2026-01-28
Blog Page 433

Eskubide Sozialen Kartatik Zaldibarreko aferan erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea exijituko dugu Zallan, Joaquin Beltran gogoan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok agerraldia egin dugu, larunbatean, 18:00etan, Zallan, Joaquin Beltranen herrian, Zaldibar Argitu plataformak deitutako mobilizazioarekin bat egiteko. LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek hartu du hitza prentsaurrekoan, eta IƱigo Urkullu lehendakariaren isiltasuna salatu du.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren oharra:

Hurrengo ikasturtean Nafarroa Garaiko ikastetxe guztietan eskolaldi jarraia nahitaez ezartzeko Hezkuntza Departamentuak hartu duen erabakia salatu dugu

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak jakinarazi duenez, 2021-22 ikasturtea Nafarroan hasiko da derrigorrezko eskolaldi jarraiarekin, guraso elkarteen eta eskola jantokietako langileen eskaerei entzungor eginez.

LAB sindikatuak harriduraz jaso du Hezkuntza sailburuak emandako berria, bazter uzten baitu ikastetxeek pandemiaren aurreko ordutegietara itzultzeko aukera, Covid eta aldaera berrien aitzakiarekin.

LABi onartezina iruditzen zaio guraso elkarteek eta eskola jantokietako langileek egindako aldarrikapenak kontuan ez hartzea, hurrengo ikasturtean lanaldi jarraia ez ezartzea eskatzen baitzuten.

Gainera, iragarpen horretan, jardunaldi hori aldatzeko aukera gehitu du: urriko lehen hamabostaldian eta Gabonak itzuli ondorengo lehen hamabostaldian. Eta horrek are gehiago ezegonkortzen ditu ikasgeletara itzultzeko baldintzak, bai familientzat, bai, bereziki, kolektibitateen sektoreko langileentzat.

Sektore horretako langileen erdiak ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteetan sarturik daude 2020ko martxotik, eta ez dakite zer gertatuko den beren lanpostuekin. ABEEEak, berez, maiatzaren 31n bukatuko dira. Beraz, sektorean Enplegu Erregulazio Espediente masiboa izateko aukera handitu egiten da. Gainera, planteatu den eskolaldi jarraiaren berrikuspenak erabateko ezegonkortasunean uzten ditu langileak, eta aldika jakin beharko dute beren lanpostura itzuliko diren ala ez.

LAB sindikatutik dei egiten diogu Hezkuntza Departamentuari en onari eutsi diezaion eta jardunaldi jarraituaren inposizioa ken dezan; enpresei eskatzen diegu egoera horren aurrean erantzukizunez joka dezaten; eta sektoreko langile guztiak deitzen ditugu LABekin kalera atera daitezen beren lanpostua defendatzera.

Funtsezkoak direla aldarrikatu dute berriro Osakidetzako garbitzaileek

Osakidetzako garbitzaileak euren lan baldintzen defentsan mobilizatu dira berriro,Ā maiatzean zehar gauzatzen ari diren dinamika mobilizatzailearen harira. Hain zuzen ere, bi okupazio egin dituzte protesta moduan: Garbialdi enpresaren biltegian sartu dira Trapagaranen, eta Osakidetzaren egoitzan Gasteizen, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deituta. Era berean, Bilbon eserialdia egin dute Jaurlaritzaren egoitza aurrean eta Donostian elkarretaratzea gauzatu dute, Osasun sailaren bulego atarian.

Maiatzaren 27an jarraipena izango dute mobilizazioek, egun horretarako deitutako grebarekin.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek ADEGIra eraman dituzte euren aldarriak

Beste greba egun bat egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, lan baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzuaren defentsan. Oraingoan, ADEGIren egoitzaren aurrean mobilizatu gara.

Krisi honek modu zuzenean jo du helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra, baina ulergaitza izan arren egoerak berdin jarraitzen du, 2012tik herrialdeko hitzarmenik gabe, langile ratio berdinarekin 2006. urtetik…

Ezin dugu ahaztu langileak lanera joateagatik gaixotzen ari direla, lan karga eta erritmoak handitu egin dira eta enpresetan ez dira lan arriskuen ebaluazioak egiten, nahiz eta legeak hori eskatu.

Ezin dugu onartu egoilarrek eta langileek bizi duten egoera gogor hau denbora gehiago luzatzea, denen ardura delako zaintzan oinarrituta dagoen zerbitzu sozial hau defendatzea, jendartearen ardura delako pertsona hauen ongizatea.

Helduen egoitzetako langileek urteak daramatzate beraien eskubideen defentsan borrokan. Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da, eta, hau lortzeko, sektoreko alde guztien parte hartzea ezinbestekoa da.Ā 

Beste greba egun bat egin dugu Arabako helduen egoitzetan, hitzarmenaren defentsan

Maiatzaren 12an egin bezala, Arabako helduen egoitzetan beste greba egun bat izan dugu, hitzarmen duin baten defentsan, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta. Hurrengo greba eguna maiatzaren 26an izango da.

Maiatzaren 26an greba egingo dugu BBVAn, iragarritako kaleratzeen aurka

Maiatzaren 26an greba egingo dute BBVAn, estatu mailan 3.798 langile kaleratu nahi dituen Enplegu Erregulazioko Espedientearen (EEE) kontra. Egun horretan, Euskal Herrian, LAB, ELA eta CGTk deituta, mobilizazioak egingo ditugu Bilbon, Donostian, Gasteizen eta IruƱean, 12:00etan.

LAB, CGT, SEC, CIC, CIG, ELA eta SCAT sindikatuon oharra:

PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildurekin bildu gara, euskara planak enpresetan sustatu ditzaten

LABek, Kontseiluak eta ELAk 50 langiletik gorako enpresetan Euskara Planak bultzatzearen aldeko Lanbidearteko Akordio proposamena aurkeztu diegu PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH-Bilduri. Maiatzaren 14tik 17ra egin dira batzarrak, eta zehazki Rebeka Ubera, Aitor Aldasoro, Irune Berasaluze eta Miren Gorrotxategi legebiltzarkideekin eta Idoia Mendiaren Gabinete Buru den Pau Blasirekin elkartu gara.

Bileretan, azaroan jendarteratutako proposamena aurkeztu diegu: hiru eragileon asmoa da CONFEBASKekin Lanbidearteko Akordioa sinatzea 50 langiletik gorako enpresa guztietan Euskara Plan bat negoziatzeko konpromisoa berresteko.

Argi azaldu diegu, norberaren eskakizun propioei uko egin gabe, aurkeztutako proposamenak gutxienekoa izan beharko lukeela lan-munduan aritzen diren eragile guztientzat. Gainera, azpimarratu dugu akordio horren bidez euskararen gaia agendan sartzea besterik ez dugula nahi, hori protokolizatuz, eta, ondorioz, eskaera bakarra dela enpresetan horri buruz hitz egitea, Berdintasun Planekin gertatu den bezala.

Alderdi ezberdinei adierazi diegu udazkenean negoziaketa formala hasteko asmoa dugula, eta akordioaren aldeko giroa sortu nahi dugula. Horregatik, Legebiltzarrean proposamenaren aldeko adierazpena egitea eskatu diegu.

Alderdiek harrera ona egin diete proposamenari eta azaldutako adierazpena nola gauzatuko den eztabaidatzekotan geratu dira.

Alderdiekin eta CCOO sindikatuarekin egon ondoren, aurkezpen errondarekin jarraituko dugu; UGT, Lan Sailarekin, Hizkuntza Politiketarako Sailburuordetzarekin eta CONFEBASKekin, hain zuzen.

EUNEIZ unibertsitate pribatuaren lege-proiektua bertan behera uzteko aldarrikatu dugu Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean

Jaurlaritzak onartu nahi duen lege-proiektuaren bidez, EAEko Unibertsitate Sistemaren baitan irabazi-asmoa duen beste unibertsitate bat txertatzeko urrats kualitatiboa eman nahi du: Europan University Gasteiz, EUNEIZ. LABen ustez, kosta ala kosta, merkatuaren logika neoliberalei eta sistemaren interesei erantzuten dien unibertsitate klasista eta elitista baimendu nahi da, globalizazioaren mesedetara dagoena, eta segregazioak areagotuko dituena.

Baskonia saski-baloi taldeari zein Gasteizi loturiko unibertsitatetzat aurkeztu nahi den arren, EUNEIZ unibertsitatea sustatzen duen EUSTEIZ 2018 S.A. ULENI 30 Elkarte Mugatuak % 90ko partizipazioa du, eta aipaturiko kirol taldeak, aldiz, %10. 

Beste aldetik, esku artean izan dugun dokumentazioan diotenez, EUNEIZen ā€œnegozio-planak ez du finantzaketa-arazorik planteatzenā€. Besteak beste, gradu eta masterreko ikasturte bakoitzeko 8.000 euroko matrikula-prezioa aurreikusten baitu, eta etekin ekonomikoak hirugarren ikasturtetik aurrera (ia 700.000 €ko etekina eskaintza akademiko osoa indarrean egongo den ikasturterako). Sustatzaileek diote 29 miloi euroko ekarpena egingo diola urteko Arabako BPI, baita 400 lanpostu berri baino gehiago sortuko dituela ere. Dakiguna da, aldiz, aurreikustitako 205 ikasleei zerbitzu emateko 5 AZP eta zehaztu gabeko irakasle eta ikertzaile plantilla azaltzen dela, azken honi dagokionez araudiak zehazten duen lanaldi-osoko dedikazio-erregimenean lan egingo dutenen kopurua (%60) bermatu barik.

Ez da inon agertzen nola bermatuko den EUNEIZ-en ez dela diskriminaziorik onartuko ā€œjatorri-soziala dela-etaā€ unibertsitatean sartzeko eta bertan jarraitzeko, ezta ere ikasteko beka eta laguntzak emateko ze araudi edukiko duen ere, izango badu, eta nork edo nola finantzatua izango den. Aitzitik, EUNEIZ unibertsitate elitista baten egitasmoa dena zalantza izpirik ez dago, non, martxan jartzekotan, hemengo balizko ikasle askok ezin izango luketen ikasi baliabide ekonomiko nahikorik ez izateagatik.

EUNEIZeko eskaintza akademikoak egun Euskal Unibertsitate Sisteman dagoena, hein handi batean, bikoiztuko edo hirukoiztuko du. Gainera, gaur egun eskaintzen ez diren ikasketak martxan jarri ahal izango lirateke UPV/EHUtik bertatik, EUNEIZ-en egitasmoari bide eman nahi dion Administrazioak baliabide nahikorik jarri ezkero. Ikerketan ere, ez du gauza handirik ekartzen, eta, esaterako, ez du aurreikusten oinarrizkoa den eta araudiak eskatzen duen unibertsitate bibliotekarik, gutxienez lehen bi urteetan, eta hitzartuko du zerbitzu hori. 

Euskarari dagokionez, ez dakigu zein izango den eskaintza, ezta aipatutako graduak eta masterrak euskaraz ikasteko aukerarik ere egongo ote den. Ez dakigun bezala nola bermatuko zaien balizko ikasleei zein herritarrei zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea.

LABen ustez, Lege-proiektu hau zenbait gauzaren adierazle da:

  • Prozesu osoan zehar sumatu dugun Unibertsitate publikoaren zein Euskal Unibertsitate Sistemaren beraren defentsa argiaren gabeziarena. Ekimen pribatu honek lehia ezarriko du jada eskaintzen diren zenbait ikasketa ezarrita duten unibertsitateekin, batez ere UPV/EHU kaltetuz eta goi-hezkuntza sistemaren merkantilizazioan eta pribatizazioan urrats kualitatibo bat emanez, euskal gizartearen behar eta kohesioaren kaltetan. 
  • Euskarazko irakaskuntza, ikerketa eta arreta inolaz ere bermatuta egon ez izanarena. EUNEIZen izaera eta lehentasunak ikusita, ekimen honek aurrera egitekotan, euskara galtzaileetako bat izango delakoan gaude. Globalizazioaren eskutik, homogeneizazioa etorriko da, hizkuntz eskakizunik gabeko kontratazioekin. 
  • Lan-talde urriarekin eta lan baldintza eskasekin jardungo duen ā€œunibertsitate pribatuaā€ izango da EUNEIZ, lan-harremanen esparru propioa guztiz alboratzen duena.
  • Estatuko oinarrizko Legeek eta Errege-Dekretuek Goi Hezkuntza sistema duala bedeinkatzen dute, norbanakoek zein enpresek ā€œunibertsitateā€ pribatuak martxan jartzeko eskubidea aitortuz eta erraztasun guztiak emanez, finean, kapital eta funts handien mesedetan dauden ā€œunibertsitateeiā€ sarbidea errazten.
  • Globalizazioa ardatz, burujabetzaren kontrako eraso zuzena da. Euskal Herrian eraiki eta behar dugun Euskal Unibertsitate Sistema Publiko Propioa inoiz baino beharrezkoagoa dugu, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekin batera, euskal unibertsitate barrutia eraikitzeko bidean. Tamalez, bide horretan EAEn lege propioaren urratsa ere 2030era arte atzeratu nahi dute batzuek, unibertsitatea  espainiar legeen menpe utziz. 

Horrenbestez, LABek ez du Lege-proiektu hau begi onez ikusten, eta bertan behera uzteko aldarrikatzen du. Ildo horretan, horrekin bat egiten dutenekin mobilizatzeko beharra azpimarratzen du, ekimenak adostuz eta aurrera eramanez. 

Antolakuntza eta borrokaren alde egiten dugu LGTBI+ fobiak lanean eta kalean suntsitzeko

Maiatzak 17, LGTBI+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, lan munduan sexu aniztasuna askatasunez bizitzeko eskubidean eta LGTBI+ pertsonen aurkako erasoen aurrean LABetik saretu, ahaldundu, salatu eta erantzuteko konpromisoan berresten gara. 

Osasun larrialdia eta krisi sozial eta ekonomikoak, bazterretako kolektiboak gehien kolpatu eta LGBTI+ fobia kasuak areagotzea ekarri du. Izan ere, normaltasun berrian, zaharrean bezala, sistema kapitalista zisheteropatriarkalak zapalkuntzak beldur eta gorrotoaren bidez erreproduzituz soilik iraungo baitu. Nazkatuta gaude patronal eta gobernuen zuriketa arros, more eta ortzadarraren atzean izkutatzen duten prekarietateaz: soldata arrakala, trans pertsonek pairatzen duten langabezia, erasoen aurreko protokolorik eza, murrizketak berdintasun politiketan, osasungintzan, hezkuntzan… 

Borondate politiko falta argiaren aurrean, LGTBI+ fobiak lan eremutik borrokatzeko ezinbestekoa da, lehenik eta behin, gure artean saretu, elkar zaindu eta babestea, eta lantokian orientazio edo identitate sexualagatik jasaten ditugun urraketak ikusaraztea. Kontratazioa ukatu, kaleratzeak, erasoak, txisteak, mespretxua, irainak, zurrumurruak, isolatzea, parte hartzen ez uztea… pentsatzen duguna baina ohikoagoak diren diskriminazio egoera eta fobiak dira. 

Eraso hauen beldurrez, LGTBI+ langileen gehiengoak ez du bere identitate edota orientazioa adierazten lantokian, are gehiago, persona migratzaileak direnen artean. Honela, diskriminazioen katea luzatuz doa, esate baterako, familia zisheteronormatibo bat ez izateagatik, langile guztion eskubide diren baimenak, besteak beste, zaintzagatikoa, familia kideen heriotzagatikoa eta ezkontzagatikoa, ukatzeraino. 

Oraindik asko dago egiteko. Patronalari eta enpresei diskriminazio ororen aurka erantzukizunak eskatzeko borrokan tinko jarraitzea dagokigu. Zerbitzu publikoen alde borrokatzea dagokigu. Pertsona guztion eskubide guztien alde borrokatzea dagokigu. LABen argi dugu LGTBI+ fobiei erantzun eta lanean zein kalean sexu aniztasuna askatasunez bizitzearen alde borrokan jarraituko dugula!

Langileok ere LGTBI+Fobiak suntsitu!