2026-01-25
Blog Page 450

Iruñean mobilizatu gara, Nafarroako Gobernuak 10.000 lanposturen Lan Eskaintza Publikoa egin dezan eskatzeko

Foru Administrazioko lanpostu asko aldi baterako kontratatutako langileek betetzen dituzte. Administrazio publikoak berak izan dira egoera jasanezin horretara eraman gaituztenak. Beharrezkoa da plantillak egonkortzea eta aldi baterako kontratazioaren abusua amaitzea. Horretarako, birjartze-tasa kentzea eta gutxienez 10.000 lanpostuko LEP baterako deialdia egitea eskatzen dugu. Hau guztia aldarrikatzeko mobilizatu gara Iruñean. Batzar-elkarretaratze batera deitu dugu, Merindadeen plazako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean. Handik manifestazioan joan gara Nafarroako Gobernuaren egoitzara.

Madrilgo Gobernuak urteak daramatza birjartze-tasa ezartzen, eta, horregatik, plaza kopuru mugatu bat baino ez da ateratzen LEPera. Zerbitzu publikoa ematen jarraitu ahal izateko, behar diren gainerako lanpostuak aldi baterako kontratuen bidez betetzen dira. Horren ondorioz, azken urteotan, behin-behinekotasuna etengabe handitu da, eta Foru Administrazioko zenbait eremutan% 50etik gorakoa da.

Nafarroako gobernuek ez diote zentzugabekeria horri aurre egin nahi izan, eta men egin diote zerbitzu publikoak eta milaka pertsonaren lan-baldintzak hondatzera daraman arau ulertezin horri.

Egoera horri bukaera emateko ordua da. Horretarako, ezinbestekoa da birjartze-tasa kentzea eta Lan Eskaintza Publiko handi bat egitea gaur egun aldi baterako langileek betetzen dituzten plaza guztiak betetzeko eta, horrenbestez, plaza horietan guztietan lan finkotasuna lortzeko. Eta LEP hori baino lehen, “egiturazkotzat” jotzen diren lanpostu guztiak “plantillako lanpostu” izatera pasatu behar dira. Izan ere, trikimailu horrekin langile finkoek bete beharko lituzketen plazak ezkutatu besterik ez dute egiten.

“Segregaziotik inklusiora”, irakaskuntzaren inguruko jardunaldiak egingo ditugu martxoaren 27an Gasteizen

Azken hilabeteotan, LABek eskola-sisteman ematen diren segregazio anitzen inguruko gogoeta-prozesu bat bultzatu du, eta horren ondorioz lan-txosten bat osatu du, eztabaidarako oinarri gisa zabalduko duguna. Jatorria, hizkuntza, kultura, erlijioa, aniztasun funtzionala, generoa edo klasearen arabera ikasleak segregatzea arrazista eta klasista dela deritzogu. Gure ustez, hezkuntzak ezin ditzake berak bakarrik segregazioak gainditu, baina hezkuntzatik badago zer egin.

Txostenaz gainera, eta hausnarketan laguntzeko asmoz, Segregaziotik Inklusiora izenburuko Jardunaldi irekiak egingo ditugu martxoaren 27an, Gasteizko Europa Jauregian. Bertan, Hernaniko Hezkuntza Plataforma, Aranbizkarra Ikas komunitatea edota AMUGE emakume ijito feministen ordezkariek segregazioa gainditzeko egiten ari diren lana azalduko dute.

Beste alde batetik, EHUko Onintza Odriozola eta HUHEZIko Eneritz Garro irakasleek “Segregazioa gaindituz herri, hizkuntza eta kultura zapaldutik” izenburuko mahai-inguruan parte hartuko dute. Ondoren, Intersindical-CSC sindikatuko Antoni Casserres –ek Catalunyan dagoen harrera-protokoloaz hitz egingo digu, eta Diana Urrea politikari eta aktibista feminista eta antiarrazistak, Colombiatik Euskal Herriratu zeneko esperientziatik mintzatuko da.

Horretaz gainera, esan bezala, LABetik osatu dugun txostena publikoa egingo dugu.

Nafarroako garbitzaileak mobilizatzen hasi dira, sektoreko lan hitzarmen duina lortze aldera

LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuok deituta, dozenaka garbitzaile kalera atera dira, Iruñean, Garbiketen Nafarroako lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko. Lehenbizi batzarra egin dute Burguen plazan, eta gero manifestazioan joan dira Nafarroako Parlamenturaino. Langileek nabarmendu dute funtsezkoak direla, eta are funtsezkoagoa dela garbitzaileek hitzarmen duina izatea.

Sindikatuek eta patronalak iragan otsailaren 4an egin zuten Garbiketen lan hitzarmenaren berritzea negoziatzeko azken bilera. Patronala mahaitik altxatu zen bilera hartan, eta negoziazioak hautsi egin ziren. Hala, mobilizatzen hasteko aukera baino ez zuten ikusi sindikatuek. Gaurkoa izan da lehenbizikoa. Martxoaren 24an elkarretaratzea eginen dute CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen Iruñeko egoitzaren parean. Eta gerora, negoziazioak berriz hasi eta aurrerapausoak ematen ez badira, apirilaren bigarren hamaborztaldian grebara joateko asmoa dute.

Nafarroako Parlamentuaren parean eginiko mintzaldietan, sindikatuetako ordezkariek martxoaren 8an erakundeek eginiko keinu sinbolikoak aipatu dituzte. “Utz itzazue sinbolismoak alder batera, zuek baituzue kontratatzen dituzuen enpresek genero diskriminazioa alda dezaten presioa egiteko gaitasun eta ardura. Izan ere, genero berdintasunarekin konprometituak bazaudete, lanaldi partziala bukatzeko konpromisoa ere izan beharko zenukete. Izan ere, emakumeon eskubideekin konprometituak bazaudete, soldata arrakala bukatzeko konpromisoa ere izan beharko zenukete”.

Sindikatuek gogoratu dute Garbiketa enpresetan emakume langileen %80 lanaldi partzialekin dabilela, eta emakume langileen %90 gizon langileek baino gutxiago kobratzen duela. “Patronalak hitzarmenaren negoziazioak hautsi ditu”, adierazi dute. “Eta guk, sektore feminizatu honetako langileok, erran nahi diegu soldata arrakala eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak ezabatuko dituzten hobekuntzak lortzen ez badira, grebara joko dugula. Gu funtsezkoak bagara, are funtsezkoagoa da hitzarmen duina lortzea”.

Patronalak, CCOOk, UGTk eta Madrilek plataforma digitalen banatzaileen inguruan lortutako akordioa ez da nahikoa, eta prekaritateari ateak zabalik uzten dizkio

LABek Estatuko Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lortutako akordioa ez dela nahikoa eta ez dituela plataforma digitaletako langileen lan eskubideak bermatzen berresten du. Aitzitik, ateak zabalik uzten ditu etxez etxeko banaketa-enpresa digitalek beste bide batzuk bila ditzaten riderrak esplotatzen eta prekarizatzen jarraitzeko.

Ez dugu ahaztu behar plataforma digitalek etxez etxeko banaketarako ezarri duten eredua kapitalaren estrategia oso baten izozmendiaren punta dela. Estrategia horrek, behin eta berriz salatu dugun bezala, lana merketzen duen eta milaka langileri erabateko prekarietatea ezartzen dien lan harremanen eredu bat bultzatu nahi du. Horregatik, ezaugarri horiek dituen erregulazio bat ezin da riderretara mugatu, baizik eta ustezko autonomo guztiak hartu behar ditu, eta azpikontratazioaren gaitza errotik konpondu. Ad hoc salbuespenak edo erregulazioak ezartzeak lan eskubideen aplikazio orokorra ahuldu besterik ez du egiten.

Bestalde, lortutako akordioak ez du errotik bukatzen mota honetako enpresen ereduaren muinarekin: algoritmoa eta haren aplikazioa produkzio prozesuan. Egia da langileek algoritmoek lan baldintzen gaineko eraginari dagokionez ezartzen dituzten arauei buruzko informazioa izan beharko dutela, baina ez da ezartzen horien gaineko kontrol publikorako mekanismorik. Algoritmoen ezagutza eta erregistro publikoa ezinbestekoa da enpresa horien jarduera kontrolatzeko

Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren, bai eta Lan Ikuskaritzaren txostenen eta, batez ere, langileen borroken ondoren, onartezina da borroka prozesu osoa faltsuan ixtea. Inoiz baino garrantzitsuagoa da gogoratzea borroka prozesu guztia langileen antolaketari esker izan dela, estatu osoko sindikatu alternatiboekin batera, non LAB presente egon den.

Ildo horretan, premiazkoa da ustezko autonomoen iruzurra eta azpikontratazioa bere osotasunean bukatzearen alde egitea, tresna digitalen kontrol publikoa duen erregistro bat sortzea eta lan harremanen esparru eta kode propio bat ezartzea ildo horretan aurrera egiteko. Antolaketaren, borroka kolektiboaren eta sektorearen batasunaren bidez, riderren lan baldintzak hobetu daitezke. LABek ildo horretan lanean jarraituko du.

Borroka da eskubideak lortzeko bidea

Gestamp Taldeko GTS EREaren epaia ezagutu dugu.  Epai horretan, berretsi da LABetik hasieratik esan duguna: ez zegoela arrazoirik enpresa ixteko eta langileak kaleratzeko. Horregatik egon ziren langileak borrokan eta greban bi hilabete luzez. EREaren negoziazioa akordiorik gabe amaitu zen, inork ez zuen adostu EREa. Langileek greban eta borrokan jarraitu zuten, eta borrokaren ondorioz, beranduago, Gestampek proposamen bat egin behar izan zien langileei epaitegietara ez jotzearen truke.

Proposamen hori langile komiteak batzarrera eraman zuen eta langile batzarrak proposamena gehiengo zabalez onartu zuen. Horrenbestez, Enpresa Batzordeak eta LABek (gehiengoa zuen sindikatuak) langileek erabakitakoa errespetatu  zuten. Eskaintza horrek langile batzuk birkolokatzea, kaleratze bidegabeari dagokiona baino diru gehiago jasotzea eta aurrejubilazioak jasotzen zituen.

Orain ezagutu dugun epaiak kaleratzeak bidegabeak direla dio, baina kaleratzeak baimentzen ditu. Baina langileek lortutako akordioak epaiak jasotzen dituen baldintzak baina hobeak zituen. Zorionez, epaiak langileek lortutako baldintzak mantendu ditu, eta horrenbestez, langileek ez dute dirurik itzuli behar.

Gestampen gertatuak  argi uzten du:

-Langileen antolakuntza eta borroka da eskubideak lortzeko tresna eraginkorrena. Lan erreformak juridikoki enpresei aukera ematen die era bidegabean langileak kaleratzeko. Horregatik, ezinbestekoa da lan erreforma ezereztea.

-Jaurlaritza Gestampeko kaleratzeen konplize izan da, diru publiko ematen aritu den arren, ez duelako ditu hori ematearen truke inolako baldintzarik ezarri:ez dio enplegua mantentzea exijitu.  

2020an gehien hazi den sindikatua gara Hego Euskal Herrian

Azken hamarkadan, LAB ia 4 puntu eta 549 ordezkari igo da Hego Euskal Herrian, gainontzeko sindikatuek ehunka ordezkari galdu dituzten bitartean. Afiliazioan ere gora egin dugu: %3 hazi da 2020an eta ia 45.000 afiliatu ditugu Euskal Herri osoan. Halaxe jakinarazi dute sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak, Bilbon egindako agerraldian. “Bizitzen ari garen sindemiari, lan eta bizi baldintzen prekarizazioari aurre egiteko, borroka sindikalak areagotu behar dira. Eta LAB indartsu sartu da borroka ziklo berri honetan”, adierazi du Arroyok, eta martxoaren 22an, Ipar Euskal Herrian, enpresa txikietako hauteskunde kanpaina hasiko dugula erantsi du.

LAB sindikatu independentista, sozialista, feminista eta euskalduna da. Euskal Herrian gehiengo zabal batek defendatzen dituen baloreak dira, gehiengo zabala gara aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunak eta horren isla da geroz eta langile gehiagok bat egiten dutela LABekin.

LABek hazkunde fasean jarraitzen du, hala hauteskundeetan nola afiliazioan. Euskal langileak LABen borrokarako konpromisoa saritzen ari dira. “Langileen lan eta bizi baldintzak borrokatzen ditugu, horretarako proposamen eraldatzaileak eginez, irekitzen ari den aro berrian langileen beharrak, bizitza erdigunean kokatzeko, orain gutxi aurkeztu dugu Programa Sozioekonomikoa eta Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzarako legea. Inposatu zaizkigun erreforma eta murrizketek bultzatzen duten langile zatiketa eta prekarizazioari aurre egin eta langileen eskubideen defentsan eraginkorragoak izateko eredu sindikala berritu egin dugu”, azaldu du idazkari nagusi ondokoak.

Sindikalismoa birpentsatu eta bazterrean egon direnak erdigunera ekartzeko edota perspektiba feminista zeharlerro moduan gure sindikalismoan txertatzeko eginiko saiakera fruitua ematen ari da. Igor Arroyoren hitzetan, “LABen afiliatzen eta bozkatzen dutenen artean, emakumeen, gazteen eta migranteen kopuruak nabarmen egin du gora. LABek jarraituko du ildo horretan lan egiten, langile sektore guztientzat tresna eraginkorra izateko eta langile subjektua berrosatzeko”.

Idazkari nagusi ondokoaren arabera, “ikuspegi zentralista duen eta patronalaren neurriko elkarrizketa sozialaren ereduan parte hartzen duen sindikalismoa gainbehera doa. Euskal langileek bertako sindikatuak nahi dituzte bertako lan baldintzak eta hitzarmenak defendatzeko. EAEko eta Nafarroako Gobernuek elkarrizketa sozialaren eredu honi babesa emateari utzi behar diote”.

Aldaketak etorriko dira, “aldaketen norabidea zein izango den, neurri handi batean indar korrelazioen araberakoa izango eta LABek azken urteetan bildu duen indar hau langile eta herri moduan ditugun erronken mesedetan baliatuko du”.

EAEko Hezkuntzako langileen txertaketan planifikazio falta eta inprobisazio gehiegi dagoela salatu dugu

Txertaketarekin EAEko Jaurlaritza bertsolaritza-ariketa egiten ari da, eta, inprobisatuz, eta irizpideak aldebakarrez zehazten, txertoa dela-eta Mutua pribatuekin hasitako negozioa alde batera utzita, Osakidetza da orain inprobisatzen hasi dena. Herri honen kudeatzaile lez beraien burua maisu-maistratzat dutenak, egunez egun ari dira irizpideak aldatzen, langileokin partekatu gabe eta Teleberria zuriketarako eta propagandarako erabiliz.

Nahiz eta oraingo irizpideen arabera eskoletan lan egiten duten langile guztiei dagokien txertatzeko aukera (baita logopeda, praktiketako irakasle, arratsaldeetako begiraleei ere, besteak beste), hau da, nahiz eta milaka langileri zabalduko zaien txertatzeko aukera, Jaurlaritzak ez du Lan Osasun Batzorderik deitu txertatzea planifikatu ahal izateko.

Planifikazioa beharrezkoa da, ematen ari diren hainbat desoreka ekiditeko: ikastetxe bereko langile guztiak ez daitezen momentu berean txertatzera joan (ikasleak zerbitzurik gabe utziz) eta txertoaren balizko albo kalteek ez dezaten eskolaren funtzionamendua baldintzatu (txertoa jaso osteko egunean hainbat langile bajan egon behar dutelako).

Horregatik eskatzen dugu:      

-Eskoletako lehen lerroan dauden langile guztiek txertatzeko aukera jasotzen dutela berma dadila, garbitzaileak barne. Eta neurri berean, jarraipen estua egin dadila Basurto eta Santa Marina ospitaleetan gertatutakoak errepika ez daitezen.

-Txertaketa eskolako egunerokotasuna oztopatu gabe burutuko dela bermatuz planifika dadila. Pandemiak areagotu zuen arrakala pedagogikoari erantzun nahian ari garen honetan, txertoak sortzen dituen ondoezek ez dezatela ikasgeletako lana baldintzatu.

-Txertoa jasoko duten eskoletako langile-errolda zabalik mantendu dadila aurrerantzean. Milaka dira ordezkapenak egiten dabiltzan langileak, eskola finkorik gabe. Horregatik, ordezkapena hastearekin batera txertoa jasotzeko aukera guztiek izan beharko lukete.

Tokiko errealitatea eta beharrak kontutan hartuko ditugula jakinarazi dugu, Ipar Euskal Herriko enpresa oso txikietako hauteskundeen atarian

Erabakitzeko eskubidea berreskuratzeko eta tokiko alternatiba baten alde egiteko, Enpresa Oso Txikietako (TPE) hauteskundeetan izango da LAB Ipar Euskal Herrian, martxoaren 22tik apirilaren 6a bitartean. Hain zuzen ere, enpresa oso txikietako langileak nahi duten sindikatuarentzat bozkatzera deituak daude datozen asteetan. Bada, egunerokotasunean, LABek tokiko errealitatea, bertako beharrak eta langileen kezkak kontutan hartzen ditu. Hala, gure iritziz, enpresa oso txikietako langileetatik hurbilago dauden erabakiguneak sortzea beharrezkoa da, eta hori izango da gure helburuetako bat.

Era berean, pentsatzen dugu enpresa oso txikientzat formakuntzarako eskubide pertsonalak eta kolektiboak eskainiko duen sistema behar dela. Langile guztientzat, ordainduak ez diren ordu gehigarrientzat, derrigorrezko agiri indibidualizatu bat enpresa guztientzat plantan ematea nahiko genuke.

Enpleatuak izateko, aldikakoak edo berriz hartze batetakoak diren bisita medikalak errespetatu, langile bakoitza segurtasunean, osasun fisiko eta mental onean dagoela ziurtatzeko eskubidea langileei eman behar zaiela diogu. Bestalde, enpresa handietan bezala, aktibitate sozial eta kulturaren abantaila izatea aldarrikatzen dugu.

Gure bozkarekin, gutxieneko hilabete sari bat borrokatuko dugu, duintasunez bizitzea ahalbidetuko duena.

Eserialdia egin dugu Lakuan, eskola jangeletako langileen lan baldintzen defentsan

Mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari eskatu diogu jangeletako langileen ordezkariekin hitz egiteko eser dadila eta zerbitzuaren aldeko apustu garbia egin dezala.

Hain zuzen ere, LAB sindikatuak behin eta berriz eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskola-jangeletako langileen ordezkariekin eseri dadila; ratioak berrikusteari, enpleguari eusteari eta lan-baldintzei buruz hitz egiteko, joan den urrian egindako bileran eta Legebiltzarreko hezkuntza-batzordean emandako hitza betez.

Argi dago Jokin Bildarratzen sailari gutxi axola zaiola jangelen etorkizuna eta langileena. Ez dute horren aldeko apustu argirik egin nahi. LAB sindikatuan beti defendatu izan dugu jangelak ikastetxeetako hezkuntza-espazio bat gehiago direla, eta ez zerbitzu osagarri hutsa, beraiek ulertzen duten bezala.

Ez dakigu zer gertatuko dan datorren ikasturtean 800 langile ingururekin; gehienak aldizkako langile finkoak dira, eta ikasturte honetan lankidetza errefortzuak egiten ari dira, batez ere bigarren hezkuntzako ikastetxeetan lan egiten dutenak.

Hezkuntza Sailaren kudeaketa txarra dala islatzen duen datu bat da ikasturte honetan 17.000 haur inguru ezin izan direla jangelan sartu.

Hau esanda, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari berriro eskatu diogu, behingoz, sor dezala elkarrizketa-mahai bat jangeletako langileekin, ratioez, enplegua eusteaz eta lan-baldintzez hitz egiteko.