2026-01-27
Blog Page 483

Irmoki salatzen dugu EAJ-PSEren gobernuak euskararen ikaskuntzaren doakotasunerako legea atzera bota izana

Eusko Legebiltzarrean enegarrenez euskararen doakotasuneran inguruko eztabaida gauzatu den honetan, LABek berretsi egiten du 2019ko martxoan kaleratu zuen proposamena, eta inoiz baino indar geahiagorekin garatzeari ekin behar zaiola uste du.

LAB sindikatuaren iritziz, onartezina da gaur Eusko Legebiltzarren gertatu dena. EAJ-PSEren gobernua euskararen kontra eta herritarron hizkuntza eskubideon kontra kokatu da, euskararen legeari ezeko botoa emanez. PP eta VOX alderdiek egin duten bezala, alegia.

Bihar Euskaraldiaren bigarren edizioa martxan jarriko denean, zein zilegitasun izango du gobernuak? Gaur euskarari ostikoa eta bihar entitate eta arigune gisa beren burua saldu?

Doakotasuneran eztabaida honek bukaera behar du behingoz, eta badirudi betikotzen ari den gaia dela. Irtenbidea behar du, eta jendarteak eskatzen duen soluzioa gauzatzea dagokio Eusko Jarlaritzari. Alegia, helduen euskalduntzearen benetako doakotasuna. 2018an onartutakoari bide eman eta urratsak egiten jarraitzea.

Gure herrian euskara hizkuntza normala eta normalizatua izan dadin klabea da botere publikoek herritarrak euskararen ezagutzara erakartzea eta euskara jakiteko baliabide errealak, doakoak, publikoak eta kalitatekoak eskaintzea.

Kontuak horrela, LABen iritziz, helduen euskalduntzearen sektoreak eraldaketa sakona behar du eta legebiltzarreko alderdiei helarazi dizkiegu gure proposamenaren oinarriak, 2019an egin genuen bezala.

Euskal Herrian helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 4 oinarri hauen gainean eraiki behar da:

• Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea eta botere publikoek hori bermatu behar dute

• Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaitua direnean, hau da, gutxienez C1 maila lortzen dutenean.

• Publikoa izan behar da: Helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea, langileak kudeatzea …

• Kalitatekoa izan behar da: kalitatekoa bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat.

Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie. Are gehiago bizi ditugun garaiotan.

Sektoreko langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, errekonozimendua eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte.

Euskara ikastea eskubidea da!

Jarraipen zabala izan du EAEko Hezkuntzako eta EHUko azpikontratatutako garbitzaileen grebak

Hezkuntza Sailaren eta UPV/EHUren menpeko zentroetako azpikontratatutako garbitzaileek hilabete honetarako aurreikusita dauden bi greba egunetatik lehena egin dute gaur, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta. Bigarren greba datorren asteazkenean, hilak 25, izango da.

Ikasleen kolektiboek eta irakasleek lagunduta, mobilizazioak hasi dituzte goiz-goizetik. Hala ere, fakultate bunkerizatuak, ikasleentzako sarbide-kontrol zorrotzak eta segurtasuneko langileen jarrera zorrotza aurkitu dituztela salatu dute. Bilbon, gainera, Ertzaintzak protestan parte hartu duen lagunetako bat zigortzeko proposamena egin du. Gasteizko campusean greba-batzordeak ere ezin izan du EHUren instalazioetan sartu.

Hala eta guztiz ere, mobilizazioek jarraipen zabala izan dute. “Funtsezkoak gara, baina minimotan gaude” lelopean, pandemiaren ostean euren egoera kaskarra larriagotu egin dela salatu dute. Gaur egun, oraindik ez daude behar diren norbera babesteko ekipamendurik, bajek bete gabe jarraitzen dute, eta lana biderkatu egin da maiztasunak eta zereginak areagotu egin direlako Covid19aren ondorioz. Posible al da 4 ordu lan egiten duen langile batek komunak hiru aldiz garbitzea eta desinfektatzea, ikasgelak bi aldiz garbitzea, zakarrontziak hustu eta garbitzea, ikastetxe osoko pomoak, ateak, eskudelak, zoruak, telefonoak… desinfektatzea?

Garbitzaileek enpresei, Hezkuntza Sailari eta UPV/EHUri eskatu diete inplikatzeko. Gutxieneko zerbitzuen aginduek gure lanaren funtsezkotasuna behin eta berriro berretsi besterik ez dute egiten, baina egitateak nahi ditugu, konpromisoak nahi ditugu eta negoziatzera eseri nahi dugu 6 urte betetzear dagoen gatazka bati irtenbideak aurkitzeko.

Konpromiso hori gabe, mobilizatzen jarraituko dutela argi dute.

Fiskalitate politika justu bat aldarrikatu dugu Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkartu gara fiskalitate politika justu bat aldarrikatzeko; ondasuna banatu, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak garatu printzipioak oinarri. LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak hartu du hitza, eta egungo marko juridiko-politikoak ez digula lana duina bermatzen eta ez digula lana banatzeko aukerarik ematen nabarmendu du: “Bada garaia Nafarroako estatus politikoaren inguruko eztabaida ahalbidetzeko, horrekiko konpromisoa hartzeko. Langileok beste eredu ekonomiko eta soziala izateko, lan eta bizitza duina izateko, gure etorkizunaren jabe izan behar dugu”.

Hala, eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko mobilizazio soziala, langileon borrokak eta grebak ezinbestekoak direla berretsi du: “Horretan datza gure aukera”, azpimarratu du.

Gaurko mobilizazioaren harira, Iruñean manifestazio bat egingo dugu azaroaren 28an, aurrekontu sozialen defentsan.

Haurreskolak Partzuergoko gerenteak dimisioa aurkeztu dezala exijitzen dugu sindikatuok

Zorione Etxezarragak EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean hilaren 16an egindako adierazpenek eraman gaituzte ezinbestean erabaki hori hartzera: aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmena eta akordioak ez dituela betetzen onartu du.

Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok (LAB, STEILAS eta ELA) Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza eskatzeaz gain, hezkuntza-eskubidea jaiotzatik aldarrikatu genuen, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatu genituen. Ostean, Zorione Etxezarragak aipaturiko azalpenak eman zituen hilaren 16an batzorde berean. Agerraldi horretan argi esan zuen Haurreskolak Partzuergoko hitzarmen eta akordio desberdinak ez dituela betetzen, horretarako diru nahikorik ez duelako. Ez da onargarria enpresa publiko baten kudeatzaileak horrelako adierazpen publikoak egitea. Pentsaezina litzateke, gainera, horrelakorik egitea gainontzeko irakaskuntza publikoko kolektiboetan. Dirua ez izateak ez dio arrazoia ematen: kalitatezko zerbitzua eta langileen eskubideak bermatzeko beharrezkoa den aurrekontua dagokion Sailean eskatzea da bere ardura gerente gisa. Haurreskolak Partzuergoaren egunerokotasuna, berriz, osatzen duten langileen profesionaltasun eta borondate onaren ardurapean geratu da, gerenteak bereak diren ardurak ahaztu duen eta administrazioa ezikusiarena egiten aritu den bitartean.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzeko momentua dela azpimarratu nahi dugu, kalitatezko zerbitzu publikoa eta langileen eskubideak bermatu ahal izateko. Era berean, Haurreskolak Partzuergoaren aitortza politikoa, haurreskoletako langileen, haurren eta familien beharretara egokitutako politikak, eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena eskatzen ditugu.

Hortaz, EAEko Legebiltzarreko agerraldian egindako adierazpenengatik, Zorione Etxezarragari dimisioa aurkeztu dezala exijitzen diogu eta, Haurreskolak Partzuergoko Lehendakaria eta Hezkuntza sailburua den Jokin Bildarratzi, bere erantzunkizuna asumitu dezala eskatzen diogu.

Euskal Herriak hezkuntza lege propioa eta burujabea behar du, Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzeko

Kontua LOMCE edo LOMLOE artean erabakitzea baldin bada, gure erantzuna da ez bata ez bestea. Argi dago Espainiako eskumaren legea baino hobea dela PSOEk eta Podemosek osatzen duten gobernuarena, baina ez da Euskal Herriak behar duen legea inondik ere. Ikuspegi pedagogiko-sozialetik mugatuak diren aurrera-pausuak ikus daitezke hainbat gaitan; ikuspegi nazionaletik, aldiz, Madrilek jarraituko du erabakitzen estatu osoko eta Hego Euskal Herriko hezkuntzari dagozkion gai nagusien inguruan.

Zentzu honetan, LABek argi eta garbi adierazi nahi du LOMLOEren aurka dagoela, ikuspegi pedagogiko eta sozialetik nahikoa ez delako, euskal langileon eskubideak zapaltzen jarraitzen duelako eta gure hezkuntza-sistema erabakitzeko eskubidea ukatzen duelako, LOMCEk bezala. Euskal Herriak hezkuntza sistema burujabea, publikoa eta komunitarioa behar du, hezkuntzaren zentralizazioari, pribatizazioari eta merkantilizazioari herri bezala aurre egiteko.

Esan bezala, badaude neurri pedagogiko sozial batzuk, Wert ministro ultra-espainiar eta eskuindarraren legea hobetzen dutenak, baina motz gelditzen direla iruditzen zaigu. Inbertsio publikoa handitu arren, Europako herrialde aurreratuek inbertitzen duten BPGaren %6tik urrun geratzen da. Berrikuntza pedagogikoez hitz egiten du, baina ebaluazio-eredu zaharkitua mantetzen dute. Segregazioaren aurkako neurri nagusia kontzertazio orokorrari mugak jartzea izanda, praktikan proiektu elitistak diru publikoz finantzatzen jarraituko dute. Sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeak ez dira kontzertatuko, eta hau berri ona da. Hezkidetza edo pedagogia feministaz ere, ez dago Nafarroako Skolae bezalako proiektuak hedatzeko neurririk. 0-3 zikloaren aitortzarako urratsen bat proposatu arren, ez da sistema publikoan txertatzeko neurririk hartzen.

Arlo nazionalean, berriz, betiko lepotik burua, Espainiako estatuak erabakiko du Hego Euskal Herrian zer eta nola ikasi- irakatsi edo nola ebaluatu behar den, zenbat funtzionario publiko kontratatu ahal izango ditugun edo jantokietako beken inguruan.

Era berean, hizkuntza koofizialak dauden autonomietan gaztelania ez omen da hizkuntza nagusia izango. LABek erabat gezurtatu nahi du esaldi hori: Nafarroa erdi eta hegoaldean ez da gaztelania hizkuntza nagusia izango? A, B eta G ereduak gaindituko al dira? Lege honek ez du bermatzen euskarazko murgiltze eredua ezartzea, ezta EAEn ere.

Madrilek hezkuntzarako lege berria zehaztu duen honetan, milaka langilek egiten ditugun eskariei ere ez die biderik eman. Nafarroa eta EAEko gobernuek, bakoitzak bere neurrian, urteetan negoziaziorako ateak itxi dizkigute eskuduntzarik ez zutelakoan, eta oraingo legean ere ez dugu aurrerapenik ikusten. Azken finean, hezkuntzako langileon negoziazio kolektiborako aukerek bahituta jarraituko dute estatuan, eta ez dira jasotzen beharrezkoak jotzen ditugun auzi batzuk, ratioen jaitsiera edo Lanbide Heziketako irakasleen jarduna kasu.

Gauzak horrela, LABek ez du LOMLOE babesten eta Euskal Herriak hezkuntza lege propioa eta burujabea behar duela aldarrikatzen du, Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzeko.

USOAko enpresa-batzordeak mobilizazioei ekin die berriro hitzarmenaren negoziazioak duen blokeoa salatzeko

Barakaldoko Udalaren Enplegu Zentro Berezia da USOA eta aniztasun funtzionala duten 300 langile inguru ditu. Enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du bihar Barakaldoko Udalaren aurrean, atzo egin bezala. Hain zuzen ere, salatzen ari da langileen hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dutela Barakaldoko Udalak eta enpresak, ez dutelako inolako proposamenik aurkeztu, langileek 9 hilabete daramatzatenean proposamen baten zain.

Otsailaren 18an proposamen adostu bat aurkeztu zion enpresa-batzordeak USOAren zuzendaritzari. Azaroaren 3an, 9 hilabete geroago, enpresarekin bildu ziren langileak, eta jarrera pasiboa eta akordio batera iristeko borondate falta ikusi zuten. Enpresa, otsailean egindako proposamenari erantzunik eman gabe aurkeztu zen bilerara, eta hitzarmena negoziatzeari uko egingo ziola jakinarazi zien langileei.

Enpresak, argudiatu zuen gerentzia berria ezarri arte ez dutela negoziatuko, nahiz eta gaur egun jarduneko gerente bat egon. Honekin lotuta, aipatzekoa da USOAren azken hiru hitzarmenak gerentziaren sinadurarik gabe aplikatu direla. Enpresa-batzordeak ulertzen du hau, enpresaren borondate falta izkutatzeko aitzikia bat besterik ez dela. Egoera honen aurrean, azaroaren 3ko bileran, LAB eta UGTko ordezkariak mahaitik altxatu eta bileratik atera ziren.

Enpresa-batzordeak salatzen du ezin duela gehiago atzeratu hitzarmenaren prozesua eta ez duela aitzakia gehiago onartuko. Adierazi dute duela urte batzuk langileekin pankarta atzean zeudenek bizkarra ematen dietela orain, boterera iritsi ondoren.

Gainera, jardunean dagoen gerenteari, Barakaldoko PSOE eta EAJri eta enpresa berari exijitzen diote bere erantzukizuna bete eta erantzun bat emateko. Momentuz, langileek asteroko mobilizazioei ekin diete (astearte eta ostegunetan), eta presionatzen jarraituko dute bai kaleetan bai lan-zentruan.

Langileek borrokan jarraituko dute hitzarmen duinaren alde, enpresak negoziatzeko duen gaitasun faltaren aurrean.

Bizkaiko Aldundiaren garbiketa zerbitzuan kaleratutako 25 langileak berronartzeko exijitu dugu

Gutxienez 25 langile kaleratu dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren garbiketa zerbitzuan. Gehienak Covid-agatiko errefortzu lanak egiten ari ziren, eta kontratuak egun batetik bestera amaitu zaizkie. Honen aurrean, LABek mobilizazioa egin du Aldundiaren aurrean, “Aldundiak murriztu eta Optimak kaleratu egiten du” leloarekin.

Sindikatuok bat egin dugu Sahararen aldeko larunbateko mobilizazioekin

Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin. Sindikatuok hala adierazi dugu Bilbon egindako agerraldian. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, eta herri sahararra ez dugula bakarrik utziko adierazi eta Sahararekin elkartasun euskal mugimenduak deitutako larunbateko mobilizazioekin bat egingo dugula iragarri du. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri eta hiriburuetan egingo dira protestak, 12:00etan.

LAB, ELA, STEILAS, ESK, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, CNT eta EHNE Bizkaia sindikatuon adierazpen bateratua:

Azaroaren 13an (ostirala), Marokoko Indar Armatuek nahita urratu zuten 1991tik indarrean zegoen eta gatazkan dauden bi aldeek adostutako Su-Eten Akordioa. Marokoko Erresumak indar militarrak bidali zituen Guerguerateko legez kanpoko pasabidearen ekialdera, hiru arrailen bidez, duela lau astetik bertan manifestazioak egiten ari ziren zibil sahararrengana.

Mobilizazio horiek 2001ean Marokok Guerguerat-en legez kanpoko arrakala ireki zuela salatzen zuten, Nazioarteko Zuzenbidea urratuz. Nazio Batuen oniritzia duen Bake Akordioan (1988) eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio militarretan jasotzen den bezala, Marokoko harresi militarrean ezin da pasabiderik ireki.

Marokoko indarren erasoaldiaren aurrean, Fronte Polisarioak bidezko defentsa egin zuen saharar biztanleria zibila babesteko. Eraso honek Marokoko harresian zehar liskar batzuk hasi zituen, 29 urteren ondoren berpiztu den gerra bat deklaratuz.

Prentsaurreko honetan gaude sindikatuok hurrengoa adierazi nahi dugu:

  • Herri sahararrarekiko eta haren legezko ordezkari den Fronte POLISARIOarekiko zalantzarik gabeko elkartasuna BERRESTEN dugu.
  • Marokoko Erresumari egozten diogu 1991ko Su-Etena apurtu izana, eta eremuan sortu den eta Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezegonkortasunarekiko ERANTZUKIZUNA ere.
  • MINURSO eta Nazio Batuak inguru horretan segurtasuna mantentzeko eta azaroaren 13ra arte modu baketsuan manifestatzen ziren saharar herritarrak babesteko gai ez direla ADIERAZI nahi dugu, bai eta azken 45 urteetan ezer egin ez dutela.
  • Espainiako Gobernuari eskatzen diogu bere gain har dezala deskolonizatzeke dagoen Afrikako azken lurralde ez-autonomoarekiko erantzukizuna, eta gida dezala, MINURSOrekin batera, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea AITORTZEN duen erreferenduma berehala egiteko ekimena.
  • Era berean, herri sahararra bere kausa legitimoari irtenbidea bilatzeko bakea eta elkarrizketa nahi dituen herria dela azpimarratzen dugu. Herri nekatu, zapuztu eta gogaitu bati ezartzen zaion guda berri bat da hau, 45 urte hauetan bete gabeko hamaika promesa jasan behar izan dituena. Egun hauetan gertatutakoa, errespetatu gabeko konpromisoen eta Marokoko Erresumak Akordioei eta Nazioarteko Zuzenbideari, behin eta berriz, eragindako urraketen aurrean, nazioarteko komunitateak duen axolagabekeriaren erakusgarri besterik ez da.
  • Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin. Sindikatuak hala adierazi dugu ere askotan, eta beste behin ere, ez dugu herri sahararra bakarrik utziko eta bat egiten dugu sahararekin elkartasun euskal mugimenduak deitutako mobilizazioekin, hilaren 21an, 12:00tan, Euskal Autonomi Erkidegoko herri eta hiriburuetan.

BBVA eta Banco Sabadell-en balizko fusioa ez da albiste ona ez enpleguarentzat ez euskal jendartearentzat

Mota honetako operazioak goi-mailetatik planifikatzen dituztenek, enplegua eta herritarren beharrizanak kontuan hartu gabe, soilik jokatzen dute horrela eta epe laburrean, herritarren beharrizan finantzarioen kontrako eraso berri baten aurrean egon gaitezke. Ikuspegi soilik ekonomikotik egiten ditu, kosteak murriztu nahian, ekar litzakeen ondorio larriekiko inolako axolarik izan gabe.

Honezkero disimulatu ere ez dute egiten, bai balizko fusio honekin bai duela gutxi iragarritakoekin bankako oligopolio baterantz goaz. Laster, finantza entitate gutxi batzuk kontrolatuko dute merkatuaren %80a eta horrela, euren poltsikoak berotzen jarraituko dute milaka lanpostu suntsitzearen kontura, zerbitzuak garestitu eta gero eta komisio gehiago kobratu eta bulegoak itxiz herritarrak zigortuz, finantza-bazterketa sortuz eta zerbitzu okerragoa emanez.

BBVA eta Banco Sabadellen artean iragarritako balizko fusio honek sakondu egingo du finantza sistema espekulatiboan eta herritarren, familien, enpresan eta herritarren beharrizanetatik.

LABetik konpromisoa hartzen dugu enplegua eta langileen lan-baldintzak defendatzeko, egungoak zein etorkizunekoak, langile guztien eskubideen errespetua exijitzeko, murrizketari gabe, bi entitateetako langileek etorkizuna berma dadin. Hala ere, ez dugu ahaztu behar berebiziko premia duela Banka Publikoa izateak.

Premiazkoa da banka publiko batek, herritar zein sektore produktiboei, guztion eskura egongo diren finantza-zerbitzuak bermatzea, eta ez inposatu nahi dutena bezalako finantza-sistema espekulatibo eta monopolista.