2024-04-26
HomeEkintza PolitikoaPolitika publikoek norabide aldaketa behar dute, diru gehiago bildu eta dagoena hobeki...

Politika publikoek norabide aldaketa behar dute, diru gehiago bildu eta dagoena hobeki inbertitu, baina Nafarroako aurrekontu proiektuak ez du hori egiten

“Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektuak gehiago du eredu zaharretik, berritik baino”. Halaxe adierazi du LAB sindikatuak gaur Iruñean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiarekin eta Imanol Karrera bozeramailearekin egin duen prentsaurrekoan. Betiko logikari buelta emateko, LABek eskatzen du fiskalitate egokiago baten bidez diru gehiago biltzea eta gero diru hori hobeki inbertitzea, nafar herritar guztiek lan eta bizitza duinak izan ditzaten.

LABen idurikoz “betiko kolaborazio publiko-pribatuak” oraingo egoerara ekarri gaitu eta, beraz, betiko logika horrekin apurtu beharko litzateke oraingo egoeratik ahalik eta hobekien ateratzeko. “Baina Nafarroako Gobernua osatzen duten PSN, Geroa Bai eta Podemos alderdiek ez dute borondaterik gauzen logika justizia sozialaren eta publikoaren alde aldatzeko”, adierazi du Imanol Karrerak. “Beraien aurrekontu-proiektuak erakusten duen bezala, apustu publikoak ekimen pribatuaren mendekoa eta subsidiarioa jarraitzen du izaten”.

Garbiñe Aranbururen aburuz, pandemiak oso agerian utzi ditu sistemaren hutsuneak, zerbitzu publikoak ahuldu izana, pribatizazio eta merkantilizazio politiken ondorioak, zaintza sistemak dituen hutsuneak, bizitzaren eremu guztietara hedatu den prekarizazioaren eragina… “Baina martxotik hona ez da egiturazko arazoei konponbiderik emateko erabakirik hartu. Eta, horregatik, aurrekontu hauek hutsune horiek bideratzen hasteko eta errotiko aldaketak bultzatzeko helburua izan beharko lukete”.

Nafarroako herritar guztiei lan eta bizi baldintza duinak ziurtatzeko helburu orokorrari begira, Aranbururen iritziz, aurrekontuek bi gauza bilatu beharko lukete nagusiki: “Zerga politika egokiago batekin diru gehiago bildu eta dagoen dirua hobeki erabili”.

Fiskalitateari dagokienez, Aranburuk uste du “ezinbestez eta urgentziaz” zerga politika berri baten eztabaidari ekin behar zaiola. “Aberastasuna banatzeko, diru gehiago bildu behar da eta zerga sistemaren progresibitatea hobetu behar da. Zerga politikaren eztabaida ezin da atzeratu. Orain egin behar da. Baina aurrekontu proiektu honek ez du egiten, eta, horretan, Nafarroako Gobernuak patronalari eta eskuinari egiten die men”.

Dagoen dirua hobeki inbertitzeari dagokionez, Aranburuk erran du egoeraren larritasunak “lehentasunak berrantolatzeko beharra” dakarrela. “Esfortzu berezi bat egin behar da Osasungintza eta Hezkuntzan zerbitzu publikoak indartzeko, baita zaintza eta zerbitzu sozialen sistema publikoa indartzeko ere. Era berean, sektore publikoak ekonomian izan behar duen parte hartzea berrikusi behar da. Bukatu behar da enpresen esku inolako baldintza eta konpromisorik gabe diru publikoa uzteko politikarekin. Irabazi enpresarialak ezin dira diru publikoarekin finantziatu; langileak, enplegua eta lan baldintza duinak jarri behar dira erdigunean”.

Nafarroako aurrekontuen hutsuneak

Karreraren hitzetan, LABek bi hutsune estruktural ikusi dizkio Nafarroako aurrekontuei. Batetik, “pandemiak eragindako osasun, ekonomia eta gizarte-krisiari aurre egiteko diru-sarrera gehigarriak biltzeko tributu-neurririk aurreikusi gabe” egin dituztela. Eta, bertzetik, “egungo esparru juridiko-politikoak ez diola Nafarroari aitortzen defizit publikoaren mailari buruz askatasunez erabakitzeko beharrezkoa den aurrekontu-autonomia”.

Eta aurrekontu proiektuaren gauza zehatzetan sartuta, Karrerak hurrengoak hutsak nabarmendu nahi izan ditu:

  • – “Egia da Nafarroako aurrekontuek ez dutela AHTrako dirurik jasotzen. Baina Gobernu zentralaren 2021erako aurrekontu-proposamenean Nafarroarako jasotako 87 milioi euroetatik 62 milioi AHTra doaz, hau da, % 62,67. Krisi larri baten erdian Espainiako Gobernuari ez zaio formula hoberik bururatzen hortik ateratzeko, Nafarroan bideratutako aurrekontuaren erdia baino gehiago alferrikako azpiegitura suntsitzaile eta xahutzailea finantzatzen jarraitzeko erabiltzea baino. Datu bat ematearren, gobernu zentraletik Nafarroako AHT-ra bideraturiko diruarekin 2021erako 1.500 erizain kontrata daitezke”.
  • – “Aldiz, gure ustez, diru gutxiegi bideratzen da osasungintza sistema publikoa indartzera. Horri dagokionez, ez dakigu igotako dirua nola bideratuko den. Hau da, inbertsioetara joanen den edo, aldiz, egoerak igotako produktibitatera baizik. Eta gogora dezagun Osasungintzara bideratutako dirua, aurreko aurrekontuek bezala, ez dela iristenBPGn eskatzen dugun %7ko inbertsiora”.
  • – “Hezkuntzan eta Gizarte Zerbitzuetan errealitate berdina aurkitzen dugu. Beraz, bistakoa da Nafarroan egindako Hezkuntzako gastu publikoa EB-27ko batez bestekoaren azpitik dagoela. Horrez gain, proiektu pedagogikoa erdigunean jarri gabe eta ratioak jaitsi gabe jarraitzen dute”.  
  • – “Gobernuak egindako inbertsio-ahaleginaren beste zati garrantzitsu bat kapital-transferentzietan jasota dago (funtsean, ekimen pribatuak sustatutako inbertsioak finantzatzeko diru-laguntzak dira). Transferentzia horien %30 Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Sailera bideratzen dira. 52,3 milioi euroko laguntzak ematen zaizkie enpresei inbertsioak finantzatzeko. Laguntza horiek %4,7 hazi dira, aurtengo aurrekontuan jasotako zenbatekoarekin alderatuta. Gure ustez ez da momentua sistema kapitalistan inbertitzeko patronalak eskatzen duen moduan, publikoaren kaltean eta beti bezala enpresak salbatzeko. Politika horri buelta eman behar zaio. Hau da, langileak, beraien enpleguak eta lan baldintzak dira babestu beharrekoak. Norabide horretan, aldiz, diru gutxiegi bideratzen da, gure ustez, enpleguaren galerari aurre egiteko eta oinarrizko behar sozialak asetzeko”.

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioa

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren aurrekontu akordioan agertzen diren langileen aldarrikapenekin lotutako zuzenketen balorazio positiboa egin du LABek. “Langileen borrokari esker akordio horrek Nafarroako milaka langileek Esku-hartze Sozialeko sektorean hitzarmen duin bat izateko behar den finantziazioa bermatzen du”, esplikatu du Karrerak. “Eta, bestetik, nabarmentzekoak dira Hezkuntzako 0-3 zikloan emanen diren aurrerapausoak”.

Aranbururen ustez, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren artean eginiko akordioan kapitala eta eskuinaren interesen aurrean defendatu behar diren lehentasunak kokatzen dira. “Baina akordioaren edukien garapen praktikoa baloratu beharko da, hor ikusten baita zein den benetako borondate politikoa”, adierazi du. Ildo horretan, Aranburuk azaldu du oraindik bideratu gabe dauden diruak Osasungintza publikoa indartzera bideratu beharko liratekeela, eta adinekoen egoitzetan ratioak jaistera, eta enplegu politika berriak egitera, eta tokiko ekonomia sustatzera, eta errenta bermatua gutxieneko soldatarekin parekatzera, eta abar.

Bukatzeko, Aranburuk gogoratu du gai horiek guztiak agenda politikoan kokatzeko “behar-beharrezkoa” dela langileen mobilizazioekin segitzea. “Adibidez, bihar, Nafarroako Esku-hartze Sozialaren greban; edo Karta Sozialaren hurrengo mobilizazioetan, azaroaren 19an eta 28an”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.