2026-01-30
Blog Page 458

Haurreskolak Partzuergoan bi hilabetetan Hezkuntza Sailaren berririk gabe jarraitzen dugula salatu dugu

Abenduaren 10 eta 16ko eta urtarrilaren 25 eta 27ko greba egun arrakastatsuen ostean eta Hezkuntza Sailak deitu zuen azkenengo mahai negoziatzailetik bi hilabete pasa direnean, gaur, otsailaren 22aren etorrerarekin, greba eta mobilizazio dinamikarekin hasi gara langileon %72ko jarraipena izanik; gaur, bihar eta asteazkenean (otsailak 22, 23 eta 24) gauzatuko direnak. Lotsagarria eta erantzukizun politiko eskasa izatea iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea.

Abenduaren 22ko mahai negoziatzailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Haurreskolen bideragarritasuna zalantzan jartzeaz gain, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen osteko akordioen artean, Haurreskolak Partzuergoan sinatutakoa soilik ez dagoela indarrean esatera ausartu ziren inongo lotsarik gabe.

Bilbo.

Gauzak horrela, berririk gabe jarraitzen dugulako, egin dezakegun balorazio bakarra, bilera birritan atzeratu ostean, Jokin Bildarratz lehendakari den Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza batzordea ez dela bildu. Batzordera errebisatzera eraman nahi zituzten akordioak ez dituztela eraman, beraz, eta ematen du alde bakarrez momentuz ez dituztela berrikusi.

Isiltasun hau negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko eta ikusezin bihurtzeko ahalegina dela salatu nahi dugu. Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanaren eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok EAEko Hezkuntza Saileko sailburuari, Jokin Bildarratzi, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu, baita pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera nola gauzatuko den argitzea ere. Era berean, Legebiltzarrak eskatu zizkion erabateko doakotasunerako urratsak noiz emango dituen azaltzea dagokio.

Donostia.

Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna hezkuntza zerbitzu honen doakotasunean eta Hezkuntza Sailean integratzearekin bermatuko dela uste dugu. Bada garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.

Argi daukagu ere Haurreskolak Partzuergoko enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu bat behar dugula.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok langileei eta jendarteari argi adierazi nahi diegu egoeraren larritasuna eta mobilizazio dinamikarekin jarraitzeko beharra honako eskaera hauen defentsan:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
  • Aurrekontua handitzea.

Bukatzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikarekin eta aldarrikapenekin bat egin duten Haurreskolak Partzuergoko langileei, familiei, udalei, alderdi politikoei (EH Bildu) eta hezkuntza eragileei (Hezkuntza plazara, Ikama, …).

Gaur, hilak 22, hiriburuetan elkarretaratzeak burutu ditugu. Bihar, berriz, Eibarren kotxe karabana egingo dugu eta, arratsaldean, hainbat herritan mobilizazioak antolatu dituzte haurreskolako hezitzaile eta familiek. Dinamikak asteazkenean bukatuko ditugu, momentuz, Lakua inguratuko duen manifestazioarekin.

Zerbitzu publiko honen garapenerako borrokan jarraituko dugu! Denon artean lortuko dugu!

Soldata arrakalarekin amaitzeko, sexuaren araberako lan banaketa apurtzea ezinbestekoa dela adierazi dugu

Soldata arrakalaren kontrako egunaren harira, mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Hain zuzen ere, soldata arrakala sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen dela salatu dugu. Hortaz, sexuaren araberako lan banaketa hori apurtzea ezinbestekoa dela nabarmendu dugu, emakumeok* soldatak eta lan baldintza duinak izan ditzaten.

Iruñea.

Bilboko protestan, Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak hartu du hitza, eta adierazi du, sexuaren araberako lan banaketa apurtzeaz gain, publifikazioa litzatekeela beste neurri garrantzitsu bat arrakalarekin amaitzeko: “Publikoak diren zerbitzuen pribatizazioak dakar emakume* langileen prekarizazioa, zaintza lanekin zerikusia duten sektoreetan bereziki. Bigarren maila batean nahi gaituzte lan merkatuan”. Etxeberriaren arabera, “botere publikoetatik ere behartu beharko lituzkete maskulinizatuta dauden enpresak emakumeak* kontratatzera”.

Gasteiz.

Idazkaritza Feministaren hitzetan, “ez dago emakumeenak* edo gizonenak diren lanik. Hau eraikuntza bat da. Horiek noren arabera balioesten diren ez da neutroa, ez normala, ez naturala. Sistemak inposatzen ditu, emakumeen lan-baldintzak* beti okerragoak izan daitezen, edo gu izan gaitezen etxeko zaintza-lan guztien arduradunak”.

Donostia.

Lan heriotzak salatu ditugu Ugaon, urtean hildako zazpigarren langilea gogoan

Construcciones Arrankudiaga enpresaren aurrean mobilizatu gara, euskal gehiengo sindikalak deituta. Hain zuzen ere, enpresa horretako 51 urteko langile bat hil zen asteazkenean, garbiketa eta mozte lanetan zegoela zuhaitz bat erori eta gainera erori eta gero. Honako hau urteko zazpigarren istripu hilgarria izan da Euskal Herrian. Hortaz, egiturazko arazo honekin amaitzeko exijitu dugu elkarretaratzean, eta Eusko jaurlaritzari gaia agenda politikoan koka dezala eskatu diogu.

Euskal presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde, hileroko dinamikari jarraiki. Hain zuzen ere, Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan.

Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi dugu, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu diogu.

Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza zehazteko Euskal Herrian egin den lehen ariketa sakona partekatu dugu gure militantziarekin

Lan harremanetarako euskal esparrua aldarrikatzeko manifestazio historikoaren urteurrenean, jardunaldiak egin ditugu Donostian, Euskal Herriko trantsizio ekosozialista eta feministarako Programa Sozioekonomikoa ardatz. Hain zuzen ere, eredu aldaketa Euskal Herritik eta Euskal Herrirako bultzatu behar da, horretarako proposamenak eginez. Eta horretan ari gara. Donostiako jardunaldietan, besteak beste, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza zehazteko Euskal Herrian egin den lehen ariketa sakona aurkeztu dugu.

Eraldaketa azken urteetako lan eta pentsio erreformak atzera botatzetik hasi behar dela nabarmendu dugu, baina ezin dugu estatuetatik etorriko denaren zain egon. Madrilen Gobernu berria osatu zenetik azken lan erreforma bertan behera utzi edo moldatzeko asmoak entzun izan ditugu, baina ez da ikusten erreforma atzera botatzeko erabakirik eta pentsio erreforma berria martxan da. Zentzu honetan, eredu aldaketa Euskal Herritik eta Euskal Herrirako bultzatu behar dela berretsi dugu, horretarako proposamenak eginez. Eta sindikatuak bere proposamenak baditu, eta ari gara fintzen.

Programa Sozioekonomikoa modu dinamiko, ireki eta parte hartzailean landuko du LABek datozen hilabeteetan. Batetik, afiliazio guztiari zabaldu zaio ekarpenak egiteko aukera eta gaur, gaiez gai sakontzeko mintegia egin da.

Bestetik, eragile sindikal, politikoekin eta sozialekin, pentsionisten elkarteekin, mugimendu feministarekin, jatorri anitzeko langileen eskubideen defentsan ari direnekin, gazteeekin, mugimendu ekologistarekin harremanetan jarriko gara, baita langile kolektibo prekarizatuak ordezkatzen dituzten eragileekin ere (etxeko langileak eta ridersak kasu) gure ekarpenaren berri eman eta besteon ekarpen eta iritziak entzuteko asmoz.

Ekimen honen bidez, premiazkoa ez ezik posible ere baden mundu berri bat irudikatzeko ariketa kolektiboa sustatu nahi du LABek, Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista gauzatzeko beharrezkoak diren aliantzetan sakontzearekin batera.

Hitzarmen kolektiboen negoziazioetan EAEko Hezkuntza Sailak sektore feminizatu eta lan baldintza prekarioenak dituztenak baztertzen dituela salatu dugu

EAEko Hezkuntza Sailak langileen ordezkaritza negoziazio-mahai ezberdinetara deitu duen arren, LABetik salatu behar dugu bereziki feminizaturik dauden eta zaintza lanekin loturiko bi kolektibo baztertzen ari dela:, Haurreskolak Partzuergokoa eta Sukalde eta Garbiketakoa. Ez dugu uste hau kasualitatea denik, eta horregatik salatu dugu Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan deitu dugun mobilizazioaren bidez.

Ikasturtea aurrera doa, eta Hezkuntza Sailak, eta haren sailburua den Jokin Bildarratzek, behin eta berriz normaltasun osoarekin kolektibo desberdinetako mahai negoziatzaileak eratu eta lan-hitzarmen berriak negoziatzen ari direla esan badu ere, LABetik salatu behar dugu irakasle eta hezkuntza premia berezien laguntza espezialisten kolektiboetan negoziatzen ari diren bitartean, sukaldari eta garbitzaileen mahaia oraindik ez dela eratu, eta, beraz, ez dela lanhitzarmen berriaren negoziazioa hasi.
Bere aldetik, mobilizazio eta greba dinamika abian dugula, Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailea behin deitu da, baina edukirik gabe. Bitartean, ez da lan hitzarmena betetzen ari ezta LABek 2018an sinatutako akordioa ere. Jaiotza-tasa beherantz doan momentu honetan zalantzan jartzen ari dira hezkuntza zerbitzu honen bideragarritasuna, Legebiltzarrak eskatu zuen doakotasunerako urratsak eman beharrean.

EAEko Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenak dira aipatuak, zaintza lanei lotuak. Sektore hauetako langileak urduri eta baztertuta sentitzen ari gara. Ematen dugun zerbitzua kolokan ikusten dugu eta sumoa dugu pribatizazio edota azpikontratazioan ez ote diren sakontzen ari.

Aurreko guztiari gehitu behar diogu, sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, behin-behinekotasun tasa %68koa dela eta langile askok urte dezente daramatzatela lanean, jardun partzialekin ari ere. Ikastetxeetan, gainera, gero eta lanzama handiagoa dago (bai ratioengatik, bai funtzioen definizio ezagatik, bai azpiegitura zaharrengatik…) eta, ondorioz, lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak ugaritzen ari dira, eta arriskuak areagotzen. Hezkuntza Sailak kolektiboaren egoera txarra ezagutu arren, ez dauka negoziatzeko inolako borondaterik, ezta egoera bideratzekoa ere.

Lan-hitzarmen berrien negoziazioak, LABek sinatu zituen 2018ko akordioetatik abiatzen dira eta zerbitzu publikoen kalitatea eta langileen lan-baldintzak hobetzea izan behar dute helburu. Hori dela-eta, Hezkuntzako gainerako kolektiboetan bezala, akordio hauetan oinarritutako negoziazioa abiatzea exijitzen dugu.

LABetik hitzarmen kolektibo duinen alde borrokatzen jarraitzen dugu: ratioak jaitsi, eta plantillak handitu eta egonkortu behar dira; gazteberritze planak ezinbestekoak dira; langileak euskalduntzeko neurri eta planak behar ditugu; eta klausula feminista zein lan-osasuna ardatz dituen negoziazio kolektiboa exijitzen dugu.

Zaldibarreko hondamendia argitzeko herri akusazioak aurrera jarraituko du, epaitegiak argi berdea eman eta gero

Herri akusazio gisa aurkeztuko ginen urrian, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean, Zaldibarreko auzian erantzukizunak argitzeko. Bada, gure eskaera onartu du epaitegiak. Hain zuzen ere, Ingurugiroaren aurkako delituagatik irekitako auzian onartuak izan gara, zuzenean jaso dugun autoaren bidez. Autoan agertzen den bezala, gaur gaurkoz, VERTER RECICLYNG 2002SL enpresa da ikertua izango den pertsona juridiko bakarra, baina bestelako erantzukizunak identifikatzen badira, etorkizunean modulatu ahalko da.

Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok igorritako oharra, Durangoko epaitegien aurrean egindako agerraldia dela-eta:

ZALDIBAR ARGITZEKO HERRI AKUSAZIOA AURRERA

#lagunduargitzen

Herri akusazioa, herritarron interesen defentsan

Gaurkoan jakinarazi nahi dugu, Zaldibarren hondamendia argitu eta erantzukizunak argitzeko Durangoko Lehen Instrukzio epaitegian irekita dauden bi auzibideetan Herri Akusazio gisa aurkeztu dela EH-ko eskubide sozialen Kartaeta Zaldibar Argitu plataforma.

Ingurugiroaren aurkako delituagatik irekitako auzian onartuak izan gara, zuzenean jaso dugun autoaren bidez. Autoan agertzen den bezala, gaur gaurkoz, VERTER RECICLYNG 2002SL enpresa da ikertua izango den pertsona juridiko bakarra, baina bestelako erantzukizunak identifikatzen badira, etorkizunean modulatu ahalko da.

Era berean, jakin dugu auzia berriro ere bi kausatan banatu dela. Hori dela eta, bigarren kausan ere aurkezteko tramiteak burutu ditugu eta aurki onarpen autoa jasotzea espero dugu. Bigarren kausa honetan langileen aurkako delituak izango dira ikertua.  

EH-ko eskubide sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu plataformak herri interesen aldeko herri akusazioa eramango du aurrera, eskubide osoz modu aktiboan parte hartuz. Horretarako lan talde juridikoa osatu dugu eta lanean dago erantzukizunak,  egia eta justizia argitzen lagunduko digun Herri akusazioa artikulatzen. Momentu egokia denean, argibide gehiago emango ditugu.

Diru bilketa herrikoia

Zaldibarko zabortegia amildu zela urtebete baino gehiago igaro da. Urte bete baino gehiago, zaborrezko munstroak Joaquin eta Alberto irentsi zituenetik. Iluntasunean amildu zen zabortegia, eta iluntasunak dirau gaur egun bertan. Ez da informazio gardenik eskaini, ez dira erantzukizunak argitu eta ez da egia zein justizia egiteko pausurik eman agintari publikoen aldetik. Iluntasunari argia emateko asmoz aurkeztu gara Herri Akusazio gisa Zaldibar Argitu plataforma eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta.

Herri Akusazioak, ordea, lan eskerga zein diru inbertsio handia suposatuko du eta beharrezkoa izango dugu herritarron laguntza ekonomikoa. Horretarako, itsulapikoa.eus plataforman diru bilketa herrikoia antolatu dugu, herritarron diru ekarpena hainbat opariren bidez eskertuz. Gure ahalegina izango da prozesu honetan zehar egia eta justizia argitzea, erantzukizunak argitzea. Zentzu horretan, herritarroi bidelagun izatera gonbidatzen zaituztegu, bakoitzak ahal duen ekarpena eginez: diru ekarpena egitea, diru bilketa zabaltzen laguntzea…

Informazio gehiago itsulapikoa.eus plataforman: https://www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/lagundu-argitzen

Diru ekarpena martxoaren 4ra arte egin daiteke; beraz, azken 20 egunak ditugu.

Erantzukizunak argitu – politika publikoaren lehentasunak aldatu

Zaldibarko hondamendian ukaezina da Verter Recycling enpresak duen erantzukizun zuzena. Erantzukizunak, ordea, ezin dira eremu pribatura mugatu, eremu instituzionalak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa baitu.

Zabor kudeaketa pribatizatu eta kontrol publikorik ez edukitzeak, egungo zabor eredua negozio bilakatu du eta patronalak horretan ere aurkitu du mozkina langile klasearen zein naturaren bizkar.   

Egoera  tragiko horren aurrean, patronalak sustatzen duen eredua ez salatzeak, Administrazio publikoa bera konplize bilakatu du, egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak ez baititu hartzen, langileon bizitza zein osasuna bermatzeko edota zabor eredu iraunkor baterako trantsizioa egiteko.

Pasa den urteko urtarrilaren 30ean bizitza, lan eta pentsio duinak aldarrikatuz greba orokorra egin genuen, milaka herritar – herri honetako gehiengo soziala – mobilizatuz. Urte bete honetan zehar, osasun krisiarekin, aurretik zetorren krisi estrukturala azeleratu da, eremu ezberdinetako krisiak bisibilizatuz (zaintza, hezkuntza eredua, lan harremanak, osasungintza…).

2020Ko otsailaren 6ko gertakariak, eredu ekonomiko kapitalista ekozida hau iraunkorra ez dela, heriotza-sufrimendua besterik ez duela ekartzen eta pertsonen bizitzaren aurkakoa dela agerian utzi du. Zaldibarko zaborraren atzean dagoen zabor kudeaketari kiratsa dario. Eremu honetan ere, garaia da eredu berri bateranzko urratsak emateko, politikaren lehentasunak aldatzeko.

Jaurlaritza prest al dago lan istripuen egiturazko arazoa agenda politikoan kokatzeko?

Iaz, gutxienez 75 langilek bizitza galdu zuten lanean. Aurten, gutxienez 7 langile hil dira lanean Euskal Herrian eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian iazko otsailaren 6tik. Bada, asteazkenean, baso langile bat hil da Ugaon, garbiketa eta mozte lanetan zegoela zuhaitz bat gainera erori eta bertan zendu da.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko eta gertukoei.

Baso sektoreko jarduerak arrisku anitz ditu. Langileek lan desberdin asko egiten dituzte, askotan bakarrik, zenbaitetan gogorrak eta neketsuak. Orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, makinaria askotarikoa erabiltzen dute. Horrek sektoreko ezbehar tasa altua eragiten du. Gainera, lan arriskuen alorrean prestakuntza gutxi jasotzen dute. Honek eragina dauka jasan behar duten istripuen tasa altuan. Basogintza sektoreko langileek istripu larri eta hilgarriak izaten dituzte. Sektoreko langileok arriskupean daude. Beraz, Administrazio Publikoei eskatzen diegu lehenbailehen neurriak har ditzatela langileon lan eta bizi kalitatea hobetzeko, baita ere lan arriskuen alorrean formakuntza plana martxan jarri dezatela.

Laneko biolentzia arazo larria da, arazo estrukturala, inposatzen dizkiguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak hil egiten gaitu. Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu zein pauso emateko prest dagoen egoera eta eredu hau geldiarazteko. Prest al daude lan istripuen egiturazko arazoa agenda politikoan kokatzeko?

LAB sindikatuan argi dugu, bizitza eta lan duinak behar ditugu. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Sarraski honekin amaitzeko eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile klaseari.

Soldata arrakalaren kontra, sexuaren araberako lan banaketarekin apurtu! Zaintzarako zerbitzuak publifikatu!

Soldata arrakalaren kontrako eguna da otsailaren 22a. Hortaz, urtero legez, mobilizazioak deitu ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: Bilbon, 10:30ean, Bizkaiko Foru Aldundian; Donostian, 10:30ean, Alderdi Ederren; Gasteizen, 10:30ean, Eusko Legebiltzarrean; eta Iruñean, 11:15ean, Nafarroako Gobernuan.

Sexuaren araberako lan banaketa generoaren araberako soldata-arrakala elikatzen eta eraikitzen duen tresna bat da, lanak eta enpleguak emakumeen eta gizonen artean bereizita banatzen baititu, eta balio ekonomiko, politiko eta sozial txikiagoa ematen die emakumeok egiten ditugunei, eta, oro har, zaintza-lanekin lotutakoak edo tradizioz bizitzaren erreprodukzioari egokitutakoak dira. Banaketa horren bidez, halaber, emakumeak* behartzen gaituzte etxeetan doan zaintzera, guk egin dezagun naturalizatuz eta gizonek horren ardura har ez dezaten normalizatuz.

Hori, gainera, beste gai batzuekin gurutzatzen da, hala nola jatorriarekin; emakume migratuak eta arrazializatuak kondenatzen eta kanporatzen ditu gure balio-eskala kapitalistan okerrenak diren eta lan-baldintza okerragoak dituzten lanetara (soldatak, ordutegiak, atsedenaldiak, eskubideak).

Ez dago emakumeenak* edo gizonenak diren lanik. Hau eraikuntza bat da. Horiek noren arabera balioesten diren ez da neutroa, ez normala, ez naturala. Sistemak inposatzen ditu, emakumeen lan-baldintzak* beti okerragoak izan daitezen, edo gu izan gaitezen etxeko zaintza-lan guztien arduradunak.

Horregatik diogu enpleguaren eta lanaren banaketa bidegabe, inposatu eta bereizi honekin amaitu nahi dugula. Emakumeok* egiten ditugun lanak* behar bezala aintzat hartzea nahi dugu, ordainduak izan edo ez. Eta doako zaintzaa-lanak ez daitezela gure gain hartu behingoz, pertsona guztien, komunitatearen eta zerbitzu publikoen artean justuki bana daitezela.

Instituzio publikoak generoagatiko soldata-arrakalaren erantzule zuzenak dira, zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean, zaintza lanekin negozioa egiten duten bakoitzean, zerbitzu bat feminizatzen eta, hortaz, zerbitzu horretako lan baldintzak kaskartzen uzten duten bakoitzean.

Instituzio publikoak generoagatiko soldata-arrakalaren erantzule zuzenak dira, zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean, zaintza lanekin negozioa egiten duten bakoitzean, zerbitzu bat feminizatzen eta, hortaz, zerbitzu horretako lan baldintzak kaskartzen uzten duten bakoitzean.

Kapitalaren eta instituzio neoliberalen arteko aliantza begi bistakoa da. Bizitzak ez du ardura, ezta zaintzek edota nork ematen dituen ere; ardura duen bakarra produkzioa da, metaketa prozesua eten ez dadila. Eta, honetarako, irabaziak pilatzen jarraitzeko, bizitzaren zaintza eremu ikustezinetara eta feminizatuetara baztertu behar badute, horrek ere ardurarik ez.

Zuek prekarizatu egiten gaituzue. Kontzienteki egiten duzue, gainera. Horregatik, otsailaren 22 honetan bizitzarako funtsezkoak diren zerbitzuen pribatizazioa salatuko dugu eta zaintza lan guztien publi kazioa eta aitorpen politiko, ekonomiko eta soziala aldarrikatuko dugu.

Benetan baldin badaukazue borondate politikoa soldata- arrakalarekin amaitzeko, has zaitezte lehen pauso honekin eta publi ka itzazue zerbitzu hauek.

Gure ustez, sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea ezinbestekoa da soldata-arrakalarekin amaitzeko. Lan-baldintza duinen bidez, feminizatutako lan guztiak aintzatetsi behar dira, eta botere publikoek lan-bereizketa hori amaitzeko betebeharra dute, enpresak kontratazio diskriminatzaileekin amaitzera behartuz.

Gure lanak funtsezkoak badira, lan hauek egiteko lan baldintza duinak ere eskatzen ditugu. Martxoaren 4an grebara joango gara berriz ere zerbitzu feminizatu, azpikontratatu eta prekarizatu horietan guztietan. Berriz ere salatuko dugu zaintzekin egiten ari zareten negozioa eta ez gara geldituko, harik eta sistema honek gu denokin, emakume langile guztiokin, daukan zor patriarkala behingoz kitatu arte.