2026-06-23
Blog Page 460

Buruntzaldeko garraio publikoko kontsezio berriarekin sortutako kaosa Gipuzkoako Aldundiak zerbitzu publikoei ematen dien garrantzi eskasaren isla da

Gaur hasi da Buruntzaldeko garraio publikoko kontsezio berria martxan. Kontsezio honetan, hainbat dira planteatuta dauden murrizketa zein aldaketak. Linea batzuk murriztu egin dira, ordutegiak aldatu dira eta autobus lineek dituzten izenek ere aldaketak jaso dituzte (lehen G1 zena orain BU11 izena dauka, adibidez).

Ordutegi eta linea aldaketa hauek erabiltzaileengan eragin zuzena dute. Erabiltzaile bat garraioaren ordutegiaren arabera antolatzen da; zein ordutan jaiki, zein ordutan etxetik atera, zein ordutan hartuko duen autobusa…

Autobusen ordutegiak aldatuz gero, erabiltzaile asko euren eguna berrantolatzera behartzen ditu. Zerbitzu pubiko bat izanik, herritarrek jakin beharko dute zerbitzuan honelako aldaketak gertatzen badira. Gaur ikusi ahal izan dugu erabiltzaile askok ez zekitela ordutegi aldaketak zeudenik, ezta lineetan aldaketak egin dituztenik ere. Honek jende asko lantokira berandu iristea eragin du.

Gipuzkoako Aldundia da kontsezio honen arduraduna. Gipuzkoako Aldundia da ordutegi zein lineetan egon diren aldaketak ezarri dituena. Gipuzkoako Aldundia izanik arduradun nagusia, ez dugu ulertzen nola den posible herritarrak inolako informaziorik gabe iritsi izana uztailaren 1ra. Ez dira ordutegi berriak banatu, ez da kanpaina komunikatiborik egin, ez dira beharrezko kontrasteak egin ez erabiltzaile zein langileekin ordutegi egokiak ezartzeko.

Gaur gertatu dena Aldundiak zerbitzu publikoei ematen dien garrantziaren isla da. Gipuzkoako Aldundiarentzat, garraio publikoa negozioa egiteko tresna bat besterik ez da. Buruntzako kontsezioarekin gertatzen ari dena honen erakusle garbia da.

LAB sindikatutik Gipuzkoako Aldundia garraio publikoarekin egiten ari dena eta bereziki Buruntzaldeko kontsezioarekin geratzen ari dena salatzen dugu.

Garraio publiko eta kalitatezkoa nahi dugu, eta horretarako beharrezkoak diren neurri guztiak implementatatu ditzala eskatzen diogu Aldundiari.

Cortesko kale garbitzaileen kaleratzea salatu dugu, subrogaziorako eskubidea urratzeagatik

Cortesko Udalak ekainaren 1etik aurrera kaleak garbitzeko zerbitzua mankomunatzea erabaki ondoren, zerbitzua egiten ari ziren bi langileak isilbidezko kaleratze-egoeran daude, ez Erriberako Mankomunitatea, ez eta kontrataren adjudikaziodun FCC Medio Ambiente-Grupo Rubio ABEE ere, ez baitira haiekin harremanetan jarri haiek subrogatzeko. LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean Tuteran, Erriberako Mankomunitatearen egoitzaren aitzinean, bi langile hauei eginikoa salatzeko eta administrazio publikoei inplikazioa eskatzeko enpleguaren eta lan eskubideen defentsan.

Enplegua suntsitu eta lan-baldintzak prekarizatzen dituen bertze adibide bat. Eskutik helduta doazen eta elkar elikatzen diren bi fenomeno. Izan ere, alde batetik, enpleguaren suntsipena lan-baldintzak prekarizatzeko erabiltzen da, eta, bertzetik, sektore prekarizatuenak dira ahulenak eta enpleguaren suntsiketa horrek erraz zigortzen dituenak. Suntsipen hori, gainera, kasu askotan, eta bereziki zerbitzuen sektorean, ez da nabarmen gelditzen, tanta-jario isil gisa gertatzen baita. Eta kontua ez da langileak kaleratzeak merke ateratzen zaizkiela, baizik eta ekonomikoki errentagarria ateratzen zaiela.

Kasu honetan, gainera, afera bereziki lazgarri egiten duten zenbait inguruabar salatu behar ditugu. Lanaldi partzialeko bi langile dira, eta Estatuko hitzarmen bat aplikatzen zaie. Horietako batek desgaitasunagatiko hobaridun kontratua du, eta bertzea, berriz, ospitaleratuta dago, gaixotasun oso larri batekin. Zerbitzua eskaintzetik ateratzen den enpresak egun batetik bertzera jakinarazi die Udalaren erabakia eta subrogatu egin behar direla. Hala ere, enpresa esleipenduna eta inplikatutako administrazioak ez dira haiekin harremanetan jarri, eta ez dira haietaz arduratu, hitz erdirik gurutzatu gabe. Hitzarmen aplikagarriak eta Nafarroako Kontratu Publikoen Legeak subrogaziorako eskubidea aitortzen dieten arren, eskubide hori urratu egin zaie, eta bereziki mingarria izan da tratuan.

Zentzu horretan, herritarrengandik gertuen dauden administrazioek izan beharko luketenen utzikeria eta arduragabekeria salatzen ditugu. Ez dute nahikoa zuzenean kudeatu beharko litzatekeen zerbitzu publiko estruktural bat pribatizatzea eta azpikontratatzea, eta, gainera, ez dute batere kontuan hartzen zer egin dezaketen irabazi-asmoko eta begirune gutxiko enpresek merkantzia huts gisa tratatzen dituzten langileekin. Horrela defendatzen ditu administrazioak enplegua eta lan-eskubideak?

Bihar, uztailak 2, adiskidetze-ekitaldia izanen da Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuan. Bertan espero dugu FCC Medio Ambiente – Grupo Rubio aldi baterako enpresa-elkarteak langile horiek subrogatuak izateko duten eskubidea onartzea eta berriz hartzea. Bertzenaz, LABek egoera salatzen jarraituko du, inplikatutako enpresa eta erakundeak interpelatzen eta kaleratuak defendatzen, bai juridikoki, bai eskura dituen baliabide guztiekin.

Adibide berri honek berresten digu enplegu eta azpikontratazio politika publikoetan 180Âşko bira egin behar dela, enplegu-suntsiketa horri alfonbra gorria eta onura ederrak jartzen dizkioten lan-erreformak indargabetu behar direla eta lan-harremanen esparru propioa ezarri behar dela, enplegu-eskubidea gutxiengo baten interes partikularraren gainetik benetan bermatuko duen lan-kode batean oinarrituta.

Nafarroako Enplegu Planak ez ditu jasotzen langileen aldarrikapen nagusiak lan duina bermatzeko, eta uko egiten dio sindikatu guztiekiko elkarrizketan oinarritutako eredu berri bati

Enplegu planen berreskuratzea Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren bidez, iragan legealdian, Nafarroa Sumak ordezkatzen duen eskuin muturraren, PSNren, CEN patronalaren, CCOO eta UGT sindikatuen eskakizun sistematikoa izan zen. Baina Nafarroako langileen beharrak bere osotasunean erdigunean jarriko dituen eta sindikatu guztiekiko elkarrizketan oinarritutako beste eredu baterantz aurrera egingo duen etapa berri bat ireki beharrean, gaur Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan  2021-2024 bitarteko Enplegu Plana sinatzeak aurreko etapa gogoratzera garamatza, zeinetan CENek, CCOOk eta UGTk Nafarroako Gobernuarengandik jasotako diru publikoa beren egiturak eta jarduera finantzatzeko erabili baitzuten.

PSNren, Geroa Bairen eta Podemosen Nafarroako Gobernuak Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren aldeko apustua egiten du gutxiengo sindikal batekin (CCOO eta UGTren ordezkaritza sindikalaren batura %48ren ingurukoa da), eta alde batera uzten du Nafarroako langileriaren zati handi bat. Esparru horren izaera antidemokratikoaren erakusgarri da gainerako sindikatuok ez dugula bertan parte hartzeko eskubiderik, eta, horretarako, parte hartzeko, CENeko enpresaburuek zein CCOO eta UGT sindikatuek gonbidatu behar gaituztela, gure autonomia eta askatasun sindikala urratuz.

Ondorioz, LABek ezin izan du Enplegu Planaren konfigurazio orokorrean parte hartu, CEN, CCOO eta UGT sindikatuek eta Txibiteren Gobernuak markoarekin temati jarraitzen dutelako. Hala ere, LAB sindikatuak SNE-NLren planean parte hartu du. Hala ere, LAB Nafar Lansareren planaren aurka agertu da, ez duelako langabeen kontratazioan aukera-berdintasuna bermatzen (gazteak, emakumeak eta migratzaileak, batez ere). Alegia, praktikan erakutsi dugu arazoa ez dela markoa, edukia baizik.


Akordioaren zehaztapenak ezagutu eta aztertu gabe ere, LAB sindikatuaren premiazko balorazio honetan, funtsari dagokionez, nabarmendu nahi du mahaiaren beste aldean ez dagoela akordioak lortzeko prest dagoen enpresabururik. Gobernuak, CEN patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek propaganda egingo dute, kalitatezko enpleguaz, berdintasunaz, prestakuntzaz eta laneko arriskuen prebentzioaz hitz egingo dute. Hala ere, ezin gaituzte engainatu, negoziazio mahai batetik gatoz eta enpresaburuek uko egiten diote arazo horiek konpontzeko benetako neurri eraginkorrak hartzeari. Horrela, ez dira jasotzen 2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren aldarrikapen eta eduki nagusiak. Horrela, bada, enpleguaren arloko plan baten aurrean gaude, eta ez dio heltzen prekarietatea ezabatzeari eta enplegu duina bermatzeari. Hala, ez du ezer esaten soldatei buruz (Gobernuari eskatzen diogu bete dezala EH Bildurekin lortutako akordioa, 1.200 euroko gutxieneko soldata erreferentzia izan dadin Nafarroan), lanaldiari buruz (35 ordu), azpikontratazioetan subrogazioa bermatzeko edo arrakala matxistarekin amaitzeko.

Azkenik, Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figurari dagokionez, CEN, CCOO eta UGTri Nafar Lansaren ematen zitzaizkien pribilegioen eta hitzarmenen amaierarekin bere garaian baloratu genuen bezala, Gobernuak norgehiagokaren bidez gauzatzea proposatzea urratsa bat da. Hala ere, Gobernuari ohartarazi nahi diogu erne egongo garela, CCOO eta UGT sindikatuentzako finantzaketa-tresna bihur ez dadin eta edukia izan dezan. Horri dagokionez, gogorarazi nahi dugu aurreko Gobernuak, Manu Aierdiren departamentuaren bidez, 400.000 € eman zizkiela enpresetara 120 bisita egiteko. Horrek esan nahi du sindikatu bakoitzak 3.300 euro inguru jaso zituela enpresa bat bisitatzen zuten bakoitzean. Baina, konparazio batera, Institutu Publikoari bisita bakoitza 500 euro inguru kostatzen zaio, eta kopuru horrekin 24 teknikari kontrata ditzake.

Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko bidean urratsak behar ditugu, ez harriak

LAB sindikatuak Guardia Zibilak atxilotu dituen Carlos Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio eta euren gertukoei elkartasuna adierazi nahi die. Era berean, bi atxiloketak salatzen ditugu.

Komunikabideetan zabaldu denez 2020an Sortuko beste lau kideren atxilotzea ekarri zuen sumarioarekin lotzen dira azken atxiloketok, guztiak, preso eta iheslarien ongi etorriei lotuta.

Izan urteetan salbuespenezko espetxe politika pairatu dutelako, izan urteak erbestean eman dituztelako, etxera bueltan diren euskal herritarrak maitasunez hartzea delitu bihurtzerik ez dugu onartzen. Atzo bertan (Foro Soziala elkarbizitza demokratikorako oinarriak zehazteko egiten ari den prozesuaren testuinguruan LABetik egin dugun ekarpenari lotuta) geniona berretsiz, salbuespenezko jarduera judizialarekin â€”besteak beste, Auzitegi Nazionalarekin— nahiz salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta arrazoizko epe batean euskal preso guztiak kaleratzeko nahiz erbesteratuak etxeratzeko prozesua bururaino eramatea eskatzen dugu.

Bide horretan aurrera egiteko urratsak behar ditugu, ez harriak. Bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko prest dagoen herria erasotu egin dute atxiloketa hauekin, gaurkoan Estatuko aparatu judizial eta polizialaren eskutik. Herri honetako gehiengo sozialak behin eta berriz argiki adierazitako nahi eta borondatearen kontrako erasoa da.

Presoen afera konpondu beharra dagoela defendatzen du euskal jendartearen gehiengoak. Hala, gehiengoaren nahiaren kontra egin dute berriro, presoen auzia erabiltzen jarraitzen baitute gerra estrategia elikatzeko. Gatazkaren konponbidean urratsak ematea oztopatu nahi dute halako atxiloketa eta maniobrekin, baina ez dute lortuko.

LAB sindikatutik atxiloketak salatzeko gaur arratsalderako antolatutako mobilizazioekin bat egin eta parte hartzera deitzen dugu. Halaber, bihar uztailaren 1ean Gasteizen presoen etxeratzearen alde egingo den kontzentrazioan, uztailaren 3an Iruñean preso eta iheslarien etxeratzearen alde egingo den mobilizazioan zein 13/13 sumarioaren epaiketa salatzeko uztailaren 10erako Bilbon zein Donostian antolatu diren manifestazioetan ere parte hartzeko deia egiten diegu euskal langileei.

El Panadero de Eugui enpresako langile bat kaleratu dute zaborretara zihoazen makarroi batzuengatik

LAB sindikatuak deituta, gaur elkarretaratze jendetsu eta zaratatasua egin dute Uharten, El Panadero de Eugui [sic] enpresaren okindegiaren aurrean, handik langile bat bota dutela salatzeko -zaborretara zihoan makarroi tupper bat beretako hartu zuelako- eta berehala berriz onar dezaten eskatzeko.

Iragan maiatzaren 20an, El Panadero de Eugui enpresak langile bat kaleratu zuen, zaborretara botako zuten makarroi tupperbat eraman zuela erranez. Enpresak erabili zuen kaleratzea diziplinazko kaleratzea izan zen, langile horrek lehenago inoiz zigorrik jaso ez zuela baloratu gabe, eta kontuan hartu gabe 8 orduko lanaldia egin zuela nahitaezko atsedenaldirik gabe, eta iraungita zeuden makarroi tupperbat eraman zuela salatu zuen.

Diziplinazko kaleratzearen arrazoi haluzinagarria ikusita, pentsa liteke kaleratzeak mendekuarekin zerikusia duela, enpresak alegatzen duenarekin baino gehiago. Izan ere, langilea kaleratu baino hilabete bat lehenago, bertze langile batzuekin batera, epaiketa bat irabazi zuen, eta bertan onartu zen asteko bi atseden-egun hartzeko eskubidea zutela; enpresak urteak zeramatzan hori ukatzen.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak eskatzen du langile hori berehala onartzea berriz. Ez dugu horrelako gehiegikeriarik onartuko lanean, eta jakinarazi nahi dugu ezen, langilea berehala onartzen ez badute, mobilizazioek uztailean jarraituko dutela, El Panadero de Euguiko bertze zentro batzuen aurrean, Iruñean.

Arabako helduen egoitza pribatuetako langileek irtenbideak exijitu dituzte

Beste asteazken batez, Arabako helduen egoitza pribatuetako langileak Gasteizen mobilizatu dira, euren lan baldintzen eta hitzarmen kolektiboaren defentsan. Bi urte eta erdi baino gehiago daramate astero mobilizatzen, eta, oraindik, sektoreko enpresek eta Arabako Foru Aldundiak ez dute beren gain hartu herrialdeko egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuetako lan baldintzak duintzeko beharrezko bideak ezartzeko ardura. Hori salatu dugu, gaur ere, Gasteizen egindako manifestazioan eta ondoren antolatutako agerraldian.

EAEko Hezkuntzako langile guztien alde borrokan jarraituko dugu langile kolektibo guztietan duinak diren lan hitzarmen berriak lortu arte

2020/2021 ikasturtea gogorra eta berezia izan da hezkuntzako langile guztientzat. Pandemia bete-betean eta borrokan hasi genuen ikasturtea, mobilizazioen eta irailaren 15eko grebaren bitartez aurrez aurreko hezkuntza segurua eta adostua erdiesteko baliabideak eskatuz.

Hezkuntza publikoko langileon lan-baldintzetan aurrerapausorik eman gabe gaude LAB Sindikatuak 2018an kolektibo guztietan akordioak sinatu zituenez geroztik. Ikasturte honetan izurritearen ondorioz esleitutako baliabide apurrez gain, Irakasle, lanbide heziketa,  Haurreskoletako haur hezitzaile eta kudeaketako langile, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaileei dagokionean, oraindik orain pandemia aurretik premiazkoak diren lan gatazkak argitzeke ditugu. LABen argi dugu egiturazko arazoei soluzio integralak eman ahal izateko hauek lan hitzarmen-kolektiboetan jaso behar direla.

Ildo horretan eta ikasturte hasiera pasata, Hezkuntza Sailarekin irakasle, heziketa berezia eta  8 greba egin ostean Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmen berrien negoziazio-fasea ireki zen. Gaur gaurkoz, sukaldari eta garbitzaileen negoziazioak ireki gabe jarraitzen du, kolektibo honetako gehiengo sindikala lanpostuak euskalduntzearen beldur delako, besteak beste. 

Irakaskuntzako afiliazioarekin landu ostean, hitzarmenetarako aldarrikapenak 6 punturen baitan kokatu genituen eta oraindik orain hauek ditugu ipar urratsak ematen jarraitzeko:

  • Langile kolektibo guztietan lan-kargak jaistea,ratioak jaistea eta ikastetxeakbeharrezko giza baliabideez hornitzea. Honekin batera, hezkuntza kalitatean inbertitzeko egiturazkoak diren erabakiak hartu behar dira:
    • Lan-karga eta ratioen jaitsiera eraldaketa pedagogikoarekin lotuta egon behar da guztiz. Hezkuntzaren kalitatean inbertitu behar da eta berrikuntza pedagogikoan sakondu, horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiekin(humanoak, materialak eta formakuntzakoak). Eraldaketa horretan, LABentzat ezinbestekoak izango da ondorengo egiturazko langileak eskola guztietan zabaltzea: hezkidetza koordinatzailea, hizkuntza normalkuntzarako koordinatzailea eta inklusiorako harrera irakaslea.
    • Partzuergoko Haurreskolak doakoak izan behar dira eta 0-3 publikoa Hezkuntza Sailean integratu behar dira.
    • Garbitzaile eta sukaldarien funtzioek finkatu gabe jarraitzen dute. Gainera, zerbitzuen pribatizazioak bere horretan dirau eta hori gutxi balitz, azken hilabeteetan Hezkuntza Sailak ez ditu langileen ordezkapenak bete.
  • Gazteberritze planak:
    • Erretiro pizgarriak eman behar dira langile kolektibo guztietan.
    • Plantilla gazteberritzeko neurriak ezarri behar dira.
    • Ikasleekin arreta zuzeneko orduen murrizketa irakasle eta hezitzaileei.
    • Adinagatik lan egokitzapenerako baldintzak sortzea kolektibo guztientzat; bereziki sukaldari eta garbitzaileentzat.
  • Euskararen normalkuntzarako neurriak:
    • Langile guztion euskalduntzea burutzeko planak eta neurriak ezarri behar dira, lanpostuak perfilatzearekin batera.
    • Euskararen biziberritzerako planak eta hauek burutzekohezitzaileak behar ditugu eskoletan.
    • Murgiltze eredua herri guztietan eta etapa guztietan ezarri behar da. Lanbide Heziketan ere!
  • Klausula feministak ezartzea:
    • Zaintza eremuari loturiko lanei -garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile eta heziketa bereziko hezitzaileei- aitortza sozial eta ekonomikoa.
    • Lana eta bizitza pertsonala uztartzeko kontziliazio- eta bateragarritasun-neurri zehatzak. Lizentzia eta baimenetan odol ahaidetasuneko familia heteronormatiboa gainditzea.
    • Eskoletan pedagogia feminista lantzeko giza-baliabideak eta planak.
    • Berdintasun Planak eguneratu eta neurri zehatzak ezartzea.
    • Indarkeria matxistaren kontrako berariazko protokoloak izatea.
  • Lan Osasuna bermatzeko neurriak:
    • Lanpostu guztien arriskuen ebaluazioa egitea, bertan genero-ikuspegia ere txertatuz: arrisku psikosozialen eta arrisku ergonomikoen ebaluazioa.
    • Lanpostuen egokitzapenak gauzatzea.
    • Langile kolektibo guztiei formakuntza eskaintzea.
  • Enplegua sortu eta egonkortzeko zein langileak kontsolidatzeko neurriak. Apirilaren 22ko greban aldarrikatu genituenak mantentzen ditugu, oposaketen negoziazioetan, Madrilen zain egoteagatik Eusko Jaurlaritzaren nora eza agerian dagoelako:
    • Enplegua sortzea, lanpostuak egiturazko langile zerrendetan (RPT edo LPZ) ezarriz. Bereziki, Lanbide heziketako irakasle teknikoen egoeran atzerapausurik eta enplegu suntsiketa zein lan baldintzen murrizketarik ez dugu onartuko.
    • Behin-behinekotasunaren abusuarekin bukatzeko kontsolidazio-prozesuak egitea.
    • Kolektibo guztietan, eta bereziki sukaldari eta garbitzaileen eta hezkuntza bereziko kidegoetan, aldi baterako kontratuekin bukatzea eta lanaldi partzialekin bukatzeko jardunak osatzea.
    • Enplegu Publikorako Eskaintzak egiteko eredua iraultzea, guztiz aldatzea eta alde sozialarekin adostea.
    • Jaiotza tasaren beheranzko joera bereziki kezkagarria da Haurreskolak Partzuergoan. Horregatik, administraziotik 0-3 hezkuntza zerbitzu publikoa sustatu behar du. Bide berean, enplegu-suntsiketa ekiditeko berariazko neurriak aldarrikatuko ditugu kidego bakoitzean.

Hezkuntza Sailarekin ditugun negoziazioetatik kanpo, gainerako patronalei dagokienean, balorean jarri behar dugu ikasturte zail honetan EAEko Ikastoletan 2021eko lan-hitzarmen berriaidazteko Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin sinatu dugun akordioa:

  • Besteak beste,  soldata igoerak, laguntzaile kategorien desagerpena kategoria igoz, langileen kontratazioa zein birkokapenerako ikuspegi nazionaleko irizpidea ezarri da.
  • Klausula feministak: Ikastola guztietan berdintasun planak gauzatzeko prozedura eta epeak zehazten dira eta indarkeria matxistaren kontrako berariazko protokoloak ezarriko dira. Bestetik, indarkeria matxista pairatu duten langileei nahitaezko eszedentzia hartzeko eskubidea aitortuko zaie.
  • Gainera, jaiotza tasak eragindako eszedente eta beharren azterketa egin da gero langile guztien birkokapena lortu da.

Gizarte ekimeneko ikastetxeei dagokienez berriz, ikasturtea gogorra bezain konfliktiboa izan da eta besteak beste enplegu suntsiketa eragin du:

  • Hijas de la Cruzeko ikastetxeko itxieraren aurrean irtenbidea bazegoen, Hezkuntza Sailarekin publifikazio bat adostuz eta langileak mantenduz,
  • Gela itxieren aurrean ezarri behar zen langileen birkokapen prozeduraerrealik ez dago oraingoz. Hori izan zen LABek gizarte ekimeneko greba bukatzeko akordioa ez sinatzeko arrazoietako bat, eta bi ikasturteren ondoren, gainerako sindikatuek eta patronalak sinatu berri duten prozedurak ez dauka birkokapen bermerik, langile gehienak kalera doaz. Are gehiago, kaleratzeen ordainketa diru publikoarekin ordaintzea sinatu zuten patronal eta gainerako sindikatu guztiek.
  • Bestetik, patronalak ez du onartzen berak sinatutako hitzarmen berrianetapa guztietarako jasota dagoen tutoretza plusa (65. artikulua), hitzarmen zaharrekoa ezarri nahi du, horretarako bide judiziala hasi delarik. Oso larria iruditzen zaigu hitzarmenean hori sinatu ondoren, orain atzera bota nahi izateaeta langileak dagokien tutoretza-plus gabe uztea. Gainera, lanbide heziketako langileen lan baldintzen inguruan ez da aurrera pausorik eman 2008tik, nahiz eta orduko lan hitzarmenaren sinaduran berariazko konpromisoa hartu zen

LABen argi ikusten dugu gizarte eraldaketarako giltzarria dela hezkuntzari dagokion garrantzia aitortzea eta hori ezinbestean Langile kolektibo guztietan eta Hezkuntzako sare ezberdinetan lan-hizarmen duinak eta bermedunak lortzean oinarritu behar da. Jakin badakigu, aldarrikapenak lortzeko bidea ez dela erraza izango, horren adibiderik garbiena aurtengo Haurreskolak Partzuergoko grebak eta Hijas de la Cruz ikastetxearen itxieraren aurrekoak izan dira. Horregatik, haur eskoletatik hasi eta lanbide heziketaraino mobilizatzen eta aldarrikatzen jarraitu beharko dugu. Kalitatezko hezkuntzaren bidean borrokatu ditzagun langileon lan-baldintza duinak! Eraiki dezagun Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren norabidean lan-baldintzak hobeak izango dituen bestelako hezkuntza eredu bat!

Euskal herritar guztiei eskubide guztiak bermatzea, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko gakoa

Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburu buru duen ordezkaritzak LABen ekarpena eman die Foro Sozialeko ordezkariei, azken hau elkarbizitza demokratikorako oinarriak zehazteko egiten ari den prozesuaren testuinguruan. LABen ekarpenak hiru atal dauzka.

Lehen atalean, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuak eragindako ondorio guztiei erantzun eraginkorra emateko beharra nabarmentzen da. Horretarako landu beharko liratekeen gai nagusiak honako hauek lirateke:

    • Biktima guztiei egia, justizia eta erreparazioa ematea. Ezin dira lehen eta bigarren mailako biktimak egon. Horretarako, erakunde estatal eta autonomikoek eragindako biktimekiko diskriminazio ororekin amaitu beharra dago. “Sindikatu garen aldetik, arreta berezia jarri nahi dugu borroka sindikalen testuinguruan egondako biktimengan, hala nola Erandio eta Gasteizko kasuetan, edota torturatutako sindikalistengan”.

    • Salbuespenezko jarduera judizialarekin (besteak beste, Auzitegi Nazionalarekin) nahiz salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta arrazoizko epe batean euskal preso guztiak kaleratzeko nahiz erbesteratuak etxeratzeko prozesua bururaino eramatea. Era berean, euskal preso eta iheslari ohiei lanerako sarbidea ahalbidetu behar zaie eta oinarrizko eskubide eta beharrak aintzat hartu, hala nola, pentsiorako eskubidea. Horretarako, instituzio publikoek plangintza zehatza jarri beharko lukete martxan. Era berean, Patronalaren eta sindikatuon arteko akordio bat onuragarria litzateke.

    • Gatazka armatuak euskal jendartean eragindako zauriak ixtea, besteak beste aurkaritzat izandako horri eragindako minaren aitortza eginez; bizipen guztiak errespetatuko dituen memoria inklusiboa sustatuz; kaltetuak izan eta beharra duten herritarrei babes material eta emozionala emanez; eta herritar nahiz eragileen arteko elkarrizketa eremuak ahalbidetuz.

Bigarren atalean, gatazka armatuaren erroan dagoen auzi politikoari (euskal herritarren borondate demokratikoaren egikaritza) heltzea proposatzen du LABek:“Euskal herritarrok badugu egitasmo politiko desberdinen (autonomia, estatu konfederatua, independentzia) artean erabakitzeko eskubidea. Eskubide hori gauzatzea ahalbidetuko duen prozedura juridiko-politikoa ezarri beharra dago hiru euskal lurralde esparruetan (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria). Eta Espainiako eta Frantziako Gobernuek euskal herritarren borondate demokratikoa errespetatzeko konpromisoa hartu behar dute. Eremu sindikalari dagokionez, Euskal Herriko hiru lurralde esparruetan eredu sozioekonomikoaz, lan harremanetarako esparruaz nahiz babes sozial sistemaz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Ildo honetan, euskal langileok hauteskunde sindikalen bidez adierazitako borondatea aintzat hartu beharra dago: bertako ordezkaritza sindikalak izan behar du bertako langileen lan baldintzak negoziatzeko eskumen osoa”.

Hirugarren atalean, indarkeria eta zapalkuntza forma oro gainditu eta euskal herritar guztientzat bizitza duina eta anitza ahalbidetuko duen ortzimugarantz urratsak emateko beharra nabarmentzen du: “Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatua gainditzea eta gatazka politikoa konponbidean jartzea aurrerapausu itzela litzateke Euskal Herriaren historian. Alabaina, gure anbizioak harago joan beharko luke: indarkeria eta zapalkuntza oro ezabatu eta herritar guztiei bizitza duin, anitza eta askea ahalbidetzea. Elkarbizitza, demokrazia, berdintasuna edo bakea bezalako baloreak landu nahi baditugu, aurre egin behar diogu indarkeria matxistari, injustizia sozialei, arrazakeriari eta zernahi diskriminaziori. Eskubide guztiak herritar guztientzat, aniztasunean; horixe izan behar du euskal herritarron arteko hitzarmenaren oinarrizko premisa”.

Laneko azken heriotza salatu dugu Iruñean, Garraio Departamentuaren parean

Ekainaren 21ean garraiolari bat hil zen Villatuertan, istripu ez traumatikoan. Euskal Herrian lanean hildako 28. langilea eta Nafarroan hildako 9.a. Garraioa sektore hilgarriena bihurtu da lehen sei hilabeteetan. Laneko heriotza hau salatzeko elkarretaratzea egin dugu beste sindikatu batzuekin batera Iruñean, Garraio Departamentuaren parean.