2026-06-23
Blog Page 459

Langabeziaren jaitsierak ez ditu enpleguaren egiturazko arazoak konpontzen

COVID-19ren aurkako murrizketen amaierak eta udako denboraldiaren hasierak ekonomia suspertzen eta lan-kontratazioa handitzen lagundu dute, eta horri esker, Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziaren beherakada hiru hilabetez jarraian gauzatu ahal izan da.

Hala ere, ofizialki 158.625 pertsona daude langabezian, eta hiru kasutatik bitan ez dute inolako langabezia-prestaziorik jasotzen.

Estatuko babes-sistemak ematen duen estaldura-maila hain txikia izatearen arrazoien artean ditugu sistemaren ahulezia bera eta gurea bezalako lan-merkatu prekarioaren errealitatera egokitzeko ezintasuna. Gainera, pandemiaren ondorioz gora egin du iraupen luzeko langabeziak, izan ere, egoera horretan daude langabeen erdia baino gehiago.

Hori guztia lan-erreforma indargabetzeko nahita bilaturiko atzerapenaren eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren izozteak markatutako testuinguruan gertatzen da, eta erabaki hori zigor gehigarri bat da soldata baxuenak kobratzen dituztenentzat. Bi gai horiek argi eta garbi erakusten dute gobernu koalizioan erresistentziak eta kontraesanak daudela konpromisoak betetzeko orduan.

Egoera horrekin batera, gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek pentsio akordio berria adostu dute. Itun horrek PSOEk 2011ko erreforman onartutako murrizketa gogorrak sendotzen ditu, eta, gainera, pentsioen sistema publikoari beste kolpe bat emateko aukera zabaltzen du.

Egindako bidea langileriaren interesen eta pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenen kontrakoa da, eta horrek erantzun sendoa ematera behartzen gaitu, udazkenean pentsioen aurkako erasoa gauzatu ez dadin.

Hernaniko Osasun Zentroko langileei Udaleko Osasun Mahaian parte hartzeko debekua ezarri diete Osasun Sailaren ekimenez, irizpide politiko eta ez-sanitarioak oinarri

Donostialdeko ESIko gerentziak, Osasun Sailak eskatuta, Hernaniko Osasun Zentroko langileei Udaleko Osasun Mahaian parte hartzeko debekua ezarri die. Mahai horretan parte hartu ohi dute, eta debeku horrek irizpide politiko eta ez-sanitarioei erantzuten die argi eta garbi; izan ere, foro horren balorazioa oso positiboa izan da beti, bai Osasun Zentroaren aldetik, bai Udalaren aldetik.

Gerentziaren eta Sailaren debeku horrek ez du ezertan laguntzen Hernaniko osasun-egoera delikatuari aurre egiten, eta, gure ustez, ezker abertzaleak gobernatzen duen udal baten kudeaketa higatzea besterik ez du bilatzen, eta gobernu-taldean, Hernaniko biztanlerian oro har, eta gazteengan, bereziki, Osasun sailaren kudeaketa negargarriaren erantzukizuna deskargatzea. Gainera, udal mailako erakundeei errespetu falta garbi baten aurrean gaude, udalaren eskumenen kontra.

LABen iritziz, Osasun Sailak Hernaniko Udalak egindako Osasun Mahaiaren deialdiari emandako erantzuna, COVID 19 delakoaren ondorioz herria jasaten ari den osasun-egoerari aurre egiteko neurri posibleak aztertzeko helburuz egindakoa, Saila egiten ari den kudeaketa negargarria berresteko beste urrats bat baino ez da.

Izan ere, pandemian zehar, honako hauek guztiak baieztatu dira: Osakidetzaren giza baliabideen eta baliabide materialen gabezia; Lehen Arretaren abandono kronikoa; eskala handiko prebentzio-neurrien falta; lobby jakin batzuei gailentzeko eta aurrez aurreko arreta berreskuratzeko ezintasuna; osasunaren gainetik interes politikoen eta marketinaren nagusitasuna; kudeaketaren gardentasunik eza; lankidetza mota ororen gaitzespena; gazteriaren kriminalizazioa; autokritika-erantzukizunik eza; eta erantzukizun guztiak biztanleriaren lepoan uztea.

Kataluniako eremu sindikal eta sozial subiranistarekin adostasun maila handiak ditugula berretsi dugu gure ordezkaritzak egindako bidaian

Azken hiru egunetan LABeko ordezkaritza bat, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Koldo Saenz Nazioarteko idazkariak osatuta, Katalunian izan da. Bilera erronda bat egin dute bertako hainbat eragile sozial eta sindikalekin; Omnium, ANC, Intersindikala, IAC, COS eta mugimendu sindikaleko hainbat sindikalista subiranistekin, hain zuzen ere.

Bidaia horretan, Kataluniako errealitatearen berri bertatik bertara jaso eta Euskal Herriaren egoera eta erronka politiko, ekonomiko eta sozialen berri emateko aukera izan dugu.

Langileon lan eta bizi baldintza duinak ezinezko egiten dituen sistema kapitalista atzean utzi eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsizio ekosozialista eta feminista borrokatzen ari gara gu. Hau langileok mundu mailan dugun erronka izanik ere, alternatiba hori eraikitzeko, gure herrian, eraldaketa sozialerako herri burujabetza prozesua sustatu behar dugu. Euskal Herrian zein Katalunian ditugun erronkak kontutan izanda, bidaiaren helburu nagusia, Kataluniako eremu sindikal eta sozial subiranistarekin harremanak estutu eta eragileon artean, Herri batean zein bestean, burujabetza prozesuari gure eremutik egin beharreko ekarpenaz, eman beharreko bultzadaz iritziak trukatu eta sinergia berriak sortzea izan da eta adostasun maila handiak ditugula baieztatu ahal izan dugu.

Euskal Herria zein Katalunian, geure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aitortu eta egikaritzeko aukerarik eman gabe jarraitzen du Espainiako Estatuak, ez hori bakarrik, errepresioak ez du etenik. Aste honetan izan ditugu azken bi adibideak: Kontu Auzitegiak Kataluniako Gobernuko hainbat karguduni ezarritako fidantza edota Euskal Herriak Guardia Zibilak egindako bi atxiloketak.

Errepresioari amaiera jarri behar zaio eta ezinbestez heldu behar zaio auzi politikoaren mamiari. Gure herrietan gehiengo sozialak defendatzen du herrion erabakitzeko eskubidea. Indar horiek norabide berean askatzeko erronka dugu, herriaren borondatea izango delako Espainiako Konstituzioak ezartzen duen kortse estu hori apurtzea lortuko duena.

Caixabankeko EEEa inmorala da

Nahiz eta kaleratze behartuak ezabatu, LABen eta ELAren iritziz Enplegu Erregulazio Espedientea inmorala da.

Enpresak 4.786 milioi euroko irabaziak izan ditu urteko lehen hiruhilekoan. Goirigolzarri presidenteak hirukoiztu egin du bere soldata. Eta akziodunen batzar orokorrean gai zerrendako zenbait puntu pertsona batzuen ordainsarien igoerei buruz ari ziren.

Eta, aldi berean, 123 enplegu baino gehiago suntsitu dira Euskal Herrian (52 Nafarroan, 18 Bizkaian, 18 Araban eta 15 Gipuzkoan). Estatu mailan, 6.452.

EEE horren bidez, enpresak landa-eremuetan presentzia gero eta txikiagoa izango du, eremu horietan finantza-bazterketan urratsak emanez. Bulegoen itxierarik ez badago ere, ordutegiak eta irekiera-egunak mugatuta egongo dira. Beste kasu batzuetan, pertsona erdiak egongo dira bulegoetan lanean. Koktel horrek bezeroentzat eta ingurukoentzat gero eta erabilgarritasun txikiagoa izatea ekarriko du.

Apirilean sindikatu guztiak bat etorri ginen EEEari ezetz esatean. LABek eta ELAk gauza bera pentsatzen jarraitzen dugu. EEE honek ez du inolako justifikaziorik eta inmorala da.

30 eguneko grebaren ondoren, Electroaceros enpresako langileak lanera itzuli dira, enpresak lantegia ixteko eskaera erregistratu baitu

Hilabeteko greba mugagabearen ondoren, Electroaceroseko gerentziak azkenean irtenbide bat aurkeztu du Agustinos industrialdeko fabrikarako, eta hori da merkataritza-arloko epaitegiari hartzekodunen lehiaketa bat eskatzea hura ixteko. Jakina, hori ez da nahi den irtenbidea, ez langileek ez sindikatuek, baina beharginek ulertu dute jada ez zuela zentzurik grebarekin jarraitzeak. LAB sindikatuak azpimarratu nahi du grebalariek lanpostuen aldeko borrokan erakutsitako duintasuna.

Enpresako langileen legezko ordezkaritzak hiru urte eman ditu enpresak inoiz aurkeztu ez dien bideragarritasun-plan baten atzean; are gehiago, hobekuntza ekonomikorako hartu beharreko neurri ugarien zerrenda bat idatzi zuten, eta gerentziak ez zion jaramonik egin. Enpresaren aldetik hartutako neurri bakarrak honako hauek izan ziren: arrazoi ekonomikoengatik lan-erregulazio partzial bat aurkeztea, aplikatu ez zuena; langileen gehiengoari soldata murrizten zion lan-baldintzen funtsezko aldaketa aplikatzeko borondatea; eta langileen nominak 2020ko abendutik atzeratzea, gaur egun langile guztiei maiatzeko nominatik zor zaien zenbatekoa barne.

Egoera horretan, ekainaren 1ean, Electroaceros S.A. enpresako langileek (Astibia familiaren jabetzakoa) aho batez greba mugagabea deitzea erabaki zuten batzarrean. Helburuak oso argiak ziren: apirileko nominaren erdia kobratzea -une horretan zor baitzieten-, maiatzeko nomina kobratzea, eta nagusia, gerentziak enpresan azken urteetan ematen ari zen kudeaketa txarrari irtenbide irmo bat ematea, langileei beren lanpostuak arriskuan jartzen ari zirela ikusten zuten-eta.

Ekainaren 27an, greba mugagabean ia hilabete igaro ondoren, gerentziak erregistratutako paperak aurkeztu zituen, merkataritza-arloko epaitegiari lantegia ixteko hartzekodunen konkurtsoa eskatzeko. Bai langileen ustez, bai LAB eta ELA sindikatuen ustez (enpresan ordezkaritza duten sindikatuak), enpresako gerentzia da itxieraren erantzule bakarra, kudeaketa txarra egin duelako eta harrokeriagatik ez dielako langile eta delegatuei aholkuak ematen utzi. Enpresa hiltzen utzi dute eta ez dute kontuan hartu 37 langilek -eta 37 familiak- lanpostua galduko dutela, 50 urtetik gorako batez besteko adinarekin.

Enpresaren azken erabakiaren berri izan ostean, langileen batzarrak erabaki du ez duela zentzurik grebarekin jarraitzeak, eta 30 egunez duintasun handiz borrokatu ondoren, uztailaren 1ean lanpostuetara itzuli dira, hartzekodunen lehiaketaren prozesuak bere bidea egin arte.

LABek azpimarratu nahi du langileek une oro borrokan erakutsi duten borondatea eta duintasuna, nahiz eta kontzentrazioren batean probokazioak izan diren eta gerentziak berandu aurkeztu duen bere egoerari irtenbidea, langileak elkartuta eta elkartasunez mantentzen jakin dute, nahiz eta azkenean enpresak konponbide latza eta tristea proposatu duen.

Oñatiko Stadler enpresako langileen batzarrak grebara deitu du, lanpostuen defentsan

Oñatiko STADLER, S.A. enpresak, pieza metaliko sinterizatuak eta automozioaren sektoreko fabrikatzaileak, EEE bat aurkeztu du. Horren ondorioz, 12 pertsona kaleratu nahi dituzte. Horretaz gain, gainontzeko langileontzat %30eko soldata murrizketak egin nahi dituzte.

Enpresaren asmo horien aurrean, langileek lanpostuak defendatzeko mobilizazioak hastea erabaki dute. Mobilizazio horiek uztailaren 8an hasiko dira, lan txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteekin, eta uztailaren 13an 24 orduko lanuztearekin jarraituko da. Uztailaren 16tik aurrera, greba mugagabea izango da.

STADLER, S.A.ko langileek aurrera eramango dituzten mobilizazioak, enpresaren egungo kudeatzaileen ezgaitasuna salatzeko eta murrizketak ekiditeko izango dira. Onartezina da zuzendaritza taldeak egindako kudeaketa txarraren ondorioak enpresako langile guztiei leporatzea.

Mercedeseko Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente prebentiboa baztertzen dugu

Gaur, uztailak 1, MERCEDES-BENZeko Zuzendaritzak ERTE bat aurkeztu du Gasteizko lantegiko langileentzat eta UGT-CCOO-Ekintza-PIMek sinatu dute. LABek ERTE prebentibo hau baztertzen du, enpresari erabateko malgutasuna ematen baitio eta langileei ordainarazi dielako enpresak alegatutako arazoa, enplegua bermatu gabe. Sindikatu horien jarrera ere arbuiatzen dugu, ERTEa itsu-itsuan onartzen dutelako, 141.000 unitate baino gehiago aurreikusita daudenean.

Gaurko bileran enpresako zuzendaritzak ERTEaren prozedura ireki du eta arrazoi produktiboetan motibatzen du 30 eguneko suspentsioa urte bukaera arte. Enpresak mehatxu zuzena helarazi du: planteatutako baldintza ekonomikoak bertan behera geldituko ziren gaur sinatu ezean, negoziatzeko borondate ona urratuz. Gure harridurarako, UGT-CCOO-Ekintza-PIMek berau onartu eta ERTEa sinatu dute dokumentazioa eta kausak aztertu gabe, informazio osoa eskatu gabe, alternatibak bilatu gabe eta negoziazio minimo bat garatu gabe. ERTE bat sinatu dute 141.000 unitate aurreikusten direnean, enpresaren arrazoiak ontzat emanez eta ondorioak aztertu gabe.

LABek ERTE prebentibo hau erabat baztertzen du. Enpresak oraindik orain bestelako neurriak eskura ditu balizko hornidura arazoei aurre egiteko eta horregatik ez dugu onartzen ERTE bat ezartzea modu prebentiboan, enpresak erabateko malgutasuna izateko asmoa duelakoan. Ez zaio nahikoa iruditzen langileak egun batzuetan etxera bidaltzea, gero larunbatak aktibatzea, txandak murriztea eta abar, eta orain dena nahi du.

Balizko hornidura arazo honen gainetik, bestelako problematika asko daude enpresan (kontratazioa, soldata eskala bikoitza, inposaketak, berdintasun falta, lan osasunaren falta,…) eta enplegua eta lan baldintza duinak bermatzea funtsezkoa da. Izan ere, gogorarazi behar dugu ERTEak ez duela jasotzen inolako enplegu bermerik, ez langile finkoentzat ez ebentualentzat ere (hauek masiboki kaleratu zituen enpresak abenduan).

Horrekin batera, argi adierazi nahi dugu langileei ordainarazten zaiela enpresak alegatutako arazo hau. Honek, irtenbidea topatu beharrean, hilabete asko baitira kontu hau ezaguna zela, langileon bizkarrera bota du, hauek diru sarrerak murriztuta izango dituztelarik, langabezia prestazioak kontsumituz… eta hori guztia aipatutako sindikatuen babesarekin.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu MERCEDESeko ERTE prebentibo honek ondorioak dituela azpikontratetan eta enpresa hornitzaileetan. Hortaz, hauetako enpresa batzuetan jada ERTEak aurkeztu dituzte eta aurreikusi daiteke gehiagotara ere zabalduko dela, langile hauei prekarizazioa areagotuz.

Balioesten dugu Quesos La Vasco Navarrak atzera egin izana enpresako hitzarmena ez aplikatzeko erabakian, baina salatzen dugu orain baldintza berriak aldebakarrez ezartzea

Azken hilabetean Olatzagutiko Quesos La Vasco Navarrako langileek egin dituzten mobilizazioen ondorioz, enpresak atzera egin du enpresako akordioa ez ezartzeko bere erabakian, eta lan baldintza berriak ezarriko dizkie langile guztiei, baldin eta horietako bakoitzak bere desadostasuna idatziz adierazten ez badu. LAB sindikatuaren ustez, garaipen txiki bat da enpresa mugitu izana; baina, era berean, salatzen du baldintza berriek ez dituztela langileen aldarrikapenak asetzen eta baldintza horiek inorekin adostu ez izana askatasun sindikalaren aurkako ekintza bat dela. Horregatik, LABek borrokarekin jarraitzeko beharra azpimarratu nahi du, lan baldintzak hobetzeko eta askatasun sindikalak bermatzeko.

Iragan apirilaren 30ean iraungi zen indarrean zegoen enpresa akordioa. Ordurarte, hamaika bilera egin ziren lan hitzarmenaren inguruan akordio berri bat erdiesteko asmoz baina ezinezkoa izan zen. Enpresak aurkeztu zuen azken akordioa ELA eta UGT sindikatuek babestu zuten, bakoitza delegatu batekin. Baina LAB sindikatuak (2 delegatu) eta CCOO sindikatuak (1), hau da, Enpresa Batzordearen gehiengoak enpresaren proposamena atzera bota zuen, onartezina baitzen. Zeuden hobekuntza eskasak absentismoari eta produktibitateari lotuak zeuden, apenas hobetzen zuten 1.000 €-ko soldata garbia, soldatak xurgatu zitezkeen eta ez zegoen konpromisorik behin hitzarmena amaituta berriz ere ez zutela hitzarmen estatalera joko bermatzen zutenak.

Batzordearen gehiengoaren babesa ukatua zela, enpresak langileak lan hitzarmen estatalera eraman zituen lan baldintzak gehiago prekarizatuz eta soldatak izoztuz. Horren aurrean LAB eta CCOO sindikatuek borrokara jo zuten, langile guztientzat lan baldintza duinak aldarrikatuz.

Hilabete bat eman dugu lanuzteak egiten eta mobilizatuz, enpresak ez du negoziatu eta akordiorik nahi izan greban geundenokin. Baina enpresak posizioa mugitzera behartua ikusi du bere burua, eta inorekin adostu gabe, maiatzean aurkeztu zuen azken proposamena aplikatzea erabaki du, idatziz ezezkoa adierazten ez duten langile guztiei.

Beraz, hilabeteko borroka baten ondorioz enpresak bere azken erabakia berrikusi eta inorekin adostua ez zegoen proposamena aplikatu du hobekuntza batzuk ezarriz. LABen ustez, erabaki hau borrokan aritu garenon garaipen txiki bat da. Baina eznahikoa da. Ziurrenik enpresaren helburua izan da langileak desaktibatzea eta horren aurrean erantzuten jarraitzea da gure ardura eta beharra. Erabaki hau ere askatasun sindikalen aurkakoa da, negoziazio kolektibo eskubidearen aurkakoa, demokratikoki aukeratuak izan diren enpresa komiteko kide guztien gainetik pasata hartutako erabakia.

Gure inguruan gauza bitxia da gertatutakoa, enpresak inorekin adostu gabe alde bakarreko akordio bat aplikatzea alegia. Beraz, grebak ondorioak izan ditu eta enpresa bere azken erabakia berrikustera behartua sentitu da. Horregatik borrokarekin jarraitzeko beharra inoiz baino gehiago ikusten dugu orain, lan baldintzak hobetzeko eta askatasun sindikalak bermatzeko. Borrokan jarraituko dugu lan baldintza duin batzuk lortu arte. Enpresak egin duen mugimenduak ez du berme juridikorik, langileentzat ez du ziurtasunik eta kanporatzen duen irudia hobetzeko marketing maniobra bat besterik ez da.

LABek uste du La Vasco Navarrako langileek behar dutela lan baldintza duinak bermatuko dituen akordio bat. Lan duin bat izateko eta kalitatezko produktu bat egiteko. Nahikoa da kaka zirindu eta pertsonak nahasteaz. Eta enpresak egin duen azkeneko maniobra ikusirik, espero dugu UGT eta ELA sindikatuek euren posizioa berrikustea; argitu beharko dute akordio indibidualen alde egiten duten edo negoziazio kolektibo eta eskubide sindikalen alde egiten duten.

Momentu honetan Enpresa Batzordearen batasunak eta langileon batasuna klabeak dira enpresa honetan gauzak aldatzen hasteko eta langileen eskubideak erdigunean ezartzeko.

Presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Gasteizen

Presoak hurbiltzea eta erregimen arrunta haien bizi-baldintzetan aplikatzea funtsezko urratsa da normalizazioaren bidean. Hala aldarrikatu dugu LAB, ELA, ESK, STEILAS eta HIRU sindikatuok Gasteizen, Foru plazan egindako elkarretaratzean. Premiazkoak dira azken hamar urteotan Euskal Herrian izan den aldaketaren araberako espetxe-politika berriak.

Ez dugu eskaera hori sindikatuok bakarrik egin, hainbat gizarte-eragilek eta alderdi politikok ere espetxe-legea betetzeko eta aplikatzeko eskatu dute. Ildo horretan zenbait urrats eman direla egia bada ere, oraindik bide luzea dago egiteko, batez ere gaixo dauden presoei dagokienez, bakoitzak duen arriskuarekin.

Elkarretaratzearekin ere elkartasuna adierazi nahi izan diegu uztailaren 12an Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten pertsonei. Guztiz anakronikoa da Espainiako Estatua kartzelak betetzen tematzea, urte gehiegi irauten duen gatazkaren konponbidea ekarriko duten erabaki politikoak hartu beharrean.