2026-01-27
Blog Page 480

Berriz irabazi ditugu hauteskundeak Iruñeko Udalean

Duela lau urte egindako hauteskunde sindikaletan bezala, oraingoan ere LAB izan da Iruñeko Udalaren zenbaketa orokorrean boto gehien lortu dituen sindikatua; izan ere, 10 ordezkari lortu ditu: zazpi, funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen artean, eta hiru, lan-kontratudunen artean. Horrela, bigarren indarrak baino lau ordezkari gehiago izanen ditugu.

Gure eguneroko gainerako alderdietan gertatzen ari den bezala, hauteskunde-prozesu honen garapena COVID-19ak baldintzatu du goitik behera. Hori dela eta, aurreko hauteskundeetan baino boto gutxiago eman dira; baina ezin dugu ahaztu udal langile batzuk konfinatuak daudela, beste batzuk konfinatutako ahaideak zaintzen ari direla (ezinbesteko betebeharragatiko baimena baliatu gabe, gogora dezagun), eta beste batzuk telelanean ari direla. Horregatik, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu LABen boto-papera hautestontzietan sartuz guregan konfiantza izan duten langile guztiei.

Zuei esker, LABek bigarren aldiz jarraian irabazi ditu hiriburuko udaleko hauteskundeak. Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen artean berdindu egin ditu 2016an lortutako emaitzak; guztira, 23 ordezkarietatik 7 lortu ditu. Lan-kontratudun langileei dagokienez, LAB hirugarren postuan geratu da, baina boto gehiago lortu dituzten bi sindikatuen ordezkari kopuru bera lortuta. Egia bada ere lan-kontratudun langileen artean LABek, 2016ko hauteskundeekin alderatuta, ordezkaritza galdu duela, ezin dugu alde batera utzi lau urte hauetan bikoiztu egin dela hauteskundeetan parte hartu duten sindikatuen kopurua (2016an 3 sindikatu izatetik 2020an 6 izatera igaro gara). Horrek azaltzen du, neurri batean, gertatutakoa.

Emaitza horiek bultzada handia ematen diote lau urte hauetan egin dugun lan gogor eta etengabeari; izan ere, Langileen Batzordean proposamen gehien aurkeztu duen ordezkaritza sindikala izan gara. Eta, horrez gain, lortutako emaitzak honako hauen ondorio ere badira: egin ditugun kontsulta eta aholkularitza guztien ondorio, Udaleko langileei dagozkien alderdi partikularrei buruz informatzeko, galdetzeko eta erabakitzeko egin ditugun dozenaka bilera eta batzarren ondorio, eta udal langileen eskubideak defendatzeko eta haien lan baldintzak hobetzeko modu batean edo bestean abian jarri ditugun ekimen guztien ondorio.

Jakin badakigu, halaber, laguntza hori, kasu askotan, babes kritiko bat izan dela; horregatik, aukera bat da gure lana hobetzeko, akatsak zuzentzeko eta sindikatu parte-hartzaileago eta dinamikoago bat izaten saiatzeko. Hori helburu, langile guztiak animatzen ditugu parte hartzera eta ekarpenak egiten jarraitzera, egunetik egunera hobeak izan gaitezen, eta, horrela, ahal izanez gero, udaleko langile guztiei laguntzeko.

Baina emaitza horiek ere erakusten dute langileek badakitela hurrengo urteetan, eta Udalaren jarrera ikusita, gure eskubideak eta sektore publikoa indar biziz defendatzea tokatuko dela: kontratu prekarioenak desagerraztea, soldatetan hobekuntzak sartzea -batez ere, lanpostu feminizatuenetan-, akordio kolektiboak betearaztea, euskararen erabilera normalizatzea… Horiek dira gure helburuak, eta horien alde lan egiten jarraituko dugu.

Pentsio sistema propioaren alde, azaroaren 30ean eta abenduaren 5ean kalera ateratzeko deia egiten dugu

Datozen hilabeteetan pentsioen erreforma berri baten aurrean egongo gara. Berretsi nahi dugu pentsioen erreformak ez duela bermatuko pentsio sistema publikoaren nahikotasuna ezta iraunkortasuna ere.

• Ez dira 2011 eta 2013.urteetako erreformak lehengoratzen. Erreforma hauek jubilazio prestazioak eskuratzeko baldintzak gogortu zituzten, besteak beste, pentsioen kalkulurako kotizazio urteak handituz eta jubilazio adina atzeratuz. Bi erreforma hauek pentsioetan murrizketa sakonak eta estaldura tasa txikitzea ahalbideratzen dute, hau da, jasotako azken soldataren eta jubilazio pentsioaren arteko arrakala gero eta handiagoa izatea.

• Ez da 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko eta ez da neurri bakar bat ere aurreikusten gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakala murriztu edo ezabatzeko.

• Gizarte segurantzaren iraunkortasun finantzieroa ez da bermatuko.

Testuinguru honetan, ezin gara Madrilera begira egon edota estatutik inposatzen zaizkigun neurriak baloratzera mugatu. Pentsio sistema publikoa ziurtatzeko, eredua eraldatu behar da. Horretarako, pentsio sistema propioa eta Euskal Herriarentzat gizarte segurantzarako lege propioa beharrezkoak ditugu.

Pentsio sistema propioa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskuratzeko mobilizazioa ezinbestekoa da LAB sindikatuarentzat. Horregatik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak azaroaren 30ean Nafarroan eta abenduaren 5ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu langileak.

Osakidetzako mahai sektorialean gertatutakoak Jaurlaritzaren negoziaziorako borondate falta erakusten duela adierazi du Garbiñe Aranburuk

Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Euskal Telebistako “Egun on Euskadi” saioan izan da, aktualitateko hainbat gairi buruz hitz egiteko; besteak beste, Osakidetzako mahai sektorialaren azken bileran gertatutakoari buruz. Zentzu honetan, atzoko bileran Eusko Jaurlaritzaren negoziaziorako borondate falta agerian geratu zela nabarmendu du, eta langileen aldarrriak mahai horretatik kanpo daudela salatu du, horietako asko pandemia aurreko eskaerak direlarik; langile falta, kasu. Jaurlaritzak mahai sektoriala informazioa emateko gune huts gisa ikusten duela kritikatu du, inolaz ere negoziazio gune gisa, eta, horren aurrean, sindikatuok mobilizatzea beste biderik ez dugula defendatu du. Gasteizko Gobernuaren jarrera larria dela berretsi du LABeko idazkari nagusiak, are eta gehiago elkarrizketaren aldeko etengabeko apologia egiten duenean.

Enpleguaren arazoari buruz ere hitz egin du, beste gai batzuen artean. Honen harira, Garbiñe Aranburuk esan du lehentasunezkoa behar duela izan arazo honi irtenbide bat bilatzea, enplegu suntsiketa izugarria baita. Gainera, honen atzean, elementu batzuk errepikatzen ari direla jakinarazi du; hain justu, enplegu suntsiketa hori irabazi handiak izan dituzten enpresetan gertatzen ari dela esan du, enpleguarekiko inolako baldintza eta konpromisorik gabe diru publikoa jaso duten enpresetan. Honi buruz hitz egiteko borondaterik ez dagoela salatu du, eta delako Elkarrizketa Sozialeko Mahaia patronalaren eta Jaurlaritzaren politikak zuritzeko besterik ez dutela baliatzen nabarmendu du. Hala, enpleguaren arazoa politizatzearen beharra aldarrikatu du, eta, hori lortu ahal izateko, erantzun mobilizatzaile orokorren beharra azpimarratu du. 

Deslokalizazioari buruzko legea errefusatzen dugu, lege hori onartu duten moduan hasierako proposamenean sakondu beharrean edukiz hustu dutelako

“Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko Foru Legea” onartu zuen atzo eguerdian Nafarroako Parlamentuak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin. Horren harira, LAB sindikatuak gogoratu nahi du aldez aurretik errana zuela halako lege bat ontzat joko zuela baldin eta hasierako helburuetan gehiago sakontzen bazuen, baldin eta edukiz husten ez bazuten. Bada, atzo onartu zuten legeak erakusten du LABek zituen kezkek bazutela oinarririk. Hartara, sindikatuak lege hori errefusatu behar du.

LAB sindikatuak behar-beharrezkotzat jotzen du enpresen deslokalizazioa eragotziko duen lege bat. Nafarroako Gobernua ez da batere eraginkorra ehunka langileren enpleguak defendatzeko diru laguntza publikoetan milioiak jasotzen dituzten multinazionalen aurrean, ondoren, lanpostuak suntsitzeko, lantegia alde bakarretik eta inolako erantzukizunik gabe itxiz. Horrek agerian uzten du multinazionalek gobernuek baino botere handiagoa dutela. Horregatik, nahitaezkoa da lege bat izatea laguntza publikoen onuradun diren enpresak deslokalizatzea saihesteko.

Bide horretan, LABek ontzat jo zuen EH Bilduk eginiko lege proposamena, baina eskatu zuen helburuetan gehiago sakontzeko eta, horregatik, hainbat proposamen egin zizkien alderdi guztiei. EH Bilduk bakarrik jaso zituen LABen proposamenak, eta bertze alderdiek gure ekarpenak jaso ez eta, gainera, edukiz hustu dute hasierako proposamena.

PSNk, Geroa Baik eta Podemosek zergatik ez dute babesten, LABek eskatu bezala, azpikontrataritako langileak kontuan hartzea (batez ere enpresa nagusiaren deslokalizazioaren ondorioz beren enplegua suntsituta ikusten duten emakumeak)? Zergatik ez dute nahi kontrol, jarraipen eta ebaluazio mekanismo zorrotzak ezartzea lege hau benetan eta eraginkortasunez betetzeko? Zergatik uzten dute atea zabalik I+G+b arloko diru-laguntza guztiak (milioi euroak) lege honetatik kanpo uzteko? Horiek dira Nafarroako gizarte osoari zor dizkioten erantzunak.

Herritarrek, eta sindikatu honek, nahi dute diru publikoa jasotzen duen enpresa bat langileen etorkizunarekin konprometitzea eta haien enpleguak bermatzea; eta Gobernuak kontrol neurriak hartzeko eta diru publikoa berreskuratzeko gaitasuna izatea, zikoizkeriaren eta enpresa-boterearen aurrean. Baina atzo onartu zuten legeak ez du halakorik lortuko. Eta, horregatik, LAB sindikatuak mobilizatzen jarraituko du, errealitate hau aldatzeko, enpresen diru-goseari amaiera emateko, enpleguak defendatzeko eta langile guztientzako etorkizun duin bat lortzeko.

Sindikatuok Osakidetzako mahai sektorialetik altxatu gara

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:

Osakidetzako Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok (LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT) gaurko bileran egiaztatu dugunez, Osakidetzan aurpegi-aldaketa egon arren, jarrerek betiko berberak izaten jarraitzen dute: negoziaziorik eza, elkarrizketarik eza, aldebakarreko inposaketak eta sindikatuekiko eta langileekiko mespretxurik handiena. 

Atzo ohar bat egin genuen publiko, eta bertan salatu genuen Osakidetzak, beste behin ere, gai-zerrenda eta bileraren edukia bera inposatzen zizkigula eta, beste behin ere, edukirik gabeko Mahai baten aurrean geundela. Mahai horrek ez zuen sindikatuok adostutako aldarrikapen bakar bat ere jasotzen, aldarrikapen horiek mobilizazioak deitzera eraman gaituztelarik. Eta hori guztia, nahiz eta berariaz eskatu aldarrikapen horiek gai zerrendan sartzea. Azken batean, salatzen genuen bilerak ez zuela proposamen edo neurri bakar bat ere jasotzen osasun-sistema publikoak dituen egiturazko eta funtsezko arazoei aurre egiteko, azken urteotako murrizketa-politiken ondorio diren arazoak. 

Bada, gaurko bileran baieztapen horietako bakoitza egiaztatu ahal izan dugu, eta ez hori bakarrik, baizik eta egiaztatu ahal izan dugu ere, Osasun Sailean eta Osakidetzan bertan aurpegiak aldatu arren, praktikek betiko berberak izaten jarraitzen dutela. Hala, gai-zerrendako lehen puntua ia jorratu ez genuenean eta bigarren puntuari heltzen ari ginenean, Osakidetzak prentsara eta platilla osoari bidali dio, oraindik amaitu ez zen bilera baten balorazioa egiten zuen ohar bat, eta Mahaian oraindik ezagutzera eman ez dizkigun planteamenduak plazaratzen zituena. Sindikatuei entzun ere egin gabe baloratu du bilera Osakidetzak. 

Jarrera hau onartezina da, are gehiago kontuan hartzen badugu ohiko jarrera bat dela, eta komunikabideen bidez jakin ohi dugula Osakidetzak Mahaira eraman beharko lituzkeen proposamen eta neurriak. Aldebakarrez hartzen ditu erabakiak langileen ordezkariak kontuan hartu gabe. Gogora ekarri behar da, gure historia hurbileko pandemiarik okerrena bizi dugun arren, Mahai Sektoriala ez dela bildu ekainetik, eta denbora horretan ez dela elkarrizketarik edo proposamenik egon Osakidetzako lantokietan bizi den egoera larriaren aurrean. 

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu Mahai Sektorialean benetako negoziazioa abian jar dezala. Negoziazio horren puntu nagusiak sindikatuen artean adostutako aldarrikapenak izan behar dira, aldarrikapen horien helburua gure osasun-sistema publikoaren egiturazko arazo larriak konpontzea den heinean.

Nafarroako Garbiketen sektoreko dozenaka delegatuk batzarra egin dute, hitzarmenaren negoziazioen bidean mobilizazioen garaia iritsi dela iragartzeko

Gaur, LABek eta ELAk deituta, Iruñeko Lopez frontoian batzar bateratua egin dute bi sindikatuetako Garbiketen sektoreko makina bat delegatuk. Bertan, indar sindikalen arteko akordio intersindikalaren balioa nabarmendu dute eta mobilizazio egutegi bat aurkeztu dute Garbiketetako Lan Hitzarmenaren negoziazioetan aurrera egite aldera.

Batzarrean azaldu dutenez, COVIDaren iritsierarekin, gizartearen oinarrizko sektore bat direla agerian jarri da, eta modu horretan balioetsiak izatea eskatu dute. Horretarako, bi sindikatuek soldata igoera nabarmen bat eskatzen dute soldata arrakalarekin bukatzeko -sektore honetako langile gehien-gehienak emakumeak baitira-, baita bajetan eta antzinatasunean izandako murrizketetan atzera egitea eta partzialitatearekin amaitzea ere.

Azpimarratu dutenez LABen eta ELAren aldarrikapen plataformak sektoreko arazo nagusiei heltzen die, eta Garbiketetako lan baldintzetan jausi nabarmen bat lortzearren, mobilizazioaren garaia iritsi dela uste dute. “Ezinbestekoak gara eta halaxe balioetsi gaitzatela”, aldarrikatu dute.

Norabide horretan, abenduaren 17rako kontzentrazio bat iragarri dute, Nafarroako Ospitalegunean; eta beste bi urtarrilean, bat Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta bestea CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen Iruñeko egoitzaren parean.

Kelvioneko langileek herritarrei dei egin diete ostiraleko manifestazioan parte hartzera

Igorreko GEA Kelvion enpresako langileen oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Gaur duela hiru aste, enpresako zuzendaritzak Igorreko lantegiaren itxieraren eta kaleratzeen berri eman zigun. Ordutik, greba mugagabean gaude gure lanpostuak defendatzeko eta beharrezkoa den denbora mantenduko dugu.

Gaur arte hiru bilera izan ditugu enpresarekin, eta baieztatu dezakegu duela urte batzuk hartutako erabaki dela lantegia ixtearena. Egungo gerenteak eta zuzendariak erabaki hori gauzatzera besterik ez dira etorri. Igorreko lantegiak merkatu fondoa, ekoizpen ahalmena, merkatu prezioak, bezero indartsuak eta langile onak ditu. Kelvion taldeak hau guztia kendu digu; beste era batera esanda, enpresa gisa dugun autonomia lapurtu digu. Hustu egin gaitu. Erabateko deslokalizazioa da.

Gure lantegia ixteko arrazoi ekonomikorik ez dagoela baieztatzen dugu. Kelvion taldeak gure ekoizpenaren %70 saltzera behartzen gaitu; ondoren, askoz ere prezio altuagoetan saltzeko gure ekoizpena beste batzuei, eta haiek geratzeko marjinarekin. Erabaki horiek eta taldeak bere onurarako hartu dituen beste batzuk izan dira egoera honetara bultzatu gaituztenak, ez da gure enpresaren mesederako erabakirik hartu.

Enpresak orain arte ez du proposamenik egin, eta guztiok kaleratzeko erabakiari eusten dio. Guk enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uztea eta negoziazio-mahai bat irekitzea proposatu diogu greba mugagabea bertan bera uztearen truke, elkarrizketa errazteko.

Hala ere, enpresako zuzendaritzak uko egin dio gure proposamenari eta gurekin negoziatzeari. Bi bilera egin ditugu Eusko Jaurlaritzarekin, atzo Industria Sailarekin egon ginen eta inplikatzeko eskatu diegu Gea Kelvion ixtea saihesteko. Arratiako hainbat udaletan ere mozioak jarri ditugu inplikazioa eta babesa eskatzeko.

Guk gure enpleguen defentsa berresten dugu, eta badakigu Gea Kelvion ixtea ere kolpe latza dela Arratiarentzat. Enpresek hartutako erabakiak direla eta, eskualde hau bereziki zigortua izaten ari da, Arratia basamortu bilakatzen ari da.

Badakigu gure eskualdeko industria ez dela egoera oso gogor eta jasanezinak jasaten ari den bakarra. Ostalaritzaren, osasun eta zaintza zerbitzuen, saltoki txikien eta lehen sektorearen egoera ere ezagutzen dugu. Hemendik gure elkartasuna eta babesa helarazten dizuegu.

Horregatik, Arratia osoari eta bereziki Igorreko herriari dei egiten diogu bihar, azaroaren 27an, Igorren egingo dugun manifestazioan parte hartzea. 18:00etan izango da, Gea Kelvioneko ateetatik aterata.

Horretaz gain, Gea Kelvioneko langileak aztertzen ari gara mobilizazio potente bat burutzea. Hurrengo egunetan erabakiko dugu.

Gasteizko Toki Eder ikastolan mobilizatu gara, eskola-jangelen defentsan

Hezkuntza komunitateko jangeletako langileek, irakasle-hezitzaileek eta gurasoek mobilizazioa egin dute Toki Eder ikastolan, LABek deituta. Salatu dute, ikasturtea aurrera joan arren, ikastetxe honek Eusko Jaurlaritzari egindako eskaeren berririk oraindik ez duela jaso.

Ikastetxeko 364 ikaslek behar dute jangela, eta, une honetan, 202ri soilik eman ahal zaie horretarako aukera. Ondorioz, kanpoan geratu diren 162 ikasleen familiek, egunero, zailtasun handiekin egin behar diote aurre egoera honi. Era berean, 22 jangelako langiletik 15 daude aurten euren lanpostuetan, beste 7ak beste eskoletako jangeletan berkokatu dituzte, baina ez dakigu zein den euren etorkizuna.

Eusko Jaurlaritzari eskatu diote baliabide guztiak jar ditzala jangela zerbitzua erabili nahi duen edo behar duen edozein ikaslek eskubide hori bermatua izateko. Azken finean, jangela funtsezkoa da ikasleen hezkuntza integralean; eskolako hezkuntza eremu bat gehiago da, beste edozein bezain garrantzitsua.

Iruñean mobilizatuko gara larunbatean, aurrekontu sozial eta subiranoen alde, Eskubide Sozialen Kartak deituta

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak dei egiten du azaroaren 28an izango den manifestazioan parte hartzera, galdegiteko orain behar ditugula sail sozial handiagoak dituzten aurrekontuak, eskubide sozial berriak aitortuko dituzten aurrekontuak, eta exijitzeko berehala onartu behar dela zerga-erreforma justu eta sakon bat. Iruñeko autobus geltoki zaharretik irtengo da mobilizazioa, 17:30ean.

Joan den azaroaren 19an Eskubide Sozialen Kartak sistema aldatzea eskatu zuen, biziari eta zaintzari benetan lehentasuna emate aldera, eta pribatizazioen alde egin ordez zerbitzu publikoak indartzeko ahalegina egin dadin.

Esan genuen orduan aurrekontuak egiteko unea egokia dela norabide hartarantz aurrera egiteko borondate politikoa adierazteko. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 2021eko aurrekontua zela eta honako neurriak har zitezela eskatu genuen:

  • Pertsonen zaintza arloko zerbitzu publiko pribatizatuen publi kazio urgentea, horretarako beharrezko baliabideak bideratuz.
  • BPGaren %6 hezkuntzara bideratu, eta %7 osasungintza publikora.
  • Etxebizitza publikoen parke bat bermatzea, Nafarroako biztanle guztiei salbuespenik gabe eskaintzeko.
  • LGS adineko errenta bermatua.
  • Pentsioak osatu gutxienez 1.080 eurokoak izan daitezen.
  • 1.200 euroko gutxieneko soldatak eta gehienez 35 orduko lanaldiak arlo publiko guztian eta honen kontratetan, irauten duten artean.
  • Premiazko neurriak modu irregularrean bizi diren edo lan egiten duten pertsona guztien egoera erregularizatzeko.

• Makroazpiegiturak geldiarazi, zuzenean edo zeharka pertsonen beharrizanak ez diren xedeetara diru publikoa desbideratzen duten kasuetan.

Horretarako ezinbestekoa zen ere premiazko zerga- erreforma bat gauzatzea, zergak zinez igotzeko enpresen etekinei, ondareei eta errenta altuei zein kapital-errentei. Azaroaren 20an plazaratu genuen zerga-erreformarako gure proposamen konkretua, diru- bilketa oparoagoa eta justuagoa izan dadin.

Badakigu ezen, 2008ko krisiaren ondoren gertatu zen bezala, zerga-erreforma sakon eta azkarrik egiten
ez bada egungo zorrak lehenago edo beranduago murrizketa sozial gogorrak ekarriko dituela biztanle gehienentzat.

Neurri horiek guztiak eta beste batzuk bete-betean garatuko badira beharrezkoa da subirania osoa, Nafarroan erabaki ahal dadin lan baldintzen eta biztanleriaren bizi-baldintzei buruzko kontu guztiei buruz.

Gure aldarriak ez dira berriak; pentsio-sistema publikoaren alde, prekarietatearen aurka eta eskubide sozialen alde urtarrilaren 30ean egin genuen greba orokorrean eman genituen ezagutzera. Nafarroako Gobernuaren 2020ko aurrekontuak hain zuzen greba orokor haren ondoren onartu ziren. Eta, 2021ko aurrekontuen kasuan bezala, aurrera atera ziren Gobernuko kideek (PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu) EH Bildurekin iritsi zuten akordioari esker.

Kartak esan zuen 2020ko aurrekontuez hauek ez zietela erantzunik ematen Greba Orokorreko aldarriei. Aurrekontu akordioan sartzea 1.200 euroko gutxieneko soldataren erreferentzia edota 1.080 euroko gutxieneko pentsioari buruzko ikerketa bat keinu sinboliko bat besterik ez zela, ondorio praktikorik gabea eta, horrenbestez, nahikoa ez zena.

Gaurko egoera are larriagoa da, Covid-19ak eragindako krisi sanitario, sozial eta ekonomikoari aurre egin behar baitzaio. Kon namendu garaian sistemaren gabeziak agerian geratu ziren. Eredua aldatu beharra dago; bizia erdigunean kokatzen duen beste eredu baterantz jo behar dugu. Beraz, are premia handiagoa da galdatzen ditugun neurriak aplikatzea.

Haatik, Nafarroako Gobernuak -zeina PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk osatzen duten- egin duen aurrekontu proiektuan ez dago norabide berririk: aurrekontu kontinuistak dira, eta hauek aurrera ateratzeko Gobernuak eta EH Bilduk itxi duten akordioak ez du hori aldatzen.

Eskubide Sozialen Kartak berriz ere arbuiatu egin behar du aurrekontuetan jaso ez izana duela bi aste eskatzen genituen puntuetako bat ere. Ez egoera larriaren tamainako aurrerapausorik, ez eta aurrera egiteko aukera eman dezakeen zerga-erreformarik ere. Gobernuak benetako zerga-erreforma bati uko egiteak eragotzi egiten du politika publikoak aipatzen dugun norabidean egiteko modua. Gainera, nafar gehienen beharrizanetarako konponbideak erabakitzeko eskubidearen aldarrikapen falta ikusten dugu. Eztabaida isilarazten edo atzeratzen ari dira, izan ere, ez baitute kapitalaren eta eskuinaren interesekin talkarik izan nahi.

Zerga-erreformari ekin behar zaio zergatan diru gehiago eta berdintasun handiagoz biltzeko, eta hori orain egin behar da; ezin da atzeratu. Ikerketa batzuk egiteko akordioa goraipatzea (hori dagoeneko otsailean bazegoen, zehaztu gabe bada ere), ezer aldatzeko konpromiso konkreturik gabe, sinbolikoa ez ezik errepikakorra da.

Azken urteetan gauza bat argi geratu da: Borroka sindikal eta soziala behar-beharrezkoa da aldarrikatzen ditugun erako aldaketa estrukturalak bultzatzeko. Mobilizazioa oinarrizkoa da aldaketa politiko eta sozialean aurrera egiteko. Mobilizazioa zerga- erreformaren alde, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Mobilizazioa herritar eskubideak bermatuko dituzten zerbitzu publikoen alde. Mobilizazioa biztanleria guztiarentzako lan eta bizi duinaren alde, Nafarroan lan- eta bizi-baldintzak erabakitzeko eskubidearen alde.