2026-01-25
Blog Page 456

Partekatutako beste elkarlan eremu bat hautsi du ELAk: Euskal Herria, Katalunia eta Galizako lau sindikatu soberanistok eginiko adierazpena

Aste honetan LABekin partekatutako beste elkarlan eremu bat hautsi du ELAk: lan erreformaren derogazioa eskatzeko dinamikatik LAB baztertuz, Euskal Herria, Katalunia eta Galizako lau sindikatu soberanistok pasa den ikasturtean eginiko adierazpenaren garapena zapuztu du. Ez da erabaki isolatua izan; aitzitik, azken hilabeteotan LAB-ELA elkarlanaren kontrako hainbat erabaki hartu ditu ELAk.

Bere eredua eta erabakiak inposatu eta hori egin ezin duenean aldebakarreko erabakiak hartzea edo kasu honetan moduan LAB ekimen batetik kanpo uztea, ohikoa bilakatzen ari da ELAren egiteko moduetan. Elkarlana sendotu eta indar metaketaren aldeko apustua egiteko unean horrelako jokabideek, euskal herriko langileen interesak kaltetzen dituzte.

LABen ustez, bi dira ELAren jarreraren atzean dauden aldagai nagusienak. Lehenengoa: eremu publikoan eta azpikontratatuan bai, baina eremu pribatuan Patronalarekin konfrontatzeari uko egin dio ELAk.

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren harira, 1200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan-astea, emakumeen aurkako soldata arrakalaren ezabaketa eta subrogazioaren bermea jasoko lituzkeen Akordio Intersektoriala egitea exijitu genion Confebask eta CEN patronalari. Batak eta besteak ezezkoarekin erantzun ziguten eta, ezezko horren aurrean mobilizazio berriak antolatu ordez, Adegirekin eta Confebaskekin elkarlan giroa sustatu du ELAk, ERTEen osagarrien inguruko akordio ez nahikoa egiten saiatuz eta Gipuzkoako Metalean borrokarik gabeko hitzarmen bat adostuz. Confebasken eta ELAren arteko harreman on hauek baieztatu izan dituzte erakunde bietako bozeramaileek.

LABen ustez, premiazkoa da prekarietatearen kontrako eta enplegu duinaren aldeko borroka indartzea. Horretarako proposamenak egin izan dizkiogu ELAri ikasturte hasieratik, arrakastarik gabe. Urtarrilean, egoera okertzen ari zela ikusita, enplegua defendatzeko harresi bat osatzea proposatu genion hala ELAri nola gainontzeko sindikatuei. Baina ELAk uko egin dio behin eta berriz enplegu duinaren aldeko borroka elkarrekin egiteari.

Bi sindikatuon arteko elkarlana baztertzeko ELAren bigarren arrazoia, honako hau da: ELAk uko egin dio Euskal Herriaren autodeterminazio prozesua gauzatzeko beharrezkoa den Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa sustatzeari. 2017ko irailean, aldaketa soziala ahalbidetuko duen alde bakarreko burujabetza prozesuaren alde egin genuen bi sindikatuok, baina adierazpena plazaratu eta gutxira utzi zuen bertan behera ELAk, koiuntura politikoa desegokia zela argudiatuta.

Ordutik koiuntura politikoa aldatu den arren, ez da sumatzen ELAren aldetik adierazpen hartan hartutako konpromisoei heltzeko inolako interesik. Zoritxarrez, horrela izan da azken hamarkada honetan: koiuntura politikoak aldatu dira, aldatu direnez, baina ELArentzat ez da inoiz heldu une egokia aldaketa soziala ahalbidetuko duen autodeterminazio prozesuari begirako konpromisoak hartzeko.

Areago eta gehiago, euskal harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldarrikapenak gero eta leku gutxiago dauka ELAren diskurtsoan. ELAk gero eta gehiago begiratzen du Madrilera, langileen interesak bertatik defendatuko dituelakoan eta arretan behar ez den lekuan jartzea da. Eta nabarmen geratu da ELAk ez duela inolako asmorik egungo marko juridiko-politikoaren mugak gaindituko duen ekimenik sustatzeko, ez lantokietan ezta orokorrean ere.

LABen iritziz, aipatutako bi aldagaiak daude ELAk elkarlana indargabetzeko hartu dituen erabakien atzean. Eta beharrezkoa iruditzen zaigu euskal langileria eta Euskal Herria egoera honen jakitun izatea. Halere, sendotasun berberarekin zera diogu:

LABek ez du amore emango eta elkarlana garatzeko ahaleginean jarraituko du, posible den eremuetan, bai ELArekin baita bestelako euskal eragile sozial, sindikal eta politikoekin, bizitzen ari garen sindemiari aurre egin eta premiazkoa den trantsizio ekosozialista eta feminista sustatzeko. Euskal langileriak nahiz Euskal Herriak horrela eskatzen dute.

Gure komunitateari dei egiten diogu Emakumeen Mundu Martxak antolatutako zapien jasoketan parte hartzera

Euskal Herriko 27 eskualdek baino gehiagok erantzun diote Emakumeen Mundu Martxaren V. Ekintzan parte hartzeko deiari. Hain zuzen ere, otsailaren 20tik 27ra bitartean, eskualde bakoitzeko herri batetik igaroko gara talde feministek diseinatutako zapiak jasotzeko, mugen, arrazakeriaren eta transnazionalen botere korporatiboaren aurkako konpromiso kolektiboak adierazteko.

Aipatu bezala, larunbatean hasi zen Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa plataforma herrietan mugen, arrazakeriaren eta botere korporatiboaren kontrako konpromiso kolektiboa adierazteko prestatu dituzten zapiak jasotzen! Hilaren 27an amaituko da jasoketa, eta martxoaren 6ean Irunera eramango dira, bertan transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusgarri egin eta sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkala salatzeko. LABetik, Mundu Martxako plataformako kideak garen heinean, gure kominitateko emakume guztioi prozesu honetan parte hartzera dei egiten diegu.

Haurreskolak Partzuergoan bi hilabetetan Hezkuntza Sailaren berririk gabe jarraitzen dugula salatu dugu

Abenduaren 10 eta 16ko eta urtarrilaren 25 eta 27ko greba egun arrakastatsuen ostean eta Hezkuntza Sailak deitu zuen azkenengo mahai negoziatzailetik bi hilabete pasa direnean, gaur, otsailaren 22aren etorrerarekin, greba eta mobilizazio dinamikarekin hasi gara langileon %72ko jarraipena izanik; gaur, bihar eta asteazkenean (otsailak 22, 23 eta 24) gauzatuko direnak. Lotsagarria eta erantzukizun politiko eskasa izatea iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea.

Abenduaren 22ko mahai negoziatzailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Haurreskolen bideragarritasuna zalantzan jartzeaz gain, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen osteko akordioen artean, Haurreskolak Partzuergoan sinatutakoa soilik ez dagoela indarrean esatera ausartu ziren inongo lotsarik gabe.

Bilbo.

Gauzak horrela, berririk gabe jarraitzen dugulako, egin dezakegun balorazio bakarra, bilera birritan atzeratu ostean, Jokin Bildarratz lehendakari den Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza batzordea ez dela bildu. Batzordera errebisatzera eraman nahi zituzten akordioak ez dituztela eraman, beraz, eta ematen du alde bakarrez momentuz ez dituztela berrikusi.

Isiltasun hau negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko eta ikusezin bihurtzeko ahalegina dela salatu nahi dugu. Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanaren eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok EAEko Hezkuntza Saileko sailburuari, Jokin Bildarratzi, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu, baita pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera nola gauzatuko den argitzea ere. Era berean, Legebiltzarrak eskatu zizkion erabateko doakotasunerako urratsak noiz emango dituen azaltzea dagokio.

Donostia.

Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna hezkuntza zerbitzu honen doakotasunean eta Hezkuntza Sailean integratzearekin bermatuko dela uste dugu. Bada garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.

Argi daukagu ere Haurreskolak Partzuergoko enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu bat behar dugula.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok langileei eta jendarteari argi adierazi nahi diegu egoeraren larritasuna eta mobilizazio dinamikarekin jarraitzeko beharra honako eskaera hauen defentsan:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
  • Aurrekontua handitzea.

Bukatzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikarekin eta aldarrikapenekin bat egin duten Haurreskolak Partzuergoko langileei, familiei, udalei, alderdi politikoei (EH Bildu) eta hezkuntza eragileei (Hezkuntza plazara, Ikama, …).

Gaur, hilak 22, hiriburuetan elkarretaratzeak burutu ditugu. Bihar, berriz, Eibarren kotxe karabana egingo dugu eta, arratsaldean, hainbat herritan mobilizazioak antolatu dituzte haurreskolako hezitzaile eta familiek. Dinamikak asteazkenean bukatuko ditugu, momentuz, Lakua inguratuko duen manifestazioarekin.

Zerbitzu publiko honen garapenerako borrokan jarraituko dugu! Denon artean lortuko dugu!

Soldata arrakalarekin amaitzeko, sexuaren araberako lan banaketa apurtzea ezinbestekoa dela adierazi dugu

Soldata arrakalaren kontrako egunaren harira, mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Hain zuzen ere, soldata arrakala sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen dela salatu dugu. Hortaz, sexuaren araberako lan banaketa hori apurtzea ezinbestekoa dela nabarmendu dugu, emakumeok* soldatak eta lan baldintza duinak izan ditzaten.

Iruñea.

Bilboko protestan, Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak hartu du hitza, eta adierazi du, sexuaren araberako lan banaketa apurtzeaz gain, publifikazioa litzatekeela beste neurri garrantzitsu bat arrakalarekin amaitzeko: “Publikoak diren zerbitzuen pribatizazioak dakar emakume* langileen prekarizazioa, zaintza lanekin zerikusia duten sektoreetan bereziki. Bigarren maila batean nahi gaituzte lan merkatuan”. Etxeberriaren arabera, “botere publikoetatik ere behartu beharko lituzkete maskulinizatuta dauden enpresak emakumeak* kontratatzera”.

Gasteiz.

Idazkaritza Feministaren hitzetan, “ez dago emakumeenak* edo gizonenak diren lanik. Hau eraikuntza bat da. Horiek noren arabera balioesten diren ez da neutroa, ez normala, ez naturala. Sistemak inposatzen ditu, emakumeen lan-baldintzak* beti okerragoak izan daitezen, edo gu izan gaitezen etxeko zaintza-lan guztien arduradunak”.

Donostia.

Lan heriotzak salatu ditugu Ugaon, urtean hildako zazpigarren langilea gogoan

Construcciones Arrankudiaga enpresaren aurrean mobilizatu gara, euskal gehiengo sindikalak deituta. Hain zuzen ere, enpresa horretako 51 urteko langile bat hil zen asteazkenean, garbiketa eta mozte lanetan zegoela zuhaitz bat erori eta gainera erori eta gero. Honako hau urteko zazpigarren istripu hilgarria izan da Euskal Herrian. Hortaz, egiturazko arazo honekin amaitzeko exijitu dugu elkarretaratzean, eta Eusko jaurlaritzari gaia agenda politikoan koka dezala eskatu diogu.

Euskal presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde, hileroko dinamikari jarraiki. Hain zuzen ere, Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan.

Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi dugu, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu diogu.

Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza zehazteko Euskal Herrian egin den lehen ariketa sakona partekatu dugu gure militantziarekin

Lan harremanetarako euskal esparrua aldarrikatzeko manifestazio historikoaren urteurrenean, jardunaldiak egin ditugu Donostian, Euskal Herriko trantsizio ekosozialista eta feministarako Programa Sozioekonomikoa ardatz. Hain zuzen ere, eredu aldaketa Euskal Herritik eta Euskal Herrirako bultzatu behar da, horretarako proposamenak eginez. Eta horretan ari gara. Donostiako jardunaldietan, besteak beste, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza zehazteko Euskal Herrian egin den lehen ariketa sakona aurkeztu dugu.

Eraldaketa azken urteetako lan eta pentsio erreformak atzera botatzetik hasi behar dela nabarmendu dugu, baina ezin dugu estatuetatik etorriko denaren zain egon. Madrilen Gobernu berria osatu zenetik azken lan erreforma bertan behera utzi edo moldatzeko asmoak entzun izan ditugu, baina ez da ikusten erreforma atzera botatzeko erabakirik eta pentsio erreforma berria martxan da. Zentzu honetan, eredu aldaketa Euskal Herritik eta Euskal Herrirako bultzatu behar dela berretsi dugu, horretarako proposamenak eginez. Eta sindikatuak bere proposamenak baditu, eta ari gara fintzen.

Programa Sozioekonomikoa modu dinamiko, ireki eta parte hartzailean landuko du LABek datozen hilabeteetan. Batetik, afiliazio guztiari zabaldu zaio ekarpenak egiteko aukera eta gaur, gaiez gai sakontzeko mintegia egin da.

Bestetik, eragile sindikal, politikoekin eta sozialekin, pentsionisten elkarteekin, mugimendu feministarekin, jatorri anitzeko langileen eskubideen defentsan ari direnekin, gazteeekin, mugimendu ekologistarekin harremanetan jarriko gara, baita langile kolektibo prekarizatuak ordezkatzen dituzten eragileekin ere (etxeko langileak eta ridersak kasu) gure ekarpenaren berri eman eta besteon ekarpen eta iritziak entzuteko asmoz.

Ekimen honen bidez, premiazkoa ez ezik posible ere baden mundu berri bat irudikatzeko ariketa kolektiboa sustatu nahi du LABek, Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista gauzatzeko beharrezkoak diren aliantzetan sakontzearekin batera.

Hitzarmen kolektiboen negoziazioetan EAEko Hezkuntza Sailak sektore feminizatu eta lan baldintza prekarioenak dituztenak baztertzen dituela salatu dugu

EAEko Hezkuntza Sailak langileen ordezkaritza negoziazio-mahai ezberdinetara deitu duen arren, LABetik salatu behar dugu bereziki feminizaturik dauden eta zaintza lanekin loturiko bi kolektibo baztertzen ari dela:, Haurreskolak Partzuergokoa eta Sukalde eta Garbiketakoa. Ez dugu uste hau kasualitatea denik, eta horregatik salatu dugu Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan deitu dugun mobilizazioaren bidez.

Ikasturtea aurrera doa, eta Hezkuntza Sailak, eta haren sailburua den Jokin Bildarratzek, behin eta berriz normaltasun osoarekin kolektibo desberdinetako mahai negoziatzaileak eratu eta lan-hitzarmen berriak negoziatzen ari direla esan badu ere, LABetik salatu behar dugu irakasle eta hezkuntza premia berezien laguntza espezialisten kolektiboetan negoziatzen ari diren bitartean, sukaldari eta garbitzaileen mahaia oraindik ez dela eratu, eta, beraz, ez dela lanhitzarmen berriaren negoziazioa hasi.
Bere aldetik, mobilizazio eta greba dinamika abian dugula, Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailea behin deitu da, baina edukirik gabe. Bitartean, ez da lan hitzarmena betetzen ari ezta LABek 2018an sinatutako akordioa ere. Jaiotza-tasa beherantz doan momentu honetan zalantzan jartzen ari dira hezkuntza zerbitzu honen bideragarritasuna, Legebiltzarrak eskatu zuen doakotasunerako urratsak eman beharrean.

EAEko Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenak dira aipatuak, zaintza lanei lotuak. Sektore hauetako langileak urduri eta baztertuta sentitzen ari gara. Ematen dugun zerbitzua kolokan ikusten dugu eta sumoa dugu pribatizazio edota azpikontratazioan ez ote diren sakontzen ari.

Aurreko guztiari gehitu behar diogu, sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, behin-behinekotasun tasa %68koa dela eta langile askok urte dezente daramatzatela lanean, jardun partzialekin ari ere. Ikastetxeetan, gainera, gero eta lanzama handiagoa dago (bai ratioengatik, bai funtzioen definizio ezagatik, bai azpiegitura zaharrengatik…) eta, ondorioz, lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak ugaritzen ari dira, eta arriskuak areagotzen. Hezkuntza Sailak kolektiboaren egoera txarra ezagutu arren, ez dauka negoziatzeko inolako borondaterik, ezta egoera bideratzekoa ere.

Lan-hitzarmen berrien negoziazioak, LABek sinatu zituen 2018ko akordioetatik abiatzen dira eta zerbitzu publikoen kalitatea eta langileen lan-baldintzak hobetzea izan behar dute helburu. Hori dela-eta, Hezkuntzako gainerako kolektiboetan bezala, akordio hauetan oinarritutako negoziazioa abiatzea exijitzen dugu.

LABetik hitzarmen kolektibo duinen alde borrokatzen jarraitzen dugu: ratioak jaitsi, eta plantillak handitu eta egonkortu behar dira; gazteberritze planak ezinbestekoak dira; langileak euskalduntzeko neurri eta planak behar ditugu; eta klausula feminista zein lan-osasuna ardatz dituen negoziazio kolektiboa exijitzen dugu.

Zaldibarreko hondamendia argitzeko herri akusazioak aurrera jarraituko du, epaitegiak argi berdea eman eta gero

Herri akusazio gisa aurkeztuko ginen urrian, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean, Zaldibarreko auzian erantzukizunak argitzeko. Bada, gure eskaera onartu du epaitegiak. Hain zuzen ere, Ingurugiroaren aurkako delituagatik irekitako auzian onartuak izan gara, zuzenean jaso dugun autoaren bidez. Autoan agertzen den bezala, gaur gaurkoz, VERTER RECICLYNG 2002SL enpresa da ikertua izango den pertsona juridiko bakarra, baina bestelako erantzukizunak identifikatzen badira, etorkizunean modulatu ahalko da.

Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok igorritako oharra, Durangoko epaitegien aurrean egindako agerraldia dela-eta:

ZALDIBAR ARGITZEKO HERRI AKUSAZIOA AURRERA

#lagunduargitzen

Herri akusazioa, herritarron interesen defentsan

Gaurkoan jakinarazi nahi dugu, Zaldibarren hondamendia argitu eta erantzukizunak argitzeko Durangoko Lehen Instrukzio epaitegian irekita dauden bi auzibideetan Herri Akusazio gisa aurkeztu dela EH-ko eskubide sozialen Kartaeta Zaldibar Argitu plataforma.

Ingurugiroaren aurkako delituagatik irekitako auzian onartuak izan gara, zuzenean jaso dugun autoaren bidez. Autoan agertzen den bezala, gaur gaurkoz, VERTER RECICLYNG 2002SL enpresa da ikertua izango den pertsona juridiko bakarra, baina bestelako erantzukizunak identifikatzen badira, etorkizunean modulatu ahalko da.

Era berean, jakin dugu auzia berriro ere bi kausatan banatu dela. Hori dela eta, bigarren kausan ere aurkezteko tramiteak burutu ditugu eta aurki onarpen autoa jasotzea espero dugu. Bigarren kausa honetan langileen aurkako delituak izango dira ikertua.  

EH-ko eskubide sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu plataformak herri interesen aldeko herri akusazioa eramango du aurrera, eskubide osoz modu aktiboan parte hartuz. Horretarako lan talde juridikoa osatu dugu eta lanean dago erantzukizunak,  egia eta justizia argitzen lagunduko digun Herri akusazioa artikulatzen. Momentu egokia denean, argibide gehiago emango ditugu.

Diru bilketa herrikoia

Zaldibarko zabortegia amildu zela urtebete baino gehiago igaro da. Urte bete baino gehiago, zaborrezko munstroak Joaquin eta Alberto irentsi zituenetik. Iluntasunean amildu zen zabortegia, eta iluntasunak dirau gaur egun bertan. Ez da informazio gardenik eskaini, ez dira erantzukizunak argitu eta ez da egia zein justizia egiteko pausurik eman agintari publikoen aldetik. Iluntasunari argia emateko asmoz aurkeztu gara Herri Akusazio gisa Zaldibar Argitu plataforma eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta.

Herri Akusazioak, ordea, lan eskerga zein diru inbertsio handia suposatuko du eta beharrezkoa izango dugu herritarron laguntza ekonomikoa. Horretarako, itsulapikoa.eus plataforman diru bilketa herrikoia antolatu dugu, herritarron diru ekarpena hainbat opariren bidez eskertuz. Gure ahalegina izango da prozesu honetan zehar egia eta justizia argitzea, erantzukizunak argitzea. Zentzu horretan, herritarroi bidelagun izatera gonbidatzen zaituztegu, bakoitzak ahal duen ekarpena eginez: diru ekarpena egitea, diru bilketa zabaltzen laguntzea…

Informazio gehiago itsulapikoa.eus plataforman: https://www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/lagundu-argitzen

Diru ekarpena martxoaren 4ra arte egin daiteke; beraz, azken 20 egunak ditugu.

Erantzukizunak argitu – politika publikoaren lehentasunak aldatu

Zaldibarko hondamendian ukaezina da Verter Recycling enpresak duen erantzukizun zuzena. Erantzukizunak, ordea, ezin dira eremu pribatura mugatu, eremu instituzionalak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa baitu.

Zabor kudeaketa pribatizatu eta kontrol publikorik ez edukitzeak, egungo zabor eredua negozio bilakatu du eta patronalak horretan ere aurkitu du mozkina langile klasearen zein naturaren bizkar.   

Egoera  tragiko horren aurrean, patronalak sustatzen duen eredua ez salatzeak, Administrazio publikoa bera konplize bilakatu du, egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak ez baititu hartzen, langileon bizitza zein osasuna bermatzeko edota zabor eredu iraunkor baterako trantsizioa egiteko.

Pasa den urteko urtarrilaren 30ean bizitza, lan eta pentsio duinak aldarrikatuz greba orokorra egin genuen, milaka herritar – herri honetako gehiengo soziala – mobilizatuz. Urte bete honetan zehar, osasun krisiarekin, aurretik zetorren krisi estrukturala azeleratu da, eremu ezberdinetako krisiak bisibilizatuz (zaintza, hezkuntza eredua, lan harremanak, osasungintza…).

2020Ko otsailaren 6ko gertakariak, eredu ekonomiko kapitalista ekozida hau iraunkorra ez dela, heriotza-sufrimendua besterik ez duela ekartzen eta pertsonen bizitzaren aurkakoa dela agerian utzi du. Zaldibarko zaborraren atzean dagoen zabor kudeaketari kiratsa dario. Eremu honetan ere, garaia da eredu berri bateranzko urratsak emateko, politikaren lehentasunak aldatzeko.