2024-04-26
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaNafarroako pandemiaren jarraipena Refenan zentralizatua egon den hilabeteetako egoera irregularra izan da

Nafarroako pandemiaren jarraipena Refenan zentralizatua egon den hilabeteetako egoera irregularra izan da

Refenak azken hilabeteetan Nafarroako pandemiaren aurkako borrokaren erreferentzia izan nahi zuen, COVIDaren bilakaera monitorizatzeko eta milaka PCR eta antigeno test egiteko gune nagusia, eta, hori helburu, baliabide material eta giza baliabide ugari bideratu ziren bertara. Baina hasierako itxaropen-argi horien ondoren, itzalgune asko agertu dira.

Une honetan, gure helburua ez da baloratzea laneko esparrukoak ez diren alderdiak –funtsezkoak izanagatik–, esaterako: militarrrek izan duten eginkizuna (Osasunbideko langile zibilei dagokien lana egiten ari ote diren edo Nafarroako herritar guztion historial medikoetako datuak eskuratu behar ote dituzten), alokairua zuzen ordaindu den, edo une jakin batzuetan nola kudeatu den krisia. Horiek denak alde batera utzita ere, LAB sindikatuko kideok garbi dugu pandemiaren jarraipena Refenan zentralizatua egon den hilabeteetako egoera irregularra izan dela.

Hainbat kexa eta erreklamazio jaso ditugu kontratazioei, zerrenden kudeaketari eta produktibitateei dagokienez. Gure ustez, kexa horien atzean dauden erabaki eta ekintzetako batzuek berehalako erantzuna izan behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Administrazioaren aldetik, ikerketa edo auditoria gisa. Ezinbestekoa da argitzea kontratazioari buruzko araudia urratu dutenen erantzukizuna –beren eginkizunak egiteagatik, ez egiteagatik edo eskuodetzeagatik–, bai eta bertan izan diren kontratazio prozesuetan gardentasuna bermatzeko irizpide guztiak desagerrarazi dituztenen erantzunkizuna ere.

Behin eta berriz informazioa eskatu diogu Oinarrizko Osasun Laguntzako Profesionalen Zuzendaritzari zerrenden kudeaketari edo kontratazio-irizpideei buruz. Eskaera adina ukazio jaso dugu. Bereziki larria da Osasun Larrialdietako teknikarien eta erizainen kasua, haien kontratazio-irizpideak ez baitira errespetatzen ari. Eta hori guztia Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuaren Zuzendaritzaren baimenarekin gertatu da, langileen kontratazioan irregulartasun horien berri izan arren jokabide horiek errazten baititu.

Kontratazioak

Kontratazioei dagokienez, hainbat kategoriatan legezkotasun- eta gardentasun-irizpideak errespetatu ez dituen politika izan da nagusi. Kategoria jakin batzuetan hori salatu egin da, baina, hala ere, errepikatu egin da: interes partikularreko irizpideak erabiliz, lan-kontratuak berdintasunez eskuratzeko aukera ezabatzen ari dira.

Zerrendetan ez zeuden pertsonak kontratatu dira, baita teorian eskuragarri ez zeudenak ere; beste pertsona batzuk kontratatu dira zerrendan zuten lekua aintzat hartu gabe, alegia, lehentasun-ordena errespetatu gabe. Horrek kontratazioari eragiten dio, baina baditu beste ondorio batzuk ere, esaterako, produktibitateak kobratzeari dagokionez, edo zerrendak eguneratzeari dagokionez.

LABek egiaztatu du, gainera, kontratu horietako batzuk erabat irregularrak izan zirela hasieran, pandemia dela-eta kontratuen arteko bateragarritasunak baimentzen dituen martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege Dekretua indarrean sartu baino lehenagokoak baitira. Horrelakoak dira, hain zuzen, otsailaren 27an, martxoaren 7an, martxoaren 13an eta martxoaren 17an sinatutako kontratuak.

Egutegien kudeaketa

Zerrendak eta kontratuak modu irregularrean kudeatu dira askotan, eta egutegiak ere modu ez oso gardenean kudeatu dira. Jakin badakigu egutegiak antolatzeko ardura dutenek ez baizik eta zuzendaritzatik kanpoko langile “hautatu” batzuek egiten dituztela egutegiak, beren neurrira, ad hoc, Refenako lana enpresa pribatuetan dituzten beste lan batzuekin bateragarri egin ahal izateko moduan.

Horri dagokionez, hainbat pertsonak aldi berean hiru kontratu ere izan dituzte Refenako lanarekin batera; 30, 40 edo 50 lanordu segidan kateatu dituzte, lanaldi baten eta bestearen artean behar den atsedenaldia hartu gabe. Non dago laneko segurtasuna?

Argi dago, beraz, egutegien antolaketan ere Ospitalez Kanpoko Larrialdietako Zerbitzuko arduradunek ez dutela inolako kudeaketarik eta kontrolik egin.

LABen argi daukagu agerian geratzen ari den hori guztia interes ekonomiko eta pertsonal batzuen ondorio dela, besteak beste: gutxi batzuek poltsikoak Administrazioaren kontura bete nahi izatea edo gutxi batzuen eskura dauden tresnak erabiltzea Administrazioan bidea “irekitzeko” eta, horrela, postu bat “behatzez” lortzeko.

Hori guztia ikusita, uste dugu beharrezkoa dela Refenan pandemia-urte honetan egindako bitartekoen eta langileen kudeaketaren auditoria bat egitea. Kudeaketa horren arduradunak dira, batetik, Kiko Betelu Nafarroako Larrialdietako zuzendariordea, eta bestetik, Diego Reyero Larrialdi eta Garraio Sanitarioko atalburua.

Jaso dugun informazioaren arabera, ondoriozta dezakegu, alde batetik, osasun arloko ehunka langilek – bai ospitaleetan, bai Oinarrizko Osasun Laguntzan – beren indarren muga-mugan lan egin dutela eta une batzuetan baliabide falta handia izan dutela, eta, bestetik, talde jakin batzuen mesederako inbertsioak egin direla (aparteko ordainsarietan milaka eta milaka euro ordaintzeaz gainera). Hori bai, talde eta pertsonaia horiek autopropaganda oso ongi landu dute, astea joan astea etorri erreportajeak eta argazkiak eginez, berdin Refenan edo anbulantzia batean, kamioi bat eramanez, txertoen kaxak eramanez edo apalategiak jarriz. Pandemia honetako heroiak haiek balira bezala eta ez beste inor.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.