2026-10-19
HomeIdazkaritzakKubaren aldeko elkarretaratzea eta eguzki-panelak bidaltzeko kanpainaren amaiera ekitaldia Bilbon

Kubaren aldeko elkarretaratzea eta eguzki-panelak bidaltzeko kanpainaren amaiera ekitaldia Bilbon

AEBen blokeo itogarria nozitzen ari den herrialdeari eguzki-plakak erosten laguntzeko helburuz abiatu genuen Argia eta indarra Kubarentzat kanpainaren amaiera ekitaldia izango da larunbatean, hilak 30, Bilboko udaletxearen aurrean. Horrekin batera, Kuba: Genozidioa gelditu lelopean elkarretaratzea egingo dugu, AEBen blokeo itogarria salatu eta uhartearekiko gure elkartasuna berresteko.

Euskal Herria-Kuba Ekimenak, Euskadi-Cuba elkarteak eta Hegoak plataforma internazionalista osatzen dugun eragileok abiatu genuen kanpaina martxoan, eta zer nolako emaitza izan duen jakitera emango dugu larunbatean. Aurreikuspenak gainditu dituela aurreratu dezakegu jada. Ekitaldian zehar hainbat artistak hartuko dute parte.

Lorturiko diruarekin erosiko diren eguzki-energiako instalazioak Habanako Pediatria Ospitaleari laguntzeko izango dira. Bada, bertako medikua da Aleida Guevara, Ernesto Che Guevararen alaba, eta Euskal Herriari esker oneko mezua helarazi dio. Bere esanetan, “gure haurren irribarreari eusten laguntzeko” ekarpena da kanpainaren bitartez eginikoa.

Post by @LABsindikatua@mastodon.eus
View on Mastodon

Izan ere, jakina denez, muturreko egoera bizitzen ari da Kubako uhartea gaur egun, setio energetikoa, zigor ekonomiko gogorrak eta AEBetako Gobernuaren esku-hartze militarraren mehatxua tarteko. Kubatarrek beren subiranotasuna entregatzea da metodo krudel horien bidez Trumpek lortu nahi duena. Hala, adibide gisa, beharrezko medikamentuen heren bat baino ez dago egun eskura, 96.000 pertsona baino gehiago daude ebakuntza baten zain, eta haurren heriotza-tasa %148 igo da. Horrez gain, egun osoko argi eta ur mozketak daude, pobrezia eta emigrazioa handitu dira eta oinarrizko hainbat zerbitzu (garraioa edota zabor bilketa, esaterako) ezin dira aurrera eraman.

Dohaintzak egiteko eta sinatzeko aukera zabalik

Gogorarazi behar dugu oraindik ere badagoela aukera kanpainaren baitan diru-ekarpenak egiteko. Bi bide daude irekita horretarako:

– Transferentzia Euskadi-Cubari: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa)

– Bizum 04713 kodearekin (sakatu ‘dohaintza’)

Bestalde, Kubako herriari eta bere subiranotasunari babesa emateko online sinaduren nazioarteko kanpaina ere babesten dugu, mugimendu sindikalak bultzatua eta maiatzaren 2an Habanan eginiko Nazioarteko Elkartasun Konferentzian iragarria.

Atxikipenak plataforma honen bidez egiten dira: https://www.firmoporcuba.com/

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.