2026-07-22
Blog Page 452

Arrantzaleen biziak babestu behar dira, armadoreen interes ekonomikoen gainetik

Bart, Frantziako Estatuko kostaldean arrantzan ari zen Ondarroako Kaxarra itsasontziko (Chemaipa S.L.) arrantzale batek, Ondarroan bizi zen 40 urteko senegaldar batek kasu honetan, bizia galdu zuen bertan gertatutako istripu baten ondorioz. 

Lehenik eta behin, gure babesa eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu bere sendiari eta beste bizi berri baten bila beraien herriak utzi eta gure artera etortzen diren langileei eta komunitateari. Gehienetan, guk  nahi ez ditugun lan gogorrak hartzen dituzte beregain. Lan hauekin batera, lan hauek daramaten prekaritate eta miseria guztiak jasatera kondenatuta daude; kasu honetan, arrantza gisako sektore gogor batean, eskubiderik eta segurtasunik gabekoa. 

Euskal Herrian, gutxienez 48 langile hil dira urtea hasi denetik. Odol jarioak ez du etenik. Lan istripu hauek estatistika hutsa dira hainbatentzat; alegia, instituzioentzat, Osalanentzat, Lan Ikuskaritzarentzat, enpresarientzat. Baina, guretzat erailketak dira.

LABetik betidanik eskatzen ari gara arrantza sektorearentzako lan baldintza duinak. Hau da, interes ekonomikoen gainetik arrantzaleen segurtasuna bermatu behar dela eta egokitzen zaizkien atsedenak bete ditzatela, bai itsasoan eta baita lehorrean ere. Zergatik? Itsasoko lan baldintza gogorrek, segurtasun eta atseden ezak sortutako arriskuek eta nekeak arrantzaleen bizia jokoan ipintzen dutelako, hain justu. Orain gertatu den bezala. Noiz arte itxaron behar da neurriak hartzeko istripuak eta ezbeharrak ez gertatzeko?

Protokoloak porrot egin du

Kasu honetan, istripuen inguruko protokoloaren porrota salatu nahi dugu. Izan ere, istripu larria gertatu ostean helikoptero bidezko ebakuazioa erabakitzen duen medikuak ez zuen arriskurik ikusi, eta zauritutako langilea hil egin da istripua jasan eta ordu batzuetara.

Azpimarratu nahi dugu inoiz ez dugula onartuko langileen segurtasunaren aurretik irizpide ekonomikoak gailentzea. Irmoki salatu nahi dugu, kasu honetan, hori gertatu dela. 

Emergentziazko protokoloa aldatu egin behar da akats larri honen ostean. Ebakuazio erabakia hartzen den gunea eta bere irizpideak guztiz egokitu behar dira. LAB sindikatuak modu zorrotzean egingo du egoeraren azterketa datozen egunetan.

LABetik bai armadore elkarteei,  baxurako kofradiei, EAEko Arrantza Sailari eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei honako hau exijitzen diegu: arrantza arduratsu eta iraunkorraren alde egin dezatela; arrantzaleen baldintzak hobetzeko, belaunaldi aldaketarako eta gure flota bideragarria izateko apustua egin dezatela eta euren probetxurako arrantzale-langileon eskubideekin eta biziarekin ez jolasteko.

LABentzat armadoreen interes ekonomikoen gainetik arrantzaleen bizia dago eta horren alde borrokatuko dugu. Hala, ostiralean, urriak 1, euskal gehiengo sindikalak deituta, mobilizazioa egingo dugu Ondarroan, 12:00etan, portuko sarreran; Chemaipa enpresaren bulegoen aurrean. “Prekaritatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez!” izango da elkarretaratzearen leloa.

Garbiñe Aranburu: “Posible egin dezagun Euskal Herrian Madrilen posible ez dena”

Programa Sozioekonomikoaren aurkezpenean jakinarazi bezala, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde borroka egiteko unea da, bai lantokiz lantokiko borroken bidez, baita mobilizazio orokorren bidez ere. Norabide horretan ekarpena egiteko, mobilizazioa egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitza eta Iberdrola Dorrearen artean. Amaiera ekitaldian, borrokaren adibide diren zenbait ordezkariren aldarrien ostean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitza hartu du.

Hain zuzen ere, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Greba Orokorra egiteko garaia dela azpimarratu du: “Posible egin dezagun Euskal Herrian Madrilen posible ez dena. Euskal Herrian borroka dezagun, Jaurlaritza eta CONFEBASK, Nafarroako Gobernua eta CEN, presionatzeko eta langileen mesedetan izango diren erabaki eta politika publikoak garatzeko”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “ziklo mobilizatzaile berri bat irekitzeko arrazoiak soberan daude, greba orokor berri baterako arrazoiak soberan daude. Greba Madrilera begira, bai, greba Madrileko erabakietan eragiteko helburuarekin, bai, baina greba, batez ere, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat”.

Irekitzen ari garen mobilizazio ziklo berriak emaitzak emango dituen ziurtasun osoarekin bagoaz Grebara. “Bagoaz Grebara irekiak ditugun borroka sindikal eta sozialei babesa eta bultzada berri bat emateko, etorkizunean borroka gehiago pizteko baldintza berriak sortzeko. Greba Orokorrak bestelako herri mugimenduekin elkarlana sustatzeko aukera ere ematen digu; pentsionistak, mugimendu feminista, gazteak, migranteen eskubideen defentsan ari direnak… Bagoaz Grebara, Madrilen eta Euskal Herrian eragin asmoz, Patronalari eta bere menpeko Gobernuei abisu argi bat bidaltzeko”, adierazi du.

Bat egiten dugu pentsiodunen mugimenduak Bruselara egindako martxarekin

LABetik Hego Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak, Estatuko beste mugimendu batzuekin batera, Bruselara egindako martxarekin bat egin nahi dugu. Pentsionistak Enplegu eta Politiko Sozialetako Komisioarekin eta hainbat europarlamentarirekin bilduko dira, Euskal Herriko kaleetan astero astero presente dauden aldarrikapenak Europara eramateko helburuarekin. Urriaren 1ean, ostiral honetan, milaka eta milaka pentsionista aterako dira kalera berriro ere.

Ezinbestekoa da mobilizazioak ugaritzea eta aldarrikapenen konfluentziaren alde lan egitea. Zentzu horretan, LABen determinazioa argia da; lan zentroetan eta kaleetan borrokak biderkatzea, langile klase bezala aurrera egitea bermatuko digun greba orokorra izanik ortzimuga.

Arabako Metalgintzan mobilizazioak, lanuzteak eta grebak proposatuko ditugu lan baldintza duinak lortzeko

LABek Arabako Metalgintzaren egoera aztertu eta ondorio argia atera du: ezinbestekoa da borroka fase batean sartzea. Hortaz, gainontzeko sindikatuei proposamen hori luzatuko diegu: sindikatu guztiok, oinarri batzuk adostuta, Arabako Metalgintzako langileok borrokara deitzea, hau da, mobilizazioak, lanuzteak eta grebak antolatzea, beti ere sektorean lan baldintza duinak lortzea helburu.

LABen ustez, nabaria da Arabako Metalagintzak arazo ugari dituela eta SEA patronalak ez diela aurre egin nahi: soldata txikiak handitzeko igoera eskasak, lanaldi luzea (Euskal Herriko luzeena) ez du inolaz ere jaitsi nahi, kontratazioaren iruzur handiaren kontra ezer ez, aldibatekotasuna izugarria jaisteko ezer ere ez, azpikontrateko prekaritateari aurre egiteko subrogazioa ez du onartzen, berdintasuna erreala gutxiesten du, lan istripuak ekiditeko ezer ez, bajan egonda soldata ez galtzeaz ez du entzun nahi, kontziliazioa eta erantzukidetasuna errazteko ezer ez, plantilak biziberritzeko errelebu kontratuari ez… 

Hortaz, SEA patronala ez da apenas mugitu hiru urtetan, negoziazioa bahituta dauka eta denbora pasatzen uztea besterik ez du egiten.

Hori dela eta, LABeko militantziak erabaki du ezin dugula geldirik jarraitu. Arabako Metalgintzako langileen batzar bat burutu eta bertan onartu da sindikatuaren proposamen berria: beste sindikatuekin oinarri batzuk adostu, borroka dinamika amankomuna abiatzeko. Borroka dinamika horretan adostu beharko zen, LABen ustez, sektoreko langileak mobilizazio, lanuzte eta grebetara deitzea, lan baldintzak duintzeko helburuz.

Proposamen hori LABek gainontzeko sindikatuei helaraziko die hurrengo egunetan, konbikzio argi batekin: soilik langileen mobilizazio eta aktibazioarekin lortuko dugu sektoreko arazoei erantzungo dien hitzarmen duin bat. Lan baldintza duinak ez dira zerutik etorriko, baizik eta langileen borrokatik. Hori da, hain zuzen ere, LABek bultzatuko duena.

Gauzak horrela, espero dugu Arabako Metalgintzan borroka amankomuna ahalik eta lasterren gauzatzea.

Iruñeko eremu urdineko langile batek jasandako erasoa gaitzesten dugu eta erantzukizunak eskatzen ditugu

Joan den irailaren 8an, Iruñeko eremu urdineko zona berriak martxan jarri eta egun gutxira, ORAko langile bati eraso egin zioten, perdigoi batek jota. LAB sindikatutik uste dugu enpresako zuzendaritzak bere langileen segurtasuna eta osasuna bermatu behar dituela, eta salatu nahi dugu Dornierrek ez duela egin.

Nabarmena eta publikoa zen Iruñeko auzo batzuetan eremu urdina hasi aurreko egunetan izaten zen tentsioa, eta Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legeak arautzen duen bezala, enpresak arrisku-egoera hori kontuan hartu behar zuen eta prebentzio-neurri egokiak hartu behar zituen eremu horietan lanean hasi aurretik.

Baina enpresak ORAko langileak bidali zituen eremu berrietara, egoeraren arriskuen ebaluaziorik gabe eta istripurik gerta ez zedin prebentzio-neurri nahikorik hartu gabe. Hala, langileen osasuna babestu beharra ez zen bete.

LABen ustez, bai Dornier enpresak bai Iruñeko Udalak (azpikontratatutako langileen segurtasunaren eta osasunaren zuzeneko arduraduna ere bada) ORA gune berriak aktibatzeko zain egon beharko lukete, auzo-tentsioa hain handia ez izateko, eta eremu urdineko plantillaren segurtasuna lehenesteko.

Enpresa Batzordea osatzen dugun sindikatuok 2 orduko lanuztea adostu bagenuen ere, baina enpresak baldintzatu zuen, sindikatuek enpresaren erantzukizuna kentzea nahi baitzuen. ELAk, UGTk eta CCOOek onartu egin dute, eta Txantreako bizilagunengan bakarrik jarri dute erantzukizuna.

Horregatik, LAB sindikatutik deialditi horretatik atera gara, uste baitugu enpresa erantzukizunetik salbuestea ez dela onargarria Dornierreko langileentzat.

Hainbat faktore hartu beharko lirateke kontuan eraso baten ondoren; izan ere, ezin dira berdin hartu eremu urdinak aspalditik funtzionatzen duen eremuak, eremu sortu berriak eta auzokoen arteko gatazkak daudenean. Bistan da langileentzat arriskuak desberdinak direla, prebentzio neurriak kontuan hartu behar dira, eta hori alde batera utzita, edozein egoeratan ahalik eta eraso handiena jasan ahal duten langileak gara.

Horregatik berresten gara gure aldarrikapenetan:

  • Eremu urdineko langileen aurkako erasorik ez!
  • Gertatutakoaren erantzukizuna eskatzen dugu, eta lanean gure osasuna babesteko prebentzio-neurriak.

PCBko zuzendaritzak noiz utziko dio langileen eskubideak eta lan zuzenbidea urratzeari?

Lan arloko epaitegiak ontzat eman du LAB, ELA eta CCOO sindikatuok aurkeztutako helegitea, eta, ondorioz, PCBko EEEa baliogabea dela ebatzi du. Laugarren aldia da.

LABek oso ongi baloratzen du ezagutu berri dugun epaia. Epaia, ordea, ezin da bere horretan baloratu, lehendik ere beste hiru aldiz irabazi baitugu epaitegietan: Lehen Aldi Baterako EEE bertan behera utzi zuen epaitegiak. Auzitegi Nagusiak enpresak aurkeztutako errekurtsoa atzera bota zuen. Kaleratzeen EEE bertan behera utzi zuen epaitegiak gero (enpresak errekurrituta dauka), eta oraingo honetan bigarren Aldi Baterako EEEa utzi dute balio gabe.

Baieztapen batzuk eta hainbat galdera etortzen zaizkigu burura:

Zeren zain dago enpresako zuzendaritza langileek jasaten duten gatazka luzearen aurrean langileekin esertzeko? Noiz utziko diote langileen eskubideak eta lan zuzenbidea urratzeari? Kontrako epaien bilduman zenbat gehiago izan nahi dituzte? Enpresaren itxikeria PCB-ITPko langileen egonkortasuna arriskuan jartzen ari da.  

Horrengatik guztiagatik, kaleratzeen EEEren ebazpenaren kontrako helegitea erretiratzeko  eta aldi baterako EEEren oraingo epaiaren aurrean helegitea ez aurkezteko eskatzen diogu enpresari. Ea horrela behingoz egoera bere onera etor daitekeen.

Horrela ez balitz, LABek legezkoak ez diren eskubide urraketei eta gehiegikeriei erantzun egingo die, orain arte egin duen moduan, baina indar gehiagorekin.

Lan gatazka honetan Eusko Jaurlatritzak izan duen jarrera ere aipagai izan nahi dugu, lotsagarria izan baita. Enpresaren erabakien alde egin du, nahiz eta erabaki hauek gehiegizkoak, ez legezkoak eta bidegabeak izan. CONFEBASKenak ziruditen adierazpenak egin dituzte.

Asteburu honetan Urkullu lehendakaria kezkatuta agertu zaigu, BAIN inbertsio funtsak ITP eros dezakeelako. Erabakiguneak EAEn ez geratzeak eta proiektu industrial sendorik ez egoteak kezkatzen du, eta “enpleguarekiko konpromisoa” aipatu du  lotsati.

LABentzat bada garaia Eusko Jaurlaritzak eta Urkullu lehendakariak kaleratutako langileak, kaleratzeen kontrako epaiketa irabazi zutenak behingoz lanera bueltatzea eskatzeko. ITP-PCBko langile guztien enplegua bermatu behar da. Aspaldi egin behar zen, baina langileen aldeko laugarren epai honek espero dugu balio izatea langileen partetik galdegin ditugun konpromiso eta konponbideak babesteko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari zuzentzen gatzaizkio: noiz arte izango dute enpresek erabateko inpunitatea lan eskubideak zapaltzeko mafiosoen modura jarduteko? Noiz arte emango zaie diru publikoa enplegua eta lan eskubideak suntsitzeko? Noiz arte bidaliko dute Ertzaintza langileak erreprimitzera greba, manifestazio eta kontzentrazioak egiteagatik? Hau da, noiz arte emango zaio erabateko inpunitatea patronalari? LABentzat une hori iritsi da: Ezkerraldeko herritarren, eragileen eta mugimendu sozialaren babesa, langileen borroka eta epai judizialak nahikoa argudio dira nahi dutena egiteari uzteko.

Ikerketa sakonik egin gabe eta aldeei galdetu eta entzun egin gabe artxibatu dute Hondalearen esleipen prozesuaren aurkako salaketa

Donostiako Udaleko LABeko atal sindikalak, uda hasieran, Santa Klara uharteko Hondaleako obrak izapidetzeko prozesuan gutxienez bi jarduketa irregular egon zitezkeela adierazi zuen, eta, horregatik, Fiskaltzari salaketa bat izapidetzea erabaki zuen, zegokion ikerketa egin zezan. Bestalde, Eneko Goiari eskatu zion beharrezko neurriak har zitzala, salaketa argitu arte, eta, horretarako, honako hau egin zezan eskatu zion: besteak beste, proiektuen arduradunaren izendapena behin-behinean etetea.

Orain, hiru hilabete geroago, Fiskaltzak tamalez erabaki du Donostiako Udaleko LABeko atal sindikalak aurkeztutako salaketa artxibatzea, gure salaketaren ikerketa sakonik egin gabe eta aldeei galdetu eta entzun ere egin gabe.

Donostiako Udaleko LABeko atal sindikaletik adierazi nahi dugu, salaketa artxibatu den arren, bere garaian salatutako bi jarduketa irregularrak hor jarraitzen dutela, Fiskaltzak kontuan hartu ez dituen arren.

Alde batetik, Fiskaltzak onartu du “uharteko itsasargiaren eraikina birgaitzeko proiektuaren obraren zuzendaritza” LKS-Fhekor-i lizitaziorik gabe, kontratu txiki bidez, eskuratu izana. Eta, bestetik, Udalak arkitekto bati eman zion uharteko itsasargiaren eraikina birgaitzeko lanak idazteko ardura, baina LKS-Fhecor-ek egin zuen, Udalak haiekin kontraturik egin gabe. Hau da, proiektuko lan nagusietako bat kontraturik gabe egin zen, azalpenik gabe. Gai erabat irregularra eta Udalak fiskaltzari azaldu ez diona

Donostiako Udalak proiektu hau LKS-Fhecor-i zuzenean kontratu txiki baten bidez esleitzea, eskandalua besterik ez da, eta, gainera, legezkotasuna zalantzazkoa du. LKS- Fhecor-ek prezioak bota zituen proiektu hau zuzenean, atzamarrez, esleitu ahal izateko, baina mundu guztiak daki enpresak eskainitako zenbatekoa ez zela nahikoa proiektu hori gauzatzeko. Horrela, ez dira betetzen Sektore Publikoko Kontratuen Legearen manuak, zerbitzu horiek modu irekian lizitatu ez direlako. Zoritxarrez, Fiskaltzak ez du hori ikertu.

Bestalde, salatu nahi dugu LKS-Fhecor-ek obra-zuzendaritzan egindako gastua Alfa Arte enpresak ordaindu duela, baina enpresak aurkeztutako proiektuan ez zegoela partidarik LKS-Fhecor-en zuzendaritza-lana ordaintzeko.

Fiskaltzaren artxibatze-autoak ere ez du horri buruz ezer esaten. Alfa Artek gastu horiek ordaindu baditu, Proiektu eta Obretako arduradunak hala esan zuelako da. Bigarren irregulartasunaren aurrean gaudela uste dugu, Udal Aurrekontuko diru publikoa gaizki erabili baita.

Beraz, artxibatze-dekretua eta Udalak aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu ondoren, ondorioztatzen dugu Donostiako Udalak ezin izan duela justifikatu proiektua LKS_Fhecorre-i lizitaziorik gabe zuzenean esleitu izana, ezta horren ondoriozko exekuzio- gastuak ordaintzea ere, irregulartasunik egin gabe. Tamalez, Fiskaltzak ez ditu ikertu bi gai hauek.

Donostiako Udaleko LABeko atal sindikalak ikerketa horretan aurrera egiteko aukera abere aholkulari juridikoekin aztertuko du.

Hitzarmena sinatu dugu Arabako Zurgintzan; hobekuntza nabarmenak ekarriko dizkie sektoreko langileei eta prekaritatetik ateratzeko lagunduko du #LortuDugu

Gaur, irailak 27, Arabako Zurgintzako Mahai Negoziatzailea bildu da eta hitzarmena sinatu dugu. 2 urte eta erdiz luzatu den negoziazioaren ostean, sektoreko langileek badute eragin osoko hitzarmen berria. Gogorarazi nahi dugu sektore honetan 500 langilek lan egiten dutela eta asko sufritu dituztela 2008ko krisia baita pandemiaren egoera ere.

Horregatik, azpimarratu nahi ditugu hitzarmenak dakartzan puntu nagusiak, gure ustez sektorearen arazo askori erantzuten baitizkio, langileak prekaritatetik ateratzeko lagunduz:

• Urtero %1,5eko igoera, eta hitzarmenaren amaieran KPI-arekiko berrikuspena

• San Jose pagaren kontsolidazioa

• Inaplikazio klausula

• Ultraktibitate mugagabea

• Izatezko bikoteen eta ezkontiden berdintzea

• Kategoria baxuenen (formakuntzakoak) berrikusteko konpromisoa

• Sektoreko Berdintasun Batzordea

• Egutegian egun bat mugitzeko aukera, hurrengoan lanaldia jaisteko aukera irekiz • Laneko bajetan osagarria hobetzea 10 hilabetetik 15era

Horrela, igoerari eta San Jose pagaren kontsolidazioari esker, hitzarmenaren amaieran langileen soldatak gutxienez %6,7 igoko dira.

LAB langileen aktibazioa etengabe bultzatzen saiatu da, bere kabuz ekimenak abiatuz eta ahal izan den neurrian batasun sindikala sustatuz sektorea astintzeko. Horrela, azken hilabeteetako dinamika proposamenak LAB-ek bultzatu ditu, eta argi dugu horri esker lortu dela patronala bere hasierako posizioetatik mugitzea. Joan den uztailean, 4 sindikatuok mobilizazio bateratu bat deitu genuen eta SEAko arduradunei 300 langileren sinadura helarazi genizkien, hitzarmen duin bat eskatuz.

Argi adierazi nahi dugu bide amankomuna zaila izan dela: batzuetan gogo eskasa nabaria izan da eta besteetan posizio maximalistetan kokatuta konfrontatzeko asmo falta ezkutatzea ere ikusi izan dugu.

Hala ere, LABek bereari eutsi dio eta langileen aktibazioa eta elkarlan sindikala bultzatzen tematu gara lortu arte, azken hau nahi baino txikiagoa izanda ere.

Honenbestez, LABek hurrengo urteetan lan egiten jarraituko du, sektorean borrokak eta dinamikak pizten, beti ere sektorean lan baldintza duinen defentsan, eta hurrengo hitzarmenean are hobekuntza gehiago borrokatzeari begira.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek kaleak hartu dituzte berriro

Asteko bigarren eta azken greba eguna egin dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek. Oraingoan, Donostian ostegunean egindako manifestazio arrakastatsuaren ostean, auto karabana bat egin dute euren aldarrikapenak jendarteratzeko. Era berean, elkarretaratzea egin dute Donostiako Intxaurrondoko Txara II egoitza aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiari gatazkari amaiera eman diezaion exijitzeko.