2026-07-23
Blog Page 462

Larrialdi zerbitzu bat ezin da egon egunero txandaz kanpo dauden suhiltzaileen borondatearen menpe

Bero garaia heldu da, alerta gorria baso-suteengatik eta Nafarroako suhiltzaile-parkeak berriz ere minimoen azpitik eta langile gaietan kudeatzeko gaitasunik gabe daude.

Larrialdi zerbitzu bat ezin da egon egunero goizeko 8etan txandaz kanpo dauden suhiltzaileen borondatearen menpe, ez eta arduradunak oporretan edo bajan egotearen menpe ere.

Gurea bezalako zerbitzu batek planifikazioa behar du, eta, horretarako, bi aldeak (Nafarroako Gobernua eta sindikatuak) ados jarri behar gara, egunero parke guztietan gutxieneko segurtasun neurriak beteko direla bermatuko duten mekanismoak bilatzeko.

Nafarroako Suhiltzaileak emandako hitza betetzen ari gara, eta LAB SUHILTZAILEAK horretan saiatu da buru-belarri, baina zalantza handiak ditugu Nafarroako Gobernuak borondaterik ote duen langile faltaren arazoa konpontzeko eta kudeaketa hobetzeko mekanismoak negoziatzeko.

Premiazko neurri gisa, egiteke dauden deialdiak bizkortzea eskatzen dugu. Horretarako, datorren urtearen hasieran 2 deialdi elkartzea proposatzen dugu (2021ekoa eta 2022koa).

Sindikatuen aldetik egiten dugun proposamen hau beste hautapen prozesu batzuk oztopatu gabe bete daiteke, ez du birjartze-tasa arriskuan jartzen, eta irtenbide bakarra da etorkizunean berriz gerta ez dadin uda honetan gertatzen ari dena. Erabakia Javier Remirez lehendakariordearen esku dago, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria eta arduradun nagusia den aldetik.

Datorren urteko baso-suteak itzaltzen hasteko unea orain da. Gero, berandu izango da.

Errekurtsoa kentzeko exijitzen diogu, berriro ere, Tubacex-i

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren eta enpresa-batzordearen arteko gaurko bileraren eta kaleratutako pertsonak birkokatzeko Tubacex-ek egindako proposamenaren aurrean, LAB sindikatuak honako hau adierazi nahi du:

– Berriro lanean hastea, kaleratutako plantilla birkokatuz, borrokaren eta langile eta eskualde oso baten irmotasunaren emaitza da.

Mobilizazioekin eta langileen greba mugagabearekin jarraitzeko apustu argiak ahalbidetu du garaipen hau, eta horrek erakutsi du borroka dela bide bakarra lanpostuak eta lan-baldintza duinak defendatzeko.

– Hala ere, ezin dugu ahaztu enpresak, gaur egun, errekurtsoarekin aurrera jarraitzeko asmoari eusten diola Espainiako Auzitegi Gorenean, eta, beraz, kaleratzeekin aurrera jarraitu nahi duela. Hori dela eta, LABetik Tubacexi errekurtsoa kentzeko eskatzen diogu, eta, era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, gaur egin duen bezala, enpresarekin bitartekaritza egin dezala errekurtso hori behin betiko ken dadin.

Haurreskolak Partzuergoko gerente Zorione Etxezarragaren kargugabetze eskaeran berresten gara

Uztailak 20, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek Haurreskoletako mahai negoziatzailerako hitzordua genuen lan hitzarmenaren negoziazioarekin jarraitzeko eta ikasturte berrirako langileen hornidurari buruz hitz egiteko. Bezperan jakinarazi ziguten ordea, 5. aldiz bertan behera uzteko erabakia Haurreskolak Partzuergoa eta administarazioaren partetik.

Hau horrela, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok hainbat eskaera egin ostean eta erantzun ezaren aurrean, Lakuara bertaratzea erabaki dugu Hezkuntza Sailetik eta Haurreskolak Partzuergotik Haurreskoletako langile eta sindikatuekiko erakusten ari diren errespetu faltarengatik azalpenak eskatzera. Bilera aretoan sartu eta gutxira, inolako azalpen gehiagorik gabe, ostiralerako beste bilera baterako deialdia egiteko asmoa azaldu digute baina gertatutakoaren azalpenak eskatu ondoren eta ia 2 ordu beranduago, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordekokidea den Hezkuntza Saileko sailburuordearekin hitz egitea lortu dugu. Elkarrizketa horretatik, ostiralerako deialdi berriaren gai ordenean moldaketak exijitu eta onartu dizkigute. Ikasturte berrirako giza baliabideen antolaketari buruzko puntua soilik jartzea lortu dugu, haurreskola gehienen azken eguna den honetan 2021/22 ikasturteari dagozkion zehaztapen faltari beharrezko garrantzia eta lehentasuna emanez.

Jokin Bildarratzek hainbestetan azpimarratu duen elkarrizketarako prestutasuna ez du haurreskolekin erakutsi. Hori dela eta, 0-3 zikloarekiko utzikeria, gerentearen noraeza eta familia eta langileekiko errespetu falta salatu nahi ditugu.

Beraz, inoiz baino ageriago geratzen da, Zorione Etxezarraga gerenteak ez dituela bere ardurak eta funtzioak betetzen eta horregatik, berriro ere bere kargugabetzean berresten gara.

Irabazi asmoa duen Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua salatu dugu

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseilua izan da gaur, eta, sindikatu eta ikasle eta gazte eragileren izenean (LAB, STEILAS, CCOO, ELA, CGT/LKN, EHUko Ikasle Kontseilua eta Ernai), adierazpen bat irakurri dugu Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua salatzeko.

Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako garbitzaileek soldata arrakala salatu dute Kursaal aurrean

Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako garbitzaileek soldata arrakala salatu dute Donostian, Jazzaldiaren bezperan. Hain zuzen ere, mosaiko bat itsatsi dute lurrean, Kursaal parean.

Garbitzaileen hitzetan, “egitateak nahi ditugu, soldata-arrakalarekin amaitu nahi dugu eta gure lan-baldintzak hobetu. Herri honetako politikariek behingoz neurriak hartzea nahi dugu, jendarte hau bidezkoagoa izan dadin, benetako politika egin dezaten eta patronalari mesede egiteari utz diezaioten”.

Beste lan heriotz ez traumatiko bat gertatu da, Gernikan oraingoan, Eraikuntza sektorean

Gaur, uztailak 19, beste lan istripu hilgarri baten berri izan dugu. Muruetako 66 urteko langile bat hil da, Gernikako eraikuntza bateko aldamioan lanean zegoela, bihotzekoak jota. Bertan zendu da.

Azken hildako honekin, gutxienez, 33 dira Euskal Herrian lanean edo lanaren ondorioz hil direnak aurten. LAB sindikatutik gure babesa helarazi nahi diegu hildako langilearen senide, lagun eta lankideei. Bihotzekoak, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez dira kasualitatez gertatzen, ezta ausaz edo zorte txarragatik ere, patronalak dioen bezala. Jakina da horrelako gertaerak lan zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuetanpean. Lanean jasotzen diren presioa, estresa eta nagusien autoritarismoa giltzarri dira. Bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak dira aipatutakoak.

Dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak, besteak beste, bilakatu dira lan heriotzen lehen gauzatzaileak. 2020Ean, heriotza guztien %25koak izan dira. Aurten, dagoeneko, 7 langile hil dira arrazoi honengatik.

Argi daukagu lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak ere, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Odoluste honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harremanen eta joku arauen aldaketatik, eredu aldaketatik, etorriko baita konponbidea. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena.

Azken lan istripu hau salatzeko deituko diren mobilizazioetara dei egiten ditugu langileak eta herritarrak LAB sindikatutik.

2021-2022 ikasturteko Uhinak bekak aurkezteko epea ireki dute

Ipar Hegoa eta Iratzar fundazioek bigarren urtez Uhinak bekak esleitzeko prozesua abian jarri dute. Aurten ere burujabetza politikoa, ekonomia, feminismoa, sindikalgintza, euskara, kulturgintza, gure historia, iragana eta etorkizuna gaiak oinarri hartuta, artikulu luze edo liburuxkak sustatu nahi dituzte, argitaratzeko helburuarekin eta eztabaida edo ekarpen soziala eragin asmoz.

2021eko irailaren 30a arteko epea dago pentsamendu kritikoa sustatu asmo duten beken deialdirako lanak aurkezteko. Xehetasunak, Ipar Hegoa Fundazioaren webgunean.

Grebarekin eta borrokarekin jarraitzeko apustua egiten dugu, Tubacex-eko lanpostuak bermatzeko bide bakarra delako

Otsailaren 15ean, Tubacexeko langileok greba mugagabea hasi genuen gure lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzeko. Ez geunden prest koiunturaltzat jotzen genuen arazo baten aurrean egiturazko neurriak onartzeko, ez geunden prest Tubacexen diru-gose enpresarialak gure familien eta Aiaraldeko eskualdearen etorkizunarekin jolasteko. 

Gaur 159 egun bete ditugu greban, 159 egun borrokan. Borroka horretan, Aiaraldeko eskualde osoa izan dugu bidelagun, eskualdearentzako etorkizun duinaren alde. Borroka horretan, Euskal Herriko langileria ere izan dugu bidelagun; borroka horretan, aliantzak sortu ditugu gatazkan dauden beste enpresa batzuekin, eta borroka horrek Euskal Herriko mugak gainditu ditu. Hemendik mila esker bihotz bihotzez, bide hau gurekin batera egiten ari den guztiari. Indibidualismoaren gaineko borrokan klase-kontzientziak irabazi du. 

Borroka honek guztiak uztailaren 7a arte ekarri gintuen. Egun horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zituen 129 langileren kaleratzeak. Epaiak hasieratik esan genuena babesten du: ez dago 129 langile kaleratzeko egiturazko kausarik, ez dago Tubacexeko langile bakar bat ere kaleratzeko egiturazko kausarik. Epaian jasotzen denez, Tubacexen zuzendaritza fikzioan oinarritzen da kaleratzeak justifikatzeko eta 9/2020 Errege Dekretua ez betetzeko; izan ere, 2. artikuluan dio kaleratzeak ez direla justifikatuko ezinbesteko arrazoiengatik, ezta arrazoi teknikoak, produktiboak, ekonomikoak edo antolakuntzakoak COVID-19rekin lotuta daudenean ere. Epaiak kaleratutako guztiak berriro onartzera behartzen du enpresa. 

Tubacexeko zuzendaritzak, langileen konfiantzarik ez duen zuzendaritzak, apetazko zuzendaritza, negoziatu nahi ez eta soilik inposatu nahi duen zuzendaritza autoritarioak, epaia ez betetzea erabaki du. Etxean daudela kaleratuei soldata ordaintzea erabaki du, baina ez die lanpostua itzuli langile horiei. Erabaki horrek erakusten du Tubacexek aurrera jarraitzen duela langileak kaleratzeko ahaleginean, Madrilgo Auzitegi Gorenera epaia errekurritzeko iragarpenak erakusten duen bezala, eta estrategia horren ondorio da lankideak beren lanpostuetara ez itzultzeko erabakia. Errekurtso edo helegite horrek kaleratutako langile guztien eta haien familien etorkizuna arriskuan jartzen jarraitzen du, eta Aiaraldearen etorkizuna arriskuan jartzen jarraitzen du. 

Gaur hemen ere salatu nahi dugu Tubacexek ezin izango lukeela horrelako erabakirik hartu Eusko Jaurlaritzaren bermea eta konplizitatea ez balitu. Epaiaren ostean, Tubacexeko langileok adierazpen oso mingarriak entzun behar izan ditugu Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Zuzendaritzaren tesia bermatzen duten adierazpenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiak dioenaren aurka doazenak. Eusko Jaurlaritzak esan digu grebak ez duela inolako onurarik eta negoziatu egin behar dela. 

LABetik Tapia sailburuari eta Urkullu lehendakariari galdetu nahi diogu: zer ari zarete esaten negoziatu behar dugula? Gure lankideen kaleratzeak? Tubacexek argi utzi du ez dituela kaleratzeak erretiratzen. Hori al da Eusko Jaurlaritzak kaleratzen dituzten enpresei eskaintzen dien aukera? Kaleratze horiek negoziatzea ala Ertzaintza protesta legitimoak zapaltzera eta kriminalizatzera bidaltzea? Eusko Jaurlaritzak Madrilgo Auzitegi baten esku utziko al du 129 familiaren etorkizuna? 

LABetik badakigu, esperientziagatik, Madrilen hartutako erabakiek ez diotela mesederik egiten euskal langileriari, eta horren erakusgarri da enpresei Tubacexen moduko jokabideak egitea ahalbidetzen dien lan-erreforma. Eusko Jaurlaritza, bere konplizitatearekin, bizkarra ematen ari zaie Tubacexeko langile guztiei, Aiaraldeko eskualde osoari eta Euskal Herriko langile-klaseari, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari berari ere, bere epaian esaten duena alde batera utziz. 

Era berean, ez da harritzekoa, Tubacexen kontseilari moduan, besteak beste, Jose Antonio Ardanza eta Nuria Lopez de Guereñu ibili direla kontuan hartuta, Jaurlaritzako lehena lehendakari ohia eta bigarrena Garraio Sailburua lakuan. LABetik, Eusko Jaurlaritzari eta, zehazki, Arantza Tapia sailburuari eta Urkullu lehendakariari exijitzen diegu langileen alde jar daitezela eta Tubacexen lanpostu guztiak bermatzea, eta hau zuzendaritzari EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia betetzeko eta Madrilgo Auzitegi Gorenari helegitea kentzeko exijituz egiten da. 

Horregatik guztiagatik, eta gure helburuak lortzeko, LABetik borrokan eta greban berresten gara. Borroka eta greba dira gure lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzeko eta bermatzeko uzten diguten bide bakarra. Enpresak bere pretentsioekin jarraituz erabakitzen du gatazka luzatzea, ez langileek. LABen ez ditugu atzean utziko zuzendaritza zikoitz eta autoritario batek kaleratze-zerrenda batean sartu zituen pertsonak. 

Tubacexeko langileok goizeko 5:00etan jaiki gara, gure laneko arropa jantzi dugu eta gogor lan egin dugu, lankide batzuek bizitza ere galdu dute beren lanpostuetan, eta hori Tubacexek urteetan zehar milioi askoko irabaziak pilatu dituen bitartean. Orain, aberastasuna pilatzen jarraitu nahi du, langileak kaleratzearen, lan-baldintzak okertzearen eta eskualde baten etorkizunarekin jolastearen kontura. LABetik argi daukagu: ez dugu onartuko, borrokan jarraituko dugu guztiok lanean hasi arte eta zuzendaritza hau kargutik kentzea lortu arte. 

Beraz, LAB sindikatuak honako hau eskatzen du:

– Enpresari, kaleratutako pertsonak beren lanpostuetara berehala itzultzea eta Madrilgo Auzitegi Gorenean aurkeztutako errekurtsoa erretiratzea.

– Eusko Jaurlaritzari, Urkullu lehendakaria buru dela, langile guztien lan eskubideak bermatzea eskatzen diogu, eta ez greba ez egitea erabakitzen duten langileena bakarrik. Hori dela eta, Tubacexi publikoki exijitu behar dio kaleratuak bere lanpostuetara berehala itzultzea eta Madrilgo Auzitegi Gorenean aurkeztutako errekurtsoa bertan behera uztea.

Helburu horiek lortu arte, LABek egiten ari garen grebarekin eta borrokarekin jarraitzearen alde egiten du argi eta garbi, eta borrokan lagundu diguten guztiei dei egiten diegu borrokan jarrai dezaten.

Ez dugu sinatuko Arabako Eraikuntzako hitzarmena

Gaur, uztailak 16, Arabako Eraikuntzako mahai negoziatzailea bildu da eta bertan SEA patronala eta CCOO eta UGT akordio batera heldu dira hitzarmena sinatzeko.

LABek, ordea, ez du hitzarmena sinatuko prekaritatea ez duelako borrokatzen. Izan ere, 6.000 langile inguru biltzen dituen sektore honetan lan baldintzak oso gogorrak dira, askotan hitzarmena bera ez da aplikatzen eta hori ez da inolaz ere konpontzen.

Horrekin batera, ez dago apenas aurrerapenik akordioan lan baldintzetan, kontratazioan, berdintasunean, lan osasunean…

Bereziki argigarria da sindikatu nagusiek ez dutela inolako asmorik izan langileen mobilizazioak bultzatzeko, eta horixe da, hain zuzen ere, LABen ustez, hitzarmenaren edukiak hobetzeko tresna. Beraz, aukera bat galdu da sektorea mobilizatzeko eta lan baldintza hobeak lortzeko.

Edonola ere, LABek lanean jarraituko du sektore honetako langileen lan baldintzak hobetzeko.