2025-05-17
HomeEkintza Politikoa2020an gehien hazi den sindikatua gara Hego Euskal Herrian

2020an gehien hazi den sindikatua gara Hego Euskal Herrian

Azken hamarkadan, LAB ia 4 puntu eta 549 ordezkari igo da Hego Euskal Herrian, gainontzeko sindikatuek ehunka ordezkari galdu dituzten bitartean. Afiliazioan ere gora egin dugu: %3 hazi da 2020an eta ia 45.000 afiliatu ditugu Euskal Herri osoan. Halaxe jakinarazi dute sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak, Bilbon egindako agerraldian. “Bizitzen ari garen sindemiari, lan eta bizi baldintzen prekarizazioari aurre egiteko, borroka sindikalak areagotu behar dira. Eta LAB indartsu sartu da borroka ziklo berri honetan”, adierazi du Arroyok, eta martxoaren 22an, Ipar Euskal Herrian, enpresa txikietako hauteskunde kanpaina hasiko dugula erantsi du.

LAB sindikatu independentista, sozialista, feminista eta euskalduna da. Euskal Herrian gehiengo zabal batek defendatzen dituen baloreak dira, gehiengo zabala gara aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunak eta horren isla da geroz eta langile gehiagok bat egiten dutela LABekin.

LABek hazkunde fasean jarraitzen du, hala hauteskundeetan nola afiliazioan. Euskal langileak LABen borrokarako konpromisoa saritzen ari dira. “Langileen lan eta bizi baldintzak borrokatzen ditugu, horretarako proposamen eraldatzaileak eginez, irekitzen ari den aro berrian langileen beharrak, bizitza erdigunean kokatzeko, orain gutxi aurkeztu dugu Programa Sozioekonomikoa eta Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzarako legea. Inposatu zaizkigun erreforma eta murrizketek bultzatzen duten langile zatiketa eta prekarizazioari aurre egin eta langileen eskubideen defentsan eraginkorragoak izateko eredu sindikala berritu egin dugu”, azaldu du idazkari nagusi ondokoak.

Sindikalismoa birpentsatu eta bazterrean egon direnak erdigunera ekartzeko edota perspektiba feminista zeharlerro moduan gure sindikalismoan txertatzeko eginiko saiakera fruitua ematen ari da. Igor Arroyoren hitzetan, “LABen afiliatzen eta bozkatzen dutenen artean, emakumeen, gazteen eta migranteen kopuruak nabarmen egin du gora. LABek jarraituko du ildo horretan lan egiten, langile sektore guztientzat tresna eraginkorra izateko eta langile subjektua berrosatzeko”.

Idazkari nagusi ondokoaren arabera, “ikuspegi zentralista duen eta patronalaren neurriko elkarrizketa sozialaren ereduan parte hartzen duen sindikalismoa gainbehera doa. Euskal langileek bertako sindikatuak nahi dituzte bertako lan baldintzak eta hitzarmenak defendatzeko. EAEko eta Nafarroako Gobernuek elkarrizketa sozialaren eredu honi babesa emateari utzi behar diote”.

Aldaketak etorriko dira, “aldaketen norabidea zein izango den, neurri handi batean indar korrelazioen araberakoa izango eta LABek azken urteetan bildu duen indar hau langile eta herri moduan ditugun erronken mesedetan baliatuko du”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa egingarria da eta onurak ekarriko dizkio euskal langile klase osoari

LGS propioaren alde esparru sindikalean, sozialean, politikoan zein instituzionalean lanean jarraituko dugu, gaurko mintegiak eskaini dizkigun ekarpenak presente izanik.

LABek BOST enpresako ordezkariei erabateko babesa erakutsi die Donostiako epaitegian, enpresaren aldetik jasaten ari diren jazarpenaren aurrean

LAB sindikatuak BOST enpresako bere delegatuei erabateko babesa erakutsi die, eta ohartarazi du beharrezkoak diren bideak jorratuko dituela bere ordezkarien eta afiliatuen defentsan.

Faxismoaren oldarraldi LGTBIfobikoaren aurrean, atzera urratsik ez!

LABen aldarrikatzen dugu sexu- eta genero-disidentzia sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino gehiago dela: kapitalismo heteropratiarkalak esleitutako leku eta roletatik askatzen gaituen hautua da.