2026-10-03
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHitzarmen kolektiboen negoziazioetan EAEko Hezkuntza Sailak sektore feminizatu eta lan...

Hitzarmen kolektiboen negoziazioetan EAEko Hezkuntza Sailak sektore feminizatu eta lan baldintza prekarioenak dituztenak baztertzen dituela salatu dugu

EAEko Hezkuntza Sailak langileen ordezkaritza negoziazio-mahai ezberdinetara deitu duen arren, LABetik salatu behar dugu bereziki feminizaturik dauden eta zaintza lanekin loturiko bi kolektibo baztertzen ari dela:, Haurreskolak Partzuergokoa eta Sukalde eta Garbiketakoa. Ez dugu uste hau kasualitatea denik, eta horregatik salatu dugu Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan deitu dugun mobilizazioaren bidez.

Ikasturtea aurrera doa, eta Hezkuntza Sailak, eta haren sailburua den Jokin Bildarratzek, behin eta berriz normaltasun osoarekin kolektibo desberdinetako mahai negoziatzaileak eratu eta lan-hitzarmen berriak negoziatzen ari direla esan badu ere, LABetik salatu behar dugu irakasle eta hezkuntza premia berezien laguntza espezialisten kolektiboetan negoziatzen ari diren bitartean, sukaldari eta garbitzaileen mahaia oraindik ez dela eratu, eta, beraz, ez dela lanhitzarmen berriaren negoziazioa hasi.
Bere aldetik, mobilizazio eta greba dinamika abian dugula, Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailea behin deitu da, baina edukirik gabe. Bitartean, ez da lan hitzarmena betetzen ari ezta LABek 2018an sinatutako akordioa ere. Jaiotza-tasa beherantz doan momentu honetan zalantzan jartzen ari dira hezkuntza zerbitzu honen bideragarritasuna, Legebiltzarrak eskatu zuen doakotasunerako urratsak eman beharrean.

EAEko Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenak dira aipatuak, zaintza lanei lotuak. Sektore hauetako langileak urduri eta baztertuta sentitzen ari gara. Ematen dugun zerbitzua kolokan ikusten dugu eta sumoa dugu pribatizazio edota azpikontratazioan ez ote diren sakontzen ari.

Aurreko guztiari gehitu behar diogu, sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, behin-behinekotasun tasa %68koa dela eta langile askok urte dezente daramatzatela lanean, jardun partzialekin ari ere. Ikastetxeetan, gainera, gero eta lanzama handiagoa dago (bai ratioengatik, bai funtzioen definizio ezagatik, bai azpiegitura zaharrengatik…) eta, ondorioz, lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak ugaritzen ari dira, eta arriskuak areagotzen. Hezkuntza Sailak kolektiboaren egoera txarra ezagutu arren, ez dauka negoziatzeko inolako borondaterik, ezta egoera bideratzekoa ere.

Lan-hitzarmen berrien negoziazioak, LABek sinatu zituen 2018ko akordioetatik abiatzen dira eta zerbitzu publikoen kalitatea eta langileen lan-baldintzak hobetzea izan behar dute helburu. Hori dela-eta, Hezkuntzako gainerako kolektiboetan bezala, akordio hauetan oinarritutako negoziazioa abiatzea exijitzen dugu.

LABetik hitzarmen kolektibo duinen alde borrokatzen jarraitzen dugu: ratioak jaitsi, eta plantillak handitu eta egonkortu behar dira; gazteberritze planak ezinbestekoak dira; langileak euskalduntzeko neurri eta planak behar ditugu; eta klausula feminista zein lan-osasuna ardatz dituen negoziazio kolektiboa exijitzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...