2026-06-27
Blog Page 472

Enpleguaren egiturazko arazoek errotiko aldaketa baten beharra dute

Enplegu plan batek enpleguaz harago doazen politika aldaketak jaso beharko lituzke eta horrez gain, aldaketa horiek egin ahal izateko eskumen eta baliabideak izan. Izan ere, nola lortu kalitatezko enplegu industriala jendartearen beharrak asetzea baino kapitalaren interesei begira eginiko industria politika badugu? Nola duindu zaintza lanak merkatuaren logikari erantzuten dion zaintza sistema irauli gabe? Posible ote da kalitatezko enpleguaren sorrera digitalizazioa eta robotizazioa langileon lan baldintzen hobekuntzaren mesedera jarri beharrean gutxi batzuen diru sarrerak ugaritzeko erabiltzen ari diren honetan?

Egun, kalitatezko enplegua sortu eta zabaltzeko eragozpen nagusia lan erreforma dugu. Prekarietatea erruz zabaldu da azken urteetan gurean, eta Jaurlaritzak uko egin dio bere posiziotik hemen erreformaren aplikazioa indargabetzeari begira egin zezakeen lanari. 2020ko urtarrileko greba eta gero, LABek,  ELArekin batera, prekarietateari aurre egiteko akordioak proposatu genituen (1200 €-ko gutxienezko soldata, subrogazioa azpikontratetan, emakumeak pairatzen duten soldata arrakalarekin amaitu, 35 lanorduko astea eta  lanaldi partzialetan, gutxienezko 20 orduko asteko lanaldia). Jaurlaritzak ez zituen aldarrikapen hauek babestu; Confebaskekin lerrokatu zen, beste behin langileei lepoa emanez.

Lan erreformari dagokionez, argi utzi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak aurreko udan, ez zeudela lan erreforma derogatzearekin ados, eta berdin jarraitzen dute, ez derogatzeak patronalari mesede egiten diolako(kalerapenak erraztu eta prekarietatea hedatu).

Gainera, Euskal Herriak enpleguari dagokionez dituen erronka handiei, Jaurlaritzak kapitalaren eta patronalaren aldeko politika eta ekinbideekin erantzun die orain arte:

Jaurlaritzak bertako enpresetan kanpoko kapital eta fondoek gero eta presentzia handiagoa izatea ahalbidetu du, baita hasiera batean diru publikoarekin sorturiko enpresetan ere (Euskaltel, Gamesa, Aernova…), eta horrek deslokalizazio arriskua areagotzeaz gain dagoeneko indar handiz eragiten digun desindustrializazio prozesuan eragina dauka. Administrazio publikoko enplegua gero eta prekarioagoa da behin-behinekotasun tasa izugarriak erakusten digun bezala, eta horri, enpleguaren prekarizazioa handitzen duen zerbitzu publikoen etengabeko pribatizazioa gehitu behar diogu. Enplegu askotan digitalizazio eta robotizazio prozesuak errealitatea dira dagoeneko, eta oraindik orain, prozesu hauek kapitalaren mozkinak handitzeko erabiltzen dituzte, enplegua galtzera kondenatuz. Trantsizio ekologista abian jartzea premiazkoa dugun honetan, planifikazio egingarri eta eraginkor baten falta nabaria da, baita enpleguaren ikuspuntutik. Bizitzaren sostengarritasunerako ezinbestekoak diren eta zaintza lanak burutzen dituzten langileen prekarietate egoera eskandalugarria da, zerbitzu publiko izaera beharko luketen enpresen mozkinen onurarako.

Testuinguru horretan aurkeztu berri digu Jaurlaritzak 2030 enplegu plana. Lehen irakurketan interesgarria iruditu dakiguke: helburu erakargarriak jasotzen ditu bere baitan; kalitatezko enplegua, ekoizpen eredura moldatzen den enplegu erresilientea, enplegu politika aktiboen eskubide subjektiboa eta aukera berdintasuna ditu ardatz nagusi, norabide horretan hainbat proiektu traktore proposatuz.

Letra txikia irakurriz ordea, enplegu politikak ezarri ahal izateko aipatzen dizkiguten plan eta lege proiektuek ez die langileriaren egoerak eskatzen duenari erantzuten, patronalaren interesei bazik. Jaurlaritzak, planean aipatzen diren helburuak betetzeko orain arte erabili dituen errezeta berdinak erabiltzeko asmoa azaldu du, ezarri dituen helburuak ez direla beteko jakitun bada ere. Berriz ere enplegu plana Confebaskek markatu nahi dituen politiken mesedetan jarri dute. Hitz politak harago, Gobernuan ez dago borondaterik biztanlegoren gehiengoa den langileen beharrei erantzuteko ezta hauen aldeko enplegu plan eraginkor bat garatzeko.

Planak jasotzen dituen proiektu bakanek ere, ez dute egiturazko aldaketak egiteko aukerarik ematen. Lanbide hobetzeko proposamenak ere ez du bermatzen enplegu zerbitzua tresna eraginkor bat bihurtzeko beharko lukeen eraldaketa egingo denik.

Eta dirudienez, planaren eztabaida eta erabakiguneetatik urrun nahi gaitu Jaurlaritzak, urrun nahi ditu patronalaren posizioa kolokan jar dezaketen LAB bezalako sindikatuak, izan ere, berriz ere Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiari Estrategiaren gobernantzarako funtsezko izaera ematen baitio.Gobernantza, Jaurlaritzaren erabakiak zuritzea eta Confebasken plana (prekarizazioa eta enplegu suntsiketa) garatzea beste helbururik ez duen gune bati. Non geratzen dira langileen interesak?, non defendatzen dira langileen eskubideak? Elkarrizketa sozialeko mahaian ez behintzat, hemen patronalaren etekinak eta Gobernuaren interesak bakarrik lantzen dira.

Gobernuak langileak abandonatu ditu; langileak beraien eskubideak lan zentroetan eta kalean defendatzen ari dira, borrokaren bidez, eta LABen babesa izango dute beti.

Euskal Herriko langileriak patronalaren interesak alde batera utzi eta proposamen orokor eta abstraktuetatik harago joango den eta kalitatezko enplegua sortuko duen enplegu plan eraginkor bat behar du, langileon beharrizanak kontuan izanik garatuko diren politikak abian jartzeko. Norabide horretan lan egiten ari da LAB, bere proposamen sozioekonomikoa eragile soziopolitiko eta sindikalen eskura jarri eta lan eta bizi baldintza duinak lortze bidean behar diren eztabaidak sustatuz.

Electroaceros-eko langileek greba mugagabea hasiko dute irtenbide duin baten alde

Electroaceroseko langileek greba mugagabea hasiko dute ekainaren 1ean, pairatzen ari diren egoerari aurre egin eta gerentziari irtenbidea eskatzeko.

Electroaceros enpresak 37 langile ditu, gehienak 50 urtetik gorakoak, eta bizitza osoa daramate enpresan lanean. Urte hauetan guztietan, enpresa honek aurrera egin badu, hori izan da neurri handi batean haietako bakoitzaren ahaleginagatik eta dedikazioagatik.

Enpresa Iruñeko familia ezagun batek kudeatzen du, Astibia familiak. Kudeaketa horrek gorabeherak izan ditu, baina LABetik (2 delegatu) zein ELAtik (1), langileen ordezkari gisa, salatu nahi dugu azken urteetako kudeaketa negargarria izan dela.

Azken urteetan langileen ordezkaritza sindikalak behin eta berriz eskatu dio enpresari mahai baten bueltan esertzeko, lantegiaren zein langileen etorkizunaz hitz egiteko. Baina hori egin beharrean, kudeatzaileek enpresa hiltzen utzi dute. Beraien irtenbide bakarra langileak erasotzea izan da, galerak transmititzen zizkieten bitartean, ABEEE ekonomiko bat aplikatzen saiatu ziren -kontsulta-aldian atzera bota behar izan zutena- eta hortik gutxira soldatak nabarmenki jaisten zien funtsezko aldaketa bat aplikatzen saiatu ziren, baina langileen batasun eta borrokarekin atzera bota zen. Eta hori guztia gertatzen zen bitartean, familiak une horretan bertan fabrika zuzentzeko jarritako bazkidea urtean 80.000 euro baino gehiago kobratzen ari zen; eta hori gutxi balitz bezala, Astibia familiak enpresaren bitartez bere lokal batean edukitzeagaitik 75.000 euroko auto alokairu bat kobratzen zuen.

Egoera honaino iritsita, azkenengo bost nominak atzerapenarekin kobratu dituztenez eta azkena oraindik kobratu ez dutenez, langileek greba mugagabea hastea erabaki dute, pairatzen ari diren egoerari irtenbide duin bat emateko.

Udazken borrokalarirako prest

Pentsiodunen mugimenduak asteburuan egindako manifestazioetan iragarritakoarekin bat, mobilizazio orokor gehiagoren beharrarekin bat egiten dugu. Hain zuzen ere, mobilizazio orokor gehiago etorriko dira, pentsiodunekin batera pentsio publiko duinak borrokatzen jarraitzeko, eta lan duinaren, kalitatezko zerbitzu publikoen eta zaintza sistema publiko baten alde eragiteko.

Larunbatean, milaka herritar bildu ginen Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan egindako mobilizazioetan, pentsio duinen alde. Pentsiodunen mugimenduak udazkenerako kokatu ditu mobilizazio orokor berriak, eta LAB sindikatuak horiek bultzatzeko eta bertan parte hartzeko eskua luzatu du.

Gipuzkoako esku-hartze sozialeko hirugarren hitzarmena sinatu dugu #LortuDugu

Negoziazio luze eta blokeo ezberdinen ondoren lortu dugu Gipuzkoako esku-hartze sozialeko III. hitzarmena. Blokeo hauen aurren LABen papera zubiak eraikitzea izan da eta horretan jarraituko dugu.

Kontuan izan behar da, hitzarmen hau pandemia eta kapitalaren krisiaren erdian sinatzea lortu dela. Bestalde, patronalak gai ekonomikoi buruz ez zuela nahi negoziatua; eta hortaz haratago, sektoreko langileen mobilizazioei esker, murrizketak eta atzera pausoak gelditzea lortu genuela.

Gipuzkoako esku-hartze sozialeko III. hitzarmena 2019tik 2022 (4 urte) izatea lortu dugu eta ondorego puntuak hobetzea lortu da:

– Lan-osasunean.
– Oporraldietan.
– Ordaindutako lizentzietan.
– Ordaindu gabeko lizentzietan.
– Kontziliazioan.
– Borondatezko eszedentzietan.
– 60 urtetik gorakoen lan egokitzapena.
– Soldaten igoera, hitzarmenaren lau urteetan.
– Telelanaren dekretuaren atxikitzea eta batzordea sortzea. – Hizkuntza normalizaziorako batzordea behartzea.
– Lanbide sailkapenerako batzordea sortzea.

Gipuzkoako esku-hartze sozialeko III. hitzarmena sinatzeak ez du esan nahi langileon borroka amaitu denik, inflexio puntu bat izan dela baizik. Osasun krisi honek agerian utzi du zaintzaren garrantzia eta zaintza erdigunean jarri behar dela. Gaur egungo sistema eraldatzeko ordua iritsi da; zerbitzu sozial publiko eta gestio publikokoa, duina eta etor daitezken murrizketen aurrean hausnartzeko eta borrokatzen jarraitzeko ordua iritsi da.

Helburu hauek lortzeko antolatu gaitezen langileok, elkar zaintza, hausnarketa eta borroka bultzatuz!

Haurdunaldian lan-ingurune osasungarria bermatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dugu FREMAP eta Ausolan enpresaren aurrean

Emakumeen* Osasunaren Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, mobilizazio bana egin dugu Gasteizen, FREMAP mutualitatearen aurrean, eta Arrasaten, Ausolan enpresaren aurrean.

Mobilizazio hauekin, LABek salatu du FREMAP mutualitateak ukatu egin diola eskola jangeletako emakume bati haurdunaldiko arriskuagatiko prestazioa, bere lanpostuan arriskurik ez dagoela argudiatuta. Gainera, nabarmendu dugu Ausolan taldeko Cocina Central Magui enpresak ez dituela islatzen bere lan arriskuen ebaluazioetan emakume* langileek jasan behar dituzten benetako arriskuak.

Zentzu honetan, Emakumeen* Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira adierazpen bat egin dugu, diskriminazio oro salatzeko:

Maiatzak 28, EMAKUMEEN* OSASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Emakumeen Osasunerako Ekintzaren Nazioarteko Eguna 1987ko maiatzaren 28an Costa Rican Emakumeen Eskubide Sexualen eta Ugaltzaileen aldeko Munduko Sareak egindako batzar batean sortu zen.

Hasiera batean, sexu- eta ugalketa-osasunari eragiten zioten gaiak jorratu zituzten. Lehen urtean, kanpaina bat jarri zen martxan, haurdunen heriotza-tasa salatzeko eta prebentzio-neurriak eskatzeko. Herrialde ezberdinetan milioika emakumek zituzten osasun-arazoei buruzko datu kezkagarrien ondorio izan zen, erlijio, arraza edo sexu-orientazioak zekarren pobrezia, indarkeria, gerra, diskriminazio eta gizarte-bazterketa zirela eta.

1988. urteaz geroztik, Morbilitatearen eta Amaren hilkortasunaren Prebentzioa izeneko kanpaina abiarazi zen, planeta-mailan emakume haurdunari osasun-laguntzarik ez emateagatik erregistratzen diren heriotzen kopuruaz  arreta deitzeko.

Denbora pasa da, baina sakoneko errealitateak berdina izaten jarraitzen du: gutxi ezagutzen da emakumeen* osasunaz eta gainerako gorputz ez-norbatiboez. Gure arazoez gutxi eztabaidatzen da eta politika publikoetatik ematen diren erantzunak ez dira nahikoak eta kasu askotan okerrak dira.

Oraindik ere, zentralitatea eta erreferentzia gizonen gorputzak dira. Horrek izen bat du: androzentrismoa eta ondorioak ditu: ez da kontuan hartzen zer gertatzen den gainerako gorputzekin. Gure beharrek eta gure eskaerek ez dizkie agendak betetzen eta ez die kezkatzen.

Emakumeek* etxeetan edo lan-merkatuan egindako lanei balio txikiagoa emateak lanaren sexu-banaketak ere isla du, bai eta enplegu arloan gure osasunaren zaintzaren balio-ezan. Horrek esan nahi du laneko arriskuen ebaluazioetan eta laneko osasunaren prebentzioan neutraltasun faltsua dagoela, gorputzen aniztasuna kontuan hartu gabe, eta “gizona” dela guztiaren erdigunea. Horrek erabat baldintzatzen du emakumeen* bizitza lan-arloan, eta ondorio kaltegarriak ditu haien osasunean; askotan, arriskuak ez dira onartzen, gaur salatzen dugun kasuan bezala.

Emakumeei* lan prekarioak, partzialak, iraupen laburrekoak, soldata txikiagoak eta lan-baldintza okerragoak ezartzen dizkigute, eta horri guztiari lan-osasuneko baremoak gogortzea gehitzen badiogu, soilik esan dezakegu gure osasuna, gorputzak eta bizitzak ez zaizkiola axola sistemari, soilik ustiatzeko nahi dituztela. Onartezina da sistema kapitalista heteropatriarkalak lan-segurtasunaren eta -osasunaren esparruan gure osasunari ezartzen dion arretarik eza, jasaten dugun diskriminazioa zein gure eskubideen ez aitortzea.

Beharrezkotzat eta ezinbestekotzat jotzen dugu haurdunaldian lan-ingurune osasungarria babestea eta bermatzea, bai alderdi fisiko, bai psikologiko zein emozionalean. Mutuen inposaketa ekonomikoek bete-betean egiten dute talka gure bizitzako ziklo guztietan laneko osasun-eskubidearekin.

Gure gorputza gurea da, eta ezin dugu jarraitu mutuek irizpide ekonomizisten eta produktibitatearen arabera erabakitzen dutenaren menpe.

Gure eskubideen eta gure osasunaren alde borrokatzen jarraituko dugu!

GURE GORPUTZAK, GURE BIZITZAK!

GORA BORROKA FEMINISTA!!!

Salatu dugu Castillo de Javier hotelaren jabea esplotazioagatik kondenatu izanak ez duela ezabatzen eskrupulurik gabeko enpresaburuek langileen eskubideak urratzeko duten inpunitatea

Duela astebete atera zuen Nafarroako Probintzia Auzitegiak epai irmoa Juan Carlos Cipres Aznarren aurka, Iruñeko San Nikolas karrikako Castillo de Javier hotelaren jabearen aurka, bulgariar jatorriko langile migratu batek jarritako salaketa penalaren ondoren. Juan Carlos Cipresek 9 hilabeteko kartzela-zigorra jaso du, langileen eskubideen aurkako delituagatik, eta 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio dio langileari, sei urteko esplotazio jarraituan langileari sorturiko kalte moralengatik. LABen ustez halako kalte-ordain irrigarria ezarri izanak eta epaian biktimaren generoa eta etorkin izaera aintzat hartu ez izanak erakusten dute bizi-bizirik dagoela eskrupulurik gabeko esplotatzaile hauek darabilten inpunitatea.

LAB sindikatuak beharrezkotzat jotzen du azpimarratzea sistema judiziala eta enpresaburuak eskutik hartuta dabiltzala, lotura estua dutela, eta Nafarroako (in)Justizia Jauregitik ateratzen diren gauza bakarrak sistema arrazista, heteropatriarkal eta kapitalistari leial zaizkion sententziak direla, behin eta berriz ukatzen ari baitira gizon zuri boteretsuengandik emakume langile askok jasotzen duten zapalkuntza hirukoitza.

Orain ezagutu den epaiaren salaketa ez zen izan Castillo de Javier hotelaren aurka jarritako bakarra. Peparen lankide bat izan zen Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen lehena, lanean ari zen baldintzak salatzeko; izan ere, Pepa migratu berria zenez, ez zen gai salaketa gaztelaniaz egiteko. Lankide horrek berak animatu zuen Pepa LAB sindikatura hurbiltzera, hurrengo ekintza judizialetan laguntzeko eta aholkuak emateko. Sindikatu honek hainbat salaketa jarri zituen Lan arloko Epaitegian, kopuruak erreklamatzeko eta lan-jatorriko kontingentzia bat eskatzeko. Gainera, 2008 eta 2015 bitartean jasan zuena bide penaletik salatzeko aholkuak eman zizkion. Eta, azkenik, LAB sindikatuak ere ekintza sindikala erabili zuen, pikete feministaren protesta baten bidez, 2017. urteko abenduan.

Aipatzekoa da bai Lan Ikuskaritzak eta bai Lan arloko Epaitegiak zegozkien salaketak tramitatu zituztela eta Juan Carlos Cipres zigortu zutela bere garaian, nahiz eta ezarritako zehapenen zenbatekoek ez zieten justiziarik egin salatutako gertaerei. Orduantxe, bertze behin ere egiaztatu zen Juan Carlos Cipres bezalako esplotatzaile bati merkeago ateratzen zaiola esplotatzen jarraitzea gauzak behar bezala egitea baino.

2017an LABek egin zuen protesta-ekintzan, pikete feministak salatu zuen Juan Carlos Cipres Aznarrek jazartzen, esplotatzen eta erasotzen zituela langileak, oinarrizko eskubideak urratuz, eta halaxe egin zuela Peparekin: astean 6 gautan aireztapenik eta garbiketarik gabeko biltegi batean lo egitera behartzen zuen, gaueko harrera-zerbitzua egiteko; ez zuen asteko atseden egunik; lanaldi bikoitza egiten zuen; ez zitzaizkion lan istripuak onartzen…

Jendea nahieran esplotatu ahal izateko Cipresek langileak patroi jakin baten arabera kontratatzen zituen: emakumea, kanpotarra, bere inguruan inor ez zuena eta/edo bere kargura pertsonaren bat zeukana, eta hizkuntza guztiz menderatzen ez duena (kasu honetan gaztelania). Horrek guztiak are zaurgarriagoa egiten du langilea, eta are gehiago enpresa txiki batean, non oso erraza baita botere-harremanak ezartzea, ez baitute ordezkaritza sindikalaren babes legala.

Urte luzez esplotatua eta jazarria izan ondoren, eta urte luzez borrokatu ondoren, azkenean Pepak epaiketan ikusi behar izan ditu hor bota diren gezurrak eta testigantza faltsuak, eta nola sententziak ez dituen larrigarritzat hartu ez generoa eta ez etorkin izaera. Hori dela eta, Pepak gaur egun ondorio psikiko eta fisikoak ditu, (in)justizia-sistema honek inondik inora onartzen ez dituenak.

Zorionez, nabarmentzekoak dira Peparen lankide izan zirenen elkartasuna, ahalduntzea eta borroka —emakume migratuak denak—; izan ere, haien kontakizunak eta laguntza funtsezkoak izan dira esplotatzaile hau agerian uzteko eta Pepa jasaten ari zen bakartzea hausteko. Azpimarratzekoak dira, halaber, egoera horren aurrean hainbat erakundek eta auzo mugimenduk emandako erantzunak.

Botere judizialek eta administratiboek bertze alde batera begiratzen duten bitartean, LABek langileekin salatzen jarraituko du onartzen eta estaltzen diren abusu horiek guztiak, eta langileak ahalduntzeko tresna izaten jarraituko du. Hori dela eta, gure laguntza eskaintzen diogu langileen aurkako esplotazioa edo gehiegikeriak salatu nahi dituen pertsona edo erakunde orori, bereziki ahulenei. Ezin baitugu ahaztu Castillo de Javier hotela ez dela langileak esplotatzen diren leku bakarra.

Kaleratzeen eta prekarizazioaren aurkako aldarriak Bilboko kaleak hartu ditu

Tubacex, Petronor, UTE Bilboko Argiak eta PCBko enpresa batzordeek mobilizazioa egin dute Bilbon, “Lau enpresa, borroka bat” leloarekin. Prekaritatearen kontrako mobilizazioa izan da, eta manifestazioan bertan H&M-eko langileak ere batu dira.

Kaleratzen aurka hartu dituzte kaleak, langile borroka eta elkartasunaren izenean.

Eraldaketa sozialerako prozesu soberanistak aktibatzeko beharra azpimarratu dugu Galizako CUT sindikatuarekin izandako bileran

Galizako Central Unitaria de Traballadores y Traballadoras sindikatuaren ordezkaritzarekin bilera bat izan dugu Bilbon, gure egoitzan. LAB sindikatuko Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Koldo Saenz Nazioarteko Harremanetarako idazkaria Galizako CUTeko idazkari nagusi Ricardo Castro, Nazioarteko Harremanetarako idazkari Manolo Camaño eta Nazioarteko Harremanetako arduradunaren ondoko Laura Sousarekin bildu dira.

Bileran bi sindikatuok pandemiak utzi digun testuinguru politikoa, ekonomiko eta soziala eta estaturik gabeko nazioetako sindikatu soberanistetatik eraldaketa politiko eta sozialak nola bultzatu aztertu dugu.

Bileran hitz egindakoaren harira, LAB sindikatua eta Galizako CUT-ek eraldaketa sozialerako prozesu soberanistak aktibatzeko beharra azpimarratu dugu, eta, norabide horretan aliantza ezberdinak eraikitzearen beharra ikusita, zubiak eraikitzen joateko konpromisoa berretsi dugu.

Sopelako EAJk lan-prekaritatea iraunarazi nahi du kiroldegian

Atzo, maiatzak 27, Sopelako Udalak kiroldegia kudeatzeko 20 urterako pleguak onartu zituen ohiko Osoko Bilkuran, EAJren eta PSEren botoei, bozketaren une erabakigarrian Elkarrekin Podemoseko zinegotzi bat ez egoteari eta alkatearen kalitatezko botoari esker.

20 urterako pleguak, Udalak berak kudeatu beharko lukeen udal-zerbitzu bat udalekotzeko aukera eragozten dutenak. EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemoseko zinegotziak enpresa pribatu baten esku utzi dute kiroldegiaren kudeaketa. Eta ez hori bakarrik, onartutako agirietan ez da jasotzen langileek egindako aldarrikapen bakar bat ere.

Gogora ekarri nahi dugu gaur egun BEONE SERVIOCIO dela kiroldegia kudeatzen duen enpresa, eta seguruenik horrela izango dela datozen 20 urteotan ere. Enpresa honek urtebete baino gehiago darama ABEEEn, eta langile gehienek oinarri arautzailearen %70 kobratzen dute; ez ditu ikastaroak berraktibatzen eta Bizkaiko sektoreko hitzarmena ez aplikatzeko ahalegina egin zuen, hitzarmenean jasotakoa ezartzeari uzteko.

LABetik argi utzi nahi dugu gure borroka ez dela hemen amaitzen, langileentzako lan-baldintza duinak eskatzen jarraituko dugu, honek Sopelako bizilagunei zerbitzu egokia ematea ekarriko duelako.

Zuzenean EAJri egozten diogu zerbitzua udalekotzera eramango lukeen bidea ixtea, horrela, kiroldegiko langileen artean dagoen prekarietatea mugatzea zailduz.