manifestazioaren bukaeran LABetik nabarmendu dugun bezala, “langileok ezin dugu minutu bat gehiago iraun egoera honetan, hutsaren hurrengo sentiarazten gaituzten egoera honetan; ANISen gutiziek ez dute lekurik negoziazioan eta jada nahikoa galdu dugu beren pribilegioen eta etekinen erruz. Konpromiso argia eskatzen diogu ANISi: abenduaren 2rako aurreikusita dagoen hurrengo negoziazio-bilera baino lehen bere proposamen berriaz informazioa eman diezagutela, LABen planteamenduak onartuz, eta, horrekin batera, lehen hitzarmena sinatzea erraztuz, sektore osorako hitzarmen duin bat, langileon beharrei erantzungo dien hitzarmen duina”.

Gure iritziz, “ANEIS patronalak oso helburu pribatu argiak ditu negoziazio horretan, eta eskakizun horiek ez dute zerikusirik interes orokorrarekin, zerbitzuen interesarekin, erabiltzaileen interesarekin eta profesionalen interesarekin. ANEIS ari da kudeatzen sektorea bere kortijoa balitz bezala, gizarte-arloko lurjabeen estiloan”.

Azken aste hauetako bultzada mobilizatzaileari esker, negoziazioaren puntu garrantzitsu bat desblokeatzea lortu dugu, Nafarroako Gobernuak lehen hitzarmen kolektiboa finantzatzeko konpromisoa hartzea lortu dugu eta, gainera, aurrekontu-partida bikoiztea lortu dugu, EH Bilduk aurrekontuen negoziazioetan aurkeztutako proposamenari esker. Guztira 3 milioi, 2021eko bigarren seihilekoan hitzarmena abian jartzeko, bai eta Gobernuak plegu guztiak berriro lizitatzeko konpromisoa ere, hitzarmena lehenbailehen martxan jarri ahal izateko: “Nork esan behar zigun Nafarroako Gobernua mugituko genuela? Bai ba, lortu dugu eta zorionak,  harro egoteko moduan gaude, ahalegina egin dugulako. Urrats hori ezinbestekoa zen negoziazioa desblokeatzeko, baina salatzen dugu ANEIS patronala ere hitzarmenaren sinadura blokeatzen ari zela, eta oraindik ere blokeatzen ari dela”.

Hortaz, Gobernuak fitxa mugitu du eta orain patronalari dagokio desblokeatzea: “Ez digute batere erraz jarriko, baina ez dugu huts egingo; badakigu ez dela erraza, baina elkarrekin indartsuagoak gara, elkartuta lor dezakegu”.

ITP Aero Castings taldeko zuzendaritzak kaleratzeak planteatzen ditu Barakaldo eta Sestaoko PCBren lantegietarako

Gogoratu nahi dugu zuzendaritzak honek ABEEE bat ezarri nahi izan ziela bi enpresa hauetako langileei eta sindikatuok egindako salaketak epaile batek baliogabetzat jotzea lortu zuen, ez baitzegoen justifikatuta.

Zuzendaritzaren asmoa izan da eta da langileei “osasun krisi koiuntural” hau neurri traumatiko eta egiturazkoekin ordainaraztea. Horrela, datorren ostegunean, azaroaren 19an, hasiko da aipatu EEEaren negoziazio aldia.

LABen ustez EEE hau gehigikeria bat da, arrazoi hauengatik:
• ITP taldeak 983 milioi eurotako diru-sarrerak izan zituen.
• 105 miloi eurotako EBITDA izan zuen (2018an baino %33 gehiago). • Azken 10 urteetan bere diru-sarrerak bikoiztu ditu.
• 95 miloi eurotako irabazi garbia izan zuen 2019an.

Aurreko puntu hauek Euskal Herrian patronalak duen jarreraren adibide garbia dira.

LABetik argi esan genuen aurre egingo geniola egoera honi eta dei egiten diegu PCBko langileei Productos Tubulareseko lankideen eredua jarraitzera. Azken hauek, langileen %40arentzako EEEa gelditzea lortu zuten 2018an, 44 egun greba mugagabean izan ondoren. Orduan, lehendakaria eta bere estuko lankideak izan ziren lanpostua galdu zuten bakarrak.

Nahikoa da lan-eskubideak murrizteaz, eta herri honetako langileriak patronal aseezin baten diruzalekeria neurrigabea ordaintzeaz.

Azkenik, galdetu nahi diogu Eusko Jaurlaritzari hain zigortuta dagoen Ezkerraldearen kontrako enegarren eraso hau onartuko duen. Tapia sailburua eta Urkullu lehendakariak beste alde batera begiratzen jarraituko dute edo ahulenen alde lerrokatuko dira?

Zoritxarrez, ez dugu esperantza handirik gobernuan dagoen klase politikoaz eta dei egiten diegu Ezkerraldeko herritarrei borrokan egin dezala PCBko langileen ondoan, gure eskualdeko etorkizunerako funtsezkoa baita kaleratzeok gelditzea.

Galtzen den borroka bakarra egiten ez dena da.

Donostiako metroaren obrak gelditzeko exijitzen dugu

Donostiako metroaren obren ondorioz Zubieta kalean 2 metroko zulo berri bat agertu dira. Honen aurrean, gizarte- baliorik gabeko proiektu makro hori geldiarazteko eskakizuna berresten du LABek.

Zorionez, ez dugu kalte pertsonalik izan behar zulo berri honen agerpenagatik. Hala ere, ukaezina da Donostiako metroaren lanak arriskutsuak bihurtu direla langileen segurtasunerako. Sei hilabete baino gutxiagoan, tunelaren indusketaren obrak geldiaraztera behartu zuten bi zulo handi agertu dira. Zulo honek tunelaren lurra sendotzeko ezintasuna agerian uzten du, beraz, zulo berri batzuk aterako dira ziurrenik.

Duela aste batzuk salatu genuen bezala, ulertezina da obrak aurretiko azterlan zorrotz guztiak egin gabe hastea, eta, zehazki, Mirakontxa-Easo tartea lizitazioan aurreikusitakoa baino 11,3 milioi euro gutxiagotan esleituko da. Horren ondorioz, %70 eta %100 arteko gainkostua planteatzen da obran (50 milioi). Egun, bakarrik hasierako proiektuaren aldaketetan gainkostuaren %20 eman da. Gainkostu hori donostiar guztiek ordainduko dute, donostiar asko lanik gabe geratu diren, ABEEen dauden edo ostalaritza-denda itxita duten garaian. Beste behin ere, herritarrok ordezkari politiko jakin batzuen arduragabekeria politikoa ordaindu behar dugu, beste behin ere, interes pribatuari ematen baitiote lehentasuna gehiengoaren behar sozialen aurrean.

Balio sozialik gabeko obra bat birplanteatzeko unea da; ez zen eta ez da herritarren eskaria, eta, aitzitik, diru-zulo beltz handi bat bihurtu da, ingurumen- eta segurtasun-kostu handiekin.

Lan faraoniko eta zentzugabe hau gelditzeko unea da. Zentzuz jokatzeko eta pertsonak erdigunean jartzeko unea da, jendearen benetako beharretarako baliabide publikoak lehenetsiz.

Aiaraldeko etorkizunaren alde mobilizatuko gara, enpleguaren eta lan duinaren defentsan

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri dugun oharra:

Gaurko prentsaurreko honetan, Aiarako LABeko ordezkari eta delegatu ezberdinak gaude, industria-sektorekoak: Tubacex, Tubos Reunidos, Megatech, Inauxa, Amurrio Ferrocarril, Aiala Vidrio, Maderas…, bai eta Merkataritza, Osakidetza, Hezkuntza, jantokiak, etxez etxeko laguntza eta administrazio publikoko ordezkari sindikalak eta pentsiodunak ere, eskualdea bizi duen egoera ekonomikoaren irakurketa ezagutarazteko eta azaroan “AIARALDEKO ETORKIZUNAREN ALDE! ¡Por un empleo y una vida digna!” lemapean deitu ditugun mobilizazioen berri emateko. 


Aiara alarma gorrian dago, eta ez bakarrik COVIDen gaur egungo datuengatik, enpleguaren suntsipena eta lan-baldintzen eta soldaten jaitsieren mehatxua kezkagarriak direlako. Aipamen berezia merezi dute Tubacexen langileen kaleratzeko mehatxuarekin gertatzen ari dena, Tubos Reunidosen inguruan dagoen ziurgabetasun handia, osasun publikoko langileen eta zerbitzuen egoera, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektorearen egoera, eta eskualdeko hainbat enpresa txiki edo autonomo pairatzen ari diren egoera… Zerrenda honekin luzaroan jarrai genezake, Aiaraldeko ekonomiaren panorama negargarria adierazten diguna.

Langabeziari buruzko zenbakiek berez hitz egiten dute, eta eskualdearen langabezia-tasa Euskadirena baino askoz handiagoa izan da aspalditik. 2020ko iraileko datuen arabera, Amurriok %15,4ko langabezia-tasa du, eta Laudiok, % 14koa, EAEkoa %10,3an dagoenean.

Langabeen kopuruari dagokionez, 2019ko urriko eta 2020ko datuak alderatuz gero, langabeen kopuruak % 16,3 egin du gora, eta gora egin du sektore guztietan. Igoera handienak industrian (%23 gehiago), eraikuntzan (% 16) eta zerbitzuetan (% 13 eta 195 langabe gehiago) izan dira. Amurrioko eta Laudioko udalerrietan igo da gehien langabeen kopurua. Urrian Arakaldon, Amurrion, Artziniegan, Aiaran, Laudion, Okondon, Orozkon eta Urduñan 2685 langile zeuden langabezian (%57 emakumeak eta %43 gizonak); eta zeudela esaten dugu oraindik ostalaritzaren itxiera dekretatu gabe zegoelako eta faktore horrek eta beste batzuen ondorioak oraindik jaso gabe daudelako. Gaur egungo datuak okerragoak direla esan dezakegu. 

Eta hau ez da COVIDek sortutako osasun-krisiaren ondorio soilik. Denok dakigunez, hau atzerago doan kontu bat da, azken hamarkadetan Aiaran bizi dugun egoera areagotu eta okertu du pandemiak. 

Krisiak krisi, ikusi dugun gauza bakarra izan da eskubideak eta lan-baldintzak galtzea eta enplegua suntsitzea, erreferentziazko enpresak ugari itxi dira, enpresa-proiektu berririk gabe, eta, kasurik onenean, eskualdetik kanpo lana bilatzera behartuta. Azken urteotan, ehunka gaztek eta ez hain gaztek alde egin behar izan dute gure eskualdetik, beste eskualde batzuetan edo Euskal Herritik kanpo lana eta bizimodua bilatzeko.

Argi esan behar dago, Aiaraldeko zerbitzuak eta sare ekonomiko eta soziala bultzatzeko udalez gaindiko administrazio publikoen inplikazioa ia hutsaren hurrengoa izan dela, eta eskualdea urte luzez alde batera utzi dutela. Eusko Legebiltzarrean Aiaraldeko egoera ekonomikoa suspertzeko ponentzia abian jarrita, espero dugu klase politikoaren inplikazioa errealagoa eta propaganda gutxiagokoa izatea, eta egoera hori aldatzen joatea. 

Baina, aurreko krisietan bezala, ezin dugu Aiarako egoera sozioekonomikoak hobera egingo duenaren zain egon; bada garaia aktibatzeko, aldarrikatzeko eta kalera ateratzeko, kalitatezko zerbitzu publikoen alde, enpleguaren defentsan, lan-baldintza eta gizarte-eskubideen alde… Azken batean, enplegu eta bizitza duinen alde, eta gure eskualdearen eta langileen etorkizunaren alde.

LABek parte hartu eta bat egin du eskualdeko hainbat enpresa-batzordek, jantokietako langileek, hezkuntzakoek, Osakidetzakoek, zahar-egoitzetakoek, pentsiodunek, Aiaraldeko Greba Batzordeak, ostalaritzako sektoreak… egindako mobilizazioekin. Horretan jarraituko dugu, baina eskualde gisa erantzuteko unea ere bada. Horregatik, gaur, prentsaurreko honekin, gure eskualderako etorkizunaren aldeko kanpaina bati hasiera emango diogu. Ostiral honetarako kotxe-karabana bat  antolatu dugu eta datorren ostiralerako, hilaren 27rako, mobilizazioa deituko dugu arratsaldeko 18:00etan Laudion.

Amaitzeko, hurrengo aste eta hilabeteetan gure eskualdearen etorkizunaren alde eta langileen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa adierazi nahi dugu LAB Aiaratik, osasun-egoerak horretarako aukera ematen badigu. Aiaraldeko sektore ezberdinen arteko aliantzak bilatzeko konpromisoa ere hartzen dugu, gure eskualdeak bizi duen egoerari erantzuteko.

Igorreko Kelvion Thermal Solutions-eko langileek greba mugagabeari ekin diote

Igorreko Kelvin Thermal Solutions S.A.U.ko 73 langileek greba mugagabea hasi zuten azaroaren 15ean igandean 22:00etan, euren lanpostuen defentsan.

Kelvioneko enpresa-batzordeak (LABek 3 ordezkari ditu eta ELAK, 2), langile guztien babesarekin, adierazi nahi du guztiz baztertzen duela EEEa. Honek “de facto” dakarrena da sozialki oso zigortuta dagoen Arratia bezalako eskualde baten deslokalizazio eta desindustrializazioa.

Atzo enpresa atarian egindako asanbladan, hauxe helarazi zien enpresa-batzordeak langileei:

– Kelvioneko zuzendaritzak irregulartasunak egin ditu EEEaren aurkezpenaren hasieran. Honek, kontsulten aldia hasteko enpresak egin nahi izan dituen lehen bi bilerak bertan behera uztea ekarri du.

– Irregulartasunik larrienetako bat izan da lan-zentro bakoitzean dauden langileen zerrenda nahita aldatzea, Igorreko lantegiaren langileen benetako ordezkaritza kentzeko asmoarekin eta horrela, gutxiengoan uzteko negoziazio batzordean.

– Enpresak egindako beste irregulartasun bat izan da ez duela informatu multinazionalaren batzorde europarra kaleratze kolektiboa aurkeztu duela, eta hau, bete beharreko baldintza da talde enpresarialaren estatutuen arabera.

– Irregulartasun hauek erakusten dute Kelvionen zuzendaritzak ez duela prozesu honetan fede onez jokatzen eta ez duela negoziatzeko borondaterik.

Asanbladak berretsi egin zuen grebari eusteko asmoa eta enpresari exijitu zion EEEa bertan behera uztea eta benetako negoziazioa abiatzea Kelvionek jarduera ekonomikoari eustearen inguruan.

Enpresa-batzordearen arabera, enpresa bideragarria da eta enpresak ekoizpena deslokalizatu eta Igorre, Kantabria eta Igorreko lan zentroak lanik gabe uzteko hartu duen erabakia salatzen du. Azaroan zehar, enpresaren zuzendaritzak Igorreko lantegiari esleitu zizkioten 800.000 eurotako eskariak desbideratu zituen.

Enpresa-batzordeak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin bilera egingo du datorren azaroaren 19an 16:00etan Bilbon.

Kelvion Thermal Solutions, S.A.U.ko langileek nahi dute greba mugagabeak balio izatea Arratiako enplegua eta jarduera industrialaren biziraupenerako ekarriko lukeen ondorioen inguruan kontzientzia hartzeko.

Ezinbestekoa da Gipuzkoako LIDLeko dendetako langile-taldea indartzea, pandemiak eragindako egoeratik harago

LIDLek 9 denda eta 220 langile inguru ditu Gipuzkoan. Martxotik jo eta su ari dira lanean langileak. Hasieran enpresak neurri batzuk hartu bazituen ere, hilabeteak aurrera joan ahala, ustezko normaltasunaren aitzakian enpresa erlaxatzen joan da eta, eta gaur egun, langileak bakarrik aurkitzen dira denda aurrera ateratzeko garaian.

Hasieratik egindako eskaera da; ezinbestekoa da LIDLeko dendetako langile-taldea indartzea. Eta ez da Covid-19aren pandemiak zein ondoriozko segurtasun neurriak lan karga biderkatu dutelako bakarrik, lehenagotik ere ezagutzen genuen egunerokoa delako. Eta orain, ia 8 hilabete beranduago, oraindik ere pandemia garaian eta Gabonek dakarten salmenten igotzearekin, LIDLeko langileak nekatuta eta haserre daude.   

Azken asteetan, gainera, hainbat dendetan egoerak eztanda egin du. Galarretako dendan, esaterako, 10 pertsona bajan izan dira ia bi astez. Eta enpresak kontratazio puntualen bat egin badu ere, lanaldiak handitu edo beste dendatik laguntzaren bat bidali, ezinezkoa da 10 pertsonen lana ordezkatzea. Eta beraz, gainontzeko langileen bizkar erori da denda, ezer gertatu izan ez balitz bezala aurrera ateratzea. Honezkero handia den lan karga areagotzeaz gain, tentsioa biderkatzea ekarri du honek. Presioa, denbora guztian berandu eta presaka dabiltzalako lanean, haserrea lan ordu gehiago egin behar dituztelako, nekea behar bezala atsedena hartu ezin izan dutelako, larritasuna segurtasun neurriak dendan betearazteko, beldurra langileek ere gaixotzeko.

Galarretan bezala, Eibarren 9 langileren hutsunea izan dute. Duela aste batzuk antzekoa gertatu zen Hernaniko zein Azkoitiko dendetan, 4-5 lankideren hutsunearekin. Eta denetan, langileek egin behar izan duteahalegina aurrera ateratzeko. Batzuetan, gainera, beste denda batzuetatik errefortzuak eginda, eta, beraz, haien dendetan ere, lan kargak eraginda.

Honek ezin du horrela jarraitu. Langileen osasun fisiko zein psikologikoan eragin zuzena du, eta, neurriak hartu ezean, horrelakoak zein bestelako arriskuak biderkatu egingo dira.

LAB sindikatutik, egoera honi aurre egiteko, ondorengo eskaerak helarazi dizkiogu enpresari:

– Kontratazio gehiago egitea denda guztietan.

– Nahi duten langileei lanaldiak handitzea.

– Dendetako aforoak gehiago mugatzea.

– Produktuen aniztasuna mugatzea.

– Dendak arratsaldeko 20:00etarako, beranduenez, ixtea.

– Produktibitatea presio mekanismo zein helburu bezala ez erabiltzea.

Enpresarekin harremanetan gaude, eta oraingoz kontratazio eta lanaldiak handitzeko saiakera egingo dutela adierazi badute ere, beste neurrien inguruaz ezezkoa besterik ez dugu jaso. Horregatik, berriz azpimarratu nahi dugu, epe motzean beste neurriak direlako benetan langileen eguneroko lan karga aritzen lagunduko dutenak, eta, noski, segurtasun neurriak bermatzen.

Bestalde, LAB sindikatutik, modu urjentean azken hilabeteetan langileok egindako sakrifizio zein esfortzua balioan jartzeko neurriak eskatzen ditugu. Galdutako atseden egun bakoitzeko bi eskatzen ditugu, eta orokorrean egindako esfortzu plus hori konpentsatzeko, langile guztientzako lau opor egun gehiago eskatzen ditugu.

Politika publikoek norabide aldaketa behar dute, diru gehiago bildu eta dagoena hobeki inbertitu, baina Nafarroako aurrekontu proiektuak ez du hori egiten

“Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektuak gehiago du eredu zaharretik, berritik baino”. Halaxe adierazi du LAB sindikatuak gaur Iruñean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiarekin eta Imanol Karrera bozeramailearekin egin duen prentsaurrekoan. Betiko logikari buelta emateko, LABek eskatzen du fiskalitate egokiago baten bidez diru gehiago biltzea eta gero diru hori hobeki inbertitzea, nafar herritar guztiek lan eta bizitza duinak izan ditzaten.

LABen idurikoz “betiko kolaborazio publiko-pribatuak” oraingo egoerara ekarri gaitu eta, beraz, betiko logika horrekin apurtu beharko litzateke oraingo egoeratik ahalik eta hobekien ateratzeko. “Baina Nafarroako Gobernua osatzen duten PSN, Geroa Bai eta Podemos alderdiek ez dute borondaterik gauzen logika justizia sozialaren eta publikoaren alde aldatzeko”, adierazi du Imanol Karrerak. “Beraien aurrekontu-proiektuak erakusten duen bezala, apustu publikoak ekimen pribatuaren mendekoa eta subsidiarioa jarraitzen du izaten”.

Garbiñe Aranbururen aburuz, pandemiak oso agerian utzi ditu sistemaren hutsuneak, zerbitzu publikoak ahuldu izana, pribatizazio eta merkantilizazio politiken ondorioak, zaintza sistemak dituen hutsuneak, bizitzaren eremu guztietara hedatu den prekarizazioaren eragina… “Baina martxotik hona ez da egiturazko arazoei konponbiderik emateko erabakirik hartu. Eta, horregatik, aurrekontu hauek hutsune horiek bideratzen hasteko eta errotiko aldaketak bultzatzeko helburua izan beharko lukete”.

Nafarroako herritar guztiei lan eta bizi baldintza duinak ziurtatzeko helburu orokorrari begira, Aranbururen iritziz, aurrekontuek bi gauza bilatu beharko lukete nagusiki: “Zerga politika egokiago batekin diru gehiago bildu eta dagoen dirua hobeki erabili”.

Fiskalitateari dagokienez, Aranburuk uste du “ezinbestez eta urgentziaz” zerga politika berri baten eztabaidari ekin behar zaiola. “Aberastasuna banatzeko, diru gehiago bildu behar da eta zerga sistemaren progresibitatea hobetu behar da. Zerga politikaren eztabaida ezin da atzeratu. Orain egin behar da. Baina aurrekontu proiektu honek ez du egiten, eta, horretan, Nafarroako Gobernuak patronalari eta eskuinari egiten die men”.

Dagoen dirua hobeki inbertitzeari dagokionez, Aranburuk erran du egoeraren larritasunak “lehentasunak berrantolatzeko beharra” dakarrela. “Esfortzu berezi bat egin behar da Osasungintza eta Hezkuntzan zerbitzu publikoak indartzeko, baita zaintza eta zerbitzu sozialen sistema publikoa indartzeko ere. Era berean, sektore publikoak ekonomian izan behar duen parte hartzea berrikusi behar da. Bukatu behar da enpresen esku inolako baldintza eta konpromisorik gabe diru publikoa uzteko politikarekin. Irabazi enpresarialak ezin dira diru publikoarekin finantziatu; langileak, enplegua eta lan baldintza duinak jarri behar dira erdigunean”.

Nafarroako aurrekontuen hutsuneak

Karreraren hitzetan, LABek bi hutsune estruktural ikusi dizkio Nafarroako aurrekontuei. Batetik, “pandemiak eragindako osasun, ekonomia eta gizarte-krisiari aurre egiteko diru-sarrera gehigarriak biltzeko tributu-neurririk aurreikusi gabe” egin dituztela. Eta, bertzetik, “egungo esparru juridiko-politikoak ez diola Nafarroari aitortzen defizit publikoaren mailari buruz askatasunez erabakitzeko beharrezkoa den aurrekontu-autonomia”.

Eta aurrekontu proiektuaren gauza zehatzetan sartuta, Karrerak hurrengoak hutsak nabarmendu nahi izan ditu:

  • – “Egia da Nafarroako aurrekontuek ez dutela AHTrako dirurik jasotzen. Baina Gobernu zentralaren 2021erako aurrekontu-proposamenean Nafarroarako jasotako 87 milioi euroetatik 62 milioi AHTra doaz, hau da, % 62,67. Krisi larri baten erdian Espainiako Gobernuari ez zaio formula hoberik bururatzen hortik ateratzeko, Nafarroan bideratutako aurrekontuaren erdia baino gehiago alferrikako azpiegitura suntsitzaile eta xahutzailea finantzatzen jarraitzeko erabiltzea baino. Datu bat ematearren, gobernu zentraletik Nafarroako AHT-ra bideraturiko diruarekin 2021erako 1.500 erizain kontrata daitezke”.
  • – “Aldiz, gure ustez, diru gutxiegi bideratzen da osasungintza sistema publikoa indartzera. Horri dagokionez, ez dakigu igotako dirua nola bideratuko den. Hau da, inbertsioetara joanen den edo, aldiz, egoerak igotako produktibitatera baizik. Eta gogora dezagun Osasungintzara bideratutako dirua, aurreko aurrekontuek bezala, ez dela iristenBPGn eskatzen dugun %7ko inbertsiora”.
  • – “Hezkuntzan eta Gizarte Zerbitzuetan errealitate berdina aurkitzen dugu. Beraz, bistakoa da Nafarroan egindako Hezkuntzako gastu publikoa EB-27ko batez bestekoaren azpitik dagoela. Horrez gain, proiektu pedagogikoa erdigunean jarri gabe eta ratioak jaitsi gabe jarraitzen dute”.  
  • – “Gobernuak egindako inbertsio-ahaleginaren beste zati garrantzitsu bat kapital-transferentzietan jasota dago (funtsean, ekimen pribatuak sustatutako inbertsioak finantzatzeko diru-laguntzak dira). Transferentzia horien %30 Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Sailera bideratzen dira. 52,3 milioi euroko laguntzak ematen zaizkie enpresei inbertsioak finantzatzeko. Laguntza horiek %4,7 hazi dira, aurtengo aurrekontuan jasotako zenbatekoarekin alderatuta. Gure ustez ez da momentua sistema kapitalistan inbertitzeko patronalak eskatzen duen moduan, publikoaren kaltean eta beti bezala enpresak salbatzeko. Politika horri buelta eman behar zaio. Hau da, langileak, beraien enpleguak eta lan baldintzak dira babestu beharrekoak. Norabide horretan, aldiz, diru gutxiegi bideratzen da, gure ustez, enpleguaren galerari aurre egiteko eta oinarrizko behar sozialak asetzeko”.

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioa

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren aurrekontu akordioan agertzen diren langileen aldarrikapenekin lotutako zuzenketen balorazio positiboa egin du LABek. “Langileen borrokari esker akordio horrek Nafarroako milaka langileek Esku-hartze Sozialeko sektorean hitzarmen duin bat izateko behar den finantziazioa bermatzen du”, esplikatu du Karrerak. “Eta, bestetik, nabarmentzekoak dira Hezkuntzako 0-3 zikloan emanen diren aurrerapausoak”.

Aranbururen ustez, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren artean eginiko akordioan kapitala eta eskuinaren interesen aurrean defendatu behar diren lehentasunak kokatzen dira. “Baina akordioaren edukien garapen praktikoa baloratu beharko da, hor ikusten baita zein den benetako borondate politikoa”, adierazi du. Ildo horretan, Aranburuk azaldu du oraindik bideratu gabe dauden diruak Osasungintza publikoa indartzera bideratu beharko liratekeela, eta adinekoen egoitzetan ratioak jaistera, eta enplegu politika berriak egitera, eta tokiko ekonomia sustatzera, eta errenta bermatua gutxieneko soldatarekin parekatzera, eta abar.

Bukatzeko, Aranburuk gogoratu du gai horiek guztiak agenda politikoan kokatzeko “behar-beharrezkoa” dela langileen mobilizazioekin segitzea. “Adibidez, bihar, Nafarroako Esku-hartze Sozialaren greban; edo Karta Sozialaren hurrengo mobilizazioetan, azaroaren 19an eta 28an”.

Modu aktiboan hartuko dugu parte Euskaraldian

2018eko edizioan egin zuen bezala, 2020 honetan ere Euskaraldian parte hartuko du LABek. Nagusiki euskaraz funtzionatzen duen sindikatua izanik, gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea izango dugu helburu aurten, baita sindikatu barruko hizkuntza prozesuetan euskararen erabilera areagotzea ere.

Horretarako eman dugu izena ekimenean. Euskararekin sindikatuak duen konpromisoa agerian utzi eta Euskal Herriko eragile sozial gisa dugun eragin esparruaz kontziente izanik ezinbestekotzat jotzen dugulako gure komunitatea aktibatzea.

Gure egoitza aktibo guztiak arigune izango dira, bai kanpora begira eta baita barrura begira ere. Kanpora begira Belarriprest Ariguneak izango dira. Egoitzara hurbiltzen denari arreta euskaraz bermatzea badugun arren, datorrenak euskaraz dakien ezin dugulako jakin. Barne mailako Ariguneak, ordea, Ahobizi izango dira. LAB sindikatuaren funtzionamendua euskara hutsez izateko aurrera urrats gisa ulertu dugu Euskaraldia, eta marko nazionalez gain eskualdekako markoak ere euskalduntzen arreta jarri nahi izan dugu.

LABkide guztiek Euskaraldian izena ematea izan da gure beste erronka bat eta liberatuen artean ezezik, delegatuengana ere zabaldu dugu deialdia. Beraien enpresetan ariguneak sortu eta ekimenean izena eman dezaten. Orotara 500 txapa banatu ditugu. 300 inguru Ahobizi-enak eta 200 Belarriprest-enak.

Aurtengo konpromisoa: kanpo komunikazioa euskara hutsean

Euskaraldiak irauten duen bitartean, azaroaren 20tik abenduaren 3ra, euskara hutsean egingo du bere kanpo- komunikazio osoa LABek (prentsa, webgunea eta sare sozialak).

Orain euskarari ekitea da erronka. Egunerokoan darabilgun kasuetan eutsi eta orain arte kamuts xamar genbiltzanetan saiatuz. LAB sindikatuak onartu egin du Euskaraldiaren ordagoa.

Oionen mobilizatuko gara asteazkenean, azken lan heriotza salatzeko

Kupsa enpresa kimikoaren aurrean elkartuko gara, 12:00etan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Ostiralean hil zen bertako langile bat, egun batzuk lehenago izandako sutearen ondorioz pairatutako erreduren eraginez.

Ostiralean hil zen joan den asteazkenean Oiongo Kupsa enpresa kimikoan sute baten ondorioz oso larri, erredura handiekin, zauritu zen 62 urteko langilea. Hori, gehiengo sindikalaren eskutik Bilbo eta Iruñean patronalaren aurrean laneko heriotzen aurka mobilizatu ginen egun berean. Hain zuzen ere, odolusteak etenik ez duela salatu genuen ostiralean bertan, eta azken lan heriotza honek Iruñean eta Bilbon egindako mobilizazioetan esandakoa berretsi baino ez zuen egin. Hildako honekin eta urtea hasi zenetik, gutxienez 60 dira Euskal Herrian lanean hildakoak, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibargo zabortegian otsailaren 6tik.

LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu hildako langilearen senide eta gertukoei. Koronabirusaren testuinguruan, jarduera ekonomikoaren geldialdiak eta ondorengo krisi ekonomikoak ez dute lanean hildakoen sarraskia geldiarazi. 2020 urtea bukatu ez denean salatu nahi dugu lan istripu hilgarriek okerrera egin dutela nabarmen.

Langileriak pairatzen duen laneko biolentzia arazo sozial larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarierietateak gaixotu eta hil egiten gaitu.

Egoera horrek erantzuleak ditu, eta nagusia patronala da. Epe motzeko onura ekonomikoa hobesten du langileon osasunaren eta bizitzaren aurrean. Laneko arriskuen prebentzioa eta ondorioz, gure osasuna eta bizitza, negozio bihurtu dituzte.

Eta egoera honen aurrean, patronalaren ez betetzeen aurrean, langileria da osasuna eta bizitza bera galduz ordaintzen duena. Bitartean, administrazio publikoek ez dute langileon osasuna eta bizitza bermatzeko eginkizuna betetzen, ez baitute egoera hori aldatu ahal izateko zaintza, kontrola eta zigor eredugarriak ezartzen.

Administrazio Publikoei, Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu: zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu haugeldiarazteko? Noiz sartukodituztelanekoheriotzakagendapolitikoan?

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakeran bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari aurruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak ekonomia eredu zehatz batek, lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizitza eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako. Sarraski honekin amaitzeko lan-harreman eta joku arauak aldatu behar ditugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LABen laneko heriotza bakoitza salatzen jarraituko dugu, lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon segurtasun eta osasunaren alde.