2026-11-04
HomeEkintza PolitikoaKataluniako eremu sindikal eta sozial subiranistarekin adostasun maila handiak ditugula berretsi dugu...

Kataluniako eremu sindikal eta sozial subiranistarekin adostasun maila handiak ditugula berretsi dugu gure ordezkaritzak egindako bidaian

Azken hiru egunetan LABeko ordezkaritza bat, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Koldo Saenz Nazioarteko idazkariak osatuta, Katalunian izan da. Bilera erronda bat egin dute bertako hainbat eragile sozial eta sindikalekin; Omnium, ANC, Intersindikala, IAC, COS eta mugimendu sindikaleko hainbat sindikalista subiranistekin, hain zuzen ere.

Bidaia horretan, Kataluniako errealitatearen berri bertatik bertara jaso eta Euskal Herriaren egoera eta erronka politiko, ekonomiko eta sozialen berri emateko aukera izan dugu.

Langileon lan eta bizi baldintza duinak ezinezko egiten dituen sistema kapitalista atzean utzi eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsizio ekosozialista eta feminista borrokatzen ari gara gu. Hau langileok mundu mailan dugun erronka izanik ere, alternatiba hori eraikitzeko, gure herrian, eraldaketa sozialerako herri burujabetza prozesua sustatu behar dugu. Euskal Herrian zein Katalunian ditugun erronkak kontutan izanda, bidaiaren helburu nagusia, Kataluniako eremu sindikal eta sozial subiranistarekin harremanak estutu eta eragileon artean, Herri batean zein bestean, burujabetza prozesuari gure eremutik egin beharreko ekarpenaz, eman beharreko bultzadaz iritziak trukatu eta sinergia berriak sortzea izan da eta adostasun maila handiak ditugula baieztatu ahal izan dugu.

Euskal Herria zein Katalunian, geure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aitortu eta egikaritzeko aukerarik eman gabe jarraitzen du Espainiako Estatuak, ez hori bakarrik, errepresioak ez du etenik. Aste honetan izan ditugu azken bi adibideak: Kontu Auzitegiak Kataluniako Gobernuko hainbat karguduni ezarritako fidantza edota Euskal Herriak Guardia Zibilak egindako bi atxiloketak.

Errepresioari amaiera jarri behar zaio eta ezinbestez heldu behar zaio auzi politikoaren mamiari. Gure herrietan gehiengo sozialak defendatzen du herrion erabakitzeko eskubidea. Indar horiek norabide berean askatzeko erronka dugu, herriaren borondatea izango delako Espainiako Konstituzioak ezartzen duen kortse estu hori apurtzea lortuko duena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.