2026-06-17
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaHerri akusazio gisa aurkeztuko gara Eskubide Sozialen Kartaren izenean, Zaldibarreko auzian erantzukizunak...

Herri akusazio gisa aurkeztuko gara Eskubide Sozialen Kartaren izenean, Zaldibarreko auzian erantzukizunak argitzeko

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok eta Zaldibar Argitu plataformak agerraldi bateratua egin dugu, Durangoko epaitegien aurrean. Hain zuzen ere, kalean erakutsitako kezka eta indarra epaitegietara eramateko garaia dela erabaki dugu, eta, hala, erantzukizunak argitzeko, zabortegiaren auziaren gainean egingo den epaiketara herri akusazio gisa aurkeztuko gara. Hala jakinarazi du Kartako eta LABeko kide Edurne Larrañagak.

Edurne Larrañaga, Durangoko epaitegien aurrean, adierazpenak egiten.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu herri plataformak argitaratu dugun oharra:

Zortzi hilabete luze dira jada zabortegia geure herrien gainera amildu zenetik, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze azpian harrapatuz. Orain arte, lurpean zeuden bi pertsonak aurkitzeko lanetan jarraitzeko, herritarron osasuna bermatzeko eta erantzukizun politiko guztiak argitzeko kalean egon gara, mobilizazio ezberdinen bidez gure haserrea eta aldarrikapenak erakutsi nahirik.

Gaur, Zaldibar Argitu herri plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi bateratua egitea adostu dugu, kalean erakutsitako kezka eta indarra epaitegietara eramateko garaia baita. Oraindik orain, bai enpresaren jabeak eta bai zabortegiaren gaineko kudeaketa negargarrian ardura zuzena duten erakunde publikoak eskuak garbitu nahian dabiltza. Uste dugu, herri konpromisoagatik eta gertaeraren larritasunagatik, herritarron ahotsa epaiketan presente egon behar dela, interes orokorraren alde egingo duen begirada batetik.

Arrazoi horiek medio, herri akusazio modura aurkeztuko gara Zaldibarko zabortegiaren auziaren gainean egingo den epaiketara; katastrofe humano, ekologiko eta sozial honen aurrean erantzukizun zehatzak argitzea eta gertatu denaren gaineko informazio gardena izatea ezinbestekoa da halakorik berriro gerta ez dadin. Langileek, herritarrok eta ingurugiroak guztion kontura negozioa egiten duten talde klientelarrik gabeko herria merezi dugu, ez diezaiegun utzi lehengo modu berean jokatzera itzultzen, ezer gertatu izan ez balitz bezala eskuak garbitzen.

Epaiketak izango dituen gastuei aurre egiteko, diru-bilketa kanpaina bat jarriko dugu martxan, guztion ekarpena izango da ongietorria, bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan. Herritarrok prozesu guzti honetan ahots propioa izatea oso garrantzitsua izango da.

Era berean, Joaquin Beltranek oraindik aurkitu gabe jarraitzen du. Urriaren 8an, zortzigarren hilabatearen harira, mobilizazio bateratua antolatuko dugu bere bizileku eta herrian, Zallan. Bertan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak, nahikoa dela esateko eta bertatik lehenbaitlehen atera dezatela eskatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.