2025-12-22
Blog Page 47

Confebasken aurkako epaiketa egin dute, kimika sektoreko negoziazio kolektiboan fede txarra izateagatik

2023az geroztik, LAB, ELA eta UGT sindikatuok mahai bat irekitzeko eskatzen ari gara, EAEko sektoreko 17.000 langileen baldintzak hemen finkatuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko.

Euskal hitzarmen baterako negoziazio-mahai bat eratzeko hainbat saioren ondoren, Confebaskek, Adegik, SEAk, Cebekek eta Kimikako Estatuko patronalak uko egin diote deialdietara joateari, eta jarrera horrekin erakutsi dute estatuko negoziazioa defendatzen dutela eta Euskal Herriko hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna ematen dien Langileen Estatutuaren aldaketak aplikazio praktikorik ez izatea bilatzen dutela.

Sindikatuok gure gaitzespena adierazi genuen hainbat mobilizazio eginez eta patronalen egoitzen aurrean kontzentratuz, eta, gainera, auzitegietan CONFEBASK auzitara eraman genuen, haren jarrerak negoziazio kolektiboan fede ona izatearen aurka egiten duelako eta ekainaren 20an baliozkotutako lege-dekretuaren helburua betetzen ez duelako.

Egin den epaiketan, Confebaskek berriro erakutsi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore kimikoko langileekiko erabateko mespretxua eta sektoreko prekarietatea ezabatzen duen lankidetza negoziatzeko borondate eza.

LABek beti defendatu izan du sektore guztietan, baita kimikan ere, negoziaziorako euskal esparru bat izateko beharra; beraz, zailtasunak zailtasun, eta epaia edozein dela ere, LAB prest dago borroka bururaino eramateko, hori lortzeko.

Bizkaiko Ur Partzuergoko azpikontratetako langileak kolektiboki antolatzen eta borrokatzen hasi dira

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko azpikontratetako langileen errealitatea larria da. Jarduera berbera aurrera daramaten langileei gutxienez zeharo baldintza desberdinak dituzten hiru lan hitzarmen ezberdinen aplikatzen zaizkie: Bizkaiko Eraikuntza, Bizkaiko Metalgintza eta Ur Zikloaren Hitzarmen estatala. Sektorean badago laugarren araudi bat: partzuergoko langile publikoei aplikatzen zaien enpresa-hitzarmena. Zer esanik ez, erraldoia da azpikontratetako langileek, lan berbera eginda edo partzuergoarentzako egiturazkoa den funtzio bat beteta, baldintzetan duten arrakala.

Hori dela eta, azpikontrata askok enpresako lan hitzarmenak edo akordioak dituzte, hutsune hori nolabait betetzeko. Une honetan, enpresa akordio asko indargabe daude, eta plantillak, baldintzak eguneratzeko borrokan.

Horregatik, LAB Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarentzat lan egiten duten EUTetako (Edateko Uren Tratamendurako estazioak), HUA (Hondakin-Uren Araztegiak) eta SAREETAKO langileak antolatzen eta saretzen hasi da, euren errealitateari erantzuten dieten lan baldintzak zeintzuk izan beharko liratekeen kolektiboki hausnartzeko eta borrokatzeko.

Momentuz hausnarketa hauek azpikontrata bakoitzaren negoziazioan lurreratuko badituzte ere, gaur, maiatzak 13, sektoreko errealitatea publiko egiteko elkarretaratzea egin dute Ur Partzuergoko bulegoen atarian.

Acciona, Sacyr, Fcc Aqualia, Gestagua, Inaraqua, Cadagua enpresek, beste askoren artean, prekarizatu egiten dituztela azpimarratu dute langileek. Hitzarmenen negoziazioak blokeatzearen, azpikontraten arteko arrakaletan sakontzearen edota hitzarmen estatalak aplikatzearen errudunak dira. Haiek irabaziak dituzten bitartean, langileen errealitatea oso gordina da: hilabete amaierara heltzeko ezintasunak, errespetatzen ez diren atseden orduak, egiturazko lan ordu izan beharko liratekeen aparteko orduak, ordaintzen ez diren guardiak eta abar luze bat.

Enpresen diru-goseaz gain, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa seinalatu dute gaur. Izan ere, partzuergoa da egoera prekario eta desorekatu honen erantzulea. Ur Partzuergoa da zerbitzu publiko honen atal batzuk azpikontratatzen dituena, ez merkeagoa delako, langileen kudeaketa gainetik kentzeko baizik. Azpikontratazioa administrazioarentzako ekonomikoki garestiagoa da, eta diru aldea enpresa pribatuen eskuetara doa. Aipatutako enpresen izenak begiratu besterik ez dago gehienak azpikontratazioari esker poltsikoak bete dituzten kate erraldoiak direla ikusteko.

LABek partzuergoari bilera eskariak egin dizkio gatazketan esku har dezan, baina hark ez du erantzunik eman, eta beste alde batera begiratzen jarraitzen du. Bien bitartean, azpikontratatutako enpresek partzuergoa bera jartzen dute negoziazio mahaietan baldintza hobeak ez emateko aitzakia gisa: “bezeroa ez dago prest”.

Langileen aldarrikapenak argiak izan dira:

  • Epe laburrean kontraten akordioak duinki ixteko konpromisoa: lote ezberdinen arteko arrakala txikitu, erosahalmena bermatu eta bestelako hobekuntza laboralak jasoz: bajen osagarria hobetzea eta ordaindutako lizentzien hobetzea, beste askoren artean.
  • Epe ertainerako konponbide kolektiboak bilatzeko ordezkaritza sindikalarekin bildu daitezela.
  • Epe luzean publifikazio plana aurkeztu dezatela.

Langileek adierazi dute hau guztia aurrera eramateko Ur Partzuergoak jarreraz aldatu behar duela. Orain arte beste alde batera begira egon dira, eta egoerak inplikazioa eta konpromisoa behar du. Haiek dira azpikontratatutako zerbitzuaren eta, beraz, hau eskaintzen ari diren langileen azken erantzuleak.

Gaur elkarretaratzera bertaratutakoek antolatzen jarraitzeko eta borrokarako deia egin diete gainontzeko azpikontratetako langileei.

Funtzio publikoan greba egin dute Ipar Euskal Herrian, lan baldintza eta zerbitzu publiko duinen alde

Greba eguna Ipar Euskal Herrian, funtzio publikoan. Kolektibitateetako, administrazioko, irakaskuntzako, medikuntzako langileak… Karrikan izan dira, lan baldintza eta zerbitzu publiko duinen alde. Euren lanbideak prekarizatuak, gaizki ordainduak, ikusezinak eta gero eta deshumanizatuagoak daudela salatu dute, eta Frantziako Gobernuak ez dituela tokian tokiko errealitateak kontuan hartzen. Presiopeko aurrekontuak, baliabide eskasia, langile kopurua tentsiopean, lan baldintzen okertzea, kontrataziorako zailtasunak… Halako ondorioak pairatzen dituzte guztiek, salatu dutenez.

Egoera horren aurrean, beharren mailako kontratazioak, lansarien berehalako emendatzea eta finantzazio iraunkorra eta tokiko beharrei egokitua galdegin dituzte. Lan baldintzak Ipar Euskal Herrian bertan erabaki nahi dituztela aldarrikatu dute.

Goizean, goiz auto karabanak egin dituzte langileek, eta, ondoren, mobilizazioa egin dute, Baionako ospitaletik abiatuta.

Kolonbiari, estatuaren biktimei eta paramilitarismoaren gorakadari buruzko nazioarteko bigarren mintegia egingo dute Bilbon

J.A. Freytter elkarteak Kolonbiako paramilitarismoaren gorakadari, bake prozesuek bizi duten egoerari eta erbesteko biktimek aurre egin beharreko erronkei buruzko nazioarteko aditu nagusiak bilduko ditu Bilbon. Topaketa maiatzaren 15ean izango da EHUko Bizkaia aretoan, J.A. Freytter elkarteak antolatuta eta beste elkarte eta eragile batzuen babesarekin; tartean, LABenarekin.

Hemen, J.A. Freytter elkartearen oharra:

Maiatzaren 15ean, Kolonbiako Estatuaren biktimak eta militarismoaren gorakadari buruzko bigarren nazioarteko mintegia izango da Bilbon, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, J.A. Freytter Elkarteak antolatuta. Jardunaldiaren irekiera Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari den Jagoba Álverez Ereñok, Kolonbiako Bilboko kontsula den Andrés Díaz Lealek eta J.A Freytter Elkarteko eragin politikoko teknikaria den Sebastián Fuentesek egingo dute; aditu sare zabal batekin batera, justizia trantsizionalaz, Estatuaren biktimen paperaz eta Kolonbiako paramilitarismoaren desegiteaz hausnartzeko.

Lehenengo mahai-inguruan, gatazkaren biktimen erbesteratze behartuaren esperientziak, aitorpenerako oztopoak eta justizia eta itzulera prozesuetan pairatu behar dituzten erronkak azalduko dira. Ekimen Elkarteko Olatz Barrenetxeak moderatuko du, eta bertan izango dira Lidia Ortiz, FARC-EPko gerrillari ohia eta erbesteko bake sinatzailea; Claudia Álverez, Medellingo gizarte buruzagia, Orion operazioaren biktima; eta Cristian Leyva, barrialko aktibista eta ikasle aktibista erbestean, muntai judizial batengatik hiru urtez espetxea pairatu ostean absolbitu zuten biktima alegia.

Bigarren saioan gatazken konponbideetako esperientzia juridikoak aztertuko dira, baita Bakerako Jurisdikzio Bereziaren (JEP) zeregina ere. Silvia Gutiérrez Vallejo Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzordeko diputatuak koordinatuko ditu Sandra Rocío Gamboa Kolonbiako Bakerako Jurisdikzio Bereziko (JEP) magistratuaren, Jone Goirizelaia abokatu eta GEBehatokiko Aholku Batzordeko kidearen eta Mary Cruz Ortega Hernández Giza Eskubideetan, Kulturartekotasunean eta Garapenean doktore eta El Bosque Unibertsitateko ikertzailearen (Kolonbia) ponentziak.

“Paramilitarismo gehiagorik ez Kolonbian!”
Jardunaldia Kolonbiako paramilitarismoaren gorakada eta horrek lurralde bakean izan duen eraginari eta behin betiko desegiteko beharrezkoak diren estrategiei eskainitako mahaiak itxiko du. Besteak beste, aditu hauek parte hartuko dute: Lilia Solanok, Gizarte Elkarrizketako ministrorde ohia eta Petroren gobernuko Biktimen Unitateko zuzendariak, erreparazio integraleko, duintzeko eta eskubideak itzultzeko politikak bultzatu zituenak alegia, Sergio de Zubiría Samper, Gatazkaren Batzorde Historikoko kidea eta Biktimen Unitateko zuzendariak, eta Sergio de Zubiría Samperrek, Gatazkaren eta Bere Biktimen Batzorde Historikoko kidea izan zena Habanako elkarrizketetan. Moderatzailea Oihana Etxebarrieta Legrand izango da, Eusko Legebiltzarreko Kolonbiako Bake Prozesuaren Laguntzaile intertaldeko kidea.

Mintegi honekin JA Freytter Elkarteak Kolonbiako gatazkaren biktimen egia, justizia eta erreparazioaren alde Euskaditik egiten dituen lanean jarraitzen du, lanen arloa akademikoa izanik gehienbat. Elkartea 2001. urtean Freytter Romero irakaslea hil ostean sortu zen, oroimen historikoa, pentsamendu kritikoaren defentsa eta paramilitarismoaren desegitea sustatzeko, Kolonbia eta Euskadiren arteko sareak artikulatuz, eta bakearen eta giza eskubideen alde lan eginez. Gaur egun, beste proiektu batzuen artean, Freytter torturatu eta hil zuten Barranquillako (Kolonbia) “La Bodega” dokumentatu, eta giza eskubideen defendatzaileen, unibertsitateko irakasleen eta eskualdeko mugimendu sozialen aldi baterako harrera eta memoria gune bihurtzeko proiektua bultzatzen du.

LABek sindikalismo antirrazistarantz urratsak egiten jarraitzen du

Larunbatean LABek bigarren topaketa antirrazista nazionala egin zuen Irunen, Arrazakeria globalaren aurrean, ekintza sindikal antirrazista! Lelopean. Lehenengoa Durangon egin zuen, 2021ean.

Euskal Herriko sektore eta lurralde desberdinetatik iritsitako dozenaka langile migratu eta/edo arrazializatuk parte hartu zuten, erantzukizun eta funtzio desberdinak dituztenak. Horiez gain, bertan izan ziren, besteak beste, Igor Arroyo koordinatzaile orokorra, Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arduraduna eta Izaskun Garcia Antolakuntza arduraduna.

Jardunaldiak metodologia parte hartzaile baten aldeko apustua egin zuen, zeinetan langileek ahotsek eta bizipenek protagonismoa izan zuten.

Arrazakeriaren aurkako ekintza sindikaleko hainbat ahots bildu zituen mahai ingurua izan zen goizeko une nagusia,elkarri entzuteko eta elkarrengandik ikasteko gune kolektiboa. Erica Velázquez, Daniela Olteanu, Rachid Kaddouri, Yolanda Hurtado Rodriguez eta Rosa Emelda García Canales aritu ziren hizlari, sektore desberdinetako langile eta delegatu migratu eta/edo arrazializatuak: ostalaritza, nekazaritza eta abeltzaintza, etxeko langileen atal sindikala… Eurek bizi izandako prozesuetatik ateratako irakaspenak partekatu zituzten prozesu horietan giltzarriak izan diren elementuak identifikatu, izan zituzten mugak saihesteko, izan arrazakeriaren aurkako praxi sindikala indartzeko.

Administrazio-egoeragatik eskubideen urraketa eta babesgabetasuna, antolatzeko ezintasuna edo mugak, txandakatzea eta behin-behinekotasuna, patronalarentzako kaleratze irregularrak eta merkeak, eskubideen jakintzarik eza, isolamendua, mehatxuak eta xantaiak… Askotan errepikatu zituzten hizlariek halakoak. Elementu horiek, askotan, aldaketarako motore gisa funtzionatu dute, hala ere, elkarguneak topatzeko, elkarri laguntzeko, antolakuntzarako jauzia egiteko, beldurrari eta bakardadeari aurre egiteko…

Gai horiek nola funtzionatzen duten identifikatzea eta lankideengana iristeko moduak aurkitzea da erronka nagusietako bat ekintza sindikal antirrazista eraginkorra eraikitzeko, kide horien errealitateetatik abiatuta. Ericak azpimarratzen zuen bezala, “jendearengana iritsi behar dugu, argiak izan, daukaguna eta nahi duguna mahai gainean jarri…”

Duintasuna ere mahai gainean izan zen. Daniela, Floretteko langilea, lurra lantzearen harrotasunaz mintzatu zen. Txikitatik egin du hori Errumanian, non bere jostailu bakarra lurra eta harri batzuk ziren, kontatu zuenez. Eta irmoa izan zen: “Janaria mahaian jartzen duzuenean, gogoratu elikagai hori gure eskuetatik atera dela”. Baratzeetan eta negutegietan, kasu honetan Nafarroako Erriberan, dauden lagun asko eta askorenak izan ohi dira esku horiek, sarritan. Hain justu, autobus bat antolatu zuten larunbateko topaketara iristeko horietako kide batzuek. Antolatu ondoren, ordura arte lortu gabeko ordezkaritza lortu du LABek han, sindikalizatu gabea zen sektore batean.

Yolandak eta Emeldak nabarmendutako beste elementuetako bat izan zen batzarraren garrantzia, etxeko eta zaintzako langileak elkartzeko, elkar zaintzeko eta antolatzeko. Batzarra, etxeko eta zaintzako langileak elkartzeko, elkar zaintzeko eta antolatzeko gune gisa. Izan ere, haien sektorean horretarako dauden zailtasunez hitz egin zuten. Etxeko langile egoiliarren lana kartzelan egotearekin parekatu zuten. Hala ere, behartutako egoera horretatik atera, eta sektore feminizatu eta prekarizatu hori zeharkatzen duten diskriminazioen eta indarkerien aurka borrokatzearen beharra aldarrikatu zuten.

Izan ere, batasuna eta antolaketa gakoak dira kasu guztietan. Hala azpimarratu zuen Rachidek, Azkoiengo Huertas de Peraltako prozesua barru-barrutik bizi izan duen langileetako batek. Langile migratuek eta/edo arrazializatuek, LABen antolatuta, sustatutako lehenengo borroketako bat izan zen Azkoiengoa, eta horretatik asko ikasi zuen sindikatuak. Igor Arroyok azpimarratu moduan, 70eko hamarkadako irudiak ekarri zituen gogora borroka hark, errepresio gogorrei aurre eginez langileek piketeetan euren gorputza jartzen zuten borrokaldiak; kolektiboaren zentzua gailentzen den borrokaldi horietako bat, galtzen joan den zentzu hori, edo, hobe esanda, langile klaseari erauzten joan zaion hori.

Irakaspenak asko dira, eta luzea da, halaber, egin beharreko bidea. Topaketan egindako lantaldeek aukera eman zuten proposamen zehatzetan sakontzeko, ekintza sindikalari begira eta lan arrazakeriari aurre egiteko. LABeko langile migratu eta/edo arrazializatuen sarea ehuntzearen garrantziaz, pertsona migratuen eta/edo arrazializatuen etxebizitza eskubideaz eta pribilegioak deseraikitzeaz ere aritu ziren, besteak beste.

LABek sindikalismo antirrazista ehuntzen jarraitzen du, ilusioz eta borondate politikoz. Larunbat goiza modu ezin hobean itxi zen, Irungo Mosku plazako txoko batean hainbat lagunek mimoz prestatu zuten luntx zainduarekin. Topa egin zuten parte hartzaileek, topo egin izanagatik, elkar ezagutzeko aukeragatik, espazioa eta denbora elkarri oparitzeagatik eta arrazakeriaren aurkako LAB hau eraikitzen jarraitzeagatik.

Gora LAB eta gora LAB antirrazista!

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata eta hark hainbat esparrutan izan dezakeen eragina aztertuko dute Bilbon

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioak Euskal Herriko jendarten gero eta babes handiagoa du. Patronalek, ordea, eztabaida politiko, ekonomiko eta sozial horri bidea itxi nahi diote. Bide hori urratzea, ordea, beharrezkoa da Euskal Herrian bizi eta lan egiten dutenentzat. Horregatik, Ipar Hegoa eta Manu Robles-Arangiz fundazioek mintegi bat antolatu dute, soldata propioa jorratuko duena hainbat ikuspegitatik.

Mintegia maiatzaren 16an izango da, ostiralarekin, 9:00etatik 14:30era, Bilboko EHUko Bizkaia Aretoan. Honako hiru atal hauek izango ditu jardunaldiak:

  • Lehen atalean, testuingurua izango da abiapuntu. Horretarako, alde batetik, nazioarteko egoeraren konparaketa egingo da; bestetik, gurean, Euskal Herrian, bide juridiko eta politikoak aztertuko dira. Eta, azkenik, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa burujabetzarako tresna eraginkorra dela frogatuko da. Gai horietanhonako hizlari hauek sakonduko dute: Isidro Esnaola, Iñaki Lasagabaster, Endika Alabort, Jone Etxeberria eta Jule Goikoetxea.

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa lortzeak negoziazioak, akordioak eta aldaketak eskatzen ditu, eta, era berean, aldaketak eragingo lituzke gure gizartean. Gutxieneko Soldata propio bat lortzeko badira aukerak egungo eskumenen baitan, eta Lanbidearteko Akordio baten bidez langile guztientzat gutxieneko soldata ezarri ahal izango litzateke. Edonola ere, eskumena eskuratzea ezinbestean jorratu beharreko bidea da. Izan ere, Hego Euskal Herrian kokatutako LGS propio bat izateko, funtsezkoa da eskumena geureganatzea.

Zenbatekoa ez da gai bakarra. Hego Euskal Herrirako LGS finkatzeko hainbat irizpide erabil daitezke, baina argi dago: Espainian ezarritako gutxieneko soldata ez da nahikoa hemen lan egin edota bizi garen langileon diru sarrera duinak bermatzeko.

Aldi berean, honako galdera hauek sortzen dira: zer inpaktu du LGSak lurralde batean? Zer ekar dezake Euskal Herrian soldata hori geuk erabakitzeak? Eta nola indartu ditzake bertako lan harremanak eta negoziazio kolektiboa LGS propio bat adosteak? Hor dago burujabetzaren muina, gakoa erabakitzeko gaitasuna izatea baita.

  • Bigarren blokean, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioak eragin ditzakeen onurak aztertuko dituzte, begirada anitzetik. Besteak beste, sexu-genero arrakala, langile migratu eta arrazializatuen egoera, gazteen lan baldintzak, ikuspegi ekologikoa eta lehen sektorean diharduten langileen errealitatea landuko dituzte. Gai horiek jorratzeko, honako hizlari hauek parte hartuko dute: Xiomara Souza, Txefi Roco, Jon Ormaetxea, Andoni García, Jaime Nieto, Jon Bernat Zubiri eta ESK sindikatuko Jabi Saenz.

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatak babes dimentsio zabal-zabala eskaintzen dio jendarteari. Eragin zuzena dauka soldatapeko langile askorengan, bereziki negoziazio kolektiboaren babesa ez duten edo soldata oso apalekin lan egiten duten jardueretan. Bere igoerak, soldata txikien hobekuntzaz gain, soldata orokorren igoera ere bultza dezake, baita baldintza duinagoak dituzten sektoreetan ere, negoziazio kolektiboa indartuz.

LGS ez da soilik lan arloko tresna bat, politika sozial eta ekonomikorako eragile sendoa ere bada: aberastasuna banatzen laguntzen du, jendarte kohesioa sendotzen du eta pobrezia murrizteko gaitasuna du. Bere inpakturik handiena, beti, sektorerik prekario eta zaurgarrienetan izango du, hau da: sektore feminizatuetan, migratzaileak aritzen diren lan eremuetan eta lehen sektorean, besteak beste.

  • Hirugarren eta azken atalean, sindikatuen proposamenak izango dituzte hizpide. Zehazki, ELA eta LAB sindikatuek Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propio baterako dituzten planteamenduak aurkeztuko dituzte. ELAren izenean Roser Espelt Alba ariko da, eta LABen izenean, Martin Arbeo Sarriugarte.

Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioek mintegian parte hartzeko deia egin dute, guztion artean hausnartu eta Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa errealitate bihurtzeko urratsak elkarrekin egiteko.

LABek, langileen indarrari esker, EAEko hezkuntza publikoko irakasleen hitzarmena sinatu du 15 urteren ondoren

LABek lortu du Jaurlaritzak hasierako proposamenean jarri ez dituen baliabideak adostea euskalduntzerako, aniztasunari eta inklusioari erantzuteko eta hezkidetzarako, eta baita, azken 15 urtetan lehen aldiz, soldatak bertan adostea ere.

Bederatzi greba egun eta mobilizazio andanak eman digun indarraz baliatuta, gaur hiru mahai negoziatzaile egin ondoren, azkenean Hezkuntza Saila mugiaraztea eta akordio on bat adostea lortu dugu. Horrela, orain hilabete batzuk ezinezkoa zena akordio arautzailean (lan hitzarmenean) jasotzea lortu du LABek.

Irakasleen ordezkaritzaren gehiengoak sinatu duen akordio arautzailean, langileon borrokaren bidez, lortu ditugu hezkuntza kalitatea hobetzeko eskatzen genituen baliabideak, lan baldintzak hobetzea, lan zamak arintzea, soldataren igoera, ordezkoen udako kobraketa, edoskitzea luzatzea, bitartekotasun tasa %5ean kokatzea edo gazteberritzerako neurriak.

Hezkuntza Sailak komunikabideetan hainbatetan adierazi duen arren hezkuntza kalitatean hobekuntzak proposatuko zituela, 12etan eta 15:30ean egin diren mahai negoziatzaileetara ez du horren inguruko baliabide zehatzik ekarri. Soldaten eztabaida izan da negoziazioen erdigunean jarri duena, komunikabideetan baliabideak gehituko zituela esaten zuen bitartean.

Azkenean, borrokaren bitartez, LABek lortu du baliabide zehatzak 22:00etako mahai negoziatzailera eramatea eta akordio arautzailean jasotzea, 2022ko maiatzaren 26an sinatu zen plantillak esleitzeko irizpideak eguneratuz eta hobetuz. Hauek dira lortu ditugun baliabideetako batzuk:

  • Hizkuntza proiektuetarako koordinatzaileak. Hezkuntza konplexutasun indize oso altuko eta altuko ikastetxeetarako: 15 talde arte, 0,5 jardunaldi; 16 taldetik aurrera, jardunaldi 1. Gainerako ikastetxeetarako irakasleak hurrengo irizpideen arabera: euskarazko hizkuntza-gaitasunaren ikastetxearen barne-ebaluazioko emaitzak, ikastetxeak euskarazko hizkuntza-gaitasunaren ebaluazioan egindako ebaluazio diagnostikoaren emaitzak eta testuinguru soziolinguistikoa. 2025-26 ikasturtean pilotaje bat hasiko da gutxienez HKI altu eta oso altuko 10 ikastetxetan, 2026-27 ikasturtean HKI altu eta oso altuko zentroetara zabalduko da eta 2027-28 ikasturtetan gainontzeko zentro guztietara. Gure kalkuluen arabera, 350 irakasletik gora.
  • EUSLE programa Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara zabalduko da eta HIPI eta EUSLE baliabide gehiago jarriko dira. 2025-26 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.
  • Hezkuntza Konplexutasun Indizeko baliabideak gehitzea.
  • Pedagogia Terapeutiko irakasle gehiago, aholkulari eta orientatzaile gehigarriak eta Entzumen eta Hizkuntzako ratioen jaitsiera.
  • Zuzendaritza taldeetarako baliabide gehigarriak.
  • Ongizate eta Babeserako koordinatzaileak, besteak beste, hezkidetza lantzeko ere baliagarriak izango direnak.

Galdutako erosahalmena berreskuratze bidean jartzeko, aldiz, EAEko funtzio publikoan azken 15 urtetan lehen aldiz, soldatak bertan adostea lortu dugu, % 7ko soldata igoera adostuz irakasle guztientzat. Ikasturteka horrela gauzatuko lirateke igoerak: 2025-26 ikasturte hasieratik % 2koa, 2026-27an % 2,5ekoa eta 2027-28an %2,5ekoa.

Erretiro adina aurreratzeko formula adostu da, 18 hilabetez aurreratzeko aukera jasoz 60 urtetik erretiro adinera bitarteko jardunaldi murriztuak pilatuz. Denbora tarte horretan, urte eta hiru hilabetez zuzenean etxera joan ahalko dira irakasleak, eta gainerako hiru hilabeteetan zuzeneko arretarako eskolarik eman beharrik ez dute izango.

Horrez gain, enplegua egonkortuko da, LABek 2023ko ekainaren 1ean akordio laboralean sinatutakoari esker. Izan ere, behin-behinekotasun tasa %5etik behera kokatuko da, eta oposaketa eredua negoziatzeko aukera jasoko da.

Lan-zamei dagokienez, irakastorduak jaistea adostu da. Haur eta Lehen Hezkuntzan 21 ordutara, 22 izango dira gehienez 25-26 ikasturtean eta 21 izango dira 26-27 ikasturtetik aurrera. Bigarren Hezkuntzako araubide bereziko ikasketak eta Lanbide Heziketako irakasleek 17 eskola-ordu emango dituzte gehienez, Hedatze edo izaera analogoko programak barne.

LAB sindikatuak, EAEko hezkuntza publikoko lehen indarra duenak, lortu du hezkuntza publikoko kolektibo guztietan lan hitzarmenak adostea. Irakasle funtzionarioetan sinatu den azken akordio honek eskola publikoko irakasleen lan baldintzak hobetzeaz gain, ikasleei ematen zaien hezkuntza kalitatea hobetzea lortu du.

Bukatzeko, LABek adierazten du maiatzaren 12tik 16ra deituriko grebak zein biharko egunez hiriburuetan deituriko hezkuntza komunitate osoaren mobilizazioak bertan behera uzten dituela, lan-hitzarmen ona adostea lortu dugulako. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkizuegu larunbateko mobilizazioekin bat egin duzuen hezkuntza komunitateko kide eta eragile guztioi; horrek ere akordiorako indar handia eman digu.

Aurrerantzean, hezkuntza komunitatearekin batera, eskola publikoa baliabide gehiagoz hornitzeko borrokan jarraituko dugu. Euskal Eskola Publiko Komunitarioan bidean beste urrats bat egin dugu. Zorionak grebalari guztiei!

Borrokak merezi du! Gora langileon borroka!

LAB sindikatuak ontzat jo du Nafarroako anbulantziak kudeaketa publikopean lanean hastea

Zerbitzu publikoak diru irabazi asmoa duten ekimen pribatuen esku ezin direla utzi sinetsita, LAB sindikatuak urteak daramatza, adibidez, Nafarroa Garaiko anbulantzien publifikazioa eskatzen. Hala, 2019an, LABek ontzat jo zuen anbulantzien zerbitzua kudeatzeko enpresa publiko bat sortzeko proposamena baldin eta horren bidez lanpostu guztiei eusten bazitzaien eta baldin eta gero osasun garraio osoa publiko egiten zen. Proposamen hura orain gauzatuko da, Bidean enpresa publikoaren bidez, eta LABek ontzat jo du gobernuak eginiko urrats hori.

Publikoak izan beharko liratekeen zerbitzuak ezin dira ekimen pribatuaren esku utzi. Ezin da horiekin negozioa egin. Izan ere, horrek iruzurra dakar. Alde batetik, baldintza prekarioen forman azpikontratutako zerbitzu horietan lanean ari diren langileentzat —Baztan Bidasoa eta SSG enpresen kasuan hitzarmena ez betetzen eta langileak diskriminatzen—, baina, beste alde batetik, gizarte osoarentzat, zerbitzuen kalitateak okertze forman.

Erran bezala, LAB sindikatuak urteak daramatza ideia horren alde borrokatzen, publikoaren alde. Eta pertsuasio ariketa hori funtsezkoa izan da eta da Gobernuak halako pausoak eman ditzan. Ildo horretan, oso albiste ona da Gobernuari entzutea osasun garraioaren kudeaketa publikoarekin kalitatea eta eraginkortasuna hobetuko direla, bai eta langileen baldintzak eta pazienteen arreta ere. Hori dela eta, sindikatuak Exekutiboari deia egin nahi dio bide horretan pausoak ematen jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzak ez du hezkuntzaren kalitatea negoziazioaren erdigunean kokatu nahi

Sindikatuoi hilabetez negoziatzeko aukera ukatu ondoren, gatazka presaka itxi nahi du. Hezkuntza Sailak komunikabideetan ikasleen beharretan eta eskola publikoa hobetzeko baliabideetan inbertituko duela esan badu ere, soldataren eztabaida ireki eta erdigunean jarri du.

Izan ere, azken urteetan eta LAB lehen indarra den hezkuntza publikoko kolektiboetan sinatu berri diren lan hitzarmenetan —Haurreskolak Partzuergoan, Heziketa Berezian eta Sukalde eta Garbiketan— ezinezkoa izan da soldata igoerak negoziatzea. Soilik Eusko Jaurlaritzako kategorien arteko ekiparazioa egin ahal izan da, heziketa bereziko hezkuntza laguntza espezialistak haurreskoletako hezitzaileekin edo sukalde eta garkiketako langileak administrazio orokorreko beraien parekoekin.

Ostean, Ertzaintzari %10eko soldata igoera egin zioten, eta horrek ireki du, aitzakiak aitzaki, ezinezkoa zen soldata igoerari buruzko eztabaida. Beraz, Eusko Jaurlaritzak ireki du ate hori, ez beste inork.

Sinatu berri diren kolektibo horietan egin bezala, LABek, langileen lan baldintzak hobetu asmoz, baliabideen esleipenean zentratu ditu bere ekarpenak, lan baldintzak hainbat modutara hobetu daitezkeelako eta eskoletan ditugun erronkei erantzuteko baliabideen indartzeak berebiziko garrantzia duelako, 15 urte dituen akordioa berritzea nahi badugu.

Gauzak horrela, apirilean egin eskaintzatik hona ez du aurrerapausorik egin baliabideen esleipenen alorrean, eta Hezkuntza Sailak gaur egindako proposamenean %6,5eko igoera jasotzen du. Igoera horrez gain, %1,5eko gehigarria Barne Produktu Gordinarekin baldintzatu du.

Aurretik egindako eskaintzan konplexutasun tasa altua duten eskoletan ari diren irakasleen soldata igotzea proposatzen zuen, bertan lan egiten dutenen lan zama diruarekin konponduko delakoan.

2025eko lehen hiruhilekoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Geroko Produktu Gordina % 2,0 hazi zen, eta enplegua % 1,5. 2024ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, Eustaten arabera, BPGren hazkundea % 0,6koa izan da. LABek oso arriskutsua ikusten du bizi dugun egoera ziurgabean eta errebisatzen diren aurreikuspenak beheranzeko joera dutenean, soldatak indize horri lotzea, eta ez dugu onartuko. Lotzekotan, KPIarekin lotu beharko lirateke.

Beraz, guretzat argi dago, eskola publikoa sistemaren ardatza izatea nahi baldin badugu, euskal eskola publiko komunitarioan sare publiko bakar deszentralizatuan baliabideak erdigunean jarri behar direla.