2026-06-20
Blog Page 46

ELA, UGT eta CCOO-ek Arabako ostalaritzako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute eros ahalmena bermatu gabe eta errestaurazio modernoa sartu gabe

5 urte iraun duen negoziazioaren ostean patronalarekin egindako adostasuna urria da edukietan, eros ahalmenean eta sektoreko langile askoren lan baldintzak alde batera utzi dira, hain zuzen ere Errestaurazio Modernoko Markak. 

ELAk, UGT eta CCOOekin batera, Arabako ostalaritzako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute. Adostutakoak ez ditu langileen beharrak bermatzen, behin baino gehiagotan LABetik adierazi dugun moduan. 

Aurreakordioak ez ditu errestaurazio modernoko langileak barnebiltzen. 2022an, ostalaritzako kate eta marka handien estatuko patronalak CCOO eta UGT sindikatuekin estatuko mailako hitzarmen bat sinatu zuten kateetan aplikatzeko, sektore honetako 140000 langileen lan baldintzak okertuz eta ostalaritzako hitzarmenetatik kanpo geratuz. Patronal estatalak, CCOO eta UGTrekin batera, sektore bat asmatu zuen estatalizazioaren bitartez, milaka langile prekarizatzeko, eta horrela lan baldintzak okertu ostalaritzako hitzarmen sektorialen kanpo geratuta. 

Kasu honetan, Ostalaritza kate eta marka handien eremua Arabako hitzarmenean ez barnebiltzean, langile hauen prekarizazioak bere horretan jarraitzen du.

Ez da kasualitatea sektore hau oso feminizatu eta arrazializatua egotea. Sistemak, berriro ere, egoera zaurgarrienean dauden langileen kontra egin du, eta LABek ez dugu prekarizazio konstante honetan parte hartuko.

Aurreakordioak ez du erosteko ahalmena bermatzen. 2025Eko abenduaren 1etik aurrera eta iraunaldi osorako %17,6ko igoera sinatu da kategoria guztientzat, urte guzti hauetako atzerapenak galduz. 2020tik metatutako KPIa % 18,1ekoa izanik.

ITetan, nahiz eta hilabete bat gehiago konplementatzen den, lehenengo hiru egunak zigortuak izango dira. Hau da, 4. egunetik 210. egunerarte konplementatuko dira. LABentzat ez da nahikoa, baja asko lehenengo hiru egun hauten ematen dira eta modu honetan, patronalak diru asko aurreztuko du.

Lanaldi-murrizketa irrigarria da, 2 orduko murrizketa baino ez hitzarmenaren indarraldiko 4 urteetarako. Ez dugu ahaztu behar sektoreak aspaldidanik daramala lanaldi altua izaten. 

Kolektibitateei dagokionez, LABetik sektorerako eskatzen genituen 1592 orduak baztertuak izan dira eta EAE mailan hitzarmena sortzen bada hau aplikatu behar dela klausula jartzera mugatu dira. 

Negoziazioaren bitartean ez dira mobilizazio nahikoak egin eta egin direnak ez dute eraginik izan. LABetik behin baino gehiagotan guztion artean mobilizazioak burutzeko apustua egin dugu eta grebekin batera bestelako borroka moldeak proposatu ere, baina ez dugu beste sindikaturik izan bide honetan lagun. 

LAB sindikatutik argi dugu borrokaren bidez hitzarmen duin bat lortzeko aukera izango genuela, sektoreko langile guztiak barnebiltzen dituena eta eros ahalmena bermatzen duena. 

Gabonetan egitekoa zen beiraren bilketako greba bertan behera utzi dute, azken orduetan akordioa lortu ostean 

LAB sindikatuak bertan behera utzi du abenduaren hasieran Enviser enpresan deitutako zazpi eguneko greba. Enviser enpresa beira biltzeaz arduratzen da Nafarroa osoan, eta hasiera batean, eguberri osorako deituta zegoen greba, abenduaren 24tik urtarrilaren 5era arte.

Egun hauetan zehar hainbat negoziazio egin ondoren, egoera desblokeatzea lortu da eta 10 langilez osatutako plantilla osoak berretsitako aurreakordio bat lortu da, aurreikusitako greba-deialdia bertan behera geratuz. 

LABen arabera, azaroan enpresa-ituna blokeatzea eragin zuten abusuzko baldintzak eta baldintza murriztaileak ezabatu dira, eta akordio bat lortu da urtero KPIari lotutako soldata-igoerekin, itun berria egin arte; peoi-espezialistaren kategoriaren funtsezko hobekuntza egin da, hilean 100 euro gordineko balio-aniztasuneko plusa ezarriz; antzinatasuneko langile guztientzako nominaren kontzeptu berri gisa 2026ko uztailean sartzea lortu da, eta plantilako langileengan horrenbesteko ezinegona sortu zuen xedapen iragankorra ezabatu da, itun horren hobekuntza guztiak etorkizuneko administrazio-kontratuan sartzearen baldintzapean jarri baitziren. 

LABetik, beste behin ere, ENVISEReko langile horien borroka eta batasuna azpimarratu nahi dugu. Izan ere, langile horien ahaleginari eta dedikazioari esker, errespetua lortu da azken urteotan, borrokaren eta negoziazioaren bidez itun duin bat lortu baita, hasierako egoera prekarioa hobetuz doana, estatuko hitzarmen zaharkitu batekin batera, hala nola saneamendu publikoa, bide-garbiketa, hondakinen bilketa, tratamendua eta deuseztapena. 

Hilketa matxista Barakaldon

Gizon batek emakume* bat hil du Barakaldon. LABek eraildako emakumearen* senideei bere babes eta elkartasun osoa helarazi nahi die, eta, halaber, bat egiten du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak egindako irakurketarekin. Hark deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten du. Jarraian duzue irakurketa:

INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK ORAIN!

Atzo, abenduaren 21ean, indarkeria matxistaren aurpegi krudelenak berriro kolpatu gintuen Euskal Herrian. Barakaldoko Urban auzoan, emakume baten gorpua aurkitu zuten bere etxean, indarkeria zeinuekin. Ertzaintzak gizon bat atxilotu du dagoeneko, gertakariarekin lotura duelakoan. Urtea amaitzear denean, beste emakume bat erauzi dute gure artetik, bere etxean, ustezko segurtasun eremuan. Feministok ongi jakin arren sarri ez dela hala izaten.

Emakumeon Mundu Martxatik, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei. Zuen mina gurea da.

Hau ez da kasu isolatu bat, ezta ezbehar bat ere. Emakumeon aurkako indarkeria sistema cishetero-kapitalista, arrazista koloniala eta patriarkalaren tresnarik krudelen eta zuzenena da. Sistema honek gure gorputzak eta bizitzak kontrolpean mantendu nahi ditu, eta indarkeria erabiltzen du bere ordena mantentzeko. Kapitalaren metaketa eta heteropatriarkatuaren nagusitasuna emakumeon bizitzen kontura eraikitzen dira.

Nahikoa da! Ezin dugu onartu urtea beste erailketa batekin amaitzea. Ezin dugu onartu indarkeria matxista gure egunerokoaren parte gisa normalizatzea. Hilketak izozmendi baten punta besterik ez dira; baina azpian, instituzioek eta jendarteak maiz ez ikusiarena egiten duten egiturazko indarkeria dago, hamaika forma eta egituretan gure egunerokotasunean jasaten duguna.

Gaur, ozen diogu:

  • Erakunde publikoei: Berdintasun politikek ezin dute izan marketin hutsa. Premiazkoa da baliabide errealak, integralak eta norabide politiko argia jartzea indarkeriaren erroari aurre egiteko. Prebentzioa eta babesa ez dira aukera bat, betebehar bat baizik.
  • Jendarteari: Indarkeria matxistaren aurreko pasibotasuna konplizitatea da. Erantzukizun kolektiboa dugu inguruan gertatzen diren erasoak salatzeko eta sistema honen oinarriak pitzatzeko. Batez ere, gizonei; hartu zeun ardura orain! Ez dugu onartuko emakume bat
    gehiago bere etxean edo kalean beldurrez bizitzea.
  • Mugimendu Feministari: Elkartasuna eta autodefentsa feminista dira gure tresnarik indartsuenak. Elkarrekin, antolatuta eta borrokan jarraituko dugu, mundu hau eraldatu arte.

    Gure bizitzak ere garrantzitsuak dira! Ez dugu onartuko bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka honetan emakumeok beti galtzaile izatea. Borrokan jarraituko dugu denok aske izan arte, gure gorputzen jabe izan arte eta indarkeria matxistarik gabeko Euskal Herria eraiki arte.

    Azkenik, indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntza indartzen jarraitzeko eta aurrera urratsak emateko, urtarrilaren 31an Zornotzan antolatuko dugun jardunaldian parte hartzera gonbidatzen dugu Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Informazio gehiago Euskal Herriko Mundu Martxaren sareetan aurkituko duzue.

    DENOK MARTXAN, ASKE IZAN ARTE!

    Gora borroka feminista!

Jaurlaritza eroso dago Madrilen adostutako soldatak bere langileei inposatuta

EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean argi geratu da Jaurlaritza Madrilen negoziatutakoa hemen inposatzera mugatzen dela, eta soldaten eta lan baldintzen negoziazioa hemen egiteari uko egiten diola EAJ-PSEren gobernuak.

EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren negoziazio bilera egin da gaur Lakuan. Gai bakarra izan da: Madrilen adostutako soldata igoera EAEn ezartzea. Akordio horrek Jaurlaritzaren menpeko administrazioko eta enpresa publikoetako langileei eragingo die.

Aurreikusi bezala, oraingoan ere Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak hango sindikatuekin adostutako soldata igoeraren muga hemen nola ezarriko duen azaltzea izan da bileraren muina, eta jakinarazi dute, besterik gabe, 2025eko igoera urtarrileko nominan ordainduko dela. Igoerak ez du erosahalmena berreskuratzea ahalbidetuko, eta hemengo langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen du.

Jaurlaritza Madrilen negoziatutakoa hemen inposatzera mugatu da. Beste behin, soldaten eta lan baldintzen negoziazioa hemen egiteari uko egin dio EAJ-PSEren gobernuak, eta bileran oso argi gelditu da horretarako borondate falta. LABek argi du borondate falta hori borrokaren bidez aldarazi daitekeela, beste sektore batzuetan eman diren greba eta mobilizazioekin ikusi den bezala. Salagarria da, halaber, EAJk langileekiko erakusten duen mespretxua; kasu honetan, langile publikoekiko.

Hego Euskal Herriko funtzio publikoko langileek azken urteetan greba eta mobilizazio andana egin dute. Enpleguari zein soldatari dagozkien gaiak hemen erabaki behar direla aldarrikatu dute etengabe, bertako esparru negoziatzaileak errespetatzeko eta negoziazio kolektiboa ez blokeatzeko. LABek borrokaren bitartez erakutsi du bestelako formulak baliatuta aukerak daudela Mahai Orokorrean zein bestelako mahai sektorialetan soldatari eta enpleguari loturiko neurriak negoziatzeko eta adosteko; hala nola, hezkuntza publikoan.

Madrilen autogobernuaren defentsan agertzen duen irmotasun bera exijitzen dio LABek Euskal Herriko langileen eskubideei begira.

Osasun mentaleko sare publikoaren defentsan, mobilizazioa egin du LABek Eusko Jaurlaritzaren aurrean

Osasun mentaleko sarea indartzeko eta eratzeko prozesuan langileekin batera egin behar dela uste du LABek. Profesional kopurua handitu egin behar da, eta aurreikusita dauden beharrei aurre egiteko kategoria berriak ezarri behar dira.

Osasun mentaleko arreta-eskaria modu esponentzialean hazten ari den une honetan, Osasun Sailak arreta eredua aldatzeko mugimenduak hasi ditu. Osasun Mentaleko Sareko langileekin kontrastatu gabe egin nahi du hori, ilunpean. Antzezpen ariketa gisa, eta langileek eragindako presionaren aurrean, sailburuak propagandara eta egia erdietara jo du berriro ere, bere hitzak entzuten ditugunon adimena mespretxatuz.

Osasun Mentaleko Sareak indartzeko aldarrikapenei erantzunez 31 lanpostu sortu izana erabili du sailburuak ezkutu gisa, indartze hori gertatzen ari dela frogatzeko. Esan beharra dago, ordea, Osakidetzako gainerako zerbitzuetan lanpostuen erregularizazioak eta egituran sartzeak %6,6ko gehikuntza ekarri duela, eta, aldiz, Osasun Mentaleko Sareetan %1,55ekoa izan dela.

Osasun mentaleko pazienteak estigmatizatuta egongo ez balira, beren gaitzaren tratamendua emateko baldintzek eragindako haserrea mobilizazio iraunkor eta masiboaren arrazoi izango litzateke. Baina sailburua ez da estigmatizazio horren jakitun bakarrik. Are, horretaz baliatzen da, pentsatzen baitu inork ez dituela bere adierazpenak aztertuko. Sortutako zalapartaren aurrean, eztabaida publikotik onik ateratzeko datuak bihurritzeaz harago, gezur horrek ziurtatzen duena da indartze gisa saldu nahi digutela guztiz kontrako norabidean egindako urratsa.

Osasun Mentaleko Sareetako profesionalek, hamaika zailtasun eta baliabide falta gaindituz, ibilbide propio, integral, koordinatu eta komunitarioa josi dute. Eredu horrek, aurrekontu propioak izanik, aukera eman du etapa eta premia ezberdinetara egokitutako zerbitzu espezializatuak eskaintzeko; hala nola, haurtzaroa, nerabezaroa, lehen gertakariak edo adikzioak. Asistentziaren jarraitutasuna eta pertsona bakoitzaren gizarte- ingurunearekiko lotura ziurtatzen saiatu da artatze hori. 

Egia da errealitate hori ez dela berdina hiru herrialdeetan. Bizkaian horrela bada ere —gabeziak gabezia, eta indartzekoak egon badauden arren—, Araban hiriburuan dago kokatua osasun mentaleko arreta, eta herrietan bizi diren erabiltzaileak kilometroak egin behar dituzte artatuak izan ahal izateko. 

Gipuzkoan, ordea, ez dago osasun mentaleko ospitale espezifikorik, eta zerbitzu hori euren bizitzako uneren batean behar duten erabiltzaile gehien-gehienak negozio pribatura bideratzen ditu Osakidetzak. Dauden eguneko zentro guztiek edo/eta osasun mentaleko zentroek ez diete herritarren beharrei erantzuten. 

Ekitateaz hitz egiten du Sailburuak, eta LABek ere horrela izan behar duela uste du, baina nahikoa baliabide publiko izan behar da horretarako. Profesional kopurua gehitu egin behar da, eta aurreikusita dauden beharrei aurre egiteko kategoria berriak ezarri behar dira Osakidetzan. Bizkaian dagoen eredua hobetu, eta Araban eta Gipuzkoan ezarri eta indartu behar da. 

LABek argi du osasun mentala lehentasunezkoa dela, eta indartze eta eratze prozesuan langileekin batera lanean arituko da. Sailburuak jakin behar du, titulartasun publikoa eta sistema publikoa indartzea ez den beste edozein estrategiaren aurrean, LAB eta gizartea aurrean izango dituela. 

Lan Ikuskaritzak behin-behineko 93 kontratu mugagabe bihurtzeko eskatu dio Volkswagen Navarrari

Lan Ikuskaritzak, LAB sindikatuak aurkeztutako salaketa baten ondorioz, behin-behineko 93 kontratu mugagabe bihurtzeko eskatu dio Volkswagen Navarrari, 10 eguneko epean. Ebazpena betetzen ez badu, enpresak zigor-prozedura bati aurre egin ahal izango dio.

Eragindako langile bakoitzeko arau-hauste bat da, eta, Ikuskaritzaren arabera, 239 kontratu identifikatu dira guztira bat ez datozenak indarrean dagoen araudiarekin. Gainera, enpresak 151 kontratazio zergatik formalizatu zituen justifikatu beharko du.

LABetik positibotzat jo dute ebazpena eta gogorarazi dute behin eta berriz ohartarazi dutela “Volkswagen Navarrak kontratazio arloko araudia sistematikoki urratzen duela, helburu bakar batekin: langile prekarioak, baldintza ekonomiko okerrenak dituzten langileak, lan txanda okerrenak dituztenak, haien onura ekonomikoak handitzeko”.

Sindikatuak adierazi du Volkswagen Navarrak behin-behineko langileak erabiltzen dituela plantillari ezartzen zaizkion lan-baldintzek eragindako egiturazko absentismoa ordezteko. Horrek esan nahi du hilean 600 euro baino gehiago aurrezten direla soldatako kontratu bakoitzeko, plusak edo beste faktore ekonomiko batzuk kontuan hartu gabe.

LABek, gainera, kritikatu du enpresak milioika euro jasotzen dituela diru-laguntza publikoetan, kalitatezko enplegua sortu beharrean enplegu prekarioetara bideratzen direla, kontratazio arloan indarrean dagoen araudia urratuz. Sindikatuak adierazi duenez, “VW Navarrak inpunitatez jokatzen du UGT eta CCOO sindikatuekin egindako Enplegu Akordioari esker, nahi duena egin dezakeelako Enpresa Batzordeari kontratazio arloko azalpenik eman gabe, eta uste du berdin joka dezakeela Administrazioarekin”.

Erakunde sindikalak ohartarazi duenez, “akordio opaku honek, Enpresa Batzordearen kontrolik gabekoak, aukera ematen dio konpainiari askatasunez erabakitzeko zer kontratu formalizatzen dituen, bai mugagabeak, bai aldi baterakoak, gainbegiratze eta egiaztapenik gabe”. Sindikatuaren arabera, ez dira ezagutzen ez hautaketa proben emaitzak, ez Giza Baliabideen balorazioak ezta kontratazio behar errealak ere.

Azkenik, LABek gogorarazi du kontratuen kopiak Lan Ikuskaritzan hainbat erreklamazio egin ondoren soilik eman zirela, eta froga horiek ebazpena eragin duen salaketarako balio izan zutela. Sindikatuak ondorioztatu duenez, “Volkswagen Navarrak Hitzarmen Kolektiboa zein lan arloan indarrean dagoen araudia bete behar ditu”, eta ebazpena behin-behineko kontratuak dituzten gainerako langileei zabaltzea espero du.

Arabako garbitzaileek soldata duinak eskatu eta patronalaren blokeoa salatu dute

Garbiketa-sektoreko langileok aitortu gabeko eta gutxi balioetsitako lana egiten dugun kolektiboa gara, edozein jarduera aurrera eraman ahal izateko funtsezkoa denean. Gure lana ezkutatuta eta isilduta dago, bezeroaren langileak lanean ez daudenean lana egitera behartuta baikaude.

Lanaren banaketa sexualak dakarrenaren isla eta adibide garbia gara, eta soldata-arrakalaren biktima nagusiak. Sektorearen % 80 baino gehiago emakumeak gara, eta sektorean lan egiten duten gizon apurrek goragoko kategoriak dituzte. Eta horrek, azken finean, baldintza prekarioak eta miseriazko soldatak izatea dakar. Soldata baxuek eta partzialtasun altuak, kasu askotan, hainbat enpresarentzat lan egitera bultzatzen gaituzte, hilaren amaierara hala moduz iritsi ahal izateko.

Joan den martxotik, zabalik dago Arabako Eraikin eta Lokalen Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko Mahaia. Negoziazio horrek gure lan-baldintzak hobetzeko aukera eman lezake. Hala ere, 9 hilabeteko negoziazioen ondoren, kontuak ez du itxura onik.

Patronalak, ASPEL eta APEL, eztabaida “absentismoa” deritzonean zentratzen saiatzen ari dira, eta, zentzu horretan, argudio faltsu horren pean, murrizketak planteatzen ari dira Hitzarmenean finkatuta zeuden hainbat gaietan, hala nola ABE osagarrietan.

Bestalde, soldatei dagokienez, oso igoera epelak proposatzen dituzte berez oso txikiak diren soldatetan, KPIri inolako erreferentziarik egin gabe. Gogoratu behar dugu aurreko hitzarmenean (2020-2024) igoera eskas batzuk sinatu zirela KPIari lotu gabe, eta horrek 5 urteren bueltan % 15eko eros ahalmena galtzea ekarri digu.

LAB sindikatuan ez gaude prest negoziazioa nola luzatzen den ikusteko, ezta patronalen asmoen aurrean amore emateko ere. Irailean, LABeko ordezkariok negoziazio-mahaian dauden gainerako sindikatuei gutxienekoen proposamen bat adostea eta mobilizazio egutegi bateratua adosteko deia luzatu genien, baina UGTk, ELAk eta CCOOk gonbidapenari ezezkoa eman zioten.

LAB ez da inoren zain egongo. Zentzu horretan, abenduan sektorearen egoera kaskarra sozializatzeko kanpaina bat hasi dugu, “Garbitzaileok axola dugu” lelopean. Era berean, jakinarazi nahi dugu hurrengo asteetan mobilizatu egingo garela eta gure egoeraren arduradun nagusiak seinalatuko ditugula. Alegia EULEN, CLECE, ISS FACILITY, SERVEO, SAMSIC, NORTE BRILLANTE,… bezalako enpresak.

Lanaldi osoa duen langile batek 1042 € garbi irabazten ditu hilean. Patronalen planteamendua onartzeak, gaixo egoteagatik zigortuak izateaz gain, gutxienez beste 5 urtez miseriara kondenatzea ekarriko liguke.

Arabako garbitzaileok soldata duinak behar ditugu; zehazki, 1.500 euroko soldata, Europako Gutun Sozialean ezarritakoarekin bat datorrena, eta, hain zuzen ere, horixe da euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako egindako greba orokorraren deialdiaren aldarrikapen nagusia. Halaber, partzialtasun handiari mugak jarri behar dizkiogu, enpresek absentzia oro % 100ean bete dezaten aldarrikatu, eta errelebo-kontraturako sarbidea ahalbidetu, jarrera behartuen eta mugimendu errepikakorren arrisku faktoreen eraginpean dauden plantillak gaztetu ahal izateko, besteak beste.

LABek 600.000€ko kalte-ordaina lortu du eraikuntzako “autonomo” batentzat, lan-istripu larri baten ondoren

LABek aurrekaririk gabeko akordio bat lortu du eraikuntzako langile batentzat hiru metroko altueratik erori zena. Obran detektatu ziren segurtasun-gabezi larriak eta erorketen aurkako babes-neurri ezak. Obraren enpresa titularraren aseguru-etxeak 600.000€-ko kalte-ordainarekin konpentsatuko du langilea.

2023an, langile batek lan-istripu oso larria izan zuen, hiru metroko altueratik lurrera erori zen, eta horrek ondorio ugari, larriak eta etengabeak eragin zizkion. Langile horrek eraikuntzan betetzen zituen bere eginkizun profesionalak obraren titularrak azpikontratatutako enpresa batentzat, praktikan kooperatiba faltsu bat bezala funtzionatzen zuena. Epaitegiak ez zuen onartu kooperatibista faltsua zenik, eta autonomo izaera onartu zioten.

Hala eta guztiz ere, bigarren auzi-eske baten ondoren, LABek berriki lortutako inoiz ez bezalako akordio batean, onartu da erortzeko arriskuaren aurrean babesteko neurri kolektiborik ez zegoela; arnesa ainguratzeko gunerik ez zegoen eta enpresa kontratistak ez zuen bete obraren Segurtasun eta Osasun Plana. “Azken finean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea nabarmen ez betetzea, nahitaezko segurtasun-neurririk ez izatea eta obra behar bezala ez antolatzea”, adierazi dute LABetik. Hori dela eta, enpresa titularraren aseguru-etxeak 600.000€-ko kalte-ordaina emango dio langileari, jasandako ondorio medikoengatik.

Adostutako kalte-ordaina bereziki garrantzitsua da, judizialki lan-harremana aintzatestea lortu ez zen arren, erreklamatutakoaren pareko ordain ekonomikoa lortu baita. Aseguru-etxeak hain konpentsazio handia onartzeak agerian uzten du eragindako kaltearen larritasuna eta Lan Ikuskaritzak atzemandako segurtasun-hutsuneen garrantzia. Langile “autonomoa” izanik, ezohikotzat jo liteke lortutako akordioa, baina lortu izanak agerian jartzen du eskubideak eta segurtasuna ezin direla kalifikazio formal baten menpe egon.

LAB sindikatuaren jarrera irmoa ezinbestekoa izan da akordio hau lortzeko, bide guztiak sindikatuak hasi baitzituen: Lan Ikuskaritzaren ikerketa, kalteen balorazio zehatza eta langilearen benetako egoera egiaztatzean irautea. Hori guztia erabakigarria izan da lortutako emaitzara heltzeko eta langilearentzat eta bere ingurunearentzat duintasuna eta babesa bermatzeko.

Kubarako osasun materiala biltzeko LABen kanpainak aurreikuspen guztiak gainditu ditu

Elkartasun kanpainak iraun duen bi hilabeteetan, 6 tona osasun material baino gehiago bildu dira, eta 185 kilo sendagai, denera 36.000 euroko balioa dutenak. Gainera, 12.366,40 euro jaso dira ekarpen ekonomikoen bidez, taupada-markagailuak erosteko. 

Donald Trumpen gobernuak Kubaren aurka onartutako azken neurri hertsatzaileek, azken 5 urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kubari hornidurak ukatzera behartzen dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBen errepresalia ekonomikoen beldur. Gainera, AEBek uhartea «terrorismoaren babesle» diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zigorrak dakartza, eta horrek eragotzi egiten dio Kubari osasun materiala erosteko nazioarteko kredituak eskuratzea. Gaur egun, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien koadroaren % 30 baino ez dute.

Kubako herriak jasaten dituen erasoak salatzeko eta osasun publikorako duen eskubidea aldarrikatzeko, irailaren 1ean LAB sindikatuak Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! kanpaina abiatu zuen, Kubarekiko elkartasun eta Kubako emigratuen elkarteen eskaerekin bat eginez, Kubara bidaltzeko sendagaiak, osasun materiala eta taupada-markagailuak erosi ahal izateko ekarpen ekonomikoak jasotzeko kanpaina. LABeko osasun ordezkarien elkartasunari eta afiliazio osoaren lan militanteari esker, emaitzek aurreikuspenak gainditu dituzte, eta mugarri izan dira Kubako langileekiko elkartasunean.

Bi hilabeteko kanpaina aktiboaren ondoren, lan handia egin da, Euskadi-Cuba, Sierra Maestra eta Desembarco del Granma taldeetako kideekin batera, Hego Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsi diren dohaintzak zentralizatzeko, erregistratzeko, pisatzeko eta kuantifikatzeko. Kanpainaren emaitzak ikaragarriak izan dira: 6 tona osasun-material baino gehiago jaso da. Horien artean:

  • 305 kaxa pixoihal helduentzat, 2139 kilo.
  • 238 kutxa ekipamenduekin eta babes arroparekin, 2477 kilo.
  • 83 kutxa material higieniko, 669 kilo.
  • 108 kutxa intsumo mediko-sanitario, 812 kilo.
  • 30 sendagai-kaxa, 185 kilo. 36.034,53 euro sendagaietan.

Gainera, material hauek ere bildu dira kanpainan:

  • Etxeko 6 taka-taka.
  • Kalerako aulkidun 3 taka-taka. 
  • Gurpil-aulki 1.
  • 6 bizikleta pedal ariketak egiteko.
  • 12 makulu.
  • 7 makila. 

Azkenik, 12.366,40 euro bildu ditugu Medicuba Europa GKEren Con la mano en el corazĂłn kanpainaren barruan, eta horiekin 20 taupada-markagailu inguru erosiko dira, ganbera bakarrekoak.

Hasiera batean urriaren 15erako aurreikusita zegoen kanpainaren amaiera, baina LABeko komunitatearen inplikazioa eskualdeetan ikaragarria izan da, eta, azken unera arte dohaintza garrantzitsuak biltzen ari zirela eta, kanpainaren itxiera urriaren 31ra arte luzatu zen. Gainera, kanpainaren itxieraren bezperan, prentsaurrekoa egin zuen LABek Bilbon, NBEk Kubari buruz bozkatu zuen egun berean, nazioarteko komunitateari konpromisoa eskatzeko AEBek Kubari ezarritako blokeo kriminala amaitzeko. 

Materiala biltzeko gaitutako LABen 22 egoitzetan eta LABek ordezkaritza sindikala duen osasun zentroetan elkartasun oldea bizi izan dute. Dohaintza kaxekin kolapsatutako korridoreak, kanpainaren lehen asteetan Iruñeko egoitzan kamioi oso bat kargatu izana eta Bilboko Errondabide bete zuen solasaldia, Kubako diasporaren eta LABeko sindikalisten artean antolatutakoa, dira uholde internazionalista horren zenbait adibide.

Beste ezeren gainetik, LABeko osasungintza arloko lan militantea aitortu behar da, batez ere Osakidetzakoena eta Osasunbidekoena. Egunero bideratu dira deiak Basurtuko (Bizkaia) eta Txagorritxuko eta Santiagoko (Araba) ospitaleetatik materialez betetako kutxak bideratzeko.

Elkartasuna herrien samurtasuna da, eta, horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak eskerrak eman nahi dizkie langile guztiei, osasun materialaz gain, denbora, jakintza eta internazionalismoarekiko konpromisoa erakutsi dutelako, beste mundu posible batzuen eraikuntzarako balio ukaezinak direnak. Azkenik, LABek CTC Kubako Langileen Zentral Historikoari egindako bide guztia ere eskertu nahi dio, baita Kubako herriak eta herritarrek uhartean eta hemen Euskal Herrian emandako konfiantza ere.