2026-06-27
Blog Page 471

Ikerketa egiteko eskatu diogu Osasunbideari hemoderibatuak zeramatzan gaztearen lan heriotzaren gorabeherak argi ditzan

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren aurrean, erakunde horrek azpikontratatutako langile batek izandako lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, azpikontratazioak prekaritatea sortzen duela salatu dugu.

Osasunbideak badu egitura eta baliabide nahikorik osasungintzarekin lotura duten zerbitzu guztiak kalitatez emateko. Azpikontratazioak ondorio latzak ditu, eta Osasunbidea da erantzulea, kasu honetan.

Aurten, gutxienez, 24 langile hil dira jada lanean Euskal Herrian. Sarraskiak ez du etenik.

Iragan maiatzaren 17an Erriberrin gazte bat hil zen auto istripu batean. Gazte hura, une hartan, hemoderibatuak garraiatzen ari zen Nafarroako Ospitaleguneko odol bankutik Tuterako odol bankura. Alegia, Osasunbidearendako lanean ari zen, azpikontrataturiko enpresa baten bidez. Horregatik, LAB sindikatuak Osasunbideko langile batzordearen segurtasun eta osasun bileran eskatu du Erriberriko istripua lan istripu gisa aitortzeko eta bere inguruko gorabehera guztiak argitzeko.

Hain zuzen ere, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren aitzinean, Erriberriko lan heriotza salatzeko. Lehenik eta behin, sindikatuek salatu dute ez azpikontrataturiko enpresak ez Osasunbideak ez dutela Erriberriko heriotzari buruzko inolako informaziorik eman.

Erriberriko istripuan lanean aritu ziren su-hiltzaileek bertan aurkitu zuten odol garraiatua Iruñeko odol bankura eraman zutelarik, orduantxe jabetu zen bertan lan egiten duen LABeko afiliatu bat istripu hura lan istripua zela. Sindikatuari abisua eman zion, eta erakundeei informazioa eskatzen hasi ginen orduan. Aitzitik, gauza handirik ez dugu oraingoz lortu. Informazio falta hori dela eta, LABek eta bertze sindikatuek ikerketa bat egiteko eta istripua gertatu zeneko inguruabarrak argitzeko eskatzen dugu, bai eta langileak garraio enpresa esleipendunarekin duen kontratu-harremana eta haren lan-baldintzak, ibilgailuaren jabetza eta hark hemoderibatuak garraiatzeko baldintzak betetzen ote zituen eta bidaiatzen zuen ibilbidea egokiena ote zen argitzeko ere.

Osasunbideak ezin ditu zerbitzuak azpikontratatu -kasu honetan hemoderibatuen garraioa- eta gero horiek egiteko baldintzak ahaztu, esleipenak irizpide ekonomikoetan soilik oinarrituta, beste alderdi soziolaboral batzuk kontuan hartu gabe, eta beharrezko kontrolak egin behar ditu zerbitzuak lan-baldintza duinetan egiten direla bermatzeko.

Horregatik sindikatuok eskatzen dugu ikerketa bat egitea eta garraio enpresa esleipendunak eta Osasunbideak beren gain har dezatela heriotza honen aurrean dagokien erantzukizuna.

Osasunbideak beharrezko egitura eta baliabideak ditu -eta ez balitu, izan beharko lituzke-zerbitzu horiek zuzenean kudeatzeko, eta kalitatezko osasun-zerbitzua bermatzeko. Horregatik, Osasunbideak azpikontrataturiko zerbitzuak barneratzea eskatzen dugu, langileen lan-baldintzak prekarizatzearen kontura etekinak handitzea baino bilatzen ez duten enpresak, behingoz, osasungintzatik desargertzeko. Prekaritatearen ondorioak oso latzak baitira, kasu honetan bezala, langile baten heriotza izateraino.

“Elkartasuna gara, batasuna gara, borroka nekaezina gara”

Hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek, LABek barne, lau orduko lan uzteak eta mobilizazioak antolatu ditugu Aiaraldean, “SOS Aiaraldea” leloarekin. Eskualdearen etorkizunaren defentsan irmo borrokatzen jarraituko dugula berretsi dugu, Laudion goizean egindako manifestazioan.

Aiaraldearen egoera kezkagarria da gaur egun, enpresen itxierak, kaleratzeak, lan-baldintzen prekarizazioak eta eskualde honen aldeko apustu argi eta irmoaren konpromiso instituzional ezak eraginda. Etorkizunik gabe geratzen ari da.

Sareak ehuntzen ari gara eragile sindikal, sozial eta Aiaraldeko hainbat mugimenduren artean; enpresa-batzordeak, euskal gehiengo sindikala, gazteak, mugimendu feminista, pentsiodunak, merkataritza eta ostalaritza, hezkuntza, zerbitzu publikoak… Hauen guztien izenean, eskualde gisa erantzuteko deia egin dugu gaurko mobilizazio egunarekin. “Eredu gara kaleak pausoz bete eta gure aldarrikapenekin laguntzen ditugunean, antolatzen garenean eta lagunei sostengua ematen diegunean. Elkartasuna gara, batasuna gara, borroka nekaezina gara”, adierazi zute Laudioko manifestazioaren bukaeran. 

Beste greba egun bat egin dugu Arabako helduen egoitzetan, hitzarmenaren defentsan

Maiatzeko asteazkenetan egin bezala, Arabako helduen egoitzetan beste greba egun bat izan dugu ekainaren etorrerarekin, hitzarmen duin baten defentsan, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta.

Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzea ez dela delitua nabarmendu dugu Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean

2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean, langile asko identifikatuak, mehatxatuak eta erasotuak izan ziren. Horietako batzuk isunak jaso dituzte eta, zehazki, Gasteizen, pertsona batek 18 hilabeteko akusazio penala jaso du. Epaiketa gaur izan da, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok mobilizazioa egin dugu Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, “Lan, pentsio, bizitza duina aldarrikatzea ez da delitua” leloarekin, auzipetua babestu eta borrokaren kriminalizazioa salatzeko.

Sexu langileak dira beraien bizitzen protagonistak

Gure helburua sexu langileen ahots propioa entzutea izan da, etenik gabe, kuestionamendurik gabe, ikasteko asmoarekin eta subjektu politiko gisa aitortuz, haien bizitzen jabe eta agentzia duten subjektu diren aldetik. Honek LAB, gaur, lan merkatuak ezkutatzen digun eguneroko errealitatetik gertuago jartzen gaitu, bizitza erasotzen duen sistema honen kontrako borroka guztion artean egin behar dugula ulertuz, izan ere, langileak denok gara. Gure abiapuntua argi da: sexu langileak dira beraien bizitzen protagonistak, horregatik beraien ahotsa entzutea ezinbestekoa da.

Zentzu honetan, gaur, ekainak 2, Sexu Langilen Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, Putas en Lucha erakundeko kide Carolina Clementeren lekukotasuna jaso dugu.

Electroaceros-eko ia langile guztiek greba mugagabea hasi dute enpresari irtenbide duin bat eskatzeko

Iruñeko Electroaceros enpresako ia langile guztiek bat egin dute gaur LAB eta ELA sindikatuek greba mugagaberako egindako deialdiarekin, langileek bizi duten egoera salatzeko eta enpresaren gerentziari irtenbide duina eskatzeko; izan ere, badirudi jabeek lantegia behin betiko itxi nahi dutela. Gaur 13:00etan langileek elkarretaratzea egin dute lantokiaren aitzinean, eta horrela eginen dute heldu diren egunetan ere.

Electroaceros enpresak 37 langile ditu, gehienak 50 urtetik gorakoak, eta bizitza osoa daramate enpresan lanean. Urte hauetan guztietan, enpresa honek aurrera egin badu,  hori izan da neurri handi batean haietako bakoitzaren ahaleginagatik eta dedikazioagatik.

Enpresa Iruñeko familia ezagun batek kudeatzen du, Astibia familiak. Kudeaketa horrek gorabeherak izan ditu, baina LABetik (2 delegatu) zein ELAtik (1), langileen ordezkari gisa, salatu nahi dugu azken urteetako kudeaketa negargarria izan dela.

Azken urteetan langileen ordezkaritza sindikalak behin eta berriz eskatu dio enpresari mahai baten bueltan esertzeko, lantegiaren zein langileen etorkizunaz hitz egiteko. Baina hori egin beharrean, kudeatzaileek enpresa hiltzen utzi dute. Beraien irtenbide bakarra langileak erasotzea izan da, galerak transmititzen zizkieten bitartean, ABEEE aldi baterako enplegu erregulazio espediente ekonomiko bat aplikatzen saiatu ziren -kontsulta-aldian atzera bota behar izan zutena- eta hortik gutxira soldatak nabarmenki jaisten zien funtsezko aldaketa bat aplikatzen saiatu ziren, baina langileen batasun eta borrokarekin atzera bota zen. Eta hori guztia gertatzen zen bitartean, familiak une horretan fabrika zuzentzeko jarritako bazkidea urtean 80.000 euro baino gehiago kobratzen ari zen; eta hori gutxi balitz bezala, Astibia familiak enpresaren bitartez bere lokal batean edukitzeagaitik 75.000 euroko auto alokairu bat kobratzen zuen.

Egoera honaino iritsita, azkenengo bost nominak atzerapenarekin kobratu dituztenez eta azkena oraindik kobratu ez dutenez, langileek greba mugagabea hastea erabaki dute, pairatzen ari diren egoerari irtenbide duin bat emateko.

Beste lau pertsona inputatu dituzte Osakidetzako iruzurrezko LEPen auzian, gure ekimenaren ondorioz

Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiko magistratuak sindikatu honi jakinarazi dionez, duela aste batzuk LABek eskatutako hainbat eginbide onartu ditu.

LABen ustez, albiste ona da magistratuaren erabakia, eta oraindik erabakitzeke dauden erabakien zain jarraitzen du; aldi berean, 2016-17ko lan-eskaintza publikoko azterketen filtrazioen ardura guztiak zehazteko lanean jarraituko du.

Dagoeneko 11 dira Osakidetzako fakultatibo espezialisten lan-eskaintza publikoan egindako filtrazioengatik inputatutakoak, eta inputazio horiek guztiak LABek herri-akusazioan egindako ekintzarekin lortu dira. Aldi berean, deklarazioak egiteko egunak zehaztu dira.

Ikertutako pertsonen zerrendan sartu diren pertsona berriak honako hauek dira, eta 2021eko uztailaren 8an deklaratuko dute:

– Iñigo Echevarria Foronda – Debagoieneko Traumatologiako zerbitzuburua.

– Alfredo Martinez Florez jauna – Kirurgia Plastiko eta Konpontzailearen lehen azterketaren egilea.

– Andres Betran jauna – Kirurgia plastiko eta konponketakoaren lehen azterketaren bigarren egilea.

– Thais Salas andrea – Kirurgia Plastiko eta Konpontzaile kategoriako X. Oposiziogilea.

(Egun horretan bertan, Javier Melendez, kirurgia plastikoko epaimahaiko 6. kideak ere deklaratuko du. Egozpen hori LABek eskatu zuen duela hilabete batzuk)

Onartu egin da, halaber, LAB sindikatuak eskatutako honako pertsona hauek lekuko gisa deklaratzea. Deklarazioak 2021eko uztailaren 6an izango dira:

– 2016-17ko lan-eskaintza publikoaren akordioaren negoziazioetan parte hartu zuten Medikuen Sindikatuko 2 kidek.

– Jose Maria Armentia jauna, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari ohia. 2016-17ko lan-eskaintza publikorako akordioaren egilea, hilabete geroago kargutik kendu zutena.

– Fulgencio Aledo jauna, HAEEko arduraduna, Hotmail-eko kontu batetik mezu elektroniko bat jaso zuena “x oposiziogilearen” hautaketa-prozesuarekin jarraitzeari uko egiteko eskatuz. Azpimarratu behar da “x oposiziogile” horrek, ikertu gisa deklaratzeko ere eskatu genuena, azterketa teorikoan nota altuena lortu zuela (72 puntu 100etik) hurrengo oposiziogilea oso urrun utziz (58 atera zituen), eta azterketa hau 20 oposiziogiletik 6k baino ez zutela gainditu.

– Kirurgia plastikoa, estetikoa eta konpontzailearen oposizioan parte hartu zuen oposiziogile bat. – Kirurgia kardiobaskularreko epaimahaiko kide bat.

Magistratuak onartu egin du honako ofizio hauek eskatzea:

– Ospitaleetako pediatriako epaimahai kalifikatzailearen aktak Osakidetzari eskatzea.

– Arabako ESIko pediatriako zerbitzuburuari irekitako diziplina-espedientea irekitzeari buruzko informazioa eskatzea, eta, halakorik balego, epaitegira bidaltzea.

Halaber, ekainaren 8an lekuko gisa deklaratuko du Jose Muñiz Fernandezek, Oviedoko Unibertsitateko irakasleak, Osasun Sailak eskatutako azterketa psikometrikoa egiteaz arduratu zena auzia iritzi publikora jauzi egin ondoren.

Magistratuak erabaki du oraindik erantzunik gabe uztea Osakidetzako zuzendaritzako kideak epaitzeko eskaera, ikertu gisa eta LAB sindikatuak gune operatiboaren barruan identifikatu dituenak, filtrazioak gertatzeko baldintzarik onenak sortzeaz arduratzen zirenak eta, salaketarik egonez gero, isilarazi eta ezkutatu egiten zituztenak, zigorrik gabe gera zitezen. LABek egindako herri-akusazioaren arabera, Jon Darpon, Maria Jesus Mugica, Juan Carlos Soto, Andoni Arcelay, Xabier Balerdi eta Miriam Apariciok osatutako gune operatibo horren jarduketak legez kanpoko elkartzearen, sekretuen berri ematearen eta kontratazioan iruzur egitearen delituen barruan sartuko lirateke.

LAB da ikerketa honen eragilea, eta orain arte onartutako ia eginbide guztiak sindikatu honek sustatu ditu. Hori beste froga bat baino ez da, hau da, sindikatu hau Osakidetza eta enplegu publikora iristeko prozesuak demokratizatzeko lan egiteaz gain, lan hori lan emankorra eta eraginkorra izaten ari da, Osakidetzaren laguntza falta susmagarria izan arren.

EAEko sektore publikoko ehundaka lantokitan mobilizatu gara, enplegu publikoa sortu eta behin behineko langileen kontsolidazioa eskatzeko

Mobilizatzen jarraitzea ezinbestekoa izanik, ekainaren 5ean EAEko hiru hiriburuetako manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu langileak ardura daukaten agintari, erakunde publiko eta alderdi politikoei irtenbide egoki bat eskatzeko.

LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok EAEko mobilizazio dinamika garrantzitsu bat ari gara gauzatzen. EAEko sektore publikoan enplegu publikoa sortu eta behin behinekotasuna pairatzen duten 60.000 langileen kontsolidazioa lortzeko beharrezko pausoak eman ditzatela galdegiten diegu agintari, erakunde publiko eta alderdi politiko desberdinei.

Apirilak 22ko greba aurretik hainbat elkarretaratze gauzatu genituen; ondoren greba egun arrakastatsua gauzatu genuen; Greba ondorengo erantzun faltaren aurrean, Maiatzak 25ean Gasteizen manifestazio jendetsua antolatu genuen, Eusko Jaurlaritzari, Eudeli eta Euskal alderdi politikoei zuzendutako bilera eskaerak gauzatzeko idatziak erregistratzen genituen bitartean. Alderdi politiko batzuk erantzun digutebilera data proposatuz; EUDELek aldiz gurekin biltzeari uko egin eta udaletxe bakoitzera zuzentzeko planteatu digu. Eusko Jaurlaritza isilik dago momentuz.

Gaurkoan, ekainak 1, elkarretaratze jendetsuak gauzatu dira ehundaka lan zentruetan. Horrela:

  • EAEko hiru hiriburuetako udaletxeetan, Bilbo, Gasteiz eta Donostian, ehundaka langilek babestutako kontzentrazioak errepikatu dira gaur ere. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste hainbat udaletxetan eta Foru aldunditan ere elkarretaratzeak gauzatu dira.
  • Administrazio Orokorreko hiru hiriburuetako Eusko Jaurlaritzako egoitza aurretan, Lanbideko zerbitzu zentraletan eta Osalaneko lan zentruetan ere elkarretaratzeak egin dituzte.
  • Osakidetzan 3 lurraldetako ospitale eta osasun zentru nagusienetan egin dira elkarretaratzeak.
  • Hezkuntzan ere, elkarretaratze jendetsuak gauzatu dira EAEko hiru lurraldetako ikastetxe, Haurreskola, sektore eta unibestsitate kanpus desberdinetan.  
  • Garraio publikoari dagokionez, Metro, Eusko tren eta ETS-ko langileek elkarretaratzeak egin dituzte.
  • Komunikabide publikoen kasuan, EITBko langileek ere ekimena babestu dute elkarretaratzeak gauzatuz.

Espainiako Estatuko eta Europako behin-behinekotasun maila handiena daukagu gure sektore publikoan, %40tik gorakoa eremu guztietan. Zerbitzu publikoen ahultzea eta langile publikoen prekarizazioa dakarten enplegu politika orokortu hauek, azpikontratazio eta pribatizaziorako aurretiazko pausu gisa soilik uler daitezke.Erakunde publikoetako agintariek Zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu eta horretara bideratutako neurriak sustatzen dituzte beraz.

Propaganda adierazpenetaz haratago, gaur gaurkoz ez dugu ez Madrileko ez Gasteizko ez bestelako gobernu eta erakundeen aldetik, ez eta alderdi politikoen aldetik ere errealitate hau aldatzeko  pauso errealik ematen denik ikusten.  

Hori dela eta, bilera eskaerei erantzuten diguten alderdi eta erakunde guztiak bilera formaletan interpelatzeaz gain, mobilizazio bidezko interpelazioarekin jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dugu grebara deitu genuen sindikatuok. Beraz, sektore publikoko langile guztiak animatzen ditugu ekainaren 5ean hiru hiriburutan izango diren manifestazioetan parte hartzera. Manifestazioak goizeko 11.30ean izango dira; Gasteizen Diputazio plazatik; Donostin Boulevard-etik; Bilbon Arriagatik.

Garbiñe Aranburu: “Greba Orokorra egiteko adostasunak bilatzen ari gara”