2026-07-22
Blog Page 449

Santurtziko Serantes Kultur Aretoko langileei esku-hartze sozialeko hitzarmena aplikatzea lortu dugu #LortuDugu

Euren lan baldintzen defentsan mobilizazioei esker, Santurziko Serantes Kultur Aretoko (SKA) langileek dagokien hitzarmena aplikatzea lortu dute, esku-hartze sozialekoa, hain zuzen ere. Orain arte, Langileen Estatutua aplikatzen zieten. COVID-a aitzaki, murrizketak ezarri zizkieten, euren lana oraindik eta gehiago prekarizatuz.

SKA Santurtziko udalaren zerbitzua izan arren, azpikontratatutako enpresa batek kudeatzen du. Hau da bertako udal gobernuaren egiteko era, lan baldintzak okertzea eta kultur eskaintza murriztea.

Langileen aldarrikapen nagusienetako bat esku-hartze sozialeko lan hitzarmenaren aplikazioa zen. Orain arte, Langileen Estatutoa aplikatzen zitzaien. Mobilizazioei esker lortu dugu, borrokak merezi duela argi utziz.

Migrazio politika arrazistak hil egiten du

Gaur Ziburun, goizaldeko 05:30ak aldera, hiru gazte hil dira eta laugarren bat larriki zauritua izan da. Pertsona horiek migrazio-bidean zeuden, Ziburu eta Donibane-Lohizune lotzen dituen trenbidearen ertzean lo egiten. Horietako biri buruz ezagutu ahal izan dugu Aljeriatik zetozela eta 28 eta 36 urte zituztela.

2021ean, gutxienez zazpi hildako izan dira. Heriotza hauek ez dira gertakari isolatu bat. Hendaia-Baiona tartean gertatzen dira bereziki, militarizatua dagoen muga batean, egunero etnia- eta arraza-profilaren araberako kontrol selektiboak egiten diren muga batean. Ez da urriaren 12ko efemeride bat, baizik eta migrazio-politika arrazista batzuen ondorio sistematiko bat, LAB sindikatutik salatu eta arbuiatzen ditugu.

Migrazioaren eta neo-kolonialismoaren arteko loturak egon badaude. Prozesu beraren parte gisa, harresi den Europak Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioen konplizitatearekin batera bazterketa prozesu hori erreproduzitzen du; aldi berean, milaka langile migraturen oinarrizko eskubideak urratzen ditu; herriak eta lurraldeak arpilatzen eta kolonizatzen ditu. Lurralde horiek dira pertsona hauetako askoren jatorrizko herriak, eta migrazio-proiektuak bizirauteko eta bizi-baldintza hobeak bilatzeko estrategia gisa abiatzen dituzte.

Epaiketa irabazi dugu Elecnor-en #LortuDugu

Movistarreko azpikontrata den Gasteizko Elecnor enpresan, lan sindikala oztopatzeko asmoz, sail sindikala osatzea ukatu zion enpresak LABi. Horretarako, trikimailu bat erabili zuen 2020an: sekzio sindikala osatzeko Espainiako estatuko langile guztien %10 eskatzen zion.

LABek argi zuen eskaera hori zentzugabea zela. Arabako langileak hartu behar zirela kontuan defendatzen zuen, eta auzitara jo zuen. EAEko Justizia Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion LABi lehen epaiketan. Enpresak errekurritu egin zuen epaia, eta orain, Espainiako Auzitegi Gorenak lehen epaia berretsi eta arrazoia eman digu: LABek sail sindikala osatzeko eskubidea du.

Enpresaren jarrerak azalpen argia du: mendekua. Sekulako irabaziak dituen enpresari lan baldintzak duintzea eskatzeko borrokan egon baitziren langileak, 43 egun luzatu zen greba egin zuten, besteak beste. Grebari esker lan baldintzak hobetzea lortu zuten, eta oraingoan, beste garaipen bat da, juridikoa, kasu honetan.

LABek tresna guztiak jarriko ditu enpresetan antolatzen jarraituko du eta lan baldintzak hobetzeko borrokatzen.

Uruguaiko PIT CNT sindikatuarekin bildu gara, elkarren arteko harremanetan sakontzeko

LAB sindikatuak Uruguai-ko PIT CNT zentral sindikaleko Nazioarteko harremanetarako idazkari Jorge Bermudez-en bisita jaso du gaur. Euskal Herriko eta Uruguai-ko testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoaren inguruan hitz egin eta bi sindikatuen arteko harremanetan sakontzeko baliatu dugu topaketa.

Euskal Herria eta Uruguai harreman historiko dituen bi herri gara, historikoki elkarrekiko elkartasun handia izan dioguna.

Euskal Herria eta Uruguai, bi herrialdeen arteko harreman historikoengatik eta bi herrialdeen artean izan den elkarrekiko elkartasunagatik, milaka kilometrotara egonik ere elkarrengandik oso hurbil sentitzen diren bi herrialde dira. Ziur gaude bi sindikatuen arteko harremanek gure estrategia sindikalak hobetzeko balioko dutela, langile klasearen lan eta bizi baldintzak hobetzen laguntzeko bidean.

Sidenorren ere langileek ordaintzea nahi dutela salatu du GarbiƱe Aranburuk

IruƱerriko Urban Sons dendetako langileek enpresak hasitako kaleratze kolektiboaren enplegu erregulazio espedientea salatu dute, euren lanpostuek indarrean jarraitzen baitute

Urban Sons markako langileek elkarretaratzea egin dute, orain Denin and Friends izena duen IruƱeko dendako atearen aurrean, euren egoera salatzeko.

Bi aste dira Urban Sons enpresak Nafarroako enpresak IruƱerrian dituen 3 dendak (Karlos III.a etorbidea, Morea eta Itaroa) itxi dituela. Baina ezustekoa etorri da, hain zuzen ere, kontratuak iraungitzeko enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldiko lehen egunean, hiru dendetatik bik ateak ireki zituztenean beste langile batzuekin, lan-jarduera bera izan arren: arropa eta osagarriak saltzea.

Denda horietako langileek, guztiak emakumeak izanik, beren lanpostua nola desagertu den entzun behar izan dute, dendak beste izen batekin funtzionatzen duen bitartean, baina altzari berberak erabiltzen jarraitzen dute, pertxa berberak, maniki berberak eta baita alfonbratxo bera ere, buelta emanda hori bai.

Beren egoera bidegabea onartezina da. Urban Sons enpresaren jabeak, Banur enpresa eraikitzailearen jabea ere badenak, enpresen ondorengotza ukatzeaz gain, langileek jaso beharko lituzketen kaleratzeagatiko kalte-ordainak ere ukatzen ditu, Fogasara joatera behartuz.

Egoera onartezina da, eta legeak baimentzen badu ere, argi dago marka horren jabeak, nahi izan balu, alde batetik, marka eskualdatzea negozia zezakeela, langileek beren lanpostuetan jarrai zezaten, edo, nahi izanez gero, legeak kaleratzeagatik ezartzen dituen kalte-ordainak ordain zitzakeela, bere jabetzako beste enpresa batzuen bidez.

Langileek beren lanpostuen alde mobilizatzen jarraituko dute. Lanpostu horiek egon, badaude, baina ukatu egiten zaizkie. LABen ustez, ez da onargarria enpresariek darabilten inpunitatea, legeek, gobernuek eta auzitegiek langileek jasaten dituzten gehiegikeria hauen aurrean justiziarik egin gabe.

Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko

LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, delako “Hispanitate Egunaren” ospakizuna inposatzen zaigun neurrian, egoitzak zabalik izango ditugu, eta ohiko ordutegi eta lan jarduerari eutsiko diegu.

Espainiak Amerikako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egunean, urriaren 12an, zer ospaturik ez dugu.

Kudeatzailearen aldaketarekin Gasteizko kale-garbiketako zerbitzuan ditugun aldarrikapenei bide ematea eskatzen dugu

Gasteizko Kale Garbiketa Publikoaren eta Hiri Hondakin Solidoen Bilketaren Zerbitzuaren kudeaketan enpresa aldaketa errealitate bat da. Lizitazio-prozesu luze eta bihurri baten ondoren, azkenean CESPA-ONAINDIA ABEEari esleitu zaio zerbitzua, eta Gasteizko kontratarik garestienaren (26.855.000 euro urtean) kudeatzaile lanetan hasiko da azaroaren 1ean.

LABek argi baino argiago utzi nahi du oraindik zerbitzua kudeatzen duen ABEEak (FCC-GMSM) egindako kudeaketa. Izan ere, kontratu honek iraun duen bitartean guretzat berebiziko garrantzia duten gaiak konpontzeko borondate gutxi dagoela erakutsi du. ABEE honek Lan Segurtasunaren eta Osasunaren arloan hartutako neurriak eta erabakiak ez dira nahikoak izan, multinazional mota horientzako arriskuen prebentzioa kostu erantsia baino ez dela agerian utzi dute, eta ez daudela kostu hori berengain hartzeko prest. Bestalde, hitzarmen kolektiboan aitortutako gizarte-estaldurak, hala nola txanda-kontratuan hartutako erretiro partziala eta aitatasun-lizentzia, ez dira aplikatu eta bultzatu arauak agintzen duen bezala, langileen duintasunaren aurkako eskubide bat murriztuz.

Zerbitzuaren kudeatzaile-aldaketa horrekin batera, epe labur edo ertainean, neurri garrantzitsuak hartu behar dira. LABek lehentasunezkotzat jotzen du Arriskuen Ebaluazio bat egitea, plantilla osoak egiten dituen funtzio guztiak eta horien ondoriozko arriskuak benetan agerian jartzeko. Langileen eta erdi-mailako agintarien aldetik jasotako prestakuntza eskasak lan-giro desegokia eta rol-gatazka argiak sortu ditu (ABEE honek nahita sustatua). 

Langile guztiei egindako akusazioak eta lan-absentismoaren indize altu teorikoekin lotutakoak (FCC-GMSMko zuzendaritzak argi eta garbi aizundu ditu) izan dira enpresako gatazka-mailaren ardatza. LABek beti erakutsi du lan segurtasunarekin eta osasunarekin duen konpromisoa, eta lanpostu guztietan langileen osasuna hobetzera bideratutako prebentzio-neurrien bultzatzaile nagusia izan da. Plantillan sortu diren arazo nagusien sustraia bilatu da eta, batzuetan, aldi baterako ezintasunen indizeak gora egin ahal izan baituenak, ABEEaren zuzendaritzak proposatutako neurrien aurka agertuz, hauek ikuspegi ekonomikotik prozesu horiek arintzea baino bilatzen ez zutenak.

Datorren etapa berrian, CESPA-ONAINDIA enpresa esleipendun berria izanik, gure aldarrikapenak baliarazteko lan-eremu berriak ezartzen saiatu beharko dugu, nahiz eta jakin enpresa batzordearen baitan indar korrelazioa ez dela mesedegarriena. Gasteizko Kale Garbiketa Publikoaren eta Hiri Hondakin Solidoen Bilketaren zerbitzua funtsezko zerbitzua da, eta argi eta garbi ikusi da pandemiaren garai honetan, eta, horren ondorioz, askoz gehiago balioetsi behar dugu sektore horrek egunero egiten duen lana.

Herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du GarbiƱe Aranburuk, Galizako CIG sindikatuaren kongresuan

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Nazioarteko harremanetarako idazkari Koldo Saenzek osaturiko ordezkaritza batek Confederación Intersindical Galegak (Galizako CIG sindikatuak) Santiagon ospaturiko VIII. Kongresuan parte hartu du asteburuan.

Pandemiak ireki duen agertoki berrian ospaturiko kongresuak klase sindikalgintza abertzalearen sendotasuna bai Galizian zein nazioartean erakusteko balio izan du. 600 kongresu-kideren parte hartzea nahiz mundu osotik etorritako nazioarteko ordezkaritza zabala kongresuaren garrantziaren erakusle izan da.

GabiƱe Aranburuk hitza hartu du kongresuan, eta egungo egoerak eskatzen dituen erronkak nabarmendu ditu: “Herrien autodeterminazio eskubidea defendatzen duen sindikalismoa bat beharrezkoa dugu, aldaketa politikoaren aldeko apustua egiten duena”. Sindikalismo borrokalaria inoiz baino beharrezkoagoa dela berretsi du, eta Greba Orokorraren garrantzis azpimarratu du, erabakimena berreskuratu eta Madrilen esku ez uzteko.

Kongresuaren testuinguruan, LAB sindikatuko ordezkariok bilera egin dugu Galiza-ko CIG sindikatuarekin aktualitatearen inguruko hausnarketa elkar trukatu eta klase sindikalgintza abertzaleak aurretik dituen erronkei erantzuteko elkarlana sustatuko duten harremanetan sakontzeko.