Osasunbideko gerentziaren eta, beraz, Indurain kontseilariaren azken erabakia, hots, arakatzaileen taldeari kontratuak 3 hilabetez luzatzea, Covid beharrak direla-eta Osasunbidean kontratatutako langile guztiei aplikatu beharko litzaieke.
Ez ditugu ulertzen kontseilariaren eta bere taldearen kontraesanak Covid beharrak direla-eta kontratatutako langileak kudeatzeko orduan. Hasiera batean iragarri bazuten kontratuak bertan behera utzi behar zituztela langile horiek guztiak iraupen luzeko zerrendetatik kontratatzeko, orain ezin da salbuespenik egin, gainerako langileentzat konparaziozko bidegabekeria bat delako.
Arakatzaileak lehen lerroan egon dira, bai. Eta gainerakoak? Ospitaleetako Covid solairuetako langileak, larrialdietakoak, ospitale psiko-geriatrikokoak, osasun etxeetakoak… Nor ez da egon lehen lerroan? Nor ez da ezinbestekoa izan?
Indurain kontseilariak sekulako aukera du Osasunbideko plantilla indartzeko, inor kaleratu gabe, langile horiek osasun sistemako puntu ahulenetara bideratuz, adibidez, oinarrizko osasun laguntzako osasun etxeetara.
Covid-eko errefortzuko langileak berrantolatuz, Oinarrizko Osasun Laguntzan aspalditik ditugun gabeziak konpon litezke, eta, bide batez, pandemia bitartean nabarmen handitu diren itxaron-zerrendak argaldu.
Orain ez da adabakiekin eta konponbide partzialekin jarraitzeko momentua, kontratazioak prekarizatuz eta profesionalak kanporatuz pandemian bete-betean murgilduta gaudenean. Eta ildo horretan, ezin dugu kritikatu gabe utzi militarrak jartzea miaketa-lanak egiteko eta aldi berean Osasunbideko langileak kanporatzea. Hori guztiz gaitzesgarria da une honetan.
Osasunbideko langileak ekitatez, gardentasunez eta araudia errespetatuz egonkortzeko eta kudeatzeko unea da.
Europako funtsen izaera, norabidea eta kudeaketa salatzeko agerraldia egin dugu Bilbon. Hain zuzen ere, garapen paradigma berri bat eraikitzeko, ezkerretik, subiranismotik eta langileen lidergo argi batetik urratsak emateko garaia dela azpimarratu dute Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek. Zentzu honetan, LABek badu eskaintza: hilabeteotan aurkeztutako Programa Sozioekonomikoa eta bi lege egitasmo, Euskal Herriko Lan Kodearena eta Gizarte Segurantza propioaren Legea.
Enplegua, zerbitzu publikoak, pentsioak edota zaintza eredu desberdinaren alde borrokan dauden langileekin batera egin dugu agerraldia; hots, orain arteko politika publiko neoliberalen eragina pairatzen ari diren langileen ordezkariekin. Gasteiz eta Iruñeko gobernuek Europako funtsetatik dirua jasotzeko aurkeztu dituzten proiektuekin bat egiten ez dugula azpimarratu dugu, eta, LABen iritziz, garapen paradigma berriak nola izan beharko lukeen azaldu dugu:
1. Sektore publikoak izan behar du ekonomia jardueraren ardatza eta horrek ekonomian duen papera berrikustera garamatza.
Lehenik eta behin, diru publikoaren erabilpen egokia behar da. Lehentasunak berraztertu egin behar dira:
– Inbertsio publikoa handitu: zerbitzu publikoak indartuz zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko, lan eta bizi baldintza duinak bermatuz. Honekin batera, sektore estrategikoen jabetza publiko eta soziala bultzatu behar da.
– Lehentasunak berrantolatzeak tokiko ekonomia, enpresa txikiak, autonomoak, ostalaritza eta tokiko merkataritzaren beharrak kontuan hartzea esan nahi du. Pandemia honek bereziki kaltetu dituen sektoreak dira eta ezin dira bigarren mailan geratu.
– Inbertsio publiko horien helburua ezin da izan enpresa pribatuek behar dituzten aldaketa produktiboak finantzatzea.
Bigarrenik, ekonomiaren gaineko kontrol politiko eta ekonomikoa. Diru publikoa jasotzen duten enpresek enplegua mantendu eta enplegu hori duina izateko bermeak eskaini behar dituzte, beraien lantokietan diskriminazio egoerarik ez dela ematen bermatu, ekosistemari kalterik ez egiteko konpromisoa, inguruko hornigaiak edota produktuak erabiltzea, hizkuntza eskubideak bermatzea, etab. Hau guztia arautu behar da.
2. Lana eta ondasunaren banaketa:
– Lan guztien aitortza eta zaintza lanen banaketa eta berrantolaketa.
– Zerga erreforma: zuzeneko zergen bidez, diru gehien duenak gehiago ordaindu behar du eta enpresa batzuen neurri gabeko irabaziak mugatzeko erabakiak behar dira. Zerga iruzurrarekin amaitu eta errenta handien zein irabazi enpresarialen gaineko presio fiskala handituz diru bilketa hobetzeko tarte handia dago.
3. Garapen eredu jasangarria. Larrialdi klimatikoa errealitate bat da. Beraz, trantsizio ekologikoa ez da aukera bat. Erronka honi aurre egiteko, indarrean dagoen produkzio eta kontsumo eredua aldatu egin behar da:
Garapen produktiboa birnorabidetzeko plan bat behar da. Ingurumen ikuspegitik kaltegarriak diren jarduera ekonomikoak murriztu egin beharko dira, eta beste horrenbeste egin beharko da beste batzuekin, sozialki desiragarriak ez direlako. Eremu horietan suntsitzen den enplegua, bizitza sostengatzeko eremuetan sortzen den enpleguarekin ordezkatu beharko da. Lanaldia ere murriztu beharko da. Gehiegizko kontsumoa mugatu.
4. Lan eta pentsio duinak: Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko apustua egin eta Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege propio bat borrokatu behar ditugu.
5. Nazio garapena: Ekonomiaren birlokalizaziaren aldeko apustua egin behar da, tokian tokiko garapena bultzatu. Eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea mundu mailako erronka da. Baina, argi izan behar dugu alternatiba hori herrialde bakoitzetik abiatuta eraiki beharko dela, herri burujabetza prozesuak bultzatuz.
Garbiñe Aranbururen hitzetan, “herri honetako gehiengo sozial zabalak balio hauekin bat egiten duela uste dugu eta guk ekarpen bat egin dugu egin behar den eztabaida sozial hori bultzatzeko. Datozen asteetan, eragile politiko, sindikal eta sozialekin, eraldaketa sozialaren alde gaudenon arteko sinergiak bilatu eta adostasunak eraikitzen saiatuko gara. Adostasun zabalagoak edo puntualagoak izan daitezke”.
LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “trantsiziorako akordio sozialak lortzeko helburua dugu, baita horien aldeko aktibazio soziala bultzatzeko ere. Zerbitzu publikoak, enplegua, pentsioak, zaintza sistema publikoaren aldeko hainbat mobilizazio eta greba egiten ari dira eta gehiago etorriko dira. Gainera, konbentzituta gaude mobilizazio orokorretarako momentuak egongo direla, borroka ezberdinek bat egingo duten momentuak”.
Covidaren hedapenak eragindako krisia hasi zenetik urtebetera, lan-merkatuan izandako eraginaren balantzea suntsitzailea izan da. Pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta (iazko otsailaren amaieran), enplegu bulego publikoetan 21.294 langabe gehiago erregistratu dira. Beraz, gaur egun, 172.508 pertsona daude langabezian, eta horietatik %57 emakumeak dira.
Gizarte Segurantzako afiliazio-datuek ere erakusten dute enplegu-suntsiketa aurrekaririk gabeko mailara iritsi dela. Hala ere, ABEEEn erabilera masiboak hondamendi handiagoa saihestu du.
Izan ere, martxoaren amaieran 19.386 emakumezko langile eta 15.610 gizonezko langile zeuden ABEEE baten eraginpean, eta horien soldata bidezkodiru-sarrerak nabarmen murriztu dira. Era berean, autonomoen erregimeneko 13.822 pertsonari kolektibo horren egoera zaila arintzera bideratutako prestazioren bat aitortu zaie.
Nolanahi ere, garrantzitsua da nabarmentzea jada egoera ahulenean zeuden pertsonak eta kolektiboak direla ondorio txarrenak jasaten ari direnak.
Ildo horretan, nabarmentzekoa da gazteriak jaso duen kolpe gogorra, lan-ikuspegitik gehien zigortutako gizarte-sektorea baita. Zehazki, epidemia hasi zenetik, 35 urtetik beherako gazteen artean erregistratutako langabeziak %37 egin du gora.
Lan-merkatuaren egiturazko arazoei, hala nola gazteen langabezia-tasa handiari eta Europako behin-behinekotasun-maila handienei, orain kontratazioaren beherakada eta lan-aukerarik eza gehitu behar zaizkie, pandemiaren ondorioengatik.
Zalantzarik gabe, txertoa da pandemiaren eta horrek ekarri dituen ondorio kaltegarrien aurkako tresnarik onena. Baina txertaketa-erritmoa oso motela izaten ari da.
Bereziki larria da EAEren kasua; izan ere, Espainiako estatuaren azken tokian dago emandako dosien ehuneko txikienarekin eta jada immunizatu den biztanleria kalteberaren proportziorik txikienarekin.
Jakina, osasun-krisia zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta handiagoak eta itzulezinagoak izango dira eragindako kalteak, bai osasunean eta giza bizitzetan, bai ekonomiari eta gizarteari dagokienez. Beraz, txertaketa-kanpaina azkartzea eta patenteak askatzea urgentzia bihurtu da.
Nafarroako garbiketa sektoreko sindikatuok grebara deitu dugu apirilaren 13, 14, 15 eta 16rako, hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Hainbat mobilizazio egin ditugu azken asteetan, eta orain borroka indartzea erabaki dugu LAB, ELA, CCOO, UGT eta Solidari sindikatuok.
Agerraldia egin dugu grebaren berri emateko, eta garbitzaileak funtsezkoak direla nabarmendu dugu, patronalak langile hauen lana aitortzen ez duen arren. Hitzarmen duin bat nahi dute, soldata igoko diena eta lanaldi partzialekin eta soldata-arrakalarekin amaituko duena. Aldarrikapen hauek aintzat hartzen ez badituzte, greba mugagabera jotzeko prest daudelña ohartarazi dute.
Komunikatu honen bidez, salatu nahi dugu Munduko Medikuak erakundearen estatu mailako zuzendaritzak Nafarroako egoitzan egindako azken erasoa.
Azken urtean ikusten ari gara zuzendaritzaren politika dela Nafarroako egoitzari jaramonik ez egitea, tratu txarrak ematea eta sistematikoki programak ixtea. Hona hemen erakusgarri batzuk:
• Egoitza Koordinazio berriak, Madrilgo zuzendaritzarekin batera, “Enplegagarritasuna, kulturartekotasuna eta genero-ikuspegia Afrikako biztanleen enplegagarritasunerako Tuteran” izeneko programa ixtea erabaki zuen 2020ko ekainean, eta, horren ondorioz, 4 lankide kaleratu zituzten. Egoitza Koordinazioak eta Madrileko zuzendaritzak ez dute gaitasunik izan diru-iturri berriak bilatzeko eta proiektua diru-laguntza publikoetara aurkezteko, eta horrek eragin du gure lankideak kaleratzea.
• Nafarroako Munduko Medikuak erakundeko langileen bajak eta kontsulta medikoak. Egoitza Koordinazio berriak –Madrilgo zuzendaritzarekin batera– langileen beharrak asetzeko gaitasun falta agerikoa eta kalkulatua erakutsi du eta, horrek ondorioz, aregatu egin da laneko gainkarga eta presioa jasanezina bihurtu da.
• Madrilgo zuzendaritzak inposatzea Nafarroakoa ez den kudeatzaile bat, Nafarroako egoitzako bazkideek hautatutako Junta inolako justifikaziorik eta arrazoirik gabe kanporatu ondoren; horrek desgobernua eragin du Nafarroako egoitzan.
• Nafarroako zuzendaritza berriak, Madrilek jarriak, langileen legezko ordezkariei nahitaezko informazioa emateari uko egitea, jarrera lotsa-emangarria.
• Azkenik, Madrilen dagoen Batzorde batek -Nafarroa ezagutzen ez duenak eta bereziki Arrosadia auzoa ezagutzen ez duenak- erabaki du “Tu barrio. Zure etxea” izeneko programa bertan behera uztea; programa horrek herritarren eta erakundeen babes zabala du, eta 5 urte baino gehiago daramatza herritarren eta kulturen arteko bizikidetzan lanean. Nafarroako egoitzari eman dioten tratu diskriminatorioaren beste adibide bat; izan ere, justifikazioa da ez dutela uste Nafarroako Gobernuko Zuzendaritza Nagusien diru-laguntzak gainerako lurraldeen pareko lehia-araubidean doazenik, horietan diru-laguntzak zuzendaritza-deialdietara aurkezten baitira, baita erakundeko bazkideek eta/edo langile ohiek zuzentzen dituzten deialdietara ere.
• Horrek guztiak, gutxienez, beste 3 lankide kaleratzea eragingo du, eta kalte egingo die auzoko biztanle guztiei -gehienak migratzaileak-; Tuteran egin zenaren antzerakoa gertatuko da.
Egoera hau onartezina da. Argi dago Medicus del Mundo Españak Nafarroako egoitza itxi nahi duela edo izan zenaren hondar batzuk utzi nahi dituela; hori lortu nahi dutelako ari gara gu sufritzen egoitza desegiteko plan sistematiko eta ezkutuko bat, azpikeriaz egindakoa, gainera; izan ere, bazkideen bizkar eta Nafarroako egoitzako langileen osasunaren eta lanerako eskubidearen bizkar egiten ari baita.
Egoera ikusita, LABeko atal sindikalak behar diren neurri guztiak hartuko ditu gure eskubideak errespeta daitezen, jasaten ari garen tratu txarrek bukaera izan dezaten. Neurri guztiak baloratuko ditugu, prentsa-oharra eta greba ere baztertu gabe, egoera honekin behingoz amaitzeko eta egunero-egunero ezartzen ari zaizkigun jarrera autoritarioekin bukatzeko.
LAB sindikatuak pikete feminista aktibatu du gaur, Gasteizen, Fremap aurrean, Cocina Central Magui enpresako eskola jangeletako emakume langile bati haurdunaldiko arriskuagatik baja ukatu izana salatzeko. Baja ukatu egin da Quiron Prevencion zerbitzuak egindako txostenean oinarrituta, non ez da jasotzen ezta zehazten enpresak adierazitako arriskuen eraginpean dagoenik. Zerbitzua Cocina Central Magui enpresak kontratatu du, eta txostena orain dela 3 urteko ebaluazio batean oinarritzen da. Ez dira eguneratu urte hauetan lanpostuan emandako aldaketa guztiak.
Beharrezkotzat eta ezinbestekotzat jotzen dugu haurdunaldian lan-ingurune osasungarria babestea eta bermatzea, alde fisiko, psikologiko eta emozionalei dagokienez. Bada, mutualitateen diru-inposaketak talka egiten dute, bete-betean, gure bizitzako ziklo guztietako lan-esparruan osasunerako dugun eskubidearekin.
Kaltetutako langileak arrisku faktore hauek ditu, prebentzio zerbitzuak eta mutuak kontuan hartu ez dituztenak: agente biologikoekiko esposizioa, goi-tentsioko edo estreseko lanen eraginpean egotea, faktore ergonomikoak (hala nola, haurdun daudenentzako jarrera behartuak, kargak, gehiegizko joan-etorriak…) eta abar. Horregatik, erreklamazioa aurkeztu diogu Fremap mutuak egindako prestazio ukapenari.
Sexuaren araberako lanaren banaketak balio txikiagoa ematen die emakumeek* etxeetan edo lan-merkatuan egindako lanei, eta gure balio-galeran ere badu eragina, osasuna eta haren zaintza enpleguaren esparruan. Horrek neutraltasun faltsua dakar laneko arriskuen ebaluazioetan eta laneko osasunaren prebentzioan, gure gorputzen aniztasuna kontuan hartu gabe, gizona guztiaren erdigunean jarriz. Horrek erabat baldintzatzen du emakumeen* bizitza lan-munduan, eta ondorio kaltegarriak ditu emakumeen osasunean; askotan arriskuak ez dira aitortzen, Gasteizen salatu dugun bezala.
Emakumeei* lan prekarioak, partzialak, iraupen laburrekoak, soldata txikiagokoak eta lan-baldintza okerragoak inposatzen dizkigute. Horri guztiari lan-osasuneko baremoen gogortzea gehitzen badiogu, esan dezakegu gure osasuna, gure gorputzak eta gure bizitzak ez diola sistemari axola, ustiatzeko soilik. Sistema kapitalista heteropatriarkalak laneko segurtasun eta osasunaren arloan ezartzen dizkigun eskubide urraketak, aurrean dugun diskriminazioa eta gure osasunarekiko arreta falta onartezinak dira. Gure eskubideen eta osasunaren alde borrokatzen jarraituko dugu.
Joan den astean, Osasunbideko Profesionalen Zuzendaritzak iragarri zigun Covid kontratuko plantilla murriztuko dela; izan ere, maiatzaren 1etik aurrerako kontratazio sistema berriak kontratuen % 30 ezabatzea dakar. Erabaki horrek argi eta garbi uzten du pandemiaren garaian funtsezko funtzioak bete dituzten langile asko alde batera uzteko asmoa dutela. LAB sindikatuarentzat, ezinbestekoa da langile horiek baliatzea osasun etxeak indartzeko.
Osasun Departamentuak erabaki du maiatzaren 1etik aurrera Covid-erako errefortzu gisa kontratatutako langileen kontratuak aldatzea. Horrek ekarriko du, batetik, kontratuak egitea iraupen luzeko zerrenden bidez (urriaren 31ra arte eta abenduaren 31 arte), eta, bestetik, apirilaren 31ra arte indarrean dauden kontratu guztien% 30 inguru murriztea. LABek ez du onartzen kontratazio-murrizketa hori egitea, are gutxiago lan baldintzei eta asistentziaren kalitateari dagokienez hain egoera kaskarrean gaudenean (batez ere oinarrizko osasun laguntzan), horren ondorioz osasun etxe batzuetan hitzordua izateko 10-12 egun itxaron behar baita.
Kanporatu nahi dituzten langile horiekin osasun etxeetako plantillak indartu eta lan-kargak arindu ahal izango lirateke, horrela herritarrei arreta hobea emateko. LABek pandemiaren hasieratik salatu izan du justifikaezina dela Oinarrizko Osasun Laguntzan errefortzurik ez izatea. Osasuneko kontseilariak hitzetatik ekintzetara igaro beharko luke, eta joan den martxoaren 18an Oinarrizko Osasun Laguntzari buruz iragarri zuena gauzatzen hasi beharko litzateke. Hitz ederrak eta asmo-adierazpenak ez dira nahikoak oinarrizko osasun laguntzak dituen gabeziak konpontzeko.
LABen argi daukagu ez dagoela aitzakietarako tokirik, eta orain aukera bikaina duela osasun etxeak eskarmentu handiko langileekin indartzeko. Horregatik, eskatzen diogu lehenbailehen erreakzionatu dezala, osasun arloko profesionalen kontratazioa egonkortu dezala eta ez dezala gehiago militarrengana jo profesional horiek ordezteko.
LABek irtenbide bat proposatzen du, alegia, langile horiekin osasun etxeak indartzea, Osasun Departamentuak alde batera utzi dituela uste baitugu. Eta horrez gainera, kezka handia dugu, halaber, Osasunbideko gainerako ataletan egin nahi duten langile-murrizketaren aurrean.
Altsasuko Sunsundegui enpresako langileak mobilizatu egin dira enpresa batzordearen babesarekin, LABeko delegatu bat lan eta soldata gabe zigortu ostean. 2017. urtetik akordio bat dago enpresan, besteren artean LABek sinatua, bertan batzorde baten bitartez kategorien gaiari heltzea adostu genuen.
Hiru urte eta gero ez zaio irtenbiderik eman gaiari, enpresan lan baldintza ezberdinak daude aurreko krisian hartutako doikuntza neurrien ondorioz. Ez dira kategoriak behar den bezala onartzen eta ez da metaleko hitzarmena betetzen. Modu honetan delegatuak uko egin zion bere kategoriatik gora dagoen lan bat egiteari. Honen aurrean enpresak errepresioaren hautua egin zuen 12 eguneko lan eta soldata gabeko zigorra ezarri zion.
Enpresak zigor honekin, langile guztien kategorien gaia heltzea ekidin nahi du neurri eredugarriak inposatuz eta langileak mehatxatuz. Langileak ez du aurretik inongo zigorrik izan.
Arrazoi honegatik, delegatua babesteko asmoz (zigorra atzera bota dadin) eta langile guztiei dagokien kategoria onartua izan dadin metaleko hitzarmenak ezartzen duen terminoetan, behar diren neurri juridiko guztiak hartu ditugu.
Horregatik guztiagatik, enpresari exijitzen diogu delegatuaren kontrako zigorra bertan behera utz dezan eta langile guztiei dagokien kategoria onar diezaieten, benetan egiten dituzten funtzioen arabehera.
LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok deituta, enplegu publikoa sortu eta behin behineko langileen kontsolidazioa galdegiteko milaka langilek hartu dute parte lan zentroetan antolatutako kontzentrazio eta mobilizazioetan.
Apirilak 22ko greba aurretik, apirilak 15ean ere administrazio eta sektore desberdinetako lan zentroetan mobilizazioak antolatuko ditugu ardura daukaten agintari eta alderdi politikoei irtenbide egoki bat eskatzeko.
Zerbitzu publikoen defentsan, enplegu publikoa sortu eta behin behineko langileen kontsolidazioa galdegiteko, sindikatuok abian jarritako mobilizazio dinamikaren baitan, kontzentrazio eta ekimen desberdinak gauzatu ditugu gaur sektore publikoko milaka langilek beraien lan zentroetan:
-EAEko hiru hiriburuetako udaletxeetan, Bilbo, Gasteiz eta Donostian, ehundaka langilek babestutako kontzentrazioak gauzatu dira. Baita hiru lurraldetako beste hainbat udaletxetan ere, handienen artean, Gipuzkoako Orereta, Irun edo Eibar; Bizkaiko Durango, Gernika, Balmaseda, Getxo edo Galdakao; eta Arabako Laudio.
-Gipuzkoako Foru aldundian, Bizkaiko IFASen edota Arabako IFBSn ere elkarretaratze jendetsuak izan dira.
-Administrazio Orokorreko hiru hiriburuetako Eusko Jaurlaritzako egoitza aurrean, hots, Gasteizen Lakuan, Bilbon Kale Nagusia 85ean, eta Donostian Andia kalean, zein Lanbideko zentro desberdinetan ere elkartu dira bertako langileak.
-Osakidetzan hainbat ospitaletan eta osasun zentrotan gauzatu dira elkarretaratzeak, batzuk aipatzearren, Santiagoko ospitalea eta San Martingo osasun zentroa Araban, Gurutzetako ospitalea eta Basurtoko osasun zentroa Bizkaian edota Zumarragako ospitalea eta Amara Berriko osasun zentroa Gipuzkoan
-Hezkuntzan, Gipuzkoa eta Bizkaiko zentro gehienak itxita badaude ere, elkarretaratzeak gauzatu dira irekita dauden Arabako hainbat ikastetxetan, Adurtza eta Salburuakoak esaterako. EHU-Leioan ere elkartu dira langileak, eta Haurreskoletako langileak ekimenera batu dira, elkarretaratzeak gauzatuz, besteak beste, Gasteizko Izarra Haurreskolan edota Eibarreko kudeaketa langileak dauden lan zentroan.
-Garraio publikoari dagokionez, Metro eta Eusko Treneko langileek elkarretaratzeak egin dituzte.
-Komunikabide publikoen kasuan, EITBko Miramon eta Bilboko zentroetako langileek ere ekimena babestu dute, elkarretaratzeak gauzatuz.
Eusko Jaurlaritzak berak onartu bezala, Espainiako Estatuko eta Europako behin behinekotasun maila handiena daukagu gure sektore publikoan. %40tik gorako behin behinekotasuna ez da salbuespena, baizik eta administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokortu batean eta kasu askotan iruzurrean errepikatzen den errealitatea.
Zerbitzu publikoen ahultzea eta langile publikoen prekarizazioa dakarten enplegu politika orokortu hauek azpikontratazio eta pribatizaziorako aurretiazko pauso gisa soilik uler daitezke. Gure agintariek zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu eta horretara bideratutako neurriak sustatzen dituzte, beraz.
Egoera honi irtenbide egoki bat emateko ardura daukaten agintari zein alderdi politikoek erantzun egokirik ematen ez diguten bitartean, sindikatuok adostutako mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraituko dugu. Hurrengoak, apirilak 15ean lan zentroetan gauzatuko diren mobilizazioak eta apirilak 22ko greba eguna.