2026-01-25
Blog Page 449

Enplegu publikoaren defentsan mobilizatu gara, apirilaren 22rako deitutako greba gogoan

EAEko administrazioetan enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da. Enplegu publikoaren suntsiketa, ezegonkortasuna eta bere sorrerarako borondaterik eza sintoma gero eta larriagoak dira, eta eragin negatiboa dute langile publikoen lan-baldintzetan. Ildo horretan, azken urteotan pribatizatuz joan diren zerbitzu publikoak kontaezinak dira, eta horietako asko ezinbestekoak dira bizitzari eusteko. Bada, hau guztia salatzeko grebara deitu dugu LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok EAEko sektore publiko osoan, apirilaren 22rako, eta greba egun horri begira Gasteizen, Bilbon eta Donostian mobilizatu gara; Lakuan, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eta Donostiako udaletxean, hurrenez hurren.

Noiz hartuko dituzte administrazio publikoek laneko ezbeharrei aurre egiteko premiazko neurriak?

Enagas enpresak kudeatzen duen Bermeoko kostaldeko Gaviota plataformari laguntza ematen dion itsasontziko langile bat hil da, laguntza-ontzitik itsasora erorita. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen senideei. Urtea hasi denetik sei egunetik behin langile bat hil da lanean. Istripu hilgarrien igoerak ez du amaierarik. Azken heriotza honekin, gutxienez 12 langile hil dira aurten Hego Euskal Herrian, hauetatik, 6 Bizkaian gertatu dira.

Onartezina da lan-segurtasunaren arloan segurtasun-neurririk ez izateak eta enpresak alde batera uzteak langileria hiltzea. Zenbat langile gehiagok hil behar dute administrazio publikoek beste alde batera begiratzeari utz diezaioten? Noiz hartuko dituzte laneko ezbeharrei aurre egiteko premiazko neurriak?

LAB sindikatuan argi daukagu, lan-indarkeriarekin amaitzeko, bizitza eta lan-baldintza duinak behar ditugu, etxera bizirik itzultzeko eskubidea dugu. Eredu berri bat eraiki behar dugu, lehentasuna langileen bizitza eta osasuna izango dituena.

LAB sindikatutik langileen segurtasunaren eta lan-osasun hobearen alde lan egiten eta borrokatzen jarraituko dugu. Hori dela eta, dei egiten diegu langileei datozen orduetan deitu daitezkeen salaketa-mobilizazioetan parte har dezaten.

Aernnova, Tubacex eta ITP-PCBko langileek bat egin dute enpleguaren defentsan

Aernnovako Enplegu Erregulazioko Espendientearen lehen epaiketa egunean, bertako langileek greba egin eta Bilbora bertaratu dira Beranturiko lantegitik, beraien lankideak berrartzea exijitzeko. Beraiekin batera, antzeko egoeran dauden Tubacex eta ITP-PCBko langileak ere hurbildu dira EAEko Auzitegi Nagusira eta EAJren egoitza aurrera. Hala, beraien lanpostuen defentsan berriro mobilizatu dira, euren aldarrikapenak EAJ eta epaileei helarazteko. Epaiketa bertan behera geratu behar izan da azkenean, koronabirusak eragindako konfinamendu bat dela medio.

Aipatutako hiru enpresa horietako langileak borroka gogorra egiten ari dira enpleguaren defentsan, lanuzte, greba eta mobilizazioekin. Eta guztiek ematen diete erabateko esanahia elkartasun hitzari, gaur erakutsi duten moduan, beraien borrokak batuz elkar indartzeko.

Langileek zuzenean interpelatu dituzte EAJ eta instituzioak orokorrean, orain arte ez baitute ezer egin. Zehazki, benetako politika industriala egitea exijitu diete, baita ere beraien erantzukizuna hartzea enpleguaren defentsan. Are gehiago kontuan hartuta, EAJk buru duen instituzioek milioika euro banatu dietela enpresariei diru laguntzetan, eta orain ez da kapaza ezer egiteko enpleguak mantentzeko.

Gainera, epaitegi eta EAJ aurrean, Lan Erreforma atzera botatzea exijitu dute enpresariei erabateko ahalmena ematen baitie langileak kaleratzeko.

Haurreskolak Partzuergoan zortzi greba arrakastatsu egin eta gero, Hezkuntza Sailaren mututasunaren aurrean, mahai negoziatzailea deitzen dugu

Dagoeneko ikasturte erdi baino gehiago pasa den arren, EAEko Hezkuntza Sailak Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea behin besterik ez du deitu, abenduaren 22an, legegintzaldi honetan bilera bakarra. Bitartean, bataz beste %65eko jarraipena izan duten zortzi greba egun arrakastatsu, azkena, otsailaren 24an, egin ditugu. Hamarnaka herritan elkartasuna adierazteko egindako mobilizazioetan ikusi dugun bezala, langileok eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzuak erabiltzaileen eta, oro har, jendartearen babes zabala jaso du.

Gure aldarrikapenekin eta greba dinamikarekin bat egiten duten atxikimendu asko jaso ditugu eta, horiek, Hezkuntza sailburuari ere helarazi zaizkio:

-Haurreskola bakoitzeko jarraipen batzordeen aldetik (hezitzaile taldearen ordezkari bat, haurreskolako koordinatzailea, familien ordezkaria eta udalaren ordezkaria). Aipatu beharra dago EAJren ordezkariek ez dutela sinatu. Kasu horietan, udalaren ordezkariaren sinadurarik gabe bidali da atxikimendua.

-Haurreskoletako ehundaka familiak norbanako gisa bidali dute atxikimendua.

-Hekuntzako eta bestelako hainbat eragilek ere atxikimendua sinatu dute eta bat egin dute aldarrikapenekin: EH Bildu, Ikama, Hezkuntza Plazara, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma eta Durangoko Udalak.

Zortzi greba egun arrakastatsu egin arren, Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak mutu jarraitzen dute. Hiru hilabete pasatu ostean, uste dugu duten ardura politikoagatik eta langileoi zor diguten errespetuagatik, gure aldarrikapenen inguruan, eta abenduaren 22ko mahai negoziatzailean gure etorkizunari buruz egindako hainbat baieztapenengatik, azalpenak ematea dagokiela eta negoziatzeko eskubidea berreskuratzeko eskubidea dugula.

Abenduko mahaitik atera genituen ondorioak oso larriak izan ziren eta, tartean hartu dituzten erabaki batzuk, akordioak ez betetzea, besteak beste, lan baldintzen kaskartzea ekarri du. Era berean, negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu.

Hori dela eta, 3 hilabete beranduago, EAEko Hezkuntza Saileko sailburuari, Jokin Bildarratzi, beste behin, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu. Baina, negoziatzeko mahairik deitzen ez duenez, haurreskoletako langileon ordezkariak garen LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoa mahai negoziatzailera bertaratzera deitzen diegu Lakuan, hilaren 23an, arratsaldeko 15:30ean, honako gai ordenarekin:

– Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.

– Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.

– Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.

– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.

– Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean.

– Aurrekontua handitzea.

Eta, nola ez, erantzun beharko digute non geratu den Eusko Legebiltzarrak pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera. Eta, erabateko doakotasunerako urratsak zeintzuk eta noiz emango diren, badelako garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.

Gauzak horrela, hilaren 23an, arratsaldeko 15:00etan, Lakua aurrean elkarretaratzea deituko dugu gure etorkizunaren defentsan. Herrietan hasitako dinamikari helduz, hainbatetan ere elkarretaratzeak antolatuko dituzte hezitzaile eta familiek.

Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak benetako negoziazioari uko egiten jarraitzen badiote, edo gure aldarrikapenei erantzuten ez badiete, ikasturte honetan aurrera eramaten ari garen greba dinamikari jarraipena ematea eta sakontzea beste biderik ez zaigula geratuko argi dugu.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikak antolatu dituzten langile eta familiei eta dinamikekin bat egin edota herrietan antolatu dituzten ekimenetan parte hartu duzuen langile guztioi, hezitzaile zein kudeaketa langile izan. Gatazkari babesa erakutsi eta laguntza eskaini diguten familia eta eragileei ere, nola ez, gure eskerrik beroenak.

Nafarroako pandemiaren jarraipena Refenan zentralizatua egon den hilabeteetako egoera irregularra izan da

Refenak azken hilabeteetan Nafarroako pandemiaren aurkako borrokaren erreferentzia izan nahi zuen, COVIDaren bilakaera monitorizatzeko eta milaka PCR eta antigeno test egiteko gune nagusia, eta, hori helburu, baliabide material eta giza baliabide ugari bideratu ziren bertara. Baina hasierako itxaropen-argi horien ondoren, itzalgune asko agertu dira.

Une honetan, gure helburua ez da baloratzea laneko esparrukoak ez diren alderdiak –funtsezkoak izanagatik–, esaterako: militarrrek izan duten eginkizuna (Osasunbideko langile zibilei dagokien lana egiten ari ote diren edo Nafarroako herritar guztion historial medikoetako datuak eskuratu behar ote dituzten), alokairua zuzen ordaindu den, edo une jakin batzuetan nola kudeatu den krisia. Horiek denak alde batera utzita ere, LAB sindikatuko kideok garbi dugu pandemiaren jarraipena Refenan zentralizatua egon den hilabeteetako egoera irregularra izan dela.

Hainbat kexa eta erreklamazio jaso ditugu kontratazioei, zerrenden kudeaketari eta produktibitateei dagokienez. Gure ustez, kexa horien atzean dauden erabaki eta ekintzetako batzuek berehalako erantzuna izan behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Administrazioaren aldetik, ikerketa edo auditoria gisa. Ezinbestekoa da argitzea kontratazioari buruzko araudia urratu dutenen erantzukizuna –beren eginkizunak egiteagatik, ez egiteagatik edo eskuodetzeagatik–, bai eta bertan izan diren kontratazio prozesuetan gardentasuna bermatzeko irizpide guztiak desagerrarazi dituztenen erantzunkizuna ere.

Behin eta berriz informazioa eskatu diogu Oinarrizko Osasun Laguntzako Profesionalen Zuzendaritzari zerrenden kudeaketari edo kontratazio-irizpideei buruz. Eskaera adina ukazio jaso dugu. Bereziki larria da Osasun Larrialdietako teknikarien eta erizainen kasua, haien kontratazio-irizpideak ez baitira errespetatzen ari. Eta hori guztia Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuaren Zuzendaritzaren baimenarekin gertatu da, langileen kontratazioan irregulartasun horien berri izan arren jokabide horiek errazten baititu.

Kontratazioak

Kontratazioei dagokienez, hainbat kategoriatan legezkotasun- eta gardentasun-irizpideak errespetatu ez dituen politika izan da nagusi. Kategoria jakin batzuetan hori salatu egin da, baina, hala ere, errepikatu egin da: interes partikularreko irizpideak erabiliz, lan-kontratuak berdintasunez eskuratzeko aukera ezabatzen ari dira.

Zerrendetan ez zeuden pertsonak kontratatu dira, baita teorian eskuragarri ez zeudenak ere; beste pertsona batzuk kontratatu dira zerrendan zuten lekua aintzat hartu gabe, alegia, lehentasun-ordena errespetatu gabe. Horrek kontratazioari eragiten dio, baina baditu beste ondorio batzuk ere, esaterako, produktibitateak kobratzeari dagokionez, edo zerrendak eguneratzeari dagokionez.

LABek egiaztatu du, gainera, kontratu horietako batzuk erabat irregularrak izan zirela hasieran, pandemia dela-eta kontratuen arteko bateragarritasunak baimentzen dituen martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege Dekretua indarrean sartu baino lehenagokoak baitira. Horrelakoak dira, hain zuzen, otsailaren 27an, martxoaren 7an, martxoaren 13an eta martxoaren 17an sinatutako kontratuak.

Egutegien kudeaketa

Zerrendak eta kontratuak modu irregularrean kudeatu dira askotan, eta egutegiak ere modu ez oso gardenean kudeatu dira. Jakin badakigu egutegiak antolatzeko ardura dutenek ez baizik eta zuzendaritzatik kanpoko langile “hautatu” batzuek egiten dituztela egutegiak, beren neurrira, ad hoc, Refenako lana enpresa pribatuetan dituzten beste lan batzuekin bateragarri egin ahal izateko moduan.

Horri dagokionez, hainbat pertsonak aldi berean hiru kontratu ere izan dituzte Refenako lanarekin batera; 30, 40 edo 50 lanordu segidan kateatu dituzte, lanaldi baten eta bestearen artean behar den atsedenaldia hartu gabe. Non dago laneko segurtasuna?

Argi dago, beraz, egutegien antolaketan ere Ospitalez Kanpoko Larrialdietako Zerbitzuko arduradunek ez dutela inolako kudeaketarik eta kontrolik egin.

LABen argi daukagu agerian geratzen ari den hori guztia interes ekonomiko eta pertsonal batzuen ondorio dela, besteak beste: gutxi batzuek poltsikoak Administrazioaren kontura bete nahi izatea edo gutxi batzuen eskura dauden tresnak erabiltzea Administrazioan bidea “irekitzeko” eta, horrela, postu bat “behatzez” lortzeko.

Hori guztia ikusita, uste dugu beharrezkoa dela Refenan pandemia-urte honetan egindako bitartekoen eta langileen kudeaketaren auditoria bat egitea. Kudeaketa horren arduradunak dira, batetik, Kiko Betelu Nafarroako Larrialdietako zuzendariordea, eta bestetik, Diego Reyero Larrialdi eta Garraio Sanitarioko atalburua.

Jaso dugun informazioaren arabera, ondoriozta dezakegu, alde batetik, osasun arloko ehunka langilek – bai ospitaleetan, bai Oinarrizko Osasun Laguntzan – beren indarren muga-mugan lan egin dutela eta une batzuetan baliabide falta handia izan dutela, eta, bestetik, talde jakin batzuen mesederako inbertsioak egin direla (aparteko ordainsarietan milaka eta milaka euro ordaintzeaz gainera). Hori bai, talde eta pertsonaia horiek autopropaganda oso ongi landu dute, astea joan astea etorri erreportajeak eta argazkiak eginez, berdin Refenan edo anbulantzia batean, kamioi bat eramanez, txertoen kaxak eramanez edo apalategiak jarriz. Pandemia honetako heroiak haiek balira bezala eta ez beste inor.

Soldata arrakalarekin amaitzeko exijitu dute Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako garbitzaileek

Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako garbitzaileek aste honetarako deitutako lau greba egunetatik lehena egin dute. Donostian egindako manifestazioan, patronalari exijitu diote badela garaia soldata-arrakalarekin amaitzeko. Hala, LAB, ELA eta UGT sindikatuotako ordezkariek nabarmendu dugu: “Egitateak nahi ditugu, soldata-arrakalarekin amaitu nahi dugu eta gure lan-baldintzak hobetu. Herri honetako politikariek behingoz neurriak hartzea nahi dugu, gizarte hau bidezkoagoa izan dadin, benetako politika egin dezaten eta patronalari mesede egiteari utz diezaioten”.

EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako legearen bigarren aldaketaren lege-aurreproiektuak sektore feminizatuen prekarizazioa kronifikatzen du

Berdintasun legearen aldaketa hauen aurrean bi hausnarketa orokor egin ditu LABek, Gasteizko Parlamentuan egindako agerraldian, Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean. Lehenengoa, Legebiltzarraren agindua indarkeria matxistaren aurkako lege bat egitea izanik, LABe adierazi du beharrezkoa dela indarkeria matxistari buruzko lege espezifiko bat egitea, zeharkakoa izango dena eta berdintasunari buruzko legearekin bat etorriko dena. Bestetik, legearen aldaketa berdintasunaren bidean urrats kualitatibo bat bezala saldu digute, bitartean Emakunde lehendakaritzatik ateratzean dutenean argi dago zein den gobernu honen konpromisoa.

Baina gure agerraldia bi gai nagusitan kokatu nahi izan dugu. Alde batetik, sektore feminizatuen egoeran; eta bestetik, zaintzaren proposamenean. Lanaren eta enpleguaren arteko dikotomia faltsua ez da aurreproiektuan zalantzan jartzen eta horrela, betikotu egiten da emakumeon prekarizazio egoera. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langileen %8,3ak ez ditu inoiz bere lan baldintzak lan hitzarmen bidez arautu. Horietatik, %75a emakumezkoa da. Arautze eza prekarietatearekin lotu beharra daukagu.

Aipagarria da erakunde publikoek gehienbat emakumezkoek egiten ditugun lan asko pribatizatzen eta azpikontratatzen ari direla: egoitzak, jantokiak, garbiketa, etxez etxeko laguntza… hori ez da kolokan jartzen legean eta horrekin bukatzeko mekanismorik ere ez da aipatzen.

Bestetik zaintzaren atalean berriro ere ardatza eremu pribatua da. Ez da zaintza sistema publiko eta komunitarioaren inguruan ezer proposatzen. Zergatik ez zaintzarekin lotutako zerbitzu eta enpleguen azpikontratazio eta pribatizazioa debekatzea? Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna lan merkatuan dauden eta zaintzeko astirik ez duten bikoteen arazo indibidual/pertsonal/familiar gisa tratatzen dira (familia-eredu nuklearrean oinarrituta). Guk uste dugu jendarte osoari dagokion gai bezala landu behar dela.

Indarkeriaren atalean egindako aldaketei dagokienez, nabarmendu behar da ez dela jasotzen identitate ez- normatiboen aurkako indarkeria (sexu-aniztasun generikoa), eta errealitate bat dela, eta beharrezkoa dela horiek kontuan hartzea indarkeria matxista guztien aurkako borrokan eragin ahal izateko.

Bukatzeko, esan behar da zaila dela lege eraldatzaile batek behar dituen erronkei heltzea, aipatutako gaiei buruzko erantzukizun politiko eta ekonomikoei buruzko hausnarketa seriorik egin gabe (soldata-arrakala, prekarietatearen feminizazioa, emakumeen pobrezia, zaintza-zerbitzuen pribatizazioa…).

Beraz ezin ditugu babestu proposamen orokor eta boluntaristetan oinarritutako berdintasun-politikak; horiek gauzatzeko baliabideen (pertsonalak eta ekonomikoak) bermerik gabeko politikak. Ez dira handikerien garaiak, koherentziaren garaiak eta egiturazko eraldaketarako konpromisoen garaiak dira, politika feministen garaiak dira.

Premiazko neurriak eskatu dizkiegu Lakuako eta Nafarroako gobernuei lan-ezbeharrei aurre egiteko

Koronabirusak jarduera ekonomikoa murriztu arren, 2020an 70 pertsona hil ziren lan-istripuz Hego Euskal Herrian. Pandemiak agerian utzi du laneko segurtasun eta osasunera bideratutako baliabide publikoak ez direla nahikoak. Halaxe salatu dugu euskal gehiengo sindikala osatzen dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuok egindako agerraldian.

Hain zuzen ere, egoeraren larritasuna ikusita, urtarrilaren 15ean EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatu genizkien neurriak berretsi ditugu:

-Enpresen gaineko kontrol handiagoa. Lantokietako osasun eta prebentzio neurrien jarraipen egokia egiteko, ezinbestekoa da Osalan/ISPLN eta Lan Ikuskaritzako langileak Europako batez bestekoarekin parekatzea. Praktikan, EAEn gutxienez 100 teknikari gehiago izango lirateke, eta beste 50 gehiago Nafarroan. Halaber, Nafarroako Gobernuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren arloko eskumenak berreskuratu behar ditu.

-Mutuak eta prebentzio-zerbitzuak publifikatu behar ditugu. Pandemia honetan ez dira eraginkorrak izan osasunaren ikuspegitik.

-Altueran erortzeko arriskua duten enpresen eta harrapatzeko edo elementu kantzerigeno eta mutagenoekin lan egiteko arriskua duten jardueren kontrol eta jarraipen ekintza gehiago egitea eskatzen dugu, araudia betetzen dela egiaztatu dadin.

-Prebentzio-arloan zigorren bat jaso duten enpresekin kontratatzeko debekua.

-Euskal Herriko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko eskaera, pandemiak langileen baldintza psikosozialak are gehiago larriagotu dituela kontuan hartuta. Horretarako, bi urteko epean, enpresa guztiek izan beharko dute gutxienez arrisku psikosozialen ebaluazio bat eta gabeziak daudenean neurriak ezarri beharko dituzte, eta Osalan/ISPLNko teknikariek egingo dute betetze-mailaren jarraipena.

-Enpresa guztietan, prebentzio-ordezkarien parte-hartzearekin, kontingentzia-plan bat izatea exigitzen dugu, prebentzio-neurri orokorrak eta norberak babesteko ekipo egokiak ezartzen dituena, sortzen diren aldaketekin alda daitezen, baina betiere covid-aren aurkako neurri egokiak bermatuz lantokietan kutsatzeko probabilitatea minimizatzeko.

In-itinere istripuak lan istripuak ere badira

Durangoko Ibaizabal ikastolako langile bat hil zen atzo. Zendu den irakasleak moto istripua izan zuen ikastolatik etxerako bidean (in-itinere), Berrizen. 2021. urtean Euskal Herrian emandako 11. lan istripu hilgarria izan da; gainera, Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian iazko otsailaren 6tik.

LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoaren senide, lagun, ikasle eta lankideei. Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, sistema kapitalistan ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta behin behinekotasunaren emaitza dira. 2020 urtean, 75 hildako eta desagertu 1 izan genituen. 2021 urtean, gutxienez, 11 hildako ditugu jada. Bistan da ardura duten patronal eta instituzioek ez dutela neurririk jartzen osasuna eta bizitza galdu ez ditzagun.

LAB sindikatutik argi dugu, bizitza eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta jendarte osoarena den izurrite honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu bat.