2026-05-25
HomeEkintza SindikalaBilboko udal eraikinetako garbitzaileak greban, soldata-arrakala onartezina desagerrarazteko borrokan

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileak greban, soldata-arrakala onartezina desagerrarazteko borrokan

Azpikontrata baten bidez lan egiten duten behargin hauen lana funtsezkoa da hainbat eta hainbat zerbitzuren funtzionamendu egokirako. LABek, ESK-k eta ELAk deituta, hilabeteko greban daude orain, enpresari eta udalari exijitzeko dagokien erantzukizunari hel diezaioten. Agerraldiaren ostean Zazpi Kaleetan kokatutako La Bolsa eraikinera abiatu dira, hura okupatu eta beren borroka ikusarazteko asmoz.

Jarrian irakur daiteke gaur goizean langileek eginiko agerraldian esandakoaren testua:

“Bilboko eskolak eta gainerako udal zentroak garbitzen dituzten pertsonak gara. Ez gara udal langileak, ezta hezkuntzakoak ere, baina azpikontrata baten bidez egiten dugun gure lanak eskola eta udal-zentroen funtzionamendua ahalbidetzen du. Guk garbitzen ez badugu, ezinezkoa izango litzateke eskoletan klaseak ematea, udal-zentroetan yoga egitea, liburutegietan ikastea edo Erriberako merkatuan erosketak egitea. Ohituta gaude eraikinak bakarrik garbitzen direla pentsatzera, eta inor ez konturatzera goizeko 6etan fregona eskuan lan egiten dugula, inork ikusten ez gaituenean, eguna hasten denean dena garbi egon dadin. Baina txukuntasun horren atzean garbitzaile bat egoten da beti, mundua funtzionatzen hasi baino lehen esnatzen dena.

Bilboko Udalak azpikontratatuta ditu zerbitzu gehienak, baita udal-zentroak garbitzeko zerbitzua ere, FCC multinazionalarekin. Zerbitzu horrek, BIO ERAIKIGARBI ABEEren izenpean, prekarizatu egiten gaitu, astean 20 ordura iristen ez diren lanaldiak eskainiz, gure bizkar lan-karga jasanezinak jarriz, erretiratzen diren pertsonen lanpostuak amortizatuz eta generoagatik diskriminatuz, kontratatzen dituzten gizon apurrei lanaldi osoak emanez eta emakumeak lanaldi lotsagarrietara kondenatuz.

Udal hori bera eta multinazional hori bera dira, aldi berean, BIO GARBIKETA ABEEren arduradunak, zeina BILBOGARBI izenez ezagunagoa baita. FCC enpresak, udalaren oniritziarekin, aste barruko lana antolatzen du lanaldi osoekin eta gureak baino %80 handiagoak diren soldatekin. Plaza bat garbitzeak ikastetxe bateko patio bat garbitzea baino diru gehiago balio al du?

Udal-zentroetako garbitzaileok antolatzeko eta dagokigunaren alde borrokatzeko erabakia hartu dugu, eta argi eta garbi esaten dugu BILBOKO UDALAK SOLDATA-ARRAKALA DIRUZ LAGUNTZEN DUELA. FCCri eskatzen diogu, besteak beste, honako puntu hauek NEGOZIATZERA ESERTZEKO:

– Kaleak eta eraikinak garbitzearen artean dagoen soldata-arrakala amaitzea, Bilboren kasuan %80koa dena.

-Kale-garbiketako aparteko ordainsari berberak izatea.

-Adostea enpresak ez duela astean 25 ordu baino gutxiagoko kontraturik egingo, prekaritatera ez kondenatzeko edota beste lan batzuk bilatzera ez derrigortzeko.

-Txanda-kontratuaz baliatu ahal izatea, garbiketa ahalegin fisiko handiko eta adineko sektorea da eta.

– Euskara-plan bat negoziatzeko konpromisoa.

– Lanpostu hutsen sistema bat, lankideak erretiratzen direnean edo lanpostu libreak geratzen direnean gure lanaldiak edo lanpostuak hobetu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, bost aste daramatzagu greban otsailetik, eta beste hiru aste ditugu deituta ekainera arte. Enpresa, negoziazioa hilabete luzez blokeatu ondoren, merezi ditugun baldintzak negoziatzera eseri dadila eta gobernu-taldeak dagokion erantzukizuna bere gain har dezala exijituko dugu, eta behar diren neurriak hartuko ditugu egun dagoen soldata-arrakala desagerrarazteko, bai eta alderdien artean bitartekotza egiteko eta FCC enpresari akordio bat lortze aldera eser dadin eskatzeko ere. Ez gara geldituko enpresa merezi ditugun baldintzak negoziatzeko eseri arte.

GORA BILBOKO ERAIKIN PUBLIKOETAKO GARBITZAILEON BORROKA!”

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Global Sumud Flotillako kideen harreran Ertzaintzak eragindako bortizkeria salatzen du LABek

LABek bere elkartasuna adierazi nahi die gaur eguerdian Loiuko aireportuan Ertzaintzak kolpatutako eta atxilotutako Global Sumud Flotillako kideei eta heiei babesa erakustera hurbildutakoei, eta...

Euskal arrantzale bat hil da Senegalen, ATUNSA enpresarentzat lanean ziharduela aurten hil den bigarren langilea

LABek irmo salatu nahi du heriotza hau. Izan ere, arrantza sektorean izaten diren eskubide urraketek erabateko eragina izan ohi dute heriotza mota hauetan.

Ezkabako 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela ohartarazi du LABek eta etxebizitza eskubidea bermatzeko premiazko neurriak exijitu ditu

LABek Txantrea auzoko Ezkabako auzokideekin elkartu zen berriz ere atzo arratsaldean, 2027rako aurreikusita dagoen babes ofizialeko 190 etxebizitzaren berehalako deskalifikazioa salatzeko eta Nafarroako Gobernuari...