Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioak Euskal Herriko jendarten gero eta babes handiagoa du. Patronalek, ordea, eztabaida politiko, ekonomiko eta sozial horri bidea itxi nahi diote. Bide hori urratzea, ordea, beharrezkoa da Euskal Herrian bizi eta lan egiten dutenentzat. Horregatik, Ipar Hegoa eta Manu Robles-Arangiz fundazioek mintegi bat antolatu dute, soldata propioa jorratuko duena hainbat ikuspegitatik.
Mintegia maiatzaren 16an izango da, ostiralarekin, 9:00etatik 14:30era, Bilboko EHUko Bizkaia Aretoan. Honako hiru atal hauek izango ditu jardunaldiak:
- Lehen atalean, testuingurua izango da abiapuntu. Horretarako, alde batetik, nazioarteko egoeraren konparaketa egingo da; bestetik, gurean, Euskal Herrian, bide juridiko eta politikoak aztertuko dira. Eta, azkenik, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa burujabetzarako tresna eraginkorra dela frogatuko da. Gai horietanhonako hizlari hauek sakonduko dute: Isidro Esnaola, Iñaki Lasagabaster, Endika Alabort, Jone Etxeberria eta Jule Goikoetxea.
Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa lortzeak negoziazioak, akordioak eta aldaketak eskatzen ditu, eta, era berean, aldaketak eragingo lituzke gure gizartean. Gutxieneko Soldata propio bat lortzeko badira aukerak egungo eskumenen baitan, eta Lanbidearteko Akordio baten bidez langile guztientzat gutxieneko soldata ezarri ahal izango litzateke. Edonola ere, eskumena eskuratzea ezinbestean jorratu beharreko bidea da. Izan ere, Hego Euskal Herrian kokatutako LGS propio bat izateko, funtsezkoa da eskumena geureganatzea.
Zenbatekoa ez da gai bakarra. Hego Euskal Herrirako LGS finkatzeko hainbat irizpide erabil daitezke, baina argi dago: Espainian ezarritako gutxieneko soldata ez da nahikoa hemen lan egin edota bizi garen langileon diru sarrera duinak bermatzeko.
Aldi berean, honako galdera hauek sortzen dira: zer inpaktu du LGSak lurralde batean? Zer ekar dezake Euskal Herrian soldata hori geuk erabakitzeak? Eta nola indartu ditzake bertako lan harremanak eta negoziazio kolektiboa LGS propio bat adosteak? Hor dago burujabetzaren muina, gakoa erabakitzeko gaitasuna izatea baita.
- Bigarren blokean, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioak eragin ditzakeen onurak aztertuko dituzte, begirada anitzetik. Besteak beste, sexu-genero arrakala, langile migratu eta arrazializatuen egoera, gazteen lan baldintzak, ikuspegi ekologikoa eta lehen sektorean diharduten langileen errealitatea landuko dituzte. Gai horiek jorratzeko, honako hizlari hauek parte hartuko dute: Xiomara Souza, Txefi Roco, Jon Ormaetxea, Andoni García, Jaime Nieto, Jon Bernat Zubiri eta ESK sindikatuko Jabi Saenz.
Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatak babes dimentsio zabal-zabala eskaintzen dio jendarteari. Eragin zuzena dauka soldatapeko langile askorengan, bereziki negoziazio kolektiboaren babesa ez duten edo soldata oso apalekin lan egiten duten jardueretan. Bere igoerak, soldata txikien hobekuntzaz gain, soldata orokorren igoera ere bultza dezake, baita baldintza duinagoak dituzten sektoreetan ere, negoziazio kolektiboa indartuz.
LGS ez da soilik lan arloko tresna bat, politika sozial eta ekonomikorako eragile sendoa ere bada: aberastasuna banatzen laguntzen du, jendarte kohesioa sendotzen du eta pobrezia murrizteko gaitasuna du. Bere inpakturik handiena, beti, sektorerik prekario eta zaurgarrienetan izango du, hau da: sektore feminizatuetan, migratzaileak aritzen diren lan eremuetan eta lehen sektorean, besteak beste.
- Hirugarren eta azken atalean, sindikatuen proposamenak izango dituzte hizpide. Zehazki, ELA eta LAB sindikatuek Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propio baterako dituzten planteamenduak aurkeztuko dituzte. ELAren izenean Roser Espelt Alba ariko da, eta LABen izenean, Martin Arbeo Sarriugarte.
Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioek mintegian parte hartzeko deia egin dute, guztion artean hausnartu eta Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa errealitate bihurtzeko urratsak elkarrekin egiteko.
